Marx eta Ekonomia-alienazioa: Lanaren Funtsezko Papera
Enviado por Aitortxu y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,62 KB
Ekonomia-alienazioa: Marxen Ikuspegia
Ikusi berri ditugun alienazioak, Marxen aburuz, desmaskaratzen errazak dira, begien bistakoak baitira; baina lana da alienazio mota garrantzitsuena. Ez dezagun ahantz Marxentzat gizakia ondoen identifikatzen duena lana dela, bizitzeko bitartekoak bere eskuekin ekoizteko ahalmen gisa ulertuta. Giza bizitzaren funtsa lanean datza. Baieztapen horren bidez, Marxek Mendebaldeko filosofiaren ikuskera tradizionalaren aurka egiten du, filosofia horren arabera, gizakiaren oinarrizko indarra arrazoian baitago. Marxek, ostera, gizakia bereizteko garrantzitsuena ekoizteko duen ahalmena dela uste du, lan egiteko ahalmena, alegia.
Zergatik alienatzen du gizakia lanak?
Gizakia, lan egitean eta lanaren bidez bere ekoizpen-jarduera garatzean, bere lanaren produktuetan proiektatzen da, produktu edo ekoizkin bakoitzean bere barruko zerbait uzten du, bere giza energia, bere irudimena; ekoizkina langilearen objektibazioa da: gizakia naturan kanporatzean, natura, nolabait esateko, humanizaturik geratzen da; langilearen nortasuna produktuan bertan geratzen da integraturik.
Lanaren eta langilearen arteko bereizketa edo banaketa hori kentzen ez bada, loturarik ez badago, langilea alienaturik geratzen da, bere buruarengandik bereizita, izan ere, bere lanaren produktua langilea bera baita, langilea bera lan-produktu bihurtuta, merkatuan saltzeko gai.
Alienazioaren jatorria: Jabego pribatua
Lanaren bidez izakiek ez dute beren burua sortzen, ez baitago loturarik. Jabego pribatuan oinarrituriko ekoizpen-sistemak direla-eta langileek ekoitzitako produktuek ez diote balio izan bizitzako produkzio sozialerako, baizik eta gutxi batzuen eskuetan geratu dira: ekoizteko bitartekoen jabeen eskuetan. Horregatik, alienazio-zentzu hori negatiboa da, beharrezkoa ez dena eta gizakiaren izaerarekin bat ez datorrena; izatez, garai jakin batek edo gizarte konkretu batek produkzio-harremanak ulertzeko eta antolatzeko daukan moduaren fruitu da, besterik ez.
Langilea bere barruan hutsik geratzen da: bere lanaren bidezko ekoizkinak bere jabegotik kanpo daude, ekoizteko bitartekoen jabe direnenak dira. Une horretantxe gertatzen da alienazioa: gizakia hutsik geratzen da, eta berak eginiko produktuak beretzat hartu ordez, arrotzak direla uste du, bereak ez diren zerbait bezala, eta orduan alienatu egiten da, arroztu nolabait esateko, berarekin jadanik zerikusirik ez dutela jabetzen baita. Langilea alienaturik dago, izan ere, bera ez den izaki bati atxikitzen baitizkio bere nortasunarenak diren ezaugarriak edo tasunak, berari loturik ez daudenak.