Maria Montessori eta bere metodo pedagogikoa: askatasuna eta autonomia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Magisterio
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,59 KB
Maria Montessori (1870-1952): Hezitzaile aitzindaria
Maria Montessori hezitzaile eta mediku italiarra izan zen. Italian medikuntza ikasi zuen lehen emakumea izanik, psikiatriako laguntzaile gisa hasi zen lanean, eta han adimen urritasuna zuten umeekiko interes handia piztu zitzaion. Garaiko gizartearen jarrera zela eta, hasieran sendagile lanetan aritzea debekatu zioten; horregatik, adimen urritasuna zuten haurrekin lanean hasi zen.
Nazioarteko ibilbidea eta "Casa dei Bambini"ren sorrera
Umeei buruzko ikastaroak ematen ibili zen atzerrian 1907. urtera arte. Montessori Italiara itzuli zenean, lehendabiziko "Casa dei Bambini" (Haurren Etxea) zabaldu zuen Erroman, gerora mundu osora hedatuko zena. Garai hartan, Mussoliniren diktadurak ezarritako hezkuntza sistema salatu zuen, ikasleak faxismoak bultzaturiko ideologiaren arabera hezten zituztelako. Mussoliniren diktaduraren ondorioz, Montessorik Italiatik alde egin zuen, eta hainbat ikastetxe sortu zituen atzerrian.
Eskola Berriaren Mugimendua
Montessori Eskola Berriaren mugimenduaren barruan kokatzen da. Mugimendu honen aitzindaria Rousseau izan zen. XIX. mendearen bukaeran sortu zen, hezkuntza berriztatzea eta eskolako arazoei aurre egitea helburu zuela, ikaslea ardatz bihurtuz. Maisua bigarren mailan geratzen zen, jarraibide aktiboak bultzatuz, interesetatik eta motibazioetatik abiatuta.
Montessori Metodoa: Lau Ardatz Nagusiak
Montessori metodoa lau ardatz nagusitan oinarritzen da:
- Autonomia eta autodiziplina askatasunaren inguruan: Helburu nagusia ikasleek askatasunez ikastea zen. Askeak izateko prestatzea: sentitzeko, pentsatzeko, aukeratzeko, erabakitzeko eta jokatzeko libreak izatea. Autonomia da bide bakarra askatasuna lortzeko.
- Giroaren garrantzia: Bakoitzaren erritmoak errespetatzen dira. Giro prestatuaren barruan, haurrak libreak dira materiala hartzeko eta jarduerak edo ariketak aldatzeko, gelatik libre ibiltzeko, bakarka edo beste kide batekin lan egiteko, betiere besteen eskubideak errespetatuz, segurtasunez eta askatasunez. Giroa hiru mailatan banatuta dago: haurren komunitatea (1-3 urte), umeen etxea (3-6 urte) eta tailerra (6-12 urte). Gelak 5 arlo kurrikularretan banatzen dira: matematika, hizkuntzak, zentzumenak, bizitzarako gauza praktikoak eta kultura.
- Materialaren garrantzia: Haurren eserlekuek, konketa eta abarreko elementuek haurren neurrira egon behar dute, autonomia eta askatasuna garatu ahal izateko. Ikasleek ez dute heldu baten laguntzarik beharko arrakasta lortzeko; beraiek bakarrik lortuko dute. Materiala hiru taldetan banatzen da: bizitzarako materiala (3-4 urte), zentzumenak lantzekoak (gelako guztientzat) eta material akademikoa (irakurketa, idazketa, natura...).
- Zentzumenak garatzearen garrantzia: Zentzumenak garatzea beharrezkoa da haurrak munduan topa ditzakeen estimuluei aurre egin ahal izateko. Horregatik, honako hauek lantzen dira: ikusmena (forma, kolore eta tamaina ezberdinak), ukimena (testura, tenperatura eta presio ezberdinak), usaimena (usainen eta lurrinen ezberdintasunak), entzumena (soinu ezberdinak) eta dastamena (zapore desberdinak).
Irakaslearen eginkizuna
Irakasleak haur bakoitzaren bidea zuzendu behar du, baina ez irakatsi.
Montessori metodoaren gaur egungo egoera
Gaur egun, Montessori metodoa bizirik dagoen mugimendua da, eta hezkuntza tradizionala kenduta, hedapen handiena duen mugimendua da. Mundu osoan 4.000 eskola baino gehiago ditu irekita.