Madozen desamortizazioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 18,87 KB
2. 2. Isabel II.Aren erreinaldia (1834-1868)
Isabel II.Aren erreinaldi luzean, estatu liberalaren oinarriak indartzen joan ziren. Boterea eskuratu zutenak liberalak izan ziren. Karlos V.Aren aldekoek ez zuten onartu Isabel erreginaren izendapena, eta Gerra Karlistari ekin zioten.
2.2.1. Maria Kristinaren erregeordetza (1833-1840)
Maria Kristina Fernando VII.Aren alarguna zen. Isabel II.A oso txikia zenez, bere amak, Maria Kristinak, hartu zuen erregeordetza. Garai honetan, Estatuto Real delakoa atera zuten, konstituzio liberal bat izan gabe, liberalismoaren ezaugarri batzuk onartzen zituen oinarrizko legea. Liberal askok ez zuten onartu estatutu hori, eta berehala hasi ziren bere kontrako pronuntziamendu militarrak. Dena dela, garai honetan, Javier de Burgosek, Sustapen (Fomento) ministroak, erresumako lurraldeko probintzien zatiketa eta antolaketa egin zuen, aldaketa txiki batzuekin gaur egun dirauena. Probintzia bakoitzean kapital bat ezarri zen, bide batez probintziari izena ematen ziona.
Erreinaldiaren hasieran, liberal moderatuek zeukaten boterea, eta progresistak baztertuta zeuden nolabait. Gerra Karlistan ere ez zen garaipenik lortzen, estatua diru barik baitzegoen armada hornitzeko. Egoera politikoa oso nahasia zen, eta Maria Kristinak progresisten laguntza eskatu behar izan zuen. Horrela, Mendizabal Ogasun Ministro izendatu zuen. Mendizabalek Desamortizazio Dekretuak atera zituen: Elizaren lurrak estatuaren jabetzara pasatu eta salgai jartzeko prozesua. Gainera, La Granjako sarjentu progresistek Estatutu Reala abolitzea lortu, eta 1837ko konstituzioa onarrarazi zuten.
1837ko konstituzioa progresistatzat hartzen da, Koroaren eskumenak handiak badira ere. Hala ere, ondorengo urteetan egoera politikoa oso nahasia egin zen eta Maria Kristinak erregeordetza utzi eta Esparterori pasatu zion agintea.
Baldomero Espartero jenerala prestigio handiko “espadoia” zen, eta Gerra Karlista irabazi ondoren progresisten “idoloa” bilakatu zen.
2. 2. 2. Esparteroren erregeordetza (1840-43)
Espartero alderdi progresistatik hurbilago zegoen, baina modu autoritarioan gobernatu zuenez, moderatuak zein progresistak azkenean haren kontra batu ziren. Haren gobernu-aldian, desamortizazioekin jarraitu eta akordio ekonomiko bat sinatu zen Ingalaterrako ehunak trabarik gabe saltzeko. Neurri hau ez zitzaion komeni Kataluniako oihalgintzari, eta Bartzelonan herritarren protestak izan ziren. Normalean, liberal progresistak librekanbioaren aldekoak izaten dira. Esparteroren erantzuna Bartzelona bonbardatzea izan zen. Militar moderatuen kontrako neurri gogorrak ere hartu zituen, eta azkenean 1843an Esparteroren aurkakoak elkartu egin ziren. Hala, Torrejon de Ardozen, Narvaez jeneralak kolpe militarra eman zuen, eta boterea eskuratu. Ondorengo hamar urteetan moderatuak aritu ziren gobernuan.
2. 2. 3. Hamarkada Moderatua (1843-1853)
Tarte honetan, Narvaez jeneralak, Lojako espadoiak, eraman zuen estatuaren zuzendaritza, bere menpekoak gobernu-lanetan jarriz edo berak zuzenean hartuz karguak. Aldi honetan hartutako erabaki inportanteenak honako hauek izan ziren:
Tronuan egonkortasuna lortzeko, Isabel II.A erregina egin zuten 13 urterekin.
1844an Guardia Zibila sortu zen, gehienbat landa-eremua zaintzen zuena, eta herritarren protestak oso gogor zapaltzen zituena.
1845ean udalen legea onartu zen. Helburua zen udal inportanteenak kontrolatzea eta alkateak Madriletik izendatzea. Udalek, kontzejuek,autonomia gehiena galduko dute. Protesta asko sorrarazi zuen lege honek.
Zergen erreforma ere egin zen. Sistema fiskal berriaren antolatzailea Alejandro Mon izan zen. Lurralde guztian zerga berdinak kobratzen ziren: ondasunen gaineko kontribuzioak, estatuaren monopolioen gaineko zergak (seiluak, tabakoa, loteriak...) eta batez ere kontsumoen gaineko zergak, herrietan sartu eta saltzen ziren oinarrizko kontsumoko produktuen gainekoak. Sistema fiskal honek 1900. Urte arte iraun zuen. Dirua batzea lortzen zen, baina iruzur fiskala nahiko zabalduta zegoen.
Aulki Santuarekin konkordatua sinatu zen. Akordio honen arabera, Aita Santuak desamortizazioko lurren salmenta onartzen zuen, eta bai Isabel II.Aren tronua ere. Estatuak, ordainetan, laguntza ekonomiko handiak, irakaskuntzaren kontrola, eleberriak “zentsuratzeko” eskubidea… eman zizkion Elizari.
Eskola Nazionala sortu zen. Gobernuak maisuak izendatzen zituen, eta udalek soldata ordaindu eta lokalak hornitu. Lehen mailako hezkuntza programak ere garai honetan hasi ziren.
Konstituzio berri bat atera zuten, 1845ekoa, subiranotasun bikoitza edo konpartitua eta erlijio katolikoaren ofizialtasuna aldarrikatzen zituena.
1846ko hauteskunde-legean hautesle-kopurua gutxitu egin zen. Botoa emateko eskubidea 97.000 gizonezkok zeukaten, 1.000 errealeko kontribuzioa ordaintzen zutenak.
1851n, Bravo Murillo presidenteak estatu-kolpe moduko bat ematea pentsatu zuen, botere exekutiboa indartu eta Gorteen protagonismoa are gehiago murrizteko. Baina progresistentzat erabaki horiek atzerakoiegiak ziren, eta O´Donellek kolpe militarra eman zuen 1853an (pronuntziamendua).
2. 2. 4. Biurteko Progresista (1854-56)
O´Donellen pronuntziamenduak hasieran ez zuen arrakastarik lortu, baina moderatuak geroz eta egoera ahulagoan zeuden, eta azkenean erreginak Esparterori deitu zion gobernua antolatzeko. Biurteko honetan honako erabaki hauek hartu ziren:
Madozen Desamortizazioa (1855).
Madozen desamortizazioarekin, Elizaren azkenengo ondasunak eta udalen ondasun gehienak, lurrak eta “propios” deiturikoak (errotak, etxeak, burdinolak, ospitaleak), salgai jarri ziren. Estatuak diru pilo bat lortu zuen eragiketa honekin. Udalak eta nekazariak, ordea, egoera kaskarrean gelditu ziren eta nekazari pobreenak hirietara aldatzen hasi ziren.
Trenbideen legea, trenbide-sarearen eraikuntza azkartzeko.
Horrelako neurriekin, egoera ekonomikoa nahiko zaila egin zen, prezioak igo egin ziren, eta, nekazariak eta hirietako klase pobreak gosea pasatzen hasi zirenez, erreboltatu egin ziren. Bartzelonan lehenengo greba orokorra egin zuten.
Egoera erradikalizatzeko arriskua zegoen, eta ondorengo urteetan politika autoritarioagoak egin ziren
2. 2. 5. Moderantismoaren aldia (1856-1868)
Aldi honetan politika moderatua egin zen. Horretarako, Narvaezen alderdiko moderatuek liberal progresisten eta Alderdi Karlistako kide batzuen laguntza izan zuten. O´Donellek ere alderdi politiko berri bat antolatu zuen, Unión Liberal, progresisten eta moderatuen artean zegoena, zentroko alderdia alegia, tarte honetan aginte-lanetan jardun zuena. Funtsean, moderantismoak oligarkia berriaren interesak defendatzen zituen: lur-jabe handienak, industrial berrienak, bankarienak, aristokratenak eta kargu altuko militarrenak.
Negozioak egiteko ez ziren urte txarrak izan: trenbidearen zabalkundearekin, bankaren garapenarekin, oihalgintzaren eta merkatuko nekazaritzaren sustapenarekin, burgesia aberastu egin zen.
Bestalde, kanpo-politikan, kanpaina militar batzuk egin zituzten: Marokon, Vietnamen, Mexikon, Txilen eta Perun.
Politika inperialista honekin erregimenari prestigioa eman nahi zioten. Baina Isabel II.Aren tronua euskarririk gabe gelditzen ari zen, Elizaren eta oligarkiaren laguntza baino ez zeukan eta. Gobernuak gero eta kontserbadoreagoak eta autoritarioagoak ari ziren egiten. Arazo ekonomikoak ere agertu ziren: finantza-krisia, krisi fiskala, horniduren krisia –oinarrizko produktuen garestitzea eta gosea–, eta ondorioz, nekazari pobreen altxamenduak. Beraz, krisi politikoari krisi ekonomikoa eta soziala gehitu zitzaizkion. Egoera honetan, 1868ko Iraileko Iraultza etorri zen.
2. 2. 6. Seiurteko Iraultzailea (1868-1874)
Azkeneko etapa honetan, oso gutxi ziren Isabel II.Arekin bat egiten zutenak, sektore oligarkikoak baino ez ziren identifikatzen harekin. Union Liberalekoak eta progresistak kontra zituen. Alderdi Moderatua alde zeukan, baina Narvaez hil zenetik oso zatituta eta buruzagitza indartsurik gabe zegoen.
Gauzak horrela, 1868ko irailean militarren pronuntziamendua gertatu zen (Serrano, Prim, Topete…), eta herritarren altxamenduak egon ziren Penintsulako ekialdeko hiri askotan. Militar iraultzaileek Alcoleako gudua irabazi ondoren, Isabel II.Ak alde egin behar izan zuen atzerrira.
2.3.Serranoren erregeordetza
Serrano jeneralak behin-behineko gobernua antolatu zuen, baina monarkiari eutsiko ziola aginduta. Hirietako erreboltariak, junta iraultzaileetan antolatuta zeudenak, errepublikaren aldekoak ziren. Prim jeneralak junta iraultzaileak monarkia konstituzional baten alde jartzeko konbentzitu zituen, eta errege konstituzional baten bila hasi zen.
Bitartean, Gorte berriek 1869ko Konstituzioa egin zuten. Konstituzio berrian, garai hartako liberalismoaren baldintza guztiak onartzen ziren:
- norbanakoen eskubideen adierazpena
- subiranotasun nazionala
-
Erlijio-askatasuna
- Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketa
-
Gizonezkoen sufragio unibertsala
- bi Ganbarako Gorteak, Kongresua eta Senatua, sufragio unibertsalez hautatuak
Monarkia konstituzional harentzat errege bat behar zuten, eta Prim jeneralak Aostako dukea, Amadeo Savoiakoa, aukeratu zuen.
2.4. Amadeoren erregetza (1871-1873)
Savoiako Etxea prestigio handiko dinastia zen, Italiaren batzea lortu zuelako eta dinastia liberala zelako. Baina Espainian, hasieratik, haren kontra jarri ziren bai katolikoak, Erroma konkistatu zuelako (Aita Santuaren egoitza), eta baita herria ere, italiarra zelako. Errepublikanoak konspiratzen hasi ziren; goi-burgesia, oligarkia, borboitarren aldekoagoa zen; eta gainera, Prim jenerala atentatu batean hil zuten tronua eskuratu behar zuen egunetan. Azkenean, 1873ko otsailean, Amadeo erregeak abdikatu egin zuen, Gorteekin eta armadarekin arazo batzuk izan ondoren.
2.5. I. Errepublika (1873-1874)
Abdikazioaren egun berean, Senatuak eta Kongresuak Errepublika aldarrikatu zuten. Errepublikarena egonkortasun gutxiko aldia izan zen, 11 hilabeteetan 4 presidente izan baitzituen. Gorteetan Errepublikako konstituzioa eztabaidatzen ari zirenean, kantonalismoa lehertu zen. Levanteko eta Andaluziako hiri askotako udalak, Madrilgo Gorteen subiranotasuna onartu gabe, modu autonomoan antolatzen hasi ziren. Karlisten altxamendua hasita zegoen; kubatarrena ere bai, Espainiatik independentzia lortzeko. Arazo horien guztien aurrean, agintariak ikaratu egin ziren, eta Pavia jeneralak estatu-kolpea eman zuen I. Errepublikarekin bukatuz. Ondorengo hilabeteetan, Serrano jenerala gobernu autoritario bateko presidentea zelarik, karlisten eta kantonalismoaren kontrako zapalketa antolatu zen. Kubako arazoa, 1878ko Zanjongo Itunean konpondu zuten.
Azkenean, egoera hain nahastua ikusirik, klase dominatzaileak borboitarren itzulera prestatzen hasi ziren. Alde batetik, Martinez Campos jeneralak Alfontso XII.A, Isabel II.Aren semea, Espainiako errege aldarrikatu zuen, eta bestetik, Canovas del Castillo borboitarrak berriro tronuan jartzeko lanean hasi zen.
Seiurtekoan, hala ere, erabaki batzuk hartu ziren eragin handia izan zutenak:
- Pezetaren sorrera. Moneta berria ehun zentimotan banatzen zen.
- Figuerolaren arantzela, librekanbioari ateak zabaltzen zizkion muga-zerga.
- Guardia Zibila indartzea, kide gehiagorekin. Izan ere, guardia zibilak fidagarriagoak ziren Penintsula barruko erreboltak zapaltzeko.