Lurrikarak eta Sumendiak: Arrisku Naturalak eta Prebentzioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,22 KB

Arrisku Sismikoak: Lurrikarak

Arrisku-faktoreak: Lurrikara baten esposizioa eskualde horretako populazio-dentsitatearen araberakoa da, eta asko handitzen da hiri-kontzentrazio handietan. Eskualde horietan, L uhinak gainazalean zabaltzen direnean, dilatatze-uzkurtze fenomenoa sortzen da, eta eraikinek ezin ohi diote eutsi gertaera horri. Arrisku mota horrekiko zaurgarritasun-maila eraikuntza motaren araberakoa da; izan ere, tentsio bertikalak jasateko diseinatuta egoten dira, gehienetan, eraikinak, ez dilatatze-uzkurtze prozesu horizontal bizkorrak jasateko. Gaur egun, herrialde garatu batzuetan, hala nola Estatu Batuetan eta Japonian, lurrikara handietarako prestatuta egoten dira eraikin asko eta asko.

Lurrikarek hainbat arrisku eratorri dituzte. Nabarmenenak honako hauek dira:

  • Kalteak eraikinetan: zartadurak agertzen dira edo behera etortzen dira.
  • Lehorreko komunikazio-bideak hausten dira (errepideak, trenbideak).
  • Mendi-hegalak lerratu egiten dira.
  • Itsasertzean olatu erraldoiak sortzen dira (tsunamiak).

Lurrikaren Aurreikuspena eta Iragarpena

Datu hauek hartzen dira kontuan:

  • Ingurunearen historia sismikoa, arrisku-mapak egin ahal izateko.

Lurrikaren Prebentzioa

Lurrikara-arriskua handia izaten den eremuetan, esposizioa eta zaurgarritasuna murriztea izaten da oinarrizko legediaren helburua, eta horretarako, neurri hauek hartzen dira:

  • Orokorrak: Lurraldearen antolakuntza (erabileraren murrizketa), Babes Zibila (behaketa, alerta eta larrialdietarako prestakuntza).
  • Espezifikoak:
    • Bertako topografia ahalik eta gutxien aldatuko duten eraikuntzak egitea.
    • Populazio-pilaketak ekiditea (eraikuntzen artean tarte handiak utzita).
    • Eraikuntza sismoerresistenteak egitea.

Arrisku Bolkanikoak: Sumendiak

Sakoneko harriek gero eta presio eta tenperatura handiagoak izaten dituzte. Hori dela eta, aldatu egiten zaizkie propietateak, eta zirkulazio-mugimendu geldoak egiteko ezaugarri plastikoak hartzen dituzte. Asko berotutako harriak dilatatu eta arindu egiten dira, eta, beraz, gorantz egiten dute, poliki-poliki, inguruko harri hotzagoen artetik; gainazalera iristen direnean, erupzio bolkanikoak gertatzen dira. Gehienak subdukzio-zonetan daude.

Sumendiak lur emankorren, baliabide mineralen eta energia geotermikoaren iturri izanik, gizakia betidanik kokatu da haien inguruan, eta horren ondorioz, berez naturala den prozesua (erupzioa) arriskutsu bihurtu da.

Arrisku bolkaniko garrantzitsuenak hiru dira:

  • Laba-koladak, eremu handiak estal ditzaketenak.
  • Piroklastoak (bonbak, lapilliak...), kolpeak, eraikinen hondorapenak, uzten galera... eragin ditzaketenak.
  • Hodei beroak edo piroklasto-fluxuak (errautsak). Sumendiaren hegaletik jaisten dira 160-240 km/h-ko abiaduran eta 900 °C-ko tenperaturarekin.

Sumendien Arrisku-faktoreak

Sumendien arriskua ebaluatzerakoan, arrisku-faktore hauek izan behar dira kontuan:

  1. Esposizioa: Eskualdeko biztanle-kopurua. Emankortasuna dela eta, sumendi inguruak munduko eskualde jendeztatuenetan egoten dira.
  2. Arriskugarritasuna: Kontuan hartu behar dira erupzio mota, maiztasuna, banaketa geografikoa eta kalteturiko azalera. Erupzio motak intentsitatea, erupzioen maiztasuna eta lehergarritasuna baldintzatzen ditu.
  3. Arrisku eratorriak: Batzuetan, sumendi baten erupzioaren zeharkako ondorioak zuzenean erupzioaren beraren ondorioz datozenak baino larriagoak izan daitezke. Honako hauek dira nabarmenenak:
    • Erupzio freato-magmatikoak: Goranzko magmak akuifero bat zeharkatzean edo ganbara magmatikoan itsasoko ura sartzean gertatzen diren erupzio bortitzak.
    • Tsunamiak: Itsaspeko erupzioen ondorioz sortzen dira. Ondorio latzak izan ditzakete, bereziki artxipelago txikietan eta itsasertzean.
    • Laharrak: Izotza edo elurra urtzean eratzen diren lokatz-urezko koladak dira, erupzioa mendi garai batean gertatzen denean (Andeetan), edo glaziar nahiz izotz-puska handi baten azpian (Islandian).
    • Gas toxikoen igorpena: Sulfuro-igorketak izan ohi dira.

Entradas relacionadas: