Lurraren Sistema Klimatikoa: Atmosfera eta Ozeanoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,28 KB

Atmosferaren dinamika

Depresioa edo borraska

Aire beroak gorantz egitean uzten duen hutsunea alboetako aire hotzak betetzen du. Zenbat eta gorago, tenperatura jaitsi egingo denez, airea kondentsatu eta hodeiak sortuko dira, eta, beharbada, baita prezipitazioak ere. Goiko eta beheko tenperaturen arteko aldea oso handia bada, airea azkar igoko da eta kondentsazioa bortitza izango da; era horretara, ekaitzak sor daitezke. Presio txikiko gunea eta atmosferaren ezegonkortasuna dakarren egoerari depresio edo borraska esaten zaio. Depresioetan, presio atmosferikoa erdigunetik kanpoaldera handitu egiten da.

Antizikloia

Aire-masa hotza beherantz mugitzen den heinean, airea berotu egiten da eta, ondorioz, hezetasun erlatiboa txikitu egiten da; hau da, lehortu egingo da eta ezin izango da hodeirik osatu. Beheko partean biltzen den airea kanporantz mugitzen da, goikoaren presioaren eraginez. Presio handiko gunea eta egonkortasun atmosferikoa dakarren egoera horri antizikloia esaten zaio. Antizikloietan, presio atmosferikoa erdigunetik kanpoaldera txikitu egiten da.

Berotegi-efektu naturala

Atmosferako zenbait gasek, hala nola karbono dioxidoak, ur-lurrunak, metanoak eta oxido nitrosoak, Eguzkitik datorren argi ikusgaiari igarotzen uzten diote, baina ez lurrazaletik igorritako argi infragorriari. Orduan, argi infragorri hori berriro Lurrera itzultzen da eta tenperatura igotzen du. Gas horiei esker, Lurraren batez besteko tenperatura 15 ºC-koa da.

Hidrosfera

Hidrosferaren osaketa

Ur likidoak tarteko geruza bat eratzen du litosfera solidoaren eta atmosfera gaseosoaren artean: hidrosfera. Hidrosferaren % 97 ozeanoek osatzen dute, eta gainerako % 3a ibaiek, lakuek, glaziarrek eta lurpeko urek. Ehuneko oso txiki bat atmosferan eta biosferan dago.

Uraren zikloa

Gure planetako urek osatzen duten zikloa da; ziklo hidrologikoa ere deitzen zaio.

Tenperaturaren banaketa bertikala ozeanoetan

Ozeanoetako tenperatura horizontalean zein bertikalean aldatzen da. Azalean, tenperaturaren banaketa latitudearen araberakoa da, hau da, zona klimatikoen araberakoa. Itsasoko uraren tenperatura ukitzen duen atmosferaren tenperaturari lotuta dago. Hala ere, tenperatura bertikalean ere aldatzen da. Eguzki-erradiazioa lehenengo metroetan xurgatzen da, eta horren ondorioz, zenbat eta sakonago, orduan eta gehiago jaisten da tenperatura.

Termoklina

Sakonerarekin tenperatura nabarmen aldatzen den ur-geruza da. Mugak oso aldakorrak dira latitudearen eta urtaroaren arabera, eta 1.000 m-ko lodiera izatera ere irits daiteke.

Ozeanoetako korronteak

Azaleko itsas korronteak

Itsas korronteak ur-mugimendu etengabeak dira, noranzko jakin batean eta nagusiki horizontalean gertatzen direnak. Eragile nagusiak hiru dira:

  • Uraren dentsitate-aldeak
  • Haizea
  • Coriolis efektua

Azaleko itsas korronteetan, uraren mugimendua haize nagusiek markatzen dute. Horregatik, neurri handi batean, haize nagusien noranzkoaren isla dira.

Mendebaldeko jitoa

Latitude baxuko haize alisioek mendebalderantz abiatzen diren korronte ekuatorialak eragiten dituzte. Korronte horiek mendebaldeko kostaldera heltzen direnean, desbideratu egiten dira, eta latitude ertaineko mendebaldeko haizeek bultzatuta, ekialderantz abiatzen dira, mendebaldeko jitoa sortuz. Golkoko korrontea eta Kurosio korrontea dira jito mota horren adibideak.

Korronte termohalinoak

Sakoneko korronteak dentsitate-aldeek eragindakoak dira. Izan ere, ura zenbat eta hotzagoa edo gaziagoa izan, orduan eta dentsoagoa izango da; ondorioz, beherantz joango da eta korronteak sortuko ditu. Korronte horiei termohalino esaten zaie.

Ozeanoetako uraren azaleratzea (Upwelling)

Latitude altuetan, azaleko ura hotzagoa denez, dentsoagoa da eta, hondoratu ondoren, ozeano guztietan barrena zabalduko da. Korronte sakon horiek azalekoak baino geldoagoak dira, eta hondoratutako urak denbora asko igaro dezake berriro azaleratu arte. Ur hori azaleratzean, hondoan urteetan zehar pilatutako nutriente ugari ateratzen dira azalera, eta, horrela, produktibitate handiko arrantzaguneak sortzen dira. Prozesu horri azaleratze (upwelling) esaten zaio.

Entradas relacionadas: