Lurraren Geologia: Formak, Prozesuak eta Arriskuak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 29,48 KB

Lurraren Erliebe-Forma Nagusiak

  • Ordokiak edo lautadak: Lur-eremu zelaiak dira, gorabehera gutxiko lurralde zabalak. Goi-ordokiak edo goi-lautadak ere tartean daude.
  • Goraguneak: Altitude-alde handia eta malda pikoak dituzten lur-eremuak dira, eta itsas mailatik gora egon ohi dira; adibidez, muinoak, mendixkak, mendiak eta mendikateak.
  • Sakonuneak: Normalean lur-eremu zelaiak dira, eta itsas maila edo inguruko erliebea baino beherago egon ohi dira; esaterako, haranak eta arroilak. Australiako erdialdea oso kratoi egonkorra da, eta oso higatuta dauden antzina-antzinako arrokaz osatuta dago.
  • Mazizoak, ezkutuak edo kratoiak: Lur-eremu zabalak dira, oso antzinakoak, oso higatuak eta oso egonkorrak, nagusiki arroka magmatikoz eta metamorfikoz osatuak.
  • Arro sedimentarioak: Lur-eremu beheratuak dira, hedadura mugatukoak. Horrelakoetan, sedimentuak metatu ohi dira, eta arroka sedimentarioak eratzen dira. Adinaren aldetik askotarikoak dira, eta prozesu geologikoek gutxi-asko eraldatuta egon daitezke.
  • Orogenoak: Mendikateak edo eremu menditsuak dira, eta berriki samar arro sedimentarioetako materialak goratzearen eta deformatzearen ondorioz sortuak dira gehienak.

Prozesu Geologikoak

Orogenesia: Prozesu geologiko endogenoen eraginez erliebeak goratzea eta berraktibatzea da (sumendien aktibitatearen eta lurrikaren ondorioz, adibidez), edota indar tektonikoen eraginez litosfera deformatzea. Prozesu horiek lur-eremu handiak goratzen eta deformatzen dituzte, eta lurralde azaleratu berriak sortzea ere eragin dezakete.

Gliptogenesia: Prozesu geologiko exogenoen eraginez lehendik dagoen erliebea edo eratzen ari dena modelatzea da; beraz, meteorizazioak, higadurak, garraioak eta sedimentazioak erliebea aldatzea. Prozesu horiek arrokak gastatzen dituzte, eta lurralde menditsuak biribildu, mazeletan ildaskak eginez eta sedimentu-metaketak sortuz.

Ziklo Geologikoa

  1. Hasierako lur-eremu batean, prozesu geologiko endogenoak eta exogenoak eragiten hasten dira, aldi berean.
  2. Indar tektonikoek lurra tolesten eta hausten dute, eta goratu egiten da (orogenesia). Aldi berean, prozesu exogenoek beren eragina dute.
  3. Prozesu geologiko exogenoek lurra gastatzen dute (gliptogenesia), eta prozesu endogenoek, bitartean, eragiten eta lurra goratzen jarraitzen dute.
  4. Prozesu geologikoen jardun jarraituaren eraginez, lurrek forma bereizgarriak hartzen dituzte, baina ez behin betikoak, prozesuek etenik ez baitute.

Magmatismoa eta Erliebe-Formak

Bolkanismoa eta Erliebea

  • Eraikin bolkanikoak: Sumendietatik irtendako materialak irteera-zuloaren inguruan metatzen dira, eta, hala, forma koniko gutxi-asko nabarmeneko mendiak eratzen dira; goialdean kraterra izaten dute.
  • Uharte bolkanikoak: Itsaspeko sumendiek jaurtitako materialak metatu egiten dira, eta, urgaineratutakoan, uharteak eratzen dituzte, batzuetan zabal eta garaiak.
  • Koladak: Laba solidotu ondoren sumendiaren oinean geratzen diren geruza zabalak dira. Kostaldeko sumendietatik irten eta itsasora iristen direnek lur-eremu berriak sortzen dituzte.
  • Piroklasto-eremuak edo malpaisak: Lapilli- edo errauts-metaketa handiak dira.
  • Galdarak: Horma oso bertikalez inguratutako sakonune handiak dira, eta eraikin bolkanikoak kolapsatu eta eraitsi ostean higatuak direnean eratzen dira.
  • Pitoiak: Arroka bolkanikoko forma bertikalak dira, tximinien barruan eratuak, higadurak inguruko material solteak kendutakoan kanpoan geratu direnak.

Kokapen Plutonikoak eta Erliebea

Granitoen, dioriten eta abarren kokapenak, batzuetan, azaleratu egiten dira, prozesu exogenoek haien inguruko materialak kentzen dituztenean:

  • Higaduraren eraginez gainazal kurbatuko plutoi handiak azaleratzen direnean, horiek ere higatu egiten dira gero, forma biribilduak hartuz (bola-kaosak) edo kupula itxurako masa handiak (domoak) eratuz.
  • Gainazal lauko plutoiak azaleratzen direnean, harrizko eremu lauak eratzen dira, lauza edo xafla modukoak.

Litosfera Deformatzen Duten Indarrak

Litosfera deformatzen duten indarrak: konpresio-indarrak (indar konbergenteak dira, estutzea eta loditzea eragiten dutenak), distentsio-indarrak (indar dibergenteak dira, eta lurra mehetzea eragiten dutenak) eta zizaila-indarrak (kontrako noranzkoko indar paraleloak dira, eta lurra bihurritzea eragiten dutenak).

Deformazioak

  • Deformazio plastikoak: Esfortzuen pean egondako materialak lehengo forma berreskuratzen ez eta iraunkorki deformatuta geratzen direnean gertatzen dira. Konpresio-esfortzu geldo eta luzarokoekin lotu ohi da. Horrela eratu ohi diren formazio geologiko ohikoenak tolesturak dira.
  • Deformazio elastikoak: Esfortzuen pean egondako materialak lehengo forma eta kokapena berreskuratzen duenean gertatzen dira. Esfortzua bukatu delako gerta daiteke, edo tentsioa bat-batean askatu delako. Horri errebote elastikoa deritzo, lurrikarak sortzen dituen bat-bateko energia-askatzea.
  • Hausturak: Esfortzu tektonikoaren pean dagoen materialak bere plastikotasun-muga gainditu, hautsi, eta energia askatzen duenean gertatzen dira. Energia-askatze horrek lurrikarak sortu ohi ditu. Hausturak konpresio-, distentsio- edo zizaila-esfortzuekin lotu ohi dira. Ohikoenak diaklasak eta failak dira.

Tolesturak

  • Ardatz-planoa: Tolestura bi erdi simetrikotan ebakitzen duen plano irudikaria da.
  • Alpeak: Ardatz-planoaren bi aldeetara dauden tolesaren bi erdiak dira.
  • Gontza edo ardatza: Tolesturaren kurbadura handieneko puntuak lotzen dituen lerroa da; bat etorri ohi da ardatz-planoak tolestura ebakitzen duen lerroarekin.
  • Bergentzia: Tolesturaren ardatz-planoak plano bertikalarekiko osatzen duen angelua da.
  • Okerdura: Alpeek plano horizontalarekiko osatzen duten angelua da.
  • Norabidea: Gontzaren ardatzak iparra-hegoa norabidearekiko osatzen duen angelua da.

Hausturak

Diaklasak: Haustura txikiak dira, arroka-masetan nekez ageri ohi dira bakanka, eta hautsitako blokeen arteko mugimendu erlatiborik ez dute.

Esfortzu tektonikoen eraginez sor daitezke, baina baita arroka batek gainean zituen materialak higatu direla-eta jasaten duen deskonpresioagatik ere, edo kanpoko tenperaturaren eraginpean geratutakoan arroka uzkurtzearen eta dilatatzearen ondorioz.

Failak

Diaklasak baino haustura handiagoak dira, esfortzu tektonikoen eraginez gertatzen dira, eta hautsitako blokeen arteko desplazamendu erlatiboa dute.

  • Faila-planoa: Haustura-gainazala definitzen duen planoa da. Plano horren gainean desplazatzen dira blokeak.
  • Blokeak: Haustura-lerroak bereizten dituen arroka-masaren bi zatiak dira. Blokeek desplazamendu bertikala izan badute, bloke bat goratua eta bestea hondoratua ageriko dira.
  • Faila-jauzia: Failan gertatu den desplazamendua da. Bi modutara neur daiteke: faila-planoan zehar edo bertikalean. Lehena jauzi garbia da, eta bigarrena, malkarra.
  • Okerdura: Faila-planoak plano horizontalarekiko osatzen duen angelua da.
  • Norabidea: Faila-planoak iparra-hegoa norabidearekiko osatzen duen angelua da.
  • Normala: Faila-planoa bloke hondoraturantz okertuta dago. Bloke hori faila-planoan zehar grabitatearen alde desplazatu da, distentsio-esfortzuen ondorioz.
  • Alderantzizkoa: Faila-planoa bloke goraturantz okertuta dago. Bloke hori grabitatearen kontra desplazatu da, konpresio-esfortzuen ondorioz.
  • Urratze-faila: Faila-planoa horizontala da, blokeak ez baitira bertikalean desplazatu, horizontalean bakarrik baizik, eta ez dute okerdurarik. Zizaila-esfortzuen eraginez eratzen dira horrelako failak.

Lurrikarak

Lurrikarak, edo seismoak, lurraren astinaldiak dira, esfortzu tektonikoen ondorioz lurrean metatu den energia, hausturagatik edo errebote elastikoagatik, askatzeak eragindakoak. Bibrazioak hausturako edo erreboteko puntuan sortzen dira, litosferaren barnean; puntu horri hipozentro deritzo. Handik, bibrazioak norabide guztietan hedatzen dira litosferako materialetan zehar, uhin sismiko moduan. Hipozentrotik bertikalean hurbilen dagoen Lurraren gainazaleko puntua epizentroa da. Handik, uhin sismikoak gainazalean zehar hedatzen dira, lurrak oszilatu egiten du, eta kalteak sortzen dira lursail, herri eta azpiegituretan. Lurrikara itsaspean gertatzen bada, uhin sismikoek eskala handiko olatuak sor ditzakete: tsunamiak.

Meteorizazioa

Meteorizazioa Lurraren gainazaleko arrokek, atmosferaren, hidrosferaren eta izaki bizidunen eraginez, disgregazio eta alterazio geldo eta jarraitua izateko prozesuari esaten zaio.

Arroka ama meteorizatzean erregolitoa (alterazio-mantua) sortzen da. Gainean gera daiteke edo behera erori. Lurzoru bihur daiteke edo higatu, garraiatu eta jalki daiteke agente exogenoen bidez.

Meteorizazio Fisiko edo Mekanikoa

  • Gelifrakzioa: Izotzaren eraginez arrokak haustea da. Ura arrailetan sartu, izoztu eta bolumenez handitzen da, eta, falka gisa indarra eginez, arroka hautsi eta zatiak askatzen dira. Mendietan gertatzen bada, harritzak sortzen dira (zati-metaketak mazeletan). Leku heze eta hotzetan da ohikoa.
  • Termoklastia: Tenperatura-aldaketa handien ondorioz arrokak disgregatzea da. Dilatazio- eta uzkurtze-zikloek tentsioak sortzen dituzte, eta azala altxatu. Mineralen dilatazio diferentzialak prozesua indartzen du. Basamortuetan ohikoa da.
  • Urradura eolikoa: Haizeak arrastatutako partikulen inpaktuagatik arrokak zatitzea da. Lurzorua babesten duen landaretzarik gabeko lekuetan da ohikoa; adibidez, basamortuetan.
  • Haloklastia: Gatzen meteorizazioa gatz kristalek arrokak birrintzea da. Ura lurrunduta, gatzak kristaldu eta presioa egiten dute. Leku idor eta kostaldeetan ohikoa da.
  • Deskonpresioa: Arroken gaineko materialek, higatuak izan direla-eta, zama-presioa egiteari uzteagatik arrokak pitzatzea eta haustea da.
  • Izaki bizidunek eragindako meteorizazio fisikoa: Landareen sustraiak arroken arrailetan lodieran edo luzeran haztean arrokak haustea da.

Meteorizazio Kimikoa

Meteorizazio kimikoak arroken mineralak kimikoki alteratuz disgregatzen ditu arrokak.

  • Hidratazioa: Ura zenbait arrokaren egitura molekularraren parte bihurtzen denean gertatzen da (adibidez, buztin hedakorrarena). Arroka horiek hidratatzen direnean, bolumenez handitu egiten dira, eta deshidratatzen direnean, berriz, uzkurtu. Horrek tentsioak sortzen ditu, eta, azkenerako, mineralak banandu, eta arrokak disgregatu egiten dira.
  • Hidrolisia: Uraren ioiek (H+ eta OH), mineral baten kristal-sarean sartu ostean, sareko atomoren bat desplazatzen dutenean gertatzen da. Adibidez, granitoak daukan feldespatoan: ahuldu egiten da, eta arroka hauts fin-fin bihurtzeraino disgregatzen da.
  • Disoluzioa: Halita, igeltsua eta beste mineral batzuk dauzkaten arroketan euri-urak gatzak disolbatzen dituenean gertatzen da. Ura ibili den lekuetan, mineralak disolbatzeagatik, arrokari ildaskak sortzen zaizkio.
  • Karbonatazioa: Arroka karbonatatuei eragiten dien disoluzio mota berezi bat da. Euri-urak atmosferako CO2-arekin erreakzionatu eta azido karbonikoa sortzen duelako gertatzen da. Konposatu horrek kareharri eta dolomietako karbonato disolbaezinak bikarbonato disolbagarri bihurtzen ditu. Hala, horrelako arrokez osatutako formazioak apurka-apurka disolbatu egiten ditu euriak, eta paisaia karstikoko formak eratzen dira: lapiazak, dolinak, poljeak, kobazuloak, leizeak.
  • Oxidazioa: Oxidazioa euri-uretan dagoen O2-ak eragiten du. Katioi metalikoak (burdina, kobrea...) dituzten mineraletan oxido disolbagarriak sortzen dira, eta arroka desegiten da. Burdin oxidoek kolore gorri/arrea ematen dute.
  • Izaki bizidunek eragindako meteorizazio kimikoa: Izaki bizidunek eragindako meteorizazio kimikoan, hegaztien gorozkiek eta likenen jariakinek (amoniakoa, azido nitrikoa) mineralekin erreakzionatzen dute. Goroldioek mikroingurune hezeak sortzen dituzte, eta horrek erreakzioak errazten ditu.

Lurzoruaren Konposizioa

Lurzorua arroka amaren gaineko material kontsolidatu gabea da, arrokak desintegratzeagatik sortua eta jarduera biologikoak eraldatua. Materia mineralez, materia organikoz, airez eta urez osatuta dago.

  • Solidoak: Alterazio-mantuko arroka zatiak dira, bai eta zenbait osagai organiko ere, humusa, landareen eta beste izaki batzuen hondakinen deskonposiziotik sortua.
  • Fluidoak: Osagai solidoen arteko tarteetan dauden likidoak eta gasak dira: ura, aire atmosferikoa, eta lurzoruan bizi diren izakien metabolismoan sortutako gasak.
  • Izaki bizidunak: Lurzoruan izaki bizidun ugari daude: nematodoak, artropodoak, zizareak, ornodun txikiak eta, batez ere, mikroorganismo saprofitoak. Hauek hondakin organikoak deskonposatzen dituzte, eta lurzoruak alkohola eta azido organikoak izan ditzake.

Lurzoruaren Egitura

Lurzorua jarduera biologikoaren eta uraren infiltrazioaren ondorioz egituratzen da.

  • A horizontea, garbiketakoa edo lixibiaziokoa: Azalekoena da. Materia organikoan oso aberatsa da; adibidez, azido huminiko asko izaten du (mineralei kimikoki eraso, eta uretan disolbatzea eragiten dute). Horizonte honetako geruza azalekoenean deskonposatu gabeko landare-hondakinak metatzen dira, eta 0 edo A0 horizontea deritzo.
  • B horizontea, metaketakoa edo prezipitaziokoa: Aurrekoaren azpian dago, eta oso aberatsa da A horizontetik etorritako mineraletan (urak arrastatutako buztinak, adibidez) eta mineral eratu berritan, hala nola burdin oxidotan eta hidroxidotan eta aluminioan edo kaltzitan (CaCO3).
  • C horizontea edo erregolitoa: Lurzoruaren azpiko arroka ama zatitzean eta alteratzean sortutako materialez osatuta dago. Gero eta lodiagoa egiten da, lurzorua eratzean sortzen diren substantziak honaino infiltratzen direlako eta arroka ama disgregatzeko prozesua bizkortzen dutelako.

Nola Eratzen Den Lurzorua

  1. Agerian dagoen arroka batek meteorizazioa jasaten du. Gainean erregolitoa sortzen zaio (C horizontea), eta, haren gainean, landareak sustraitzen hasten dira.
  2. Hainbat urtez erregolito gainean landareak hazteak hondakin organikoak uzten ditu. A horizontea sortzen da, humusetan aberatsa. Lurzoruak sakonera handiagoa du, eta haren gainean landare handiagoak hazten dira.
  3. Urak, infiltratzean, A horizontetik materialak arrastatzen ditu, eta, haren azpian, B horizontea eratu. Lurzorua are lodiagoa egiten da. Lurzoru heldua da, landare askori eusteko gai.

Zergatik Dauden Zenbait Lurzoru Mota

Lurrazalean non dauden, lurzoruak ez dira berdinak, lurzoruaren eraketan eragina duten faktoreak aldatu egiten baitira eskualdetik eskualdera.

  • Arroka ama mota: Lurzoruak zer testura eta zer konposizio mineralogiko izango dituen definitzen du.
  • Malda: Malda handiko erliebeetan askoz zailagoa da alterazio-mantuak metatu eta lurzoruak eratzea, materialak mazelan behera erortzen direlako. Aldiz, erliebe lauetan geruza askoko lurzoru sakonak eratzen dira.
  • Landaretza: Gainazala landarez estalita badago, errazagoa da ura infiltratzea eta lurzorua garbitzea, eta, gainera, sustraiek lurzoruari eustea eta euri-urak arrasta dezan eragoztea.
  • Klima: Zer klima mota dagoen, horren araberakoak izango dira prezipitazioen ugaritasuna eta erregimena, uraren lurrunketa eta tenperatura, eta horiek eragin zuzena dute materia organikoaren degradazioan, lurzoruaren garbiketan eta landaretza kantitatean.
  • Jarduera biologikoa: Zenbat eta bakterio eta bestelako organismo gehiago egon, orduan eta errazago deskonposatzen da materia organikoa.

Lurzoruaren Erabilera eta Kontserbazioa

Ekosistema lurtarren oinarria lurzorua da. Beraz, gure biziraupena ere haren mende dago, lurzorua ezinbestekoa baitugu nekazaritzarako, basogintzarako nahiz abeltzaintzarako. Hala ere, hainbat lekutan lurzorua galtzea eta degradatzea eragiten ari da. Lurzoruari kalte handiena bi faktorek egiten diote:

  • Lurzoruaren higadura: Euriteek edo haizeteek lur emankorrak arrastatzen dituztenean gertatzen da; batik bat, hori baino lehen deforestazioa gertatu edo landare-estalkia kendu denean. Lurzorua higatu den lekuetan, basamortutzea gertatzen da. Lurzorua higaduratik babesteko, komeni da landare-estalkia mantentzea, lurrak lantzean sestra-kurbak kontuan izatea, laboreak txandakatzea, eta drainatze-sistemak eta haizetik babesteko hesiak jartzea.
  • Lurzoruaren kutsadura: Nekazaritzako ongarriak, pestizidak eta herbizidak erabiltzeak eragiten du, bai eta hondakinak eta zaborrak botatzeak eta euri azidoak ere. Lurzorua kutsatuta egoteak bertako ekosistemak suntsitzea eta osasun-arriskuak agertzea dakar.

Higadura, Garraioa eta Sedimentazioa

Arroken meteorizazioaren ondorioz sortutako material solteak mugiarazi egiten dituzte kanpoko agente geologikoek, horretarako nahikoa energia zinetiko baldin badute.

  • Higadura: Material meteorizatuak kentzean arrokak apurka-apurka gastatzea da.
  • Garraioa: Materialak beste leku batzuetara eramatea da. Garraioko prozesuan, material horiek gastatu egiten dira, edo biribildu, edo leundu.
  • Sedimentazioa: Garraiatutako materialak arro sedimentarioetan jalkitzen dira, garraio-agenteen abiadura eta energia gutxitzean. Uretan disolbatutako materialak, aldaketa termiko edo kimiko baten ondorioz, hauspeatzen eta jalkitzen dira.

Grabitatearen Eragina

Grabitateak materialak maldan behera mugitzen ditu, eta malda pikoago eta landarerik gabeko lurzoruetan bortitzagoa da mugimendua. Adibidez:

  • Arroka zatien erorketak.
  • Material solteen irristatzeak.
  • Lokatz-fluxuak.

Batzuetan, bolumen handiak mugitzen dira azkar, mazelak deseginez, eta oinetan arroka zatien metaketak sortzen dira.

Glaziarren Eragina

Glaziarrak izotz masa handiak dira, eskualde hotzetan sortuak, maldan behera oso mantso mugitzen direnak. Mugitzean, materialak arrastatzen dituzte, gertuko eta azpiko arroka zatienak. Igarotako lekuan katilu formako zirkuak, U formako haranak eta arroka ildaskatuak sortzen dira. Gainera, material larriagoak (morrenak) eta finoagoak (tillitak) metatzen dituzte muturretan.

Ur Kontinentalen Eragina

  • Ur basatiak: Prezipitazio-urak dira, maldan behera jarraitu gabe doaz, eta landaretzarik gabeko lurretan ildoak eta karkabak sortzen dituzte, badland erliebeak osatuz.
  • Uharrak: Ur-laster irregularrak eta ez-iraunkorrak dira; ibilgu bati jarraitzen diote eta lurzorua zulatu, sakanak eta deiekzio-konoak sortuz.
  • Ibaiak: Ur-laster iraunkorrak dira, menditik itsasoraino doaz.
    • Goi-ibilgua: Arroka handiak mugitzen eta biribiltzen dituzte, lurzorua zulatu, eta zintzurrak, arroilak eta V formako haranak eratzen dituzte.
    • Erdiko ibilgua: Zati xeheagoak (hareak, lohiak) garraiatzen dituzte, azpil formako haranak sortuz. Meandroak, uholde-lautadak eta ibai-terrazak agertzen dira.
    • Behe-ibilgua: Harana zabala eta laua da, uholde-lautadaz eta meandroz osatua. Sedimentazioa nagusi da, eta batzuetan deltak eratzen dira bokalean.

Itsasoaren Eragina

Itsasoak kostako arrokan eragiten du olatu, itsasertzeko laster eta itsasaldi bidez. Olatuek arroka zatikiak arrastatu eta indarrez jaurtitzen dituzte, urradura eta labar-plataformak sortuz. Bestalde, material solteak leundu eta jalkitzen dira, hondartzak, tonboloak, barrak, geziak, padurak eta albuferak eratuz.

Haizearen Eragina

Haizeak material solte xeheenak mugiarazten ditu (deflazioa), eta horrek arroka biluziko eremuak eta basamortu harritsuak sortzen ditu. Hareak airean esekita arrokak jotzen eta urratzen ditu, forma bitxiak (arkuak, perretxiko formako harriak) sortuz. Azkenik, hareak jalki eta duna-eremuak osatzen ditu.

Modelaketan Eragina Duten Faktoreak

Erliebearen modelaketan klima, arroka mota eta lehendik dauden erliebeak eragiten dute. Faktore horiek zehazten dute zein agente geologiko dauden eta nola jarduten duten.

Erliebe Klimatikoak

  • Glaziarrak eta periglaziarrak: Meteorizazio mekanikoa, glaziarrak eta grabitatea nagusi dira; zirkuak, U formako haranak eta morrenak sortzen dituzte.
  • Epela eta hezea: Meteorizazio kimikoa, lurzoruak eta ur kontinentalak dira nagusi; ibaiek forma tipikoak osatzen dituzte.
  • Desertikoak eta subdesertikoak: Termoklastia, haizea eta grabitatea nagusi; basamortu harritsu eta hareazkoak (dunak) daude.
  • Tropikalak eta ekuatorialak: Tenperatura eta hezetasun altuak meteorizazio kimikoa sustatzen dute; haitz biribilduak, arroila sakonak eta lurzoru lateritiko aberatsak sortzen dira.

Erliebe Litologikoak

  • Buztinak: Iragazgaitzak eta ez oso trinkoak dira; klima epelean erliebe leunak eta ibaien formak sortzen dituzte; klima idorretan ur basatien eraginez badlandak agertzen dira.
  • Kareharriak: Karbonatazioz disolbatzen dira eta paisaia karstikoa sortzen dute; kobazuloetan estalaktitak eta estalagmitak ager daitezke.
  • Granitoak: Oso erresistenteak dira, baina diaklasen bidez ura sartzen da, hidrolisia eragiten eta bloke biribilduak (bola-kaosak) sortzen dira.

Erliebe Estrukturalak

  • Estratu horizontaletan: Ur kontinentalen eraginez harmailak sortzen dira; estratu gogorrek pareta bertikalak, eta bigunek malda leunak osatzen dituzte; gogor eta bigun konbinazioak mesa eta lautadak sortzen ditu.
  • Estratu inklinatu edo bertikalean: Geruza gogorrak gailentzen dira eta aldapak eta gandorrak agertzen dira.
  • Failak daudenean: Higadura handitzen da haustura lerroetan, eta horstak (bloke goratuak) eta grabenak (hondoratuak) sortzen dira.

Arrisku Geologikoak

Arrisku Bolkanikoa

Gizakia sumendietatik gertu bizi ohi da, lur emankorrak direlako, baina erupzioek heriotzak eta kalte materialak eragin ditzakete.

  • Zuzeneko arriskuak: leherketak, gas toxikoak (itotzea eragin dezaketenak), euri-azidoa, errautsak, piroklasto lodiak eta xeheak (hodei goriak), laba-koladak.
  • Zeharkako arriskuak: laharrak (ur elurrak bizkor urtzean sortuak), eraikinaren kolapsoa, tsunamiak eta klima hoztea.

Eremu bolkanikoetan, laba-koladak desbideratzeko dikeak egitea, fluxu piroklastikoetatik edo laharretatik babesteko aterpeak prestatzea, etab. gomendatzen da.

Arrisku Sismikoa

Lurrikarek azpiegituretan eta pertsonetan eragin kaltegarria dute.

  • Zuzeneko arriskuak: astinaldi sismikoak, eraikin eta zubi hausturak, likidotzea, eta mazelen ezegonkortasuna.
  • Zeharkako arriskuak: hodi eta linea elektrikoen hausturak (suteak), ibaien ibilgu aldaketak, uholdeak eta tsunamiak.

Arriskugarritasuna murrizteko, eraikuntza sismoerresistenterako arauak betetzea, ebakuazio-eremu zabalak prestatzea, etab. garrantzitsua da.

Diapiroek Eragindako Arriskuak

Gatz-arroka plastikoak deformazioak eragiten ditu gainazalean, eta azpiegituretan kalteak sor ditzake.

Arriskua Murrizteko Neurriak:

  • Diapiroak dauden eremuetan azpiegiturak eraikitzeko neurriak hartu.
  • Lurralde antolamenduan diapiroak kontuan hartu.
  • Eraikin eta azpiegiturak egonkortu.

Masa-Mugimenduen Arriskua

Harri-jausiak, luiziak eta lokatz-fluxuak maldan behera materiala jariatzea dira, eta eraikinak eta azpiegiturak kalte ditzakete edo estali.

Arriskua murrizteko: Luiziak edo harri-jausiak gertatzeko arriskua duten mazeletan, egonkortzea, basoberrituz edo drainatze-sistemak edo euste-hormak jarriz.

Lurra Hondoratzeko Arriskua

Karstiko prozesuek lurra disolbatzeak eta kobazuloen kolapsoak lur-azalerako hondoratzeak eragiten dituzte.

  • Subsidentziak: astiro gertatzen diren asentamenduak.
  • Kolapsoak: bat-batean, kobazulo baten sabaia erortzea.

Arriskua murrizteko: Lurra kontsolidatzea eta zuloak betetzea, akuiferoen ustiapena eta meatzaritza arautzea, etab.

Lurzoru Hedakorren Arriskua

Buztin eta igeltsu lurrek bolumena handitu edo txikitu egiten dute ura xurgatzean eta lehortzean, eta eraikuntzak kaltetu ditzakete.

  • Lurzoru hedakorreko eremuetan, lurraren ezaugarriak aldaraztea, materialak gehituz, gomendatzen da.

Uholdeen Arriskua

Uholdeak ibaien gainezka, prezipitazio handiak lur iragazgaitzetan eta itsasoko uraren sartzeak eragiten ditu. Gizakiok uholde-lautadetan eta kostaldeetan eraikiak ditugunez, ondasunak eta biztanleak kalte daitezke, eta uholdeak hildako gehien eragiten dituzten hondamendiak dira.

Uholdeen Kausak:

  • Klimatikoak: euri-jasak, izotz-elurren urtze azkarra, urakanak...
  • Geologikoak: ibai-ibilguen buxadura, sumendi erupzioek eragindako urtzeak...
  • Antropikoak: ibilguak aldatzea, urtegiak haustea, deforestazioa...

Uholdeak harrapa ditzakeen eremuetan, herriak zeharkatzen dituzten ibilguak kanalizatzea, garbitzea edo desbideratzea, ibaien emaria erregulatzeko presak eraikitzea, eta abar, gomendatzen da.

Arriskuak Kudeatzeko Neurri Ez-Estrukturalak

  • Lurralde-antolamendua: etxeak eta azpiegitura arriskutsuak (zentral nuklearrak, presa handiak, biaduktuak...) arrisku txikiko eremuetan kokatzea, eta herritarrak azkar ebakuatzeko bideak, alarma eta informazio-sistemak prestatzea eta mantentzea.
  • Herritarren prestaketa: herritarrak gaiaren inguruan hezi eta informatzea, eta babes zibileko langile espezializatuekin protokoloak ezarri, herritarrak bizkor ebakuatu eta babesteko gai izan daitezen.

Arrisku-Faktoreak

  • Esposizioa: Zenbat jende edo ondasun dauden lekuan; zenbat eta gehiago, orduan eta handiagoa da arriskua.
  • Arriskugarritasuna: Prozesu geologikoaren probabilitatea eta magnitudea; zenbat eta handiagoak, orduan eta handiagoa da arriskua.
  • Kalteberatasuna: Hondamendiak sortuko lituzkeen kalte material eta biktimen kopurua; aurreikuspen eta plangintzak txiki dezakete kalte hau.

Arrisku-mapak arriskua identifikatzeko tresna garrantzitsuak dira.

Entradas relacionadas: