Lurraren Erliebea: Eraketa, Dinamika eta Prozesu Geologikoak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,61 KB
Erliebearen Eraketa
Lurraren erliebea lurrazalaren gaineko forma eta egitura geografikoek eratzen duten multzoa da. Lur planeta bizirik dago geologikoki, barruan duen beroari eta eguzki-energiaren, atmosferaren eta hidrosferaren arteko elkarreraginari esker. Horrek guztiak etengabe aldatzen du Lurraren gainazalaren itxura, jarduera geologikorik gabeko beste planeta batzuetan ez bezala. Merkurioren gainazala, adibidez, kraterrez josita dago, sortu zenean jasotako meteorito-talken eraginez.
Erliebe-forma batzuk (mendikateak, adibidez) barne-prozesuen ondorioz sortu dira; beste batzuk, aldiz, kanpo-prozesuen emaitza dira (ibai-haranak, adibidez). Kasu askotan, bi jarduera motak izan dira elkar konbinatuta erliebea sortu dutenak.
Erliebea sortzen duten prozesuak
Barne-dinamikaren efektuak
Planetaren barne-jarduera da egitura geologiko garrantzitsuenak sortzen dituena. Adibidez:
- Mendikate handiak, plaken tektonikaren eraginez sortuak.
- Jatorri bolkanikoko uharte ozeanikoak.
- Kontinenteetako sumendiak.
Kanpo-dinamikaren efektuak
Kanpo-eragile geologikoek barne-dinamikak sortutako egiturei eragiten diete. Egitura horiek eraldatu, eta erliebe-forma berriak sortzen dituzte meteorizazioaren, higaduraren, garraioaren eta sedimentazioaren bidez. Eragile horiek erliebean egiten duten lanak ere aldaketa azkarrak eragin ditzake. Kanpo-eragileek eragiten dituzten aldaketak oso astiro gertatzen dira eskuarki, eta hautemaezinak dira gizakiaren denbora-eskalatik (glaziarren, haizearen edo lurpeko uren ekintzaren kasua da).
Erliebe motak (Formaren arabera)
Formari erreparatuz, erliebeak positiboak (adibidez, mendiak) edo negatiboak (adibidez, haranak) izan daitezke.
Mendikateak (Orogenoak)
Mendikateak edo orogenoak egitura geologiko handienak dira. Lurraren barneko beroak eragindako jarduerak sortu ditu. Hiru mota bereiz daitezke:
- Mendikate periozeanikoak
- Uharte-arkuak
- Kontinente arteko mendikateak
Mendikate Periozeanikoak
- Subdukzio-eremuetan sortzen dira, litosfera ozeanikoa litosfera kontinentalaren azpian hondoratzen denean.
- Andeak dira adibiderik argiena.
- Material magmatikoz osatutako mendikate hauetan erupzio pliniarreko sumendi ugari daude.
Uharte-arkuak
- Subdukzio-eremuetan, litosfera ozeanikoa litosfera ozeanikoaren azpian sartzen denean sortzen diren jatorri bolkanikoko uharte-kateak dira.
- Era honetako mendikateen adibideak dira Japonia, Indonesia eta Zeelanda Berria, hirurak Ozeano Barean.
Kontinente arteko mendikateak
- Litosfera kontinentaleko plaken arteko talkatik sortzen dira. Hau da, bi plaken arteko sedimentuek plaken presioa jasaten dute, tolestu egiten dira eta era honetako mendikateak sortzen dituzte.
- Himalaia, Indoaustraliako plakaren eta Eurasiako plakaren arteko talkatik sortu zen.
Kanpo-Prozesu Geologikoak
Kanpo-dinamika geologikoa oinarrizko lau prozesutan oinarritzen da (meteorizazioa, higadura, garraioa eta sedimentazioa), eta kanpo-eragile geologikoek eragiten dituzte prozesu horiek. Materiala jalki edo sedimentatu denean, zenbait eraldatze-prozesu jasaten ditu, diagenesi izenekoak, eta arroka trinkoak sortzen dira prozesu horietatik. Prozesu horiek guztiak gertatzen diren Lurraren gainazaleko eremuei sedimentazio-inguruneak esaten zaie.
Meteorizazioa
Meteorizazioaren bidez, azaleko arrokak material bigunagoak bihurtzen dira. Bi eratako aldaketek eragin ditzakete transformazio horiek: konposizioaren aldaketek eta zatiketa-mailaren aldaketek. Hiru meteorizazio mota daude:
- Meteorizazio fisikoa
- Meteorizazio kimikoa
- Meteorizazio biologikoa
1. Meteorizazio Fisikoa
Tenperatura-aldaketen eta arroken ezaugarri fisikoak aldatzen dituzten beste faktore batzuen ondorio da. Hauek dira hiru meteorizazio fisiko mota nagusiak:
Gelifrakzioa
Ura arroken pitzaduretan sartu, eta izoztu egiten da tenperatura jaistean. Ondorioz, uraren bolumena handitu eta arroka zatitzen da.
Haloklastismoa
Ur gaziaren zipriztinak arroken pitzaduretan sartzen dira, gelifrakzioan bezala. Kasu honetan, ordea, etenguneetako gatzezko kristalak dira arroka zatitzen dutenak.
Termoklastismoa
Egunez tenperatura altuen eta gauez tenperatura baxuen eraginpean dauden arrokak zabaldu eta uzkurtu egiten dira etengabe; horrek zatitu egiten ditu. Basamortuetan gertatzen da gehienbat.