Lurraren Egitura eta Plaken Tektonika: Eredu Geokimiko eta Geodinamikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,97 MB
Lurraren Egitura: Eredu Geokimikoa
Lurraren barne-egitura aztertzeko eredu geokimikoak materialen konposizio kimikoan oinarritzen dira, hiru geruza nagusi bereiziz:
Lurrazala
Lurrazala azalerako geruza mehea da, egoera solidoan dauden harriek osatzen dute, eta silikatoak (oxigeno eta silizio mineralak) nagusi dira. Bi lurrazal mota bereizten dira:
- Kontinentala: Zaharragoa (4.000 milioi urte arte), dentsitate txikiagoa eta lodiagoa (70 km arte). Kontinenteak eta plataforma kontinentalak osatzen ditu.
- Ozeanikoa: Modernoagoa (180 milioi urte arte), dentsitate handiagoa eta meheagoa (10 km arte). Kontinentalarekin alderatuta, ozeano hondoak osatzen ditu.
Mantua
Mantua lurrazalaren azpian kokatzen da, Mohorovičić etenaren azpian eta 2.900 km-ko sakoneraino. Tenperaturak oso altuak dira, baina presio altuak direla eta, materialak egoera solidoan edo egoera likatsuan daude. Goiko mantua eta beheko mantua bereizten dira. Silikatoz osatuta dago nagusiki.
Nukleoa
Nukleoa mantuaren azpian kokatzen da, Gutenberg etenaren azpian eta Lurraren erdiguneraino. Metalikoa da eta nagusiki burdinez eta nikelez osatuta dago. Kanpo-nukleo likidoa eta barne-nukleo solidoa bereizten dira.
Lurraren Egitura: Eredu Geodinamikoa
Eredu geodinamikoak materialen portaera mekanikoan oinarritzen dira, geruza hauek bereiziz:
Litosfera
Litosfera azalerako geruza solidoa eta zurruna da, lurrazalak eta mantuaren lehen kilometroek osatzen dute.
Astenosfera
Astenosfera tradizionalki solido baina plastikotzat jo izan da. Likatsua izateak mantuan konbekzio-korronte geldoak sortzea ahalbidetuko lukeelako. Hala ere, gaur egun haren existentzia eztabaidan dago, eta zientzialari askok uste dute ez dela benetako geruza bereizia, baizik eta mantu osoa dela plastikoa eta fluido moduan jokatzen duena bere sakonera guztian.
Mesosfera
Mantuaren gainerakoa hartuko luke eta plastizitate txikiko geruza solidoa izango litzateke. Astenosferaren existentzia zalantzan dagoenez, premisa honen arabera, mantu osoa fluidoa izan liteke.
Endosfera
Nukleoarekin bat dator. Kanpo-nukleoa likido-egoeran dago. Geruza honetan ere badaude fluxu- edo konbekzio-korronteak. Barne-nukleoa, aldiz, esfera metaliko bat da, eta tenperaturak oso altuak badira ere, egoera solidoan dago, materialak presio izugarri handiaren eraginpean daudelako.
Konbekzio-Korronteak
Tenperatura edo dentsitate-diferentziak direla eta sortzen diren fluxuak dira. Fluidoen goranzko eta beheranzko korronteen bidez, beroa transferitzen dute, berotutako fluidoak gorantz mugitzen direlako eta hotzak beherantz.
Ozeanoen Hedapena eta Hondoaren Morfologia
Teknologia berriei esker, ozeanoen hondoa zehaztasunez ikertu zen, eta ikusi zen erliebea, sismikotasuna eta bolkanismoa zeudela.
Hertz Kontinentalak
Kontinenteek inguruan dituzten urpeko eremuak (kontinenteen eta itsasoen ertzak). Bi eremu bereizten dira:
- Plataforma kontinentala (200 m): Kontinentearen urpeko zatia da, lurrazal kontinentalez osatua.
- Ezponda kontinentala (4.000 m): Lurrazal kontinentalaren eta lurrazal ozeanikoaren arteko trantsizio-eremua da.
Ozeano Hondoa
Lurrazal ozeanikoz osatuta daude, eta itsaspe sakonetan daude:
- Lautada abisalak: Eremu handi eta lauak dira. Ozeano-hondoen gehiena hartzen dute, eta 2.000-5.000 metro arteko sakoneran daude. Lautada abisalean sumendi txikiak aurki daitezke.
- Fosa ozeanikoak: Sakonune estu eta luzangoak dira, eta 11.000 metroko sakonera ere izan dezakete.
Dortsal Ozeanikoak
Ozeanoen hondoan dauden mendikate handiak dira, jatorri bolkanikokoak; ozeano-hondoa zeharkatzen dute. Mazela zabalak dituzte eta gandor handietan amaitzen dira. Gandor horietako batzuek arrakala sakon bat dute, halakoei rift deritze, eta fenomeno sismiko eta bolkaniko ugari gertatzen dira halakoetan. Dortsalen ardatza faila ugariz zatituta dago.
Plaken Tektonika
Plaken tektonikaren teoriak azaltzen ditu lurrikarak, sumendiak, erupzioak eta mendikateak. Teoriaren arabera, litosfera plaka tektonikoetan banatuta dago, eta hauek goi-mantuaren gainean mugitzen dira. Mugimendu horiek plaken arteko interakzioak sortzen dituzte, eta haien ertzak hiru motatakoak izan daitezke:
Ertz Dibergenteak (Eraikitzaileak)
Ertz dibergente edo eraikitzaileetan, plaka litosferikoak elkarrengandik bereizi egiten dira, mantutik gora igotako materialaren ondorioz plaken artean litosfera ozeanikoa sortu delako. Adibidez: ozeanoetan eta beste batzuk kontinenteetan. Sumendiak sortzen dira.
Ertz Transformatzaileak
Ertz transformatzaileak edo faila transformatzaileak litosferaren hausturak dira. Horien gainean plaka tektonikoak mugitu egiten dira, baina ertz edo faila hauetan ez da litosferarik sortzen, ez suntsitzen.
- Dortsal ozeanikoak zeharka ebakitzen dituzten failak. Plaken artean mugimendua dago, baina bakoitzak abiadura ezberdina du.
- Bi plaka-muga ezberdin lotzen dituzten failak. Hemen plakak norabide berean mugitzen dira, baina kontrako noranzkoan, eta horrek intentsitate handiko lurrikara ugari sortzen ditu.
Ertz Konbergenteak (Suntsitzaileak)
Ertz konbergenteetan, bi plaka tektonikok talka egiten dute, dibergenteen kontrako noranzkoan. Plakek talka egiten dutenean subdukzio prozesua gertatzen da: bata beherantz doa eta bestea gorantz. Gogoan izan: DENTSITATE GUTXIENA GOIAN, DENTSITATE GEHIENA BEHEAN.
Hiru motatako talkak gertatzen dira:
- Plaka kontinental bat eta ozeaniko bat elkartzen direnean: Plaka ozeanikoa (dentsitate handiagoa) kontinentalaren azpian sartuko da (subduzitu). Horrek tolesturak eta plaken gorakadak sortuko ditu, eta horrela sortzen dira mendikateak. (1. ARGAZKIA)
- Bi plaka ozeaniko elkartzen direnean: Plaka zaharrena eta dentsitate handiena duena behera doa (subduzitu egingo da), eta dentsitate txikiena duena goraka doa, uharteak sortuz. (2. ARGAZKIA)
- Bi plaka kontinental elkartzen direnean: Ez da subdukzioa gertatzen, besterik gabe talka egiten dute eta gorantz doaz, mendikateak sortuz. (3. ARGAZKIA)