Lurraren Egitura eta Dinamika: Atmosfera, Jitoa eta Tektonika
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Geología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,67 KB
1. Lurraren Kanpoaldeko Dinamika
1.1 Atmosfera Aldatu Egiten Da
Atmosferaren konposizioa asko aldatu da Lurraren historian zehar, eta aldatzen ari da oraindik ere. Kantitatez eskasak diren zenbait gasek kontrolatzen dute klima eta, hortaz, bizitza.
Esaterako, ur-lurruna, karbono dioxidoa eta metanoa BEROTEGI-GASAK dira. Eguzkiaren erradiazioa igarotzen uzten dute, baina gure planetak atmosferarantz itzultzen duen erradiazio infragorria (beroa) islatzen dute berotegi-gasek. Lurrak igortzen duen bero-energia hori harrapatzen dute, eta horri esker, gure planetaren gainazaleko batez besteko tenperatura 30 °C-tik gorakoa da. Berotegi-gasak ez balego, atmosferaren batez besteko tenperatura ez litzateke 15 °C-koa izango, -18 °C-koa baizik.
Gainera, atmosfera dinamikoa da. Airea, lurrazaleko beroa xurgatzen duenean, hedatu egiten da eta gora egiten du. Orduan, tenperatura txikiagoa duten aire-masek aire bero horren lekua hartzen dute. Horrela, haizea sortzen da (brisa, urakanak...).
1.2 Planeta Ozeanikoa
Zergatik da likidoa Lurraren gainazalean ura?
Hiru arrazoi nagusiengatik:
- Eguzkitik hurbil dagoelako.
- Lurrak masa handia duelako, beraz, grabitate handiagoa du, eta horri esker, atmosfera du.
- Lurraren atmosferan berotegi-gasak daudelako; izan ere, gas horiek hidrosfera izoztea eragozten dute.
Beraz, atmosferak eta hidrosferak sistema dinamikoa osatzen dute. Ura kondentsatu egiten da, eta euria egiten du. Euri-ura lurrean sartu edo isuri egiten da, eta itsasora iristen da, lurrundu eta atmosferara itzultzen da, eta berriro hasten da uraren zikloa.
1.3 Higadura eta Sedimentazioa
Urak material solidoa higatu eta kontinenteetako leku altuetatik leku baxuetara eramaten du, eta haietan jalkitzen du (sedimentazioa). Milioika eta milioika urtetako higaduraren ondoren, erabat laua izan beharko luke Lurrak. Zergatik ez da, ordea? Lurraren barrualdeak gordetzen du galdera horien erantzuna.
2. Lurraren Barrualdea
Lurraren erradioa 6.378 km-koa da.
Dentsitateak eta uhin sismikoak aztertzen dituzten ikerketei eta meteoritoen konposizioari buruzko datuei esker, geofisikariek jakin ahal izan dute Lurraren nukleoaren % 80-90 burdina dela, eta % 10 nikelez eta beste elementu batzuez osatuta dagoela. Horrez gain, nukleoaren kanpo-atala urtuta dagoela jakin dute. Azken datuen arabera, barne-nukleoaren zati bat ere urtuta dago.
2.1 Lurraren Barne-Energia
Lurraren barne-beroa isotopo ezegonkorrak (batez ere uranioa eta torioa) desintegratzean sortzen da. Baina nukleoan ez dago elementu erradiaktibo askorik, eta hala ere, oso bero dago, batez beste, 5.000 °C-an. Beroak ez badu jatorri erradioaktiboa, nondik dator? Seguru asko, planeta sortu zenean hainbat talka egon ziren beste objektuekin, eta ondorioz, bero izugarria sortu zen.
3. Wegener: Kontinenteak Higitzen Ari Dira
XX. mendearen hasieran, Alfred Wegener zientzialari alemaniarrak Kontinenteen Jitoaren Teoria aurkeztu zuen. Teoria horretan azaltzen zuen egungo kontinenteak duela 200 milioi urte inguru batuta zeudela, eta Pangea izeneko superkontinentea osatzen zutela.
3.1 Geologia Goitik Behera Aldatu Zuen Teoria
XX. mendearen hasieran, Kontinenteen eta Ozeanoen Jatorria liburuan, Alfred Wegenerrek teoria iraultzailea aurkeztu zuen.
Garaiko geologo gehienek uko egin zioten Wegenerren hipotesiari. Wegenerrek froga ugari eman zituen bere teoriaren alde, baina ezin izan zuen azaldu kontinenteak zer mekanismoren bidez higitzen ziren.
3.2 Kontinenteen Jitoaren Frogak
Wegenerrek lau froga mota nagusi aurkeztu zituen bere teoria babesteko:
- Froga Geografikoak: Kontinenteen kostaldeen formak bat zetozela ohartu zen Wegener (batez ere Hego Amerikarenak eta Afrikarenak), eta beraz, susmatu zuen kontinenteak iraganean bat eginda zeudela.
- Froga Paleontologikoak: Iraganean Afrika eta Hego Amerika, esate baterako, bat eginda zeudela frogatzeko, froga paleontologikoak dira garrantzitsuenak, hots, fosilei dagozkienak. Zenbait organismo berdinen fosilak aurkitu dituzte egun elkarrengandik milaka kilometrora dauden lekuetan, hala nola Antartikan, Hego Amerikan, Afrikan, Indian eta Australian.
- Froga Geologikoak eta Tektonikoak: Kontinenteak bat egiten baditugu, ikusiko dugu harri motek, harrien kronologiak eta mendikate nagusiek nolabaiteko segida fisikoa dutela.
- Froga Paleoklimatikoak: Zientzialari alemaniarra ohartu zen Lurraren zenbait lekutako klima ez zela iraganean izandakoa. Adibidez, gaur egun beroak diren eremuak (India, Australia) izotzez beteta egon ziren.
4. Kontinenteen Jitoaren Teoriatik Tektonika Globalaren Teorira
4.1 Litosfera Zatikatuaren Ebidentzia
Mapa batean foku sismikoak eta sumendiak kokatuz gero, ikusiko dugu gehienak ez daudela han-hemenka nonahi sakabanatuta, lerrokatuta daudela. Horrek esan nahi du litosfera plaka litosferiko handitan zatikatuta dagoela, eta sumendien eta lurrikaren jarduera plaka horien ertzetan dagoela.
5. Lurra Makina Baten Modukoa Da
Tektonika Globala edo Plaken Tektonika da Lurraren historia eta lurreko prozesu geologikoak azaltzen dituen teoria. Teoria horrek proposatzen duenaren arabera, nukleoko beroak mantua berotzen du (biltegi termiko gisa), eta horren ondorioz, konbekzio-korronteak sortzen dira; alegia, material beroek gora egiten dute, eta hotzek, berriz, behera. Agitazio termiko horren ondorioz, litosfera mugitu egiten da, eta plakatan hausten da.