Lurraren Dinamika: Plakak, Mendiak eta Tsunamiak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,39 KB

Lurreko Litosfera-Plakak

Gure planetaren azala (litosfera) ez da arrautzaren azala bezalako zerbait, leku guztietan neurri eta itxura bera duena. Gutxi gorabehera dozena bat plaka tektonikok osatzen dute lurrazala, eta plaka batzuk, ozeanoen azpikoak, meheagoak dira, eta gainerakoak lodiagoak. Plaka tektoniko horiek ez daude geldirik, mugitu egiten baitira lurraren barneko indarrek eraginda. Milioika urtetan mugitu dira, etengabe, batak bestearekin talka eginez, bata besteari egokituz, edota elkar igurtziz. Mugimendu horiek direla eta, milioika urte horietan lurrazala aldatuz joan da, pixkanaka, baina etengabe, gaur egun ezagutzen dugun planetako azala osatu arte. Eta prozesu hori ez da gelditu, ez da amaitu eta jarraitu egiten du. Beraz, lurraren barneko indarrek eragindako fenomeno horiek moldatu dituzte itsasoak eta kontinenteak, lurrazala eta erliebe geografikoak, eta oraindik ere lan hori egiten jarraitzen dute!

Lurrazaleko plaka batek ondoko plakaren presioa jasotzen badu, tolesturak sortzen dira lurrazaleko une horretan; ondorioz, gune horretako lurrazalak gorantz egiten du, eta mendiak sortzen dira. Beraz, lurrazalaren higidurak dira mendiak eta mendikateak sortzen dituztenak: higidura orogenikoak deritze higidura horiei. Himalaia eta Andeak horrela sortutako mendikateak dira.

Beste era batera ere sor daitezke mendiak, eta horren adibide garbia dira sumendiak. Plaken arteko mugimenduak direla eta, lurraren barneko arroka urtua irten daiteke lurrazalera (laba), eta geratutako laba horrek sor ditzake mendiak (sumendiak). Fenomeno horri bulkanismoa deitzen zaio.

Mendi gazteak esaten zaie aldaketa gutxi jasan, eta eite zorrotza duten mendiei. Denborarekin, ordea, (milioika urteren buruan) kanpoko eragile geologikoek higatu egiten dituzte mendiak eta haien eitea askoz leunagoa eta biribilduagoa izaten da: mendi zaharrak direla esan ohi dugu.

Tsunamia: Itsasoaren Haserrealdia

2004ko abenduaren 26an Richter eskalan 9,0 graduko itsasikara gertatu zen Indiako Ozeanoan. Horren eraginez, igande horretan, herrialde askotako pertsonen bizitza arriskuan egon zen. Zergatik? Hamar kilometroko sakoneran gertatutako itsasikara batek olatu erraldoiak sortu zituelako eta inguruko herrialde askotako kostaldera abiadura handiz heldu zirelako. Horri deitzen zaio tsunamia. Hondamendi natural horrek ia 300.000 hildako eragin zituen eta kalkula ezinak diren kalte fisikoak.

2011ko martxoaren 11n, 14:46an, Richter eskalan 9,0 graduko lurrikara gertatu zen Japoniako ipar-ekialdeko itsasertzean. Epizentroa Honshu uharteko kostaldean bertan zegoen, eta sei minutu iraun zuen. Lurrikarak kaltetutako argindar lineak zirela medio, istripua gertatu zen Fukushimako zentral nuklearrean, eta egoera askoz okerragoa bilakatu zen 15:41ean tsunamia itsasertzera iritsi zenean. Izan ere, nahiz eta Japonian badiren tsunamien kontrako itsas-harresiak, egun horretako tsunamiak gainezka egin zuen. Hondamendia izugarria izan zen, eta Fukushimako zentral nuklearrean sekulako hondamendi nuklearra. Material erradioaktiboaren jarioak arazo larriak sortu zituen istripuaren unean bertan, eta etorkizunean izango dituen eraginak (ingurumenean, osasunean, ekonomian…) ikusteko daude.

Entradas relacionadas: