Lurpeko Baliabideak: Meatzaritza eta Mineralen Merkataritza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Tecnología Industrial
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,9 KB
Lurpeko Baliabideak: Meatzaritza
Gure beharrak asetzeko, naturako baliabideak erabiltzen ditugu. Industriak natura-baliabideak eraldatu eta produktu landu bihurtzen ditu. Natura-baliabide horiei lehengai esaten zaie.
Energia iturriaren definizioa: Eraldaketa-prozesu baten ondoren industria-prozesuek eta garraioek behar duten indarra ematen duen eta gure eguneroko behar ugari asetzen dituen (argia, beroa, etab.) natura baliabidea.
Lehengaien Jatorria
Jatorria zein den, hiru lehengai mota daude:
- Animalia-jatorrikoak: haragia, arraina, artilea, esnea.
- Landare-jatorrikoak: kotoia, zura, fruituak.
- Mineral jatorrikoak: metalak, harriak.
Atal honetan, mineral-baliabideak aztertuko ditugu. Lurrean, era askotako mineral ugari dago. Hiru taldetan sailka ditzakegu:
Mineralen Sailkapena
- Metalezko mineralak: Metalak erauzten dira. Adibidez: urrea, zilarra, kobrea eta burdina.
- Ez-metalezko mineralak: Ez da metalik erauzten. Adibidez: kuartzoa, feldespatoa, igeltsua, gatzarria eta fluorita.
- Mineral energetikoak: Energia sortzeko balio dute. Adibidez: ikatza, gasa, petrolioa eta uranioa.
Mineral-baliabideak lurpean daude. Mineral horiek erauzteko jarduera multzoari meatzaritza esaten zaio. Mineralak hobietan egoten dira, eta hobiak bi motatakoak izan daitezke:
- Aire zabaletako mehatzeak (lur-arrasean daude).
- Lurpeko mehatzeak (sakonago daude).
Mineral Ez-Energetikoen Ekoizpena eta Kontsumoa
Metalezko mineral ez-energetikoen artean, burdina, bauxita eta kobrea dira garrantzitsuenak.
- Burdina: Gehiena altzairua (siderurgia-industriaren oinarria) ekoizteko erabiltzen da. Burdin ekoizle nagusiak Txina, Brasil, Australia, India eta Errusia dira.
- Bauxita: Aluminioa ateratzen da. Aluminioa lehengai gisa erabiltzen da eraikuntzan, aeronautikan, mekanikan, ontzigintzan... Bauxita-mehatze handienak Australian, Brasilen, Indian, Txinan, Ginean, Indonesian eta Jamaikan daude. Aluminio-ekoizle nagusiak Txina, Errusia, Kanada, Estatu Batuak eta Australia dira.
- Kobrea: Elektrizitatea eroateko erabiltzen diren kableen oinarria da. Ekoizle nagusia Txile da, eta, haren ondoren, Peru, Estatu Batuak, Australia eta Indonesia.
Metalezko mineralen eta ez-metalezkoen banaketa ez da orekatua. Zenbaitetan, gainera, baliteke baliabideren baten mundu-erreserben erdiak hobi bakar batean egotea.
Kontsumoan ere, alde handiak daude herrialde batetik bestera. Oro har, herrialde garatuenek askoz lehengai gehiago kontsumitzen dituzte herrialde azpigaratuek baino. Ekoizpen- eta kontsumo-guneen arteko alde horiek direla eta, mineralen merkataritza mugimendu handikoa da.