Lupak eta Begiaren Fisika: Nola Funtzionatzen Duten
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Física
Escrito el en vasco con un tamaño de 409,34 KB
Lupa
Lupa lente konbergente bat da, objektua berez duena baino tamaina handiagoan ikustea ahalbidetzen duena. Objektu txiki bat zehaztasunez ikusi nahi badugu, normalean hurbildu egiten dugu begirantz, erretinan eratutako irudia handiagoa izan dadin. Nolanahi ere, puntu hurbilaren existentziak mugatu egiten du objektua nitido ikusteko ahalmena. Horregatik behar izaten da lupa, horren bidez objektua puntu hurbila baino hurbilago koka dezakegulako. Objektua F1 fokuaren eta lentearen artean kokatzen bada, irudia birtuala, zutikoa eta objektua baino handiagoa izango da; objektua ikusteko, begia lentearen atzealdetik hurbil jarri behar da. Luparen handimen angeluarra edo handipen-ahalmena honako bi angelu hauen arteko zatidura da: batetik, objektua lupaz ikustean dagokion angelu-bisuala (ϕ), eta bestetik, objektua puntu hurbilean jarriz luparik gabe ikustean dagokion angelu bisuala (ϕ0). Aa=lan/lan0=0,25/f
Irudia
Argazki Kamera
Argazki-kameraren gorputza kamera iluna da, funtsean. Atzealdean, objektuaren irudi erreal eta alderantzikatua eratzen den lekuan, xafla edo film fotografiko sentikorra jartzen da.
- Objektiboa: objektuek islaturiko argia biltzen duen sistema konbergentea da. Kasurik sinpleenean lente konbergente bat da. Objektibo on batek akatsik gabeko irudia sortu behar du, eta fokatze-sakonera handia izan behar du (objektiboak aldi berean foka ditzakeen punturik hurbilarenaren eta urrunaren arteko distantzia).
- Bisorea: horren bidez irudia enkoadratu egin daiteke, nahi den gorputza edo partea filmean inpresionatuta gera dadin.
- Obturadorea: dispositibo horren bidez esposizio-denbora kontrola daiteke, hau da, argia pelikulara iristen dagoen denbora-tartea.
- Diafragma: elkarren gainean ezarritako xaflatxo metalikoen eraztun bat da, eta objektiboaren diametro eraginkorra erregulatzeko balio du, eta, beraz, filmera iristen den argi kantitatea erregulatzeko.
- Kliskagailua: kliskatzean, argazkia ateratzen dugu. Denbora konkretu batean ireki egiten du obturadorea, kanpoko argiak filma inpresiona dezan.
Kameraren funtzionamendua eta giza begiarena antzekoak dira. Objektiboak gure kristalinoaren zeregina burutzen du, eta film sentikorra erretinaren baliokidea da. Baina argazki-kamerak irekiera-angelu handiagoa du fokaturik, begiaren baino handiagoa, eta horri esker guk baino ikuste-eremu handiagoa hartzen du. Objektuen fokatzea lortzeko, lentearen eta pelikularen distantzia doitu behar da, argazkia egin nahi zaion objektuaren irudia film sentikorrean eratzeko moduan. Kameran sartzen den argi kantitatea argiztapen-denboraren bidez eta diafragmaren irekieraren bitartez erregulatzen da. Pantaila batean argazki kameran islatzen den irudia erreala, alderantzizkoa eta txikiagoa da (objektutik lentearen distantzia, distantzia fokalaren bikoitza baino urrunago dagoelako).
Begia
Begien helburua objektuen irudi estigmatikoak eta akatsik gabekoak sortzea edo eskaintzea da. Begien forma ia esferikoa da, eta ikusmen-eremu zabala dute (180º-koa); fokapena oso bizkor aldatzeko gai dira (hurbil eta urrun dauden gauzak ikusteko egokituz) eta bereizmen-ahalmen handia dute.
- Kornea: begia inguratzen duen mintz erresistentearen (esklerotika izenekoa) atal gardena da. Argia korneatik barneratzen da.
- Kristalinoa: lente konbergentearen forma duen gorputz biguna da.
- Erretina: begiaren barnealdea estaltzen duen mintza da. Bertan proiektatzen da objektuaren irudia. Argiaren eraginpean sentikorrak diren hainbat zelula-geruzak osatzen dute.
Objektuei dagokienez ikusten dugun tamaina, erretinan eraturiko irudiaren (erreala eta buruz beherakoa) tamainaren araberakoa da: objektua zenbat eta hurbilago egon, irudi hori hainbat eta handiagoa izango da; eta zenbat eta urrunago egon, irudia hainbat eta txikiagoa. Gure begia honako elementu hauek osaturiko sistema optiko modura har daiteke: dioptrio esferiko bat (kornea izenekoa), eta lente bat, lente konbergentearen forma duen gorputz biguna (kristalinoa izenekoa). Normalean, infinituan fokaturik dago; horregatik, infinitua urruneko puntua dela esan ohi dugu. Objektu hurbil batean fokatzeko, gihar ziliarrak uzkurtu egiten dira, era horretan kristalinoaren forma aldaraziz, esferikoago bihurtuz, eta distantzia fokala eta kurbadura erradioa txikiagotuz. Fokatze-gaitasun horri egokitzapena deritzo. Horri esker, giza begia begitik 25 cm-ra dauden objektuak argi eta garbi ikusteko egokitu daiteke. Puntu horri begiaren puntu hurbila deritzo.
Miopia
Miopia duten pertsonek ondo fokatu ahal dituzte objektu hurbilak, ez ordea, urrunak. Urruneko puntua distantzia finituan dago, metro gutxi batzuetara. Ondorioz, begi miopeak ezin ditu ondo ikusi hori baino urrunago dauden objektuak. Kasu honetan, begiko gainazal errefringenteak konbergenteegiak dira edo begi globoa luzeegia da. Horregatik, begia lasaiturik dagoenean irudiak ez dira erretinan hedatzen, aurreko puntu batean baizik. Hori zuzentzeko lente dibergenteak erabiltzen dira. Lente horietan errefraktatzean, izpiak ardatz nagusitik urruntzen dira, eta horri esker kristalinoak erretinan fokatu ahal dira.
Hipermetropia
Hipermetropia hurbileko puntuak garbi fokatzeko zailtasuna da. Begi hipermetropearen hurbileko puntua, normala dena (25cm inguru) baino urrunago dago. Kasu honetan, kristalinoa ez da behar den bezain konbergentea, edo begi-globoa laburregia da. Horregatik, irudia erretina atzean eratzen da eta ikuspegi lausoa sortzen da. Hipermetropia lente konbergenteak erabiliz zuzentzen da. Lente hauetan errefraktatzean, izpiak hurbildu egiten dira ardatz nagusira, eta horri esker kristalinoak ondo konbergiaraz ditzake, irudia erretinan eratuz.