Lokomozio Aparatua: Hezurrak, Giharrak eta Giltzadurak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en
vasco con un tamaño de 270,57 KB
Hezur Sistema: Egitura eta Funtzioak
Gizakiaren eskeletoa hezurrez osatuta dago. Hezurrak hezur-ehunez osatutako egitura zurrunak dira. Gizakiaren hezur-sisteman 206 hezur daude. Eskuak eta oinak dira hezur gehien dituzten gorputz-atalak (106).
Hezurrak organo bizi eta gogorrak dira, eta funtsean kaltzio eta fosforo gatzez eta kolagenoz eratuta daude. Giltzadurek lotuta mantentzen dituzte elkarren ondoan dauden hezurrak.
Hezurren funtzio nagusiak
- Gorputzaren euskarria izatea.
- Barne-organoak babestea.
- Mugimenduan parte hartzea.
- Hainbat odol-zelula sortzea.
Hezur motak formaren arabera
Formaren arabera 4 hezur mota daude:
- Luzeak: Luzera handiagoa lodiera baino. Makila baten itxura dute, bi bururekin. Gorputz-adarrak osatzen dituzte. Adibidez: femurra, humeroa, erradioa, kubitoa, falangeak, tibia, peronea.
- Laburrak: Luzera eta zabalera berdintsuak. Adibidez: karpoak (eskumuturrekoak) eta tartsoak (orkatilakoak).
- Irregularrak: Hainbat forma. Adibidez: sakroa, ornoak, aurpegiko batzuk.
- Lauak/Zapalak: Itxura laua. Adibidez: esternoia, eskapula, saihetsak.
Periostioa
Hezurraren inguruan mintz konektibo bat dago, periostio izenekoa. Hortik odol-hodiak sartzen dira, hezurra elikatzeko, eta nerbio ugari ditu. Geruza horretan lotailuak eta tendoiak txertatzen dira.
Eskeletoaren atalak
Burua
Garezurra
Garezurra gogor lotuta dauden hezurrez osatuta dago. Garuneko hezurren arteko giltzadurei sutura esaten zaie, eta giltzadura mugiezinak dira.
Garuneko suturak edo joskurak:
- Koronala
- Sagitala
- Lambdoidea
Fontanelak: Mintz-espazio bigunak dira, buruko hezurren artean daudenak (jaioberrietan). Garapenean lotuz joango dira.
Aurpegi-hezurrak
Hamalau hezur daude aurpegian.
Enborra
Bizkarrezurra
Bizkarrezurra orno izeneko hogeita hamahiru hezur txikiz osatuta dago. Hezurren artean kartilagoa dago, ornoarteko diskoak osatzen dituena. Kartilago horrek ornoen arteko talkak eta marruskadura arintzen ditu.
Ornoak giltzadura erdimugikorren bidez daude lotuta elkarrekin. Giltzadura horiek sendo lotzen dituzte hezurrak, baina pixka bat mugitzen uzten diete.
Bizkarrezurraren kurbadurak:
- Barrurantz: Lordosi
- Kanporantz: Zifosi
Bizkarrezurraren atalak:
- Lepaornoak (Lordosi): Zazpi dira. Lehenengoak eta bigarrenak (atlasak eta axisak) buruaren mugimendua ahalbidetzen dute.
- Bizkar-ornoak (Zifosi): Hamabi dira eta bakoitzetik bi saihets ateratzen dira. Saihetsak aurrealdean bularrezurrarekin lotuta daude, kaxa torazikoa eratuz.
- Gerri-ornoak (Lordosi): Bost dira, giltzurrunen aldean kokatuak.
- Errain-ornoak (Zifosi): Bost dira eta errain-hezurra osatzen dute.
- Uzkornoa: Lau orno txikiz osatuta dago eta triangelu formako hezur bakarra eratzen dute.
Saihets-hezurrak
Hamabi saihets-hezur bikote daude. Hiru ataletan sailkatzen dira:
- Benetako saihets-hezurrak: Zazpi bikote dira eta bularrezurrari zuzenean lotuta daude.
- Saihets-hezur aizunak: Hiru bikote dira. Aurrealdean elkarri lotuta daude kartilago bidez, eta gero bularrezurrarekin lotzen dira.
- Saihets-hezur lokak: Bi bikote dira. Aske daude, ez dira bularrezurrarekin lotzen, ezta beren artean ere.
Bularrezurra
Hezur lau eta trinkoa da.
Hezurren Fisiologia eta Hazkundea
Luzetarako hazkundea
Nerabezaroa arte gertatzen da. Metafisian kartilago-ehuna dago, eta bertatik hazten da hezurra. Epifisiaren eta diafisiaren artean hazkunde-gune izeneko zerrenda estu batzuk daude, eta horiek haztean hezurra luzatu egiten da.
Lotura-kurruska hazten den heinean, hezurtu egiten da; beraz, metafisia neurri berean mantentzen da beti. Heldutasunera heltzean, lotura-kurruska guztia hezurtu egiten da, eta ondorioz, luzetarako hazkuntza bukatzen da.
Lodierako hazkundea
Prozesu hau diafisian gertatzen da, hezur-muina handitzeko. Periostioak (hezurra inguratzen duen ehunak) geruza berriak eransten ditu barnealderantz. Hezurrak gero eta pisu gehiago ez izateko, hezur-muin horian dauden osteoklastoek hezurra barnetik jaten dute. Horrela, diafisia bigun eta pisu gutxirekin mantentzen da.
Giltzadurak
Giltzadurak hezurrak beren artean lotzeko guneak dira. Kartilagozko geruza bat osatzen dute, hezurren arteko marruskadura eta higadura eragozten duena. Garrantzi handia dute gorputzaren mugimenduan, eskeletoari mugikortasuna ematen baitiote. Nola mugitzen diren arabera, hiru mota daude:
Giltzadura motak mugikortasunaren arabera
- Finkoak edo Sinartrosiak: Mugiezinak dira. Hezur lauen artean daude. Adibidez, garezurreko hezurren artean daudenak.
- Erdimugikorrak edo Anfiatrosiak: Mugikortasun gutxi. Hezurrak kartilago-ehunez lotzen dira. Adibidez: Ornoen arteko giltzadurak.
- Mugikorrak edo Diartrosiak: Mugimendu maximoa dute. Adibidez: ukondoa, orkatila eta belauna.
Giltzadura mugikorren azpimotak
- Troklearrak/Bisagra: Flexioa eta estensioa ahalbidetzen dute. Adibidez: ukondoa eta belauna.
- Trokoidea/Pibotea: Errotazioa ematen da. Adibidez: Lepo-ornoetan (atlas-axis ornoen artean), burua alde batetik bestera biratzeko.
- Enartrodiala/Esferikoa: Mugimendua norabide guztietan ematen da. Adibidez: Sorbaldan (humeroa - omoplatoa) eta aldakan (pelbisa - femurra).
Lotailuak eta Tendoiak
Lotailua giltzadura batean bi hezur edo gehiago lotzen dituen ehun konjuntibo trinkoa da. Lotailuak elastikoak dira.
Tendoiak, berriz, muskulua eta hezurra lotzen ditu, eta muskuluak egiten duen mugimendua errazten du. Traumatismo batek edo adinarekin lotutako degenerazioak lesioak eragin ditzakete.
Muskulu Sistema
Zer da giharra?
Giharrak uzkurtzeko eta erlaxatzeko gaitasuna duten organoak dira. Horri esker, luzera aldatzen dute, eta mugimendua eragiten dute.
Muskuluaren egitura
Muskulu-eskeletiko bat epimisio deritzon ehun konektibozko geruza batez inguratuta dago. Muskuluaren zeharkako ebakidura begiratzen bada, zelula-sortak ikusi daitezke: faszikuluak deritze; hauetako bakoitza perimisio deritzon ehun konektibozko geruza batez inguratuta dago.
Muskulu-zelulei muskulu-zuntzak deritze, eta bakoitza endomisio izeneko zuntz konektiboz inguratuta dago.
Muskulu-zeluletan organuluek izen propioak dituzte:
- Mintz plasmatikoa: Sarkolema
- Zitoplasma: Sarkoplasma
- Erretikulu endoplasmatikoa: Erretikulu sarkoplasmatikoa
Egitura hierarkia (Txikienetik handienera)
Lokomozio-aparatuaren muskulu bat aztertuz gero, egitura hau ikusiko genuke:
- Muskulu-zuntzaren inguruan ehun konjuntiboa dago: Endomisioa.
- Muskulu-zuntzak sortatan elkartzen dira: Faszikuluak.
- Faszikuluen inguruan dagoen ehun konjuntiboa: Perimisioa.
- Faszikuluak elkartzen dira muskulu-paketeak osatuz.
- Muskulu-paketeen inguruan dagoen ehun konjuntiboa: Epimisioa.
Epimisioa luzatzean tendoia eratzen da. Paketeak elkartzen dira eta muskulua osatzen dute.
Gihar motak uzkurtze moduaren arabera
Hiru gihar mota daude, uzkurtzeko modua kontuan hartuta:
- Gihar leuna: Uzkurtze motela eta ez-borondatezkoa. Barne-organoen paretak estaltzen dituzten giharrak dira.
- Bihotzeko giharra: Uzkurtze azkarra eta ez-borondatezkoa dute. Bihotzeko miokardioa eratzen dute.
- Eskeleto-giharrak: Mugimendu azkarrak eta borondatezkoak dira. Eskeletoa mugitzen dutenak dira.
Muskulu-motak formaren arabera
Itxura askotakoak diren arren, hiru muskulu-mota nagusi daude:
- Fusiformeak: Erdialdean lodiagoak dira eta muturretan luzeagoak. Muturra kolore zuriko tendoiarekin amaitzen da. Muskuluak dauzkan tendoien araberako izena hartzen du (adibidez, bizepsa, trizepsa eta koadrizepsa). Gorputz-adarretan dira ugari.
- Zapalak: Haizemaile-formakoak dira. Zuntzak paraleloki kokatzen dira. Adibidez, buruan eta enborrean.
- Orbikularrak: Eraztun-itxura daukate. Zulo baten inguruan egoten dira. Adibidez, ahokoak eta begietakoak.
Muskuluak funtzioaren arabera ere sailkatzen dira: hedatzaileak, tolestaile edo flexoreak, abduktoreak, aduktoreak, biratzaileak, eta abar.
Giza Muskulatura
Giza gorputzean borondatez mugitzen ditugun 650 muskulu baino gehiago ditugu.
Buruko eta lepoko giharrak
Buruko muskulu garrantzitsuenak mimikako muskuluak dira, keinuak egiteko eta sentimenduak adierazteko balio dutelako. Aurpegian 60 eskeleto-gihar daude.
Datu interesgarriak
- Gorputzeko gihar luzeena sartorioa da. Hanka tolesteaz arduratzen da.
- Gorputzeko gihar handiena gluteo handia da, eta ipurmasail osoa estaltzen du. Garrantzitsua da zutik egoteko, ibiltzeko eta lasterka egiteko.
- Akilesen tendoia tendoi sendoena eta lodiena da.
Lokomozio-Aparatuaren Osasuna
Lokomozio-aparatuko arazoak askotarikoak dira:
Gaixotasunak
- Osteoporosia: Hezurrak ahuldu egiten dira, hezur-masa galtzearen ondorioz.
- Artritisa: Giltzadura baten hantura da.
- Artrosia: Giltzadura-kartilagoen degenerazioa.
Lesioak
- Lokadura: Hezur bat giltzaduran izan beharko lukeen posiziotik ateratzea.
- Haustura: Hezur bat apurtzea.
- Bihurritua: Giltzadura baten bihurritua da.
- Disko-hernia: Ornoetako disko bat berezko posiziotik ateratzea.
- Gihar-kontraktura: Gihar baten uzkurdura ez-borondatezkoa da.
Prebentzio-neurriak
Lokomozio-aparatua zaintzeko prebentzio-neurri batzuk:
- Dieta osasungarria: Esnekiek, adibidez, neurri egokian ematen dizkigute gure hezurretarako ezinbestekoak diren kaltzioa, fosforoa eta D bitamina.
- Jarrera egokia: Batik bat lanean eta ohean, bizkarrezurra ez deformatzeko.
- Ariketa fisikoa: Aldian-aldian eta modu egokian egitea, lesiorik ez izateko (babesgarriak erabili, aurretik berotuz eta ondoren luzatze-ariketak eginez).
Muskulu-uzkurduraren mekanismoa
Muskuluak uzkurtzen dira nerbio-kinada bat jasotzen dutenean. Plaka neuromuskularrean, nerbioak azetilkolina askatzen du, eta muskuluaren hartzaileek substantzia hori jasotzen dute. Horrek aktina eta miosina harizpiak elkarrekin mugiarazten ditu, eta muskulua laburtu eta loditu egiten da (bolumena aldatu gabe).
Uzkurtzeko, muskuluak glukosa eta oxigenoa erabiltzen ditu energia sortzeko. Esfortzua handiegia bada, azido laktikoa pilatu eta nekea eta mina agertzen dira.
Uzkurdura prozesuaren urratsak
- Muskulu batera nerbio-kinadak heldu behar du. Nerbioa eta muskulua elkartzen diren guneari plaka neuromuskularra esaten zaio.
- Nerbioaren axoi terminalak azetilkolina neurotransmisorea askatzen du plaka neuromuskularrean.
- Muskuluan dauden hartzaile espezifikoek azetilkolina jasotzen dute.
- Azetilkolinak aktina- eta miosina-harizpiak mugiaraziko ditu. Ondorioz, muskulua uzkurtuko da.
- Uzkurtzerakoan, muskulua loditu eta laburtu egingo da, bere bolumena aldatu gabe.
Giharren funtzionamendua
Eskeleto-giharrek indarra egiten dute hezurretan, eta horrela sortzen dira giza gorputzaren mugimenduak. Bi eskeleto-giharrek edo gehiagok esku hartzen dute mugimendu orotan. Palanka-sistema bat bezala funtzionatzen du.
- Agonistak: Noranzko berean lan egiten duten giharrak.
- Antagonistak: Kontrako noranzkoan lan egiten duten giharrak.