Literaturaren teoria: klasizismotik postkolonialaraino

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,09 KB

Sarrera

T. klasikoa: Antzinako Grezian, literatura komunitatea hezteko eta jainkoen mundua transmititzeko tresna nagusia zen. Hala ere, filosofoek testu horien egiazkotasuna eta moralitatea zalantzan jarri zituzten, batez ere Homeroren jainkoek gizakien akatsak —bekateak, jelosia— zituztela ikusita. Testuinguru honetan, literaturaren funtzioa eta naturaren imitazioa (mimesia) bihurtu ziren eztabaidagai nagusi.

Aristoteles eta Poetika

Aristotelesek, K. a. IV. mendean, teoria klasikoaren oinarri nagusiak ezarri zituen, batez ere Poetika lanean. Haren ustez, mimesia edo imitazioa gizakiari berezkoa zaion jarduera naturala da, eta horren bidez egia unibertsalak ezagutu daitezke. Literatur lan batek egiazkotasuna eta sinesgarritasuna izan behar ditu: nahiz eta gertakariak errealak ez izan, hartzaileentzat sinesgarriak izateko logika kausal bati jarraitu behar diote.

Tragedia ekintza gailen baten imitazioa da, eta haren helburua katarsia lortzea da: ikuslearengan gupidazko eta beldurrezko sentimenduak piztuz, sentimen horiek araztea. Tragediaren elementurik garrantzitsuena fabula edo argumentua da, alegia, gertaeren antolamendua.

Klasizismoa eta Barrokoa

Klasizismoa eta barrokoa: Errenazimentuak eta Barrokoak klasikoen (Aristoteles eta Horazio) autoritatea berreskuratu zuten. Frantzian klasizismoa arau zorrotzetan oinarritu zen, arrazoiaren izenean; Espainian, ordea, antzerkiaren loraldiarekin (Urrezko Mendea) arau horien eta herri-gustuaren arteko gatazka sortu zen, antzerki mota berri bat eraginez.

Lope de Vega

XVII. mendean, Lope de Vega izan zen aro klasizistaren barruan arau klasikoekin hautsi zuen autore nagusia, Arte nuevo de hacer comedias (1609) lanean. Lan horretan, hiru unitateen araua apurtu zuen, bereziki denboraren eta lekuaren unitateak. Tragedia eta komedia nahastea defendatu zuen, tragikomediaren bidez, elementu nobleak eta arruntak uztartuz. Bere ustez, literaturaren helburu nagusia publikoari atsegin ematea eta haren gustuetara egokitzea zen; hala ere, egiazkotasuna eta dekoroa —hau da, pertsonaien koherentzia— mantendu behar ziren.

Nicolas Boileau

Nicolas Boileau, XVII. mendeko Frantziako neoklasizismoaren ordezkari zorrotza, Art poétique (1674) lanean azaldu zen. Literaturak arrazoian, argitasunean eta arau finkoetan oinarritu behar duela defendatzen zuen. Aristotelesen interpretazio neoklasikoari jarraituz, hiru unitateak zorrotz betetzearen aldekoa zen; horregatik, Lope de Vegaren eredua gogor kritikatu zuen, araurik gabe idaztea munstroak sortzearen parekoa zela uste baitzuen.

Erromantizismoa

Erromantizismoak arrazoiaren diktadura apurtu zuen. Subjektibotasuna, barne-sentimendua eta sortzailearen «jenioaren» askatasuna bihurtu ziren literaturaren ardatz. Natura ez da gehiago hondo dekoratibo bat; idazlearen animoaren ispilu bitxi eta basatia bihurtu zen.

Friedrich Schlegel

Friedrich Schlegel XVIII. eta XIX. mendeen arteko trantsizioan kokatzen den erromantizismoaren teorialari garrantzitsua izan zen. Poesia erromantiko progresibo unibertsalaren ideia garatu zuen, genero literarioen arteko mugak apurtu nahi zituena, poesia, prosa, filosofia eta kritika uztartuz. Gainera, modernitateak bere izpiritutik sortutako mitologia berri baten beharra zuela aldarrikatu zuen. Ironia erromantikoa autoreak bere obraren aurrean duen distantzia eta paradoxa kudeatzeko tresna gisa ulertzen zuen. Halaber, obrak beren testuinguru historikoan ulertzea ezinbestekoa zela azpimarratu zuen.

Errusiako formalismoa eta marxismoaren eragina

XX. mendearen hasieran, literaturaren azterketak buelta radikala eman zuen. Idazlearen biografian edo historiaren testuinguruan zentratu beharrean, testuaren formari eta hizkuntzaren erabilerari erreparatu zioten, literatura «zientzia» autonomo bihurtu nahian.

Viktor Shklovsky

Viktor Shklovsky (1893–1984) errusiar formalismoaren teorialari nagusietako bat izan zen. Haren ekarpenik garrantzitsuena desfamiliarizazioaren edo ostranenie kontzeptua da. Shklovskyren arabera, artearen helburua ez da errealitatea modu arruntean islatzea, baizik eta objektuen pertzepzioa berritzea, eguneroko ohiturek sortzen duten automatismoa apurtuz. Hori dela eta, artea artifizio gisa ulertzen zuen, pertzepzioaren iraupena luzatu eta irakurlea objektua benetan «ikustera» behartzen duena, ez soilik «ezagutzera». Desfamiliarizazio-prozesuan, formaren berrikuntza eta konplexutasunaren handitzea funtsezkoak dira. Halaber, fabularen eta bilbearen (trama) arteko bereizketa egin zuen: fabula gertakarien ordena kronologikoa da, eta bilbea, berriz, gertakari horiek testuan antolatzeko modu artistikoa.

Mikhail Bajtin

Mikhail Bajtin (1895–1975) formalismo errusiarraren garaikidea izan zen, baina eskola horri kritika sakonak egin zizkion. Bajtinen ustez, azterketa formalista hutsa ez da nahikoa obra literario bat ulertzeko, testuak bere testuinguru sozial eta historikoarekin duen harremana baztertzen duelako. Horren ordez, literaturaren ikuspegi dialogikoa proposatu zuen.

Bere ekarpen nagusien artean dialogismoaren eta polifoniaren kontzeptuak daude: nobela ahots askoren elkarrizketa gisa ulertzen zuen, non diskurtso desberdinak elkarrekin talka eta elkarrizketan dauden.

Frankfurteko Eskola eta Walter Benjamin

Walter Benjamin (1892–1940) Frankfurteko Eskolako kidea eta pentsalari marxista izan zen. Artelana erreprodukzio teknikoaren garaian (1936) lanean azaldu zuenez, erreprodukzio teknikoek —hala nola argazkigintza eta zinemak— artelanaren aura edo bakarkotasun sakratua suntsitzen dute. Horrek artearen funtzio soziala eraldatzen du: obra bakar eta sakratu izatetik masa-kontsumorako objektu bihurtzera pasatuz. Gainera, flâneur-aren figura aztertu zuen, hirian noraezean dabilen pertsonaia, modernitatearen, masen eta hiri-esperientziaren behatzaile pribilegiatua dena. Benjaminen ustez, modernitatean irakurlearen eta idazlearen arteko muga lausotzen ari da, publikoa gero eta gehiago bihurtzen baita ekoizle edo sortzaile potentzial.

Estrukturalismoa

Estrukturalismoaren ikuspegitik, testua sistema edo egitura konplexu gisa aztertzen da. Geroago, arreta testutik irakurlearengana igarotzen da: testu batek ez du baliorik inork irakurtzen ez badu eta bere testuinguruan interpretatzen ez badu.

Roland Barthes

Roland Barthes (1915–1980) estrukturalismo frantsesaren barruan kokatzen den kritikari eta teorilari garrantzitsua izan zen, bereziki semiotikaren arloan egindako ekarpenengatik. Bere ideia ezagunenetako bat «autorearen heriotza» kontzeptua da; horren arabera, testu baten esanahia ez dago autorearen asmoan, baizik eta irakurlearen interpretazioan eta testuaren egituran bertan. Barthesentzat, testua zeinu-sistema konplexu bat da, eta literaturaren azpian dauden kode unibertsalak aztertzea da kritikaren eginkizuna. Ildo horretan, kultura osoa zeinu-sistema gisa ulertu zuen.

Hans Robert Jauss

Hans Robert Jauss (1921–1997) Konstantzako eskolako ordezkaria eta Harreraren Estetikaren sortzailea izan zen. Bere kontzeptu nagusia itxaropen-horizontearena da: irakurle batek obra bat irakurtzean dituen aurre-ezagutzen, esperientzien eta konbentzioen multzoa. Obra berri batek horizonte hori berretsi edo apurtu dezake, eta horretan datza haren berrikuntza estetikoa. Jaussen arabera, literaturaren historia ezin da autoreen edo obren segida huts gisa ulertu; funtsezkoa da aztertzea irakurleek mendeetan zehar obra horiek nola jaso, interpretatu eta baloratu dituzten.

Postkolonialismoa

T. postkolonialak: Korronte honek Mendebaldeko kulturaren nagusitasuna zalantzan jartzen du. Literaturak kolonizazioa nola lagundu zuen eta nola erabili zen herri menderatuak «beste» gisa (inferiore, exotiko) irudikatzeko aztertzen du.

Edward Said

Edward Said (1935–2003) ikasketa postkolialen teorialari nagusietako bat izan zen, bereziki Orientalismoa (1978) lanagatik. Bertan aztertzen du Mendebaldeak Orienteari buruz sortu duen irudi estereotipatua eta desitxuratua, zeina ezagutza neutrala baino gehiago kontrol- eta menderatze-tresna politiko eta kultural gisa funtzionatu duen. Saiden ustez, Mendebaldeak bere burua definitzeko «Bestearen» eraikuntza behar du —orientala edo arrotza irudikatuz—, botere-harremanak legitimatzen dituen diskurtso baten bidez.

Gakoa eta laburpena

Honako kontzeptu eta autore nagusiak dokumentuan jasota daude, elkarren arteko harreman teorikoekin:

  1. Viktor Shklovsky: (desfamiliarizazioa / ostranenie).
  2. Friedrich Schlegel: (erromantizismoa, infinitua, magia).
  3. Roland Barthes: (autorearen heriotza).
  4. Aristoteles: (mimesia / imitazioa eta sailkapenak).
  5. Walter Benjamin: (aura eta erreprodukzio teknikoa).
  6. Edward Said: (orientalismoa eta boterea).
  7. Lope de Vega: (arte berria, herria / vulgo eta gustua).
  8. Nicolas Boileau: (klasizismoa, arrazoia eta arau zorrotzak).
  9. Hans-Robert Jauss: (harrera estetika eta horizonteak).
  10. Mikhail Bajtin: (polifonia eta dialogismoa).

Entradas relacionadas: