Liberalismoa eta Kapitalismoa: Oinarriak eta Estatuaren Papera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Formación y Orientación Laboral

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,25 KB

Pentsamendu Liberala eta Gizarte Kapitalista

John Lockek pentsamendu liberalaren bidea urratu zuen, parlamentarismoa defendatuz. Hau da, gizarteko kide guztiek, subiranoek barne, men egin behar dietela botere legegilearen bidez parlamentuak emandako legeei. Liberalismoaren oinarria gizabanakoa eta gizabanakoaren eskubideak dira agertoki politikoaren muin eta erdigune. Horrenbestez, estatuak bermatu egin behar du, horretarako lege-esparru egokia sortuta, behar bezala babestuta daudela eta errespetatu egiten direla eskubide indibidualak, truke librea eta lehia ekonomikoaren arauak. Horrela, herritarrak norberaren interes legitimoak lotzen saia daitezke, estatua merkatuetan esku hartu gabe. Estatu liberala zenbait askatasunen defendatzaile bihurtu zen:

  • Askatasun zibilak: bizitzeko eskubidea, jabetza-eskubidea eta askatasun-eskubidea, eta horietatik datozen guztiak, hala nola, ohorea, kultu-askatasuna, biltzeko askatasuna.
  • Merkatu askatasuna: ekonomia gizartearen muin bihurtzen delako.

Adam Smith eta Merkatu Askatasuna

Adam Smithek Nazioen Aberastasuna liburuan defendatu zuenez, estatuaren xederik behinena hazkunde ekonomikoa ziurtatzea da, horrek ekarriko duelako nazioen oparotasuna. Horrenbestez, estatuak egin beharrekoa hau baino ez da: merkataritza babestu, partikularren arteko truke ekonomikoak erraztu, jabetza pribatua babestu, eta legeak betearazi; hori baino ez. Smithek zioenez, estatuak ez du ekonomia-kontuetan esku hartu behar, gizarte baten aberastasuna eta ongizatea hiru faktore hauen baitan dagoelako:

  • Gizabanakoaren norberekoikeria edo norberaren interesa: Merkataritza-trukean, kontsumitzaileak ahalik gutxien ordaindu nahi izaten du, eta ekoizleak, ahalik eta gehien irabazi. Hortaz, bakoitzaren interesa dela tarteko, bidezko akordio batera iritsiko dira.
  • Eskaintzaren eta eskariaren legea: Merkatua horrek erregulatzen duelako. Eskaria handia eta eskaintza txikia direnean, prezioak garestiagoak dira; eta eskaria txikia eta eskaintza handia direnean, prezioak merkeagoak dira.
  • Produkzio-prozesuaren banaketa eta mekanizazioa.

Hiru faktore hauek oso elkartuta daude: merkataritza-trukean, produktu baten azken prezioa zehaztean, eragina dute bai eskariak eta bai interesak eta lehiakortasunak. Smithek ezkutuko eskua deritzon metafora erabili zuen, merkatu libreko ekonomian ekoizleen interes edo norberekoikeriak eta kontsumitzaileenak ongizate sozial eta aberastasun handiena sortzen duela adierazteko. Hots, merkatu librea autoerregulatu egiten da eta horrek dakartza gizarte osoarentzat onura handienak.

Teoria Kontraktualista: Estatuaren Jatorria

Teoria kontraktualistak estatuaren beharra aldezten duten teoriak dira. Gizarte-hitzarmenaren teoriek gizartearen helburua eta estatuaren jatorria esplikatzea eta halakoen zertarakoa justifikatzea dute helburu. Hain arabera, estatua akordio baten ondorioa da: gizabanakoek askatasuna eta berdintasuna bermatuko dituen gobernu bat antolatzeko sinatzen duten akordioa. Ikuspegi honen helburua ez zen ikuspegi historiko bat ematea, baizik eta estatua zergatik dagoen eta zergatik errespetatu behar den azaltzea.

Zuzenbidezko Estatu Soziala

Estatua herritarrentzat bidezkoa eta gogobetekoa izateko, zuzenbideari lotu behar zaio, baina gainera, sistemak berak sortzen dituen gabeziak eta berdintasun ezak konpondu behar ditu.

XIX. mendean, sozialisten mugimenduaren ondorioz, herritarren arteko gutxieneko berdintasun sozial bat bermatu zen. Estatuak zuzenean hartu behar du esku, eskubideak benetan lortu daitezen: etxebizitza eta enplegu duin bat izateko, hezkuntza on bat izateko, eta osasun arreta egoki bat jasotzeko.

Konstituzioa: Estatuaren Oinarria

Konstituzioa lege gorena da, zuzenbidezko estatuaren funtzionamendua arautzen eta egituratzen duena. Idatziz jasotzen ditu boterea erabiltzeko prozedurak, organoak, eta arau orokorrak, horiekin gizabanakoekin dituzten harremanak eta haien eskubideak ere. Laburbilduz, estatuaren oinarri edo funtsezko printzipioak biltzen dituen testua da konstituzioa. Eskubide indibidualak eta kolektiboak zehazten ditu, eta jasota daudenez, estatuak babestu beharrekoak dira.

Entradas relacionadas: