Lehen Mundu Gerraren Zergatiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,72 KB
Gerraren Zergatiak
XX. mendearen hasieran, Europan zenbait krisi izan ziren. Frantzia eta Erresuma Batua kezkatuta zeuden, Alemania gero eta botere gehiago hartzen ari zelako.
Potentzien arteko tentsioa
XIX. mendeko azken herenean, Frantziaren eta Alemaniaren artean lurralde-arazoak izan ziren, Frantziak Alsaziako eta Lorrenako lurraldeak eskatu zituelako. Bestalde, gatazka zegoen Austria-Hungariaren eta Errusiaren artean, Balkanetako eremuaren kontrol politikoa eta ekonomikoa lortu nahi zutelako.
Lehia ekonomikoak
Lehia ekonomikoek ere gatazka-giroa sortu zuten Erresuma Batuaren eta Alemaniaren artean. Alemaniak uste zuen industria-garapen azkarrari eusteko beharrezkoa zuela merkatu berrietara zabaltzea eta inperio kolonial bat lortzea. Erresuma Batuak, berriz, arriskutzat hartu zuen hori bere industriako produktuak saltzeko ahalmenarentzat. Bestalde, Alemaniaren itsas politikak gerrako itsas armada boteretsu bat eratu nahi zuen, Erresuma Batuarenaren parekoa. Arrazoi horregatik, Erresuma Batuak Frantziarekin bat egin zuen.
Armamentu norgehiagoka
1890etik 1914ra bitartean, Europako potentzia guztien armadek, Erresuma Batuarenak izan ezik, beren indarrak bikoiztu eta derrigorrezko soldadutza ezarri zuten. Aldi horri Bake Armatua deitu zitzaion. Armamentu norgehiagokak egonezina sortu zuen iritzi publikoan. Alemanian eta Frantzian, liga nazionalistek gerra goraipatzeko propaganda egin zuten, baina gutxi zeuden gatazka armatuaren alde.
Marokoko krisiak
1905eko krisia
1905ean, Alemania ez zegoen ados Frantziak eta Erresuma Batuak egin zuten itunarekin, zeinak Maroko Espainiaren eta Frantziaren artean banatzea proposatzen baitzuen. Alemaniak Marokoren independentzia mantentzearen alde egin zuen. Gilen II.a enperadorea Tangerren lehorreratu zen, Marokoko sultanari babesa emateko. 1906an Algecirasko Konferentzia egin zen Europan gerrarik ez sortzeko. Azkenean, Marokoren independentzia onartzea erabaki zen.
1911ko krisia (Agadir)
1911n, Agadirko krisia gertatu zen, tentsioak areagotuz.
Balkanetako krisiak
XIX. mendearen erdialdetik aurrera, nazioarteko politikan gatazka nagusietako bat Ekialdeko Auzia izan zen. 1908tik 1913ra hiru krisi izan ziren Balkanetan:
- 1908an: Austria-Hungariako Inperioak Bosnia-Herzegovina bereganatu zuen.
- 1912-1913an (Balkanetako Gerrak): Lehenengoan, Balkanetako Ligak (Serbia, Bulgaria, Grezia, Montenegro) Otomandar Inperioa garaitu zuen. Bigarrenean, Bulgariaren eta bere lehengo aliatuen (Serbia, Grezia, etab.) arteko gerra izan zen lurraldeen banaketagatik. Bulgaria galtzaile atera zen. Ondorioz, Serbiak bere mugak zabaldu zituen, eta Errusiak Balkanetan zuen eragina sendotu zuen. Austriak eta Alemaniak ere eremu horretan zuten boterea handitu zuten.
1914ko uztaileko krisia: Gerraren eztanda
1914ko ekainaren 28an, Austria-Hungariako koroaren oinordeko Frantzisko Fernando artxidukea eta haren emaztea hil zituzten Sarajevon (Bosnia), serbiar nazionalista gazte batek. Sarajevoko atentatuaren ondoren, uztailaren 23an, Austria-Hungariako gobernuak ultimatum bat bidali zion Serbiari. Austria-Hungariaren eskakizunak oso gogorrak ziren, eta Serbiak guztiak onartu zituen bat izan ezik (ikerketan parte hartze austriarra). Horrek Lehen Mundu Gerra piztu zuen gertakari-katea abiarazi zuen.