Lehen Mundu Gerra: Kausak, Garapena eta Ondorioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,99 KB

Lehen Mundu Gerraren Garapena (1914-1918)

Mugimenduen Gerra (1914)

Alemaniarren asmoa Frantziari ahalik eta azkarren irabaztea zen, gero Errusiari erasotzeko (Schlieffen plana). Hala ere, frantziarrek geldiarazi egin zituzten Marneko Guduan. Errusiak, Frantziaren eskaerari jarraituz, Alemaniaren aurkako erasoaldia egin zuen. Errusiarrek galdu egin zuten Tannenbergen eta Masuriako lakuetan, baina tropa alemaniarrak ekialderantz desbideratzea lortu zuten, eta horrela, Frantzia salbatu egin zen.

Posizioen Gerra (1914-1917)

Armaden defentsa-taktikak (lubakiak, metrailadoreak, etab.) hobeak ziren eraso-gaitasunak baino, eta, beraz, fronteak egonkortu egin ziren. Lubakiak eraiki ziren hainbat kilometrotan zehar, eta soldaduek hilabeteak igaro zituzten horietan, baldintza ezin gogorragoetan. Alemaniarrek mendebaldeko frontea hautsi nahi izan zuten Verdungo Guduan, eta britainiarrek ere bai Sommeko Guduan. Bi guduak 1916an izan ziren, baina emaitza eskasak lortu eta ehunka mila pertsona hil ziren. Guzti horrekiko paraleloan, itsas gatazka egon zen. Britainiarren ontzidiak Alemania blokeatu zuen, eta hark itsaspeko gerran egin zuen kontraerasoa.

Urte Erabakigarria: 1917

1917. urtea funtsezkoa izan zen. Errusiako frontea gainbehera etorri zen, Iraultza Boltxebikea piztu zenean. Horrek Errusia gatazkatik erretiratzea ekarri zuen. Dena den, erabakigarriena Estatu Batuak aliatuen alde gerran sartzea izan zen, baliabide asko -bai materiala bai jendea- ekarri baitzituzten, eta gatazka bando horren aldera lerratu baitzen.

1918ko Erasoa eta Gerraren Amaiera

1918an, Alemaniak bakea sinatu zuen Errusiarekin, Brest-Litovskeko Itunaren bidez. Horri esker, tropak mendebalderantz lekualdatu zituen eta eraso egin zuen. Erantzun gisa, Frantziak fronte guztietan egin zuen eraso, tankeak eta abiazioa erabiliz. Inperio zentralek ezin izan zioten eutsi, eta errenditu egin ziren: lehenik, Turkia; gero, Austria; eta, azkenik, Alemania, Gilen II.a kaiserraren abdikazioaren ostean. 1918ko azaroaren 11n armistizioa sinatu zuten Alemaniak eta aliatuek. Gerra amaitua zegoen.

Lehen Mundu Gerraren Aurrekariak

Estatu Batuak, Potentzia Berri Baten Sorrera

XIX. mendeko lehen erdian, lurralde-hedapen handia gertatu zen Estatu Batuetan, eta herrialdeak Ozeano Atlantikotik Ozeano Barera arteko lurrak hartu zituen. Lurralde berri horiek biztanle zuriek kolonizatu zituzten (Mendebaldearen konkista), lur horietan bizi ziren indiar tribuei aurre egin ostean. Bizirik iraun zuten indio apurrak erreserbetan sartu zituzten.

Iparraldeko estatuen eta hegoaldeko estatuen artean desberdintasun handia zegoen. Hegoaldeko estatuak esklabotzaren aldekoak ziren; izan ere, oro har esklaboak ziren haien nekazaritzako ustiategietako eskulanaz arduratzen zirenak. Bestalde, iparraldeko estatuek esklabotza indargabetua zuten. 1860an Abraham Lincoln aukeratu zuten presidente, eta esklabotzaren aurkako jarrera tinkoa zuen. Hegoaldeko hamaika estatu banandu egin ziren, eta Konfederazio bat eratu zuten. Kongresuak auzi-iheslari deklaratu zituen, eta horrela hasi zen Sezesio Gerra (1861-1865), iparraldearen eta hegoaldearen artean. Gatazka iparraldeko estatuen garaipenarekin amaitu zen, eta esklabotza indargabetu egin.

Inperialismoa, Lehen Mundu Gerraren Jatorria

XIX. mendearen azken herenean eta XX. mendearen hasieran, Europan bi bloke militar osatu ziren: Aliantza Hirukoitza eta Entente Hirukoitza. Elkarri zioten beldurrak, koloniekiko interes kontrajarriek eta Balkanetan zituzten nahiek gatazka larri bat sorrarazi zuten: Lehen Mundu Gerra.

Bake Armatua (1870-1914)

Gilen I.a Alemaniako enperadorea hil zenean, Gilen II.a iritsi zen tronura. Europa mailako politika oldarkorrago baten eta Alemaniaren hedapen kolonialaren alde egin zuen, eta Bismarckek kargua utzi behar izan zuen. Orduan, nazioarteko harremanen aro berri bat hasi zen, Bake Armatua (1890-1914) zeritzona. Garai hark bi ezaugarri izan zituen:

  • Europako potentziak bi bloke militarretan bildu ziren: Alemaniak, Austriak eta Italiak 1882an sortutako Aliantza Hirukoitza berriztu zuten. Beste alde batetik, Gilen II.aren kanpo-politika oldarkorraren eraginez, Frantziak, Errusiak eta Erresuma Batuak Entente Hirukoitza (1907) eratu zuten.
  • Elkarrekiko beldurrak armamentuen norgehiagoka ekarri zuen. Herrialde gehienetan armadak handitu zituzten eta arma berriak egin ziren (koraza-ontziak, urpekariak, kanoiak, etab.). Mesfidantza- eta tentsio-giro hartan, edozein liskarretatik sor zitekeen gatazka handi bat.

Gerraurreko Krisia

Kolonietako auziak etengabeko arazo-iturri izan ziren. Potentzia tradizionalek (Erresuma Batuak eta Frantziak) ez zieten jaramonik egin estatu berriei (Alemaniari eta Italiari), eta bigarren planoan utzi zituzten hedapen inperialistan.

Bigarren tentsio-fokua Ekialdeko Auzia izan zen. Otomandar Inperioa gainbehera zihoan, eta Austriak eta Errusiak egoera hori aprobetxatu nahi izan zuten inguru hartan zuten boterea handitzeko. Errusiak eslaviar estatuak (Serbia eta Bulgaria) babesten zituen, Austriaren men.

1914ko Udako Krisia

1914ko ekainaren 28an, Austria-Hungariako Inperioaren oinordeko Frantzisko Fernando artxidukea eta haren emaztea hil zituzten, Sarajevora (Bosnia) eginiko bisita ofizial batean. Hiltzailea serbiarren aldeko bosniar bat izan zen. Austria-Hungariako Inperioak gerra deklaratu zion Serbiari. Errusiak Serbiaren aldeko mobilizazio orokorra hasi zuen. Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari, eta, ondoren, Frantziari. Erresuma Batuak gerra deklaratu zion Alemaniari. Lehen Mundu Gerra hasia zen.

Inperialismoari buruzko galderak eta erantzunak

Zer da inperialismoa?

Inperialismoa herrialde batek beste herrialde batzuetan hartzen duen nagusitasuna adierazten du. Herrialde konkistatzailea metropolia da, eta konkistatutako lurraldeak, koloniak.

Zeintzuk ziren kolonia gehien zituzten herrialdeak?

Frantzia eta Britainia Handia.

Nola zegoen Espainia garai horretan?

Espainia krisian zegoen, Amerikan eta Ozeano Barean zituen koloniak galdu zituelako.

Zer adierazten du potentzia honek? 1914 = 84%

1914. urtean, planetako lurren % 84 Europaren eta Estatu Batuen mende zegoen.

Zeintzuk izan ziren Afrikan kolonizatu gabe geratu ziren herrialde bakarrak?

Etiopia eta Liberia.

Zergatik joan zen Europako biztanleria asko kolonietara?

Lan faltagatik eta bizi zuten miseriagatik; jatorrizko bizilekuetan lan aukera gutxi zeuzkatelako.

Zertarako sortu ziren ehunka misio kolonietan?

Inperialismoak erlijio primitiboak zituzten herriak kristautzeko asmoa zuen.

Zer esan nahi du potentziek interes estrategikoak zeuzkatela eta beraien prestigioa handitu nahi zutela?

Merkataritza-bideak kontrolatu nahi zituztela, beraien irudia handitu eta potentzia-irudia eman nahi zutela.

Uste duzu metropoliaren jokaera arrazista izan zela kolonietakoekiko? Zergatik?

Bai, arrazistak ziren. Mendebaldarrak konbentzituta zeuden arraza zuria hobea zela eta haiek zibilizatzeko betebeharra zutela.

Nolakoa izan zen kolonizazioa Italian, Alemanian eta Errusian?

Alemania eta Italia berandu sartu ziren hedapen inperialistan. Biek lortu zituzten kolonia batzuk Afrikan. Errusiak Siberia hartu zuen, eta Himalaiarantz eta Indiar Ozeanorantz zabaldu zen.

Nola egiten zuten ustiapen ekonomikoa kolonietan?

Kolonietako lehengaiak hartzen zituzten, eta kolonietan beren produktuak saltzen zituzten.

Berlingo Konferentzia?

1885ean Berlinen, Alemaniak (Bismarckek antolatuta) Afrikako lurraldea antolatu eta mugak jarri zituzten.

Entradas relacionadas: