Lehen Mundu Gerra: Jatorria, Aliantzak eta Tentsio Guneak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,92 KB
Lehen Mundu Gerra: Arrazoiak eta Hasiera
Europako estatuen arteko lehiek eta 1914 aurretik Europan hedatutako nazionalismo erradikalak gerrarako giroa sortu zuten. Gerrarako giro hori indartu egin zen potentzia nagusien elkarren aurkako aliantzen bidez eta armamentuen fabrikazio gero eta handiagoaren bitartez.
Europako Aurkaritzak eta Tentsio Guneak
Nazioarteko erlazioak oztopatu eta gerraren aurreko giroa eragin zuten arazo nagusiak hauek izan ziren:
- Alemaniaren eta Frantziaren arteko lurralde gatazka: Frantziak Alsazia eta Lorrena galdu zituen 1870eko Frantziaren eta Prusiaren arteko gerraren ondorioz.
- Erresuma Batuaren eta Alemaniaren arteko arazo politiko eta ekonomikoak: Alemaniak ontzigintzako politika hasi zuen, atzerriko merkatuetan lehiatzeko eta britainiarrek itsasoetan zuten kontrola arriskuan jartzeko.
- Austria-Hungariaren eta Errusiaren interes kontrajarriak Balkanetan.
Alemania kontinenteko potentzia nagusia zen, eta 1879an Aliantza Hirukoitza osatu zuen Austria-Hungariarekin eta Italiarekin. Egoera horri aurre egiteko, Frantzia Errusiaren laguntzaren bila joan zen beste aliantza bat osatzeko, eta 1872an sinatu zuten bi estatuek. Europako oreka, horrenbestez, britainiarren esku zegoen.
Mehatxu hori ikusita, Erresuma Batuak ordura arteko bakartze politika baztertu zuen eta kontinentean lagunak bilatzen hasi zen. Frantziarekin eta Errusiarekin Entente Hirukoitza sinatu zuen, gero aliantza militar bihurtu zena. Egoera honen ondorioz, gerrak sortzeko aukerak oso ugariak ziren.
Errusiako eta Austria-Hungariako inperioek Balkanetan zituzten interes kontrajarriek tentsio gune berriak sortu zituzten, eta borroka armatuak egon ziren XX. mendearen hasieran. Egoera hori ikusita, Europako estatu nagusiek “armamentuen lasterketa” hasi zuten. Alemaniak eta Erresuma Batuak itsasoko armadarik indartsuena izatea nahi zuten.
Balkanetako Gatazka eta Gerrak
Gatazkaren eragilea Austria-Hungaria eta Errusiak interes kontrajarriak edukitzea izan zen. Eskualdeko estatu txikiek independentzia gorde nahi zuten, eta Turkiako inperioak, berriz, Europako bere jabetzak kontserbatu nahi zituen.
Balkanetako Lehen eta Bigarren Gerrak
1908an, Austria-Hungariak Bosnia eta Herzegovina bereganatzen zituela aldarrikatu zuen. Lurralde horiek, teorian Otomandar Inperioan egon arren, 1878tik Austriako administrazioaren menpe zeuden.
Turkiaren inperioari aurre egin ahal izateko, Austriak lurralde txikiei koalizioa eratzeko adorea eman zien. 1912an, Serbiak, Bulgariak, Greziak eta Montenegrok Balkanetako Liga osatu zuten.
- Balkanetako Lehen Gerra (1912ko urria): Ligaren eta Otomandar Inperioaren artean izan zen. Hiru hilabete iraun zuen eta turkiarrek galdu zuten. Errusiak bere helburua lortu zuen eta ligako herriek euren mugak zabaldu zituzten, Otomandar Inperioaren Europako eremu ia osoa bereganatuta.
- Balkanetako Bigarren Gerra (1913): Balkanetako kideen arteko desadostasunaren ondoriozkoa izan zen. Bulgariak eraso egin zien Serbiari eta Greziari, lurralde gehiago eskuratzeko. Bulgariak gerra galdu zuen, eta 1912ko gerran bereganatu zituen lurrak Serbiaren menpe geratu ziren.
Balkanetako bi gerren irabazle nagusiak Serbia eta Errusia izan ziren. 1914 baino lehen, Serbiak argi utzi zuen serbiar guztiak eta Austriaren menpeko beste herri eslaviarrak biltzeko gogoa zuela. Balkanetako gatazka horiek Europako tentsioak larriagotu eta potentzia nagusien armamentu planak bizkortu zituzten.
Muturreko Nazionalismoaren Eragina
Gerraren sakoneko arrazoiak Europan 1914 baino lehenagoko urteetan hedatutako nazionalismo erradikalean ere bilatu behar dira. Nazionalismo horren eragina menpeko nazio txikiek eta estatu handiek izan zuten:
- Nazio txikiak: Euren independentzia aldarrikatu nahi zuten. Asko ziren eta Austria-Hungariako, Errusiako eta Turkiako inperioen menpe zeuden.
- Estatu handiak: Eurena besteenaren aurrean defendatzeko muturreko nazionalismoak sortu ziren, ustezko arerioei aurre egiteko.
Bi nazionalismo mota horiek tentsio giro orokorra sortu zuten Europan, eta horrek gerrarako bidea erraztu zuen. Europako herriek, presio nazionalistaren eta gobernuaren nahiz prentsaren propagandaren menpe, azkenean pozik onartu zuten gerra, berehalakoa eta saihestezina zen gertaera zelakoan. Frantziaren eta Prusiaren arteko 1870eko gerratik izandako bake-garai luzean, ahaztu egin ziren halako gerrak izan zitzakeen ondorioak.
Gerrarako Bidea: Sarajevoko Txinparta
Gerra piztu zuen txinparta Austria-Hungariako inperioko tronuaren oinordekoa erailtzea izan zen. 1914ko ekainaren 28an, Hansburgeko Frantzisko Fernando artxidukea eta haren emaztea hil egin zituzten Sarajevon. Hiltzailea nazionalista bosniarra zen, eta ikertzaileek Serbiako “Eskubeltza” izeneko erakunde terrorista bateko kide zela jakin zuten.
Horren ondorioz, Austriako gobernuak Serbia zapaltzeko berebiziko aukera zuela erabaki zuen. Sarajevoko atentatutik Lehen Mundu Gerraren hasierara ia hilabete eta erdi pasa arren, gertaeren garapenaren eraginez gerra hori saihestezina zen. Austria-Hungariak eta Alemaniak uste zuten gerra Balkanetara mugatuko zela. Ez zuten pentsatzen Frantziak eta Erresuma Batuak Errusiari laguntza eskainiko ziotenik, azken horrek Serbiari laguntzea erabakiz gero; Serbia Errusiaren eskualdeko aliatu nagusia zen.
Aliantzen Mekanismoaren Abiatzea
Gertaeren kronologia:
- Uztailaren 23a: Austriarrek ultimatuma bidali zioten Serbiari.
- Uztailaren 28a: Austriak gerra deklaratu zion Serbiari.
- Abuztuaren 1a: Errusiak Austriaren eta Alemaniaren aurka mobilizatu zituen tropak. Alemaniak gerra deklaratu zion Errusiari.
- Abuztuaren 4a: Alemaniak gerra deklaratu zion Frantziari. Tropa alemanek Belgika inbaditu zuten, eta egun horretan bertan, Erresuma Batuak gerra deklaratu zion Alemaniari.
Aurrez Aurreko Indarrak eta Gerraren Garapena
Gerra Handia mundu osoko lehenengo gerra izan zen. Gerra laburra izango zela pentsatu arren, lau urtetik gorako gerra luzea izan zen, 1914tik 1918ko amaierara bitartekoa. Alemaniari eta haren aliatuei Potentzia Zentralak esaten zitzaien, eta Ententeko kideei, berriz, Aliatuak.
1917an, aurkako esangurako bi gertaerak apurtu zuten indarren oreka: Errusiako iraultzak eta Estatu Batuek gerran sartzeak, aliatuen alde.
Aliantzak eta Potentzia Nagusiak
Europako bost potentzia nagusiak sartu ziren gerran. Aliantzen sistemaren funtzionamendua egokia izan zen Entente Hirukoitzaren barruan, baina huts egin zuen Aliantza Hirukoitzean, Italiak neutraltasuna aukeratu baitzuen.
Lehen Mundu Gerran, potentzia nagusi guztiek eta Europako estaturik gehienek hartu zuten parte, Espainiak, Suitzak, Herbeherek eta Eskandinaviako estatuek izan ezik.
Ententearen Abantailak (Aliatuak)
Entente Hirukoitzeko herrietako biztanleen kopurua Austriako eta Alemaniako biztanleriaren bikoitza zen, eta, gainera, 200 dibisioko armada zuten. Hala eta guztiz ere, Erresuma Batuaren esku-hartzea hasieran txikia izan zen, lurreko armada txikia baitzuen. Errusiaren mobilizazioa ere apurka-apurkakoa izan zen, armadaren zati bat Siberiatik iritsi behar zelako eta helbide-sare mugatua zuelako. Epe luzean, Ententeak lehengaiak eskuratzeko erraztasuna eta finantziazio ia mugagabea izan zituen, bere inperio kolonialei esker.
Potentzia Zentralen Abantailak
Aliantza Hirukoitza bloke indartsuena zen antolaketa militarraren aldetik. 160 dibisioko armada zeukan, eta, gainera, aginte bakarra eduki eta bloke geografiko bateratua zen. Horrenbestez, Inperio Zentralek abiapuntu hobea zuten hasieran.