Lauaxeta bide barrijak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,83 KB
BIJOTZEAN
Bijotzean testua Esteban Urkiagarena, Lauxetarena, dela agerian geratzen da, besteak beste, sinbolismoaren presentzia nabaria delako poeman zehar.
Lauaxeta 1905ean Laukizen jaio eta 1937an fusilatuta hil zen. Abadetza ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan. Komentua utzi zuenean, Euzkadi egunkari nazionalistan hasi zen lanean. Ondoren, gerra garaian sortu zen Eguna egunkarian ere aritu zen eta, horretaz gain, bi poema-liburu argitaratu zituen: bizkaieraz idatzitako Bide barrijak (1931) eta Arats-Beran (1935) poesia herrikoia, amodioa, baladak eta kantu dibertigarriak landuz.
Aztergai dugun testua Bide barrijak poema-liburuko pasartea da. Bertan agerian geratzen da autore horrek erromantizismotik edan zuela. Lehenik eta behin, gaiari erreparatzen badiogu, garbi ikus daiteke testuan sentimenduen adierazpenak duen garrantzia, alegia, maitasunaren adierazpenak. Hori izan zen erromantikoek gehien aipatu zuten literatur gaia. Azken ahapaldia irakurrita begi-bistakoa da Lauaxetak bihotzean gordetzen den maitasun ederra eta behin-betikoa, hau da, platonikoa aldarrikatzen zuela: “Beti-betiko iraun dagijan...Izkiz idatzi”.
Bestalde, erromantikoentzat idealaren seinale eta pertsonaren aterpe zein babesleku den izadia edo natura ere presente dago olerkian. Iraunkorra ez den maitasunaren sinbolo modura ageri da, izan ere, naturako zenbait elementuz baliatzen da errealitatea iradokitzeko. Hori garbi ikus daiteke “Larrosa baten...Eguzkijak/ igartu eben lorea”.
Horretaz gain, idazkerari erreparatzen badiogu, nabaria da poemaren idazleak maileguen erabilera saihesteko zuzen-zuzen jarraitu ziola Sabino Aranak proposatu zuen garbizaletasunari
: batetik, euskal tradiziotik berreskuratutako hitzak erabiliz, esaterako, “irarri” inprimatu erabili beharrean eta, bestetik, neologismoak erabiliz, adibidez, “atzindu” edo “marreztu”. Bide horretatik, aipagarria da Lauaxetak ahozko hizkuntzatik hurbil dagoen idazkera fonetizatua erabiltzen zuela, testuan ikus daitekeen bezala: “zurijan, Axia, eban gustija,...”
Hala ere, ez zion zuzen-zuzen jarraitu Aranak proposatutako herri tradizioko bertso-egiturari eta Europako poesia molde landuak erabili zituen bai metrika, bai hoskidetasuna zainduz. Aurrean dugun poemak 10-10-10-8 silabatako ahapaldiak ditu eta hoskidetasuna aldakorra ahapaldiz ahapaldi.
Aurrez aipatutako sinbolismoak zein neologismoen erabilerak zein herri tradiziokoa ez den poesia-egiturak egiten dute poesia hau herritar batzuk ulertzeko modukoa izatea, hau da, elite jakin baten eskura egotea.
Horrela, Lauaxeta, Lizardirekin batera, XX. Mende hasieran Olerkigintzaren berpizkundea bultzatu zuen euskal idazleetariko bat izan zen.