Latindar Literatura: Epika eta Lirika

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,63 KB

Poesia Epikoa

1. Poesia Epikoa Kontakizun historikoak, legendazkoak, gerrak eta garai jakin batean kokatutako istorioak dira nagusi atal honetan. Latinez idatzitako eta ezagutzen den lehen poema epikoa Odisearen itzulpen bat da, Livio Androniko greziarrak egindakoa, K.a. III. mendean, baina bertso-lerro batzuk baino ez daude gordeta.

Livio Andronikoren ondoren Erromako gaia jorratzen duten bi poema epiko ditugu: Bellum Punicum Neviorena eta Annales Enniorena.

Virgilio

Baina latindar epikaren gailurra Virgilioren Eneida da: Augustoren enkarguz idatzitako epopeia kultu eta landua. Eneasek, Troiatik ihes egin ondoren Erroma sortzen duela kontatzen du, Erroma baita jainkoen erabakiz amaierarik izango ez duen inperio baten erdigunea. Hamabi kantu ditu. Obra honek inperioa goraipatzen du, errepublikaren aldeko ideiak baztertuz.

Virgiliok familia xumea zuen eta aita ahalik eta hezkuntzarik onena ematen saiatu zen semeari. Milanen eta Erroman bertan ikasi zuen, baina oso lotsatia eta hizlari eskasa zenez erretorika baztertu zuen.

Erroman poesia kultu eta fina lantzen zuen poeta gazte talde batekin elkartu zen. Napolesera joan zen eta bertan filosofia ikasi zuen. Han bizitzen jarri eta gero eta gutxiago joaten zen Erromara.

Bere bizitzaren azken 12 urteak pasa zituen Eneida idazten; esan zuen, lana amaitu eta berrikusiko ez balu, erre zezatela, baina Augustok, poetaren azken nahiari uko eginez, berehala argitaratzeko agindua eman zuen.


Obra

Lan asko izanda ere, Eneida-z gain, bi dira Virgiliok berak egindakoak direla aitortzen diren lan nagusiak:

  • Bukolikoak: hamar poema labur dira, oso arrakastatsuak izan ziren eta antzokietan antzezten zituzten.
  • Georgikoak: poema didaktiko luzea da, landako hainbat lanei eskainitakoa.

Lukano

Marco Anneo Lucano antzinako Kordoban jaio zen eta arrakasta lortzeko baldintza guztiak betetzen zituen: adimen emozional izugarria, familia ona, heziketa bikaina eta harreman sozial eta politiko ezin hobeak. Neronen laguna izan zen, baina bera baino idazle hobea zenez, Lukanoren obra debekatu zuen. Lukanok, hori ikusita, Neronen aurkako konspirazio batean parte hartu zuen eta galdu ondoren Neronek hil egin zuen, 26 urte zituela.

Gazterik hasi zen poesia idazten, eta asko idatzi zuen orain gordetzen den bere lan epiko bakarra idatzi aurretik: Farsalia. Epopeia hau ez da historiko-mitologikoa, historikoa bakarrik da. Ez zuen nahi gerra zibilaren ondoren adiskidetzearen alde egin nahi, bere helburua krudelkeria osoz guztia kontatzea zen, garaituen alde azalduz. Horregatik inperioak ez zuen onartu.

Bere estiloa eta gaia berriak dira: zerbait burutsua eta harrigarria nahi du. Heroiak eta garaituak oso abegikor ditu eta beraiekin solasean aritzen da, eta, bestalde, doilorrak, zitalak gaitzesten ditu, Zesar bereziki.

Eszena batzuk latindar literaturak dituen krudelen eta gordinenak dira, eta beldurrik gabe erabiltzen ditu hiperboleak eta apaintzeko baliabideak. Bere lana ondorengo mendeetan izango den barrokoaren aitzindari izango da.


Poesia Lirikoa

Sarrera

Izen hori eman zitzaion genero honi musikarekin oso lotuta zegoelako, poemak kantatzeko idazten baitziren. Lira, lyra hitz grekotik dator izena. Grezian sortu zen, Safo eta Anakreonte idazleak nagusi zirela, eta poesia mota honen ezaugarriak zein izango ziren argi utzi zuten:

  • Poeta bere obraren protagonista izango da, dena berak adieraziko du.
  • Aniztasuna da nagusi.

Katulo izango da generoaren aitzindari gero poetei bidea irekiz: Virgilio, Horazio, Oktavio. Egile hauek maisutzat hartu zituzten hurrengo mendeetako poetek, batez ere Errenazimendu garaitik honakoek.


Katulo

Caius Valerius Catulus Veronan jaio eta hazi zen familia noble batean. Erromara joan zen bizitzera hogei urterekin, giro intelektualago eta literarioagoa nahi zuelako. Politika ez zuen gustuko eta poeta gazte talde bateko partaide zen. Egile kontserbatzaileenen ustez, gazte hauek arrotz bihurtu nahi zuten bertako poesia. Bizitza sentimental aztoratua izan zuen eta gazte hil zen. Bere ustez poetak ausarta eta zirikatzailea izan behar du poemetan.

116 poema daude gordeta. Gai ugari jorratu zituen: erotikoa, elegia, satira, mitologia. Gordeta dagoen poesia lirikoaren lehen liburuaren egilea da. Metrika arloan berritzailea izan zen, greziar metrika eta estrofa oso zailak egokitu baitzituen. Azpimarragarriena Katuloren idatzien egiazkotasuna da. Bere poemak bizitasuna handikoak dira eta literatur mailan kultura handikoa dela argi uzten du.


Horazio

Liberto baten semea izan zen eta Erromara joan zen bizitzera aitarekin, hezkuntza landua jasoz. Aita zergak kobratzen ziharduen libertoa izan zen. Horaziok berak aipatu digu hori guztia.

Hogei urterekin Atenasera joan zen ikasketak burutzera. Erromara itzultzean giro literarioan murgildu eta Virgilioren laguna izan zen. Askotan ihes egiten zuen mendian zuen etxera, lasaitasun bila, poesia idaztera.

Hiru poesia-genero landu zituen: satira, lirika eta epistola.

  • Satirak bi liburutan banatuta daude: gatz handikoak eta tonu filosofikoa nagusia. Garai hartako gaitzen kontra hitz egiten du: handinahikeria, lukurreria, arrunkeria...
  • Lirikaren arloan Epodoak idatzi zituen: 17 poema motz dira, etxeko eta familia-giroko bizimodua goraipatzen du, gerora Beatus ille topiko literarioa izango zena berea eginez. Lan nagusia Odak izan ziren, gai ugari jorratuz eta metrika asko erabiliz: hausnarketa interesgarriak egiten ditu adiskidetasunaren inguruan, maitasunaren inguruan, aberriaren inguruan...
  • Azken idatziak gutun antzekoak izan ziren, Epistolak, alegia. Horietako bat da bere poemarik luzeena eta literaturak zer izan behar duen azaltzen duen: Ars poetica.

Ovidio

Publius Ovidius Naso familia aberatsekoa zen. Hamabi urterekin aitak Erromara bidali zuen ikastera, politikaria izatea nahi baitzuen, baina Ovidiok poesia nahiago zuela erakutsi zuen eta horretarako berezko talentua zuen.

Gaztaro aztoratua izan ondoren Erromako goi-mailako gizarteko alargun batekin ezkondu zen berrogei urte zituela eta horrek egonkortasun handia eman zion literaturan zituen proiektuak garatzeko: Metamorfosis eta Fastos. Urte batzuk pasata Augustok erbesteratu egin zuen eta erbestean hil zen, guztiz ahaztuta.

Beraz, bi munduren arteko poeta izan zen: Erroman eta erbestean bizi izan zituen munduena. Bere poesia hain izan zen argia eta garbia, ezen guztia klasiko bihurtzen baitzuen.

Ovidioren obra hiru garaitan sailka daiteke:

  • Gaztaroa: Amodioa eta erotismoa dira nagusi poesian.
  • Heldutasuna: Poesia epiko mitologikoa lantzen du batez ere. Garai honetakoa da bere lan nagusia: Metamorfosis, non mito zerrenda zabala azaltzen duen.
  • Erbestea: Garai honetako lan nagusiak elegiak dira Tristia eta gutunak ere bai. Bere egoeraz damutzen da eta enperadorearen barkamena lortzen saiatzen da.


Latinismoak

Latinismoak:

  • Placebo - Medikamentua
  • Prosit - Aprobetsatu dezazun
  • Sui generis - Bere generokoa (berezia)
  • Statu quo - Egoera berean
  • Age quod agis - Egin nahi duzuna
  • Cedant arma togae - Armak togari utzi diezaiotela
  • Corruptio optimi pessima - Onen ustelkeria denetan okerrena da
  • Cuique suum - Bakoitzari berea
  • Damnatio memoriae - Memoriaren zigorra
  • Possunt quia posse videntur - Ahal dutelako ahal dutela uste dute
  • Post tenebras spero lucem - Iluntasunaren ondoren argia espero dut
  • Quot homines tot sententiae - Zenbat gizon, hainbat iritzi
  • Si vis amari, ama - Maitatua izan nahi baduzu, maite ezazu
  • Similis similibus curantur - Antzekoa antzekoarekin sendatzen da
  • Sutor, ne ultra crepidam - Zapataria, zure zapatetan (bakoitza berean)
  • Tempora mutantur et nos mutamur in illis - Garaiak aldatzen dira eta gu ere haiekin aldatzen gara
  • Una salus victis, nullam sperare salutem - Garaituentzat salbazio bakarra ez da inongo salbaziorik espero izatea

Entradas relacionadas: