Larramendi, Euskal Hiztegigintza eta Neologismoak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,05 KB

Larramendi eta apologistak

«Apologistatzat», hitz honek gure artean duen adiera gaiztoarekin, jo izan dute. Horrenbestez, epaitua, kondenatua eta zigortua —isiltasunera eta iragan aipaezin batera zigortua— ikusten dugu ondorengo askorentzat. Lakarrak hori baino zerbait gehiago zela esaten du. Gainera, apologiak ezinbestekoak ziren orduan eta aurrerago ere, eta ez Euskal Herrian soilik. Bestalde, apologistengana erreparatuz, hauen artean bereizketak egin behar direla ere aipatzen du. Ezin dira talde berean sartu Garibai eta Poza, Etro eta Etxeberri, Larramendi eta Astarloa. Beren ezberdintasunak handiegiak dira, ez soilik «taktikan» —erabiltzen dituzten mito eta topoietan—, baita «estrategian» ere.

Hiztegia eta apologia: Helburuak

Gramatika eta Hiztegiaren hitzaurreetan argi eta garbi adierazten du bere helburua dela euskara «goren gradora» igotzea, bai kanpokoentzat (apologien bitartez) eta baita etxekoentzat ere, landuz eta egokituz. Hots, bai Etxeberrik eta bai Larramendik beharrezko, nahitaezko dituzte apologiak, gogoz kontra eginak direla ere ezin esan arren, batez ere bigarrenaren kasuan. Gramatika bat edota hiztegi bat «gauza serioegia» zen oraindik edozein hizkuntzari buruz egiteko; merezi egin behar zuen hizkuntza horrek. Soilik hori egin ondoren jaitsi zitekeen praktikara eta gramatika edo hiztegia argitaratu edo argitaratzen saiatu. Apologista gehienek, «teorikoek», ez zuten bigarren urrats hori ematen, noski. Etxeberri eta Larramendi bezalako «praktikoek», aldiz, lehenengo saioa armatzat, ezkutu eta gezitzat, erabili ohi zuten bigarrenera heltzeko asmoz.

Hitzberriak: Sorkuntza eta helburua

Askotan azaldu ohi da idatzirik hiztegiko erdal egokitzapenak betetzeko asmoz asmatuak direla. Baina ez da horrelakorik; berak aitortzen baitu, orain «hitz teknikoak» deituko genituzkeen horiek, guztiak asmatu dituela. Bide berdintsutik abiatuta, Etxeberrik honakoa zioen: Hitzberriak sortzeko ahalmena hizkuntzaren askatasuna lortzeko eta morrontza apurtzeko beharrezkotzat zituen. Egun, Larramendiren asmakizunak gauza bitxi eta xelebre egiten bazaizkigu, ez da zilegi bitxitasun eta xelebretasun hori XVIII. mendeko hiztegigileak gogoz bilatu zituela pentsatzea.

Larramendiren hiztegiaz mintzatzean, komeni da noiz, nola eta zertarako asmatzen eta sartzen dituen hitzberri horiek ikustea. Bere hiztegian lehenik onartzen dituen hitzak ezagutzen zituen liburuetan irakurriak eta herritik jasoak dira. Egoera hau gainditzeko, hiztegian jartzen ditu, inolako euskalki bereizketarik gabe, bildu ahal izan dituen euskarazko hitz guztiak, Euskal Herri guztietara zabal litezen eta denetan ezagutuak izan daitezen. Hauen ondoren, erderatiko mailegu bertakotuak sartzen ditu (ik. aurrerago) eta, azkenik, soilik zientzia eta tekniketarako, hitzak asmatzen.

Hitzberriak eta kultur edukiak

Hitzberriak ez ziren oso premiazko dotrina labur eta sinpleak egiteko; batez ere euskara idatzian tradiziorik bada erlijiozkoa izanik, hain zuzen. Alabaina, liburuak luzatuz eta gaiak ugarituz —eta sakontzen joanez gero—, lehen ukitu gabeko gauzak ateratzen ziren eta horiekin batera gauzok deitzeko hitzen beharra sortzen. Bizenta Mogel, eta aurretik bere osabak ere erabili zituzten Larramendiren hitzberriak. Gipuzkoan, hitzberriak gehien erabili zituztenak J. B. Agirre eta J. B. Etxegarai dira.

Larramendi eta euskal tradizioa

Larramendik hiztegiaren hitzaurrean dioenez, ezagunak eta irakurriak ziren bere garaiko Nafarroa Garaian lapurtar liburuak. Larramendik berak, Bizkaiko eta Nafarroako zenbait liburuxkaren alboan, Leizarraga, Haranburu, Etxeberri Zihuruko, Axular, Harriet Xurio, Etxeberri Sarako eta besterenak dakartza hiztegian ematen duen aurreko euskal literaturaren zerrendan. Ez dira harreman gehiegi, agian, baina adierazgarriak, ordea.

Larramendi eta gerokoak neologismoez

Larramendi eta zenbait larramenditarrek, eta Sabino Arana eta zenbait sabindarrek, modu ezberdinean jokatzen dute. Egia da bai batzuk eta bai besteek hitzberriak erabiltzen dituztela, nahiz eta, bide batez, esan behar den ez dituztela hitzberri berdinak erabiltzen. Haatik, bi taldeek oso iritzi eta jokamolde ezberdinak dituzte euskal hitzen altxorraz. Larramenditarrek halabeharrez sortzen dituzte hitz berriak, ez erdaratiko euskal hitzen ordezkotzat, baina erdal hitz ordaingabeak itzuli ahal izateko.

Maileguak: Larramendiren ikuspegia

«Sabindarrekin» dituen ezberdintasunak ez dira soilik hitzberrietara mugatzen. Garbizale zen Larramendi, noski, eta behin eta berriz baztertu ohi zituen halako ahuntz-erdara, euskara, gaztelera eta beste hizkuntzen nahaste mordoiloak, lehenago Etxeberrik egin bezala. Hauen artean, ordea, bereizketak egiten ditu: guztiz onartzen ditu beste hizkuntzetan bezala gauza berri edota kanpotik etorriei dagozkienak, baita santu, pena eta horrelakoak —hots, beren euskal ordaina izan arren jadanik hura baino hedatuago eta ezagunago direnak—; haatik, kanpo uzten ditu sermolari txarren eta elebidun baino euskaldun gaiztoago ziren mihietan entzun ohi ziren erdarakadak.

Hitzak, gramatika eta literatur euskalkiak

Baditugu aztarnak susmatzeko Larramendi, bi mende beranduago Sebero Altube bezala, ez ote zen gehiago arduratzen gramatikaren erabileraz hitz bat edo besterenaz baino. Bere jarraitzailerik onenek ere ez zioten gramatikari hiztegiari baino garrantzi gutxiago eman. Lakarraren hitzetan, Larramendiren euskal lanak ez dira behar bezala ulertuak izan; biak batera, gramatika eta hiztegia, elkarren osagarri dira.

Larramendiren eragina euskal literaturan

Euskal literatura zaharraren produkzio kopuruen taulei erreparatuz, zenbakiak oso adierazgarriak dira. Aipagarria da, adibidez, XVIII. mendearen bigarren partean, Larramendik gramatika eta hiztegia argitara ondoren, ematen duen jauzi nabarmena. Gipuzkera 7 liburutik 23ra igotzen da (%328,5eko igoera) berrietan, 3tik 19ra (%633,3) originaletan. Gipuzkeraren literatur euskalki bilakatze hori oso azkarra da. Bizkaierari, bi mende lehenagoko lekukoak izan arren, mende erdi gehiago kostako zaio literatur euskalki bilakatzen.

Entradas relacionadas: