Langile-Mugimenduaren Oinarri Ideologikoak: Sozialismoa eta Anarkismoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión
Escrito el en
vasco con un tamaño de 7,21 KB
Langile-Mugimenduaren Oinarri Ideologikoak
XIX. mendean, zenbait pentsalarik langileriaren egoera salatu zuten, eta konponbide erreformistak edo iraultzaileak proposatu zituzten.
Sozialismo Utopikoa
Lehenengo sozialistek proletarioen premia gorria salatu zuten, eta bizitzeko eta lan egiteko modu alternatiboak proposatu zituzten. Pentsalari horiei utopikoak esaten zieten, ez zutelako kontuan hartzen ugazaben eta langileen arteko gizarte-borroka, eta ezta horrek klaseen arteko gatazkaren konponbide baketsua bideraezina egiten zuela ere.
Sozialista utopikoen ideiak:
- Gizarte ideala sortu nahi zuten, gizakia bakean, armonian eta berdintasunean bizitzeko modukoa; eta bertara, modu baketsuan iritsi nahi zuten.
- Berebiziko garrantzia ematen zioten elkartasunari, filantropiari eta anaitasunezko maitasunari.
- Industriaren berritasunak defendatzen zituzten, baina langileei eragiten zizkieten kalteak salatzen zituzten.
Ideologo nagusien artean, hauek nabarmendu ziren:
- Saint-Simon (1760-1825). Haren ustez, gizarte osoaren oinarria industria zen; hain justu, nekazaritza-, industria- edo merkataritza-ekoizpen gisa ulertua, eta oparotasun-iturri bakarra. Nazio guztiak lantegi handi bat izan behar zuela uste zuen, non jabeak eta langileak demokratikoki aukeratutako gaitasun handienekoek gidatuta egon beharko zuten.
- Charles Fourier (1772-1837). Gorroto zuen industria-enpresa kapitalista, langileen esplotazioa eta miseria gorria eragiten baitzituen. Horregatik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna proposatu zuen, eta baita falansterio izeneko kooperatiba autosufizienteak eratzea ere.
- Robert Owen (1771-1858). New Lanark ehungintza-fabrikako bazkidea zen. Langileen bizibaldintzak hobetzeko neurriak aplikatu zituen.
Sozialismo Marxista
Marxismoa edo sozialismo zientifikoa Karl Marx-ek (1818-1883) eta Friedrich Engels-ek (1820-1895) landu zuten. Engels Manchesterren egon zenean, aitaren fabrikaren ardura hartuta, langileen egoeraz kontzientziatu zen. Owen ezagutu, eta Marxekin lankidetzan hasi zen. 1848an Alderdi Komunistaren Manifestua argitaratu zuten bien artean (Manifestu komunista ezizenez ezaguna), beren gizarte- eta politika-doktrinaren laburpena.
Manifestu komunistak sozialista utopiko batzuen tesi zaharrak eta historialari burgesenak batu zituen. Burges horien tesien arabera, gizartearen historia klase-borrokaren historia baino ez zen.
Marxisten arabera, ekoizpenetik eratorritako gizarte-harremanek gizadiaren eboluzioaren etapa bakoitzeko egitura sozioekonomikoa zehazten zuten. Marxek ekoizpen-modu izendatu zituen etapa horiek. Ekoizpen-modu bakoitzean, ekoizpen-indar berriak garatzen dira beti, aurretiko klase nagusiaren aurka dagoen gizarte-klase berri bat sortzen dutenak. Aurkakotasun hori; alegia, klaseborroka, historiako gizarte-aldaketaren eragilea da marxistentzat.
Marxen eta Engelsen garaian, ekoizpen-modu kapitalista ari zen garatzen: gizartea aurkako bi klasetan zegoen banatuta; burgesak eta proletarioak. Etapa honen ezaugarri nagusia, hain zuzen, burgesen eta proletarioen arteko borroka zen. Burgesek ekoizpen-bideak zituzten; proletarioek, berriz, lanerako indarra, ugazabari soldata baten truke saltzen ziotena.
Burgesia sistema iraultzailea izan zen iraganean, harik eta mundu feudalaren aztarna guztiak desagerrarazi zituen arte. Gerora, ordea, sistema kapitalistaren kontraesanetan iltzatuta geratu zen, ez aurrera, ez atzera. Eta Marxek esan zuenaren arabera, horrek ekarri zuen sistema horren hondamendia.
Marxen lanik garrantzitsuena eta eraginkorrena Kapitala izan zen; 1867an argitaratu zuen lehen alea. Lan horretan adierazten zuen alde handia dagoela langileak ekoizten duenaren balioaren eta ugazabak borren truke ematen dion ordainaren artean. Alde horri gainbalioa deitu zion Marxek, eta horixe da, hain zuzen, kapital-metaketaren oinarria. Ugazabak langilea zenbateraino esplotatzen duen jakiteko neurria da: gainbalioa zenbat eta handiagoa izan, esplotazioa ere orduan eta handiagoa izango da.
Proletarioek boterea indarkeriaren bidez lortzea defendatzen zuen sozialismo marxistak, sistema kapitalistaren ordez klaserik eta jabetza pribaturik gabeko beste sistema bat ezartzea, eta estatu burgesa proletarioen diktadura bihurtzea; egoera hori aldi baterako izango litzateke, gizarte komunista lortu arte. Gizarte komunistan estatua ez litzateke beharrezkoa.
Marxismoa XIX. mendearen bigarren erdiko eta XX. mende osoko mugimendu iraultzaile batzuen oinarri ideologikoa izan zen. 1917ko Errusiako Iraultzaren ondoren zabaldu zen.
Anarkismoa
Anarkismoa izan zen langilerian oinarritutako beste teoria iraultzaile garrantzitsua. Anarkia hitzak agintaritzarik gabe esan nahi du. Lehen ideologoa Pierre-Joseph Proudhon (1809-1865) izan zen, estatuaren esku-hartzearen, jabetza pribatuaren eta erlijio-eraginaren aurka zeuden frantziar langileen liderrengan eragina izan zuena. Fede bizia zuen gizonarengan eta haren askatasunean eta uko egiten zion erabat langileek zeinahi borroka politikotan parte hartzeari. Proudhonen ustez, langileak modu baketsuan askatu behar ziren, asoziazioaren eta mutualismoaren garapenaren bidez. Azkenik, anarkiaren alde egin zuen: inolako agintaritzarik gabeko gizartea, gizarte primitiboen parekoa.
Anarkismoaren teorialari nagusia Mikhail Bakunin (1814-1876) errusiar aristokrata militarra izan zen; gizarte kapitalistaren eta estatuaren aurkako berezko matxinada defendatzen zuen. Bakunin, Kropotkin eta Errico Malatesta, besteak beste, doktrina anarkista lantzen joan ziren. Doktrina honen helburua ez zen soilik industriako proletarioen ekintza sustatzea, baizik eta gizarteko sektore zapaldu guztiena: langileena, soldaduena, ikasleena eta nekazariena; batik bat, azken horiena.
Antolakuntza ororen erabat aurkako jarrerarekin, eta ekintza politiko orori uko eginez, bakuninistak marxismotik bereizi ziren, eta haran aurka ere jarri ziren, bakuninisten helburua ez baitzen estatua konkistatzea, baizik eta estatua erabat suntsitzea.
Sozialistek eta anarkistek gizarte komunista (klaserik eta estaturik gabea) zuten helburu, baina helburu hori lortzeko estrategia desberdinak zituzten. Anarkisten ustez, berehala suntsitu behar zen estatua; marxisten ustez, berriz, langileek estatua konkistatu eta kontrolatu behar zuten, fase iragankor batean (proletarioen diktadura). Horregatik, anarkistek autoritarioak eta zentralistak izatea leporatu zieten marxistei; eta beren burua antiautoritariotzat eta federalista edo komunalistatzat zuten.
Anarkisten ustez, Marxek defendatutako langileen estatuak galarazi egiten zuen asoziazio autonomoen federazio askean soilik oinarritutako sistema antiautoritario bat izatea. Iraultza marxista baino erradikalagoa zen gizarte-iraultza honen helburua gizarte-ordena burgesa eta haren kontrol-tresna guztiak (polizia, armada, gobernua, mugak; erakundeak) erabat eta berehala suntsitzea zen.