Langile Mugimenduaren Oinarri Ideologikoak: Sozialismoa eta Anarkismoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Religión

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,73 KB

Langile Mugimenduaren Oinarri Ideologikoak

XIX. mendean, zenbait pentsalarik langileriaren egoera salatu zuten, eta konponbide erreformistak edo iraultzaileak proposatu zituzten.

2.1. Sozialismo Utopikoa

Lehenengo sozialistek proletarioen premia gorria salatu zuten, eta bizitzeko eta lan egiteko modu alternatiboak proposatu zituzten. Pentsalari horiei «utopikoak» esaten zieten, ez zutelako kontuan hartzen ugazaben eta langileen arteko gizarte-borroka, eta konponbide baketsua bideraezina egiten zuela ere.

Sozialista utopikoen ideiak:

  • Gizarte ideala sortu nahi zuten, gizakia bakean, armonian eta berdintasunean bizitzeko modukoa; eta bertara, modu baketsuan iritsi nahi zuten.
  • Garrantzia ematen zioten elkartasunari, filantropiari eta anaitasunezko maitasunari.
  • Industriaren berritasunak defendatzen zituzten.

Ideologo nagusien artean, hauek nabarmendu ziren:

  • Saint-Simon (1760-1825). Gizarte osoaren oinarria industria zen. Nazio guztiak lantegi handi bat izan behar zuela uste zuen, non jabeak eta langileak demokratikoki aukeratutako gaitasun handienekoek gidatuta egon beharko zuten.
  • Charles Fourier (1772-1837). Gorroto zuen industria-enpresa kapitalista, langileen esplotazioa eta miseria gorria eragiten baitzituen. Horregatik, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna proposatu zuen, baita falansterio izeneko kooperatiba autosufizienteak eratzea ere.
  • Robert Owen (1771-1858). Langileen bizi-baldintzak hobetzeko neurriak aplikatu zituen.

2.2. Sozialismo Marxista

Marxismoa edo sozialismo zientifikoa Karl Marx-ek eta Friedrich Engels-ek landu zuten. Engels Manchesterren egon zenean, aitaren fabrikaren ardura hartuta, langileen egoeraz kontzientziatu zen. Owen ezagutu, eta Marxekin lankidetzan hasi zen. 1848an, Alderdi Komunistaren Manifestua argitaratu zuten bien artean, beren gizarte eta politika doktrinaren laburpena.

Gizartearen historia klase-borrokaren historia baino ez zen.

Aurkakotasun hori; alegia, klase-borroka, historiako gizarte-aldaketaren eragilea da marxistentzat. Marxen eta Engelsen garaian, ekoizpen-modu kapitalista ari zen garatzen: gizartea aurkako bi klasetan zegoen banatuta: burgesak eta proletarioak. Burgesek ekoizpen-bideak zituzten; proletarioek, berriz, lanerako indarra, ugazabari soldata baten truke saltzen ziotena.

Burgesia sistema iraultzailea izan zen iraganean. Gerora, ordea, sistema kapitalistaren kontraesanetan iltzatuta geratu zen.

Marxen lanik garrantzitsuena eta eraginkorrena Kapitala izan zen; 1867an argitaratu zuen lehen alea. Lan horretan adierazten zuen alde handia dagoela langileak ekoizten duenaren balioaren eta ugazabak horren truke ematen dion ordainaren artean. Alde horri gainbalioa deitu zion Marxek, zenbateraino esplotatzen duen jakiteko neurria da: gainbalioa zenbat eta handiago izan, esplotazioa ere orduan eta handiagoa izango da.

Proletarioek boterea indarkearen bidez lortzea defendatzen zuen sozialismo marxistak, sistema kapitalistaren ordez klaserik eta jabetza pribaturik gabeko beste sistema bat ezartzea, eta «estatu burgesa» proletarioen diktadura bihurtzea; egoera hori aldi baterako izango litzateke, gizarte komunista lortu arte.

2.3. Anarkismoa

Anarkismoa izan zen langilerian oinarritutako beste teoria iraultzaile garrantzitsua. Anarkia hitzak «agintaritzarik gabe» esan nahi du.

Lehen ideologoa Pierre Joseph Proudhon izan zen. Estatuaren esku-hartzearen, jabetza pribatuaren eta erlijio-eraginaren aurka zeuden. Proudhonen ustez, langileak modu baketsuan askatu behar ziren, asoziazioaren eta mutualismoaren garapenaren bidez.

Anarkismoaren teorialari nagusia Mikhail Bakunin errusiar aristokrata militarra izan zen. Doktrina horren helburua ez zen soilik industriako proletarioen ekintza sustatzea, baizik eta gizarteko sektore zapaldu guztiena: langileena, soldaduena, ikasleena eta nekazariena.

Ekintza politiko orori uko eginez, bakunistak marxismotik bereizi ziren, eta haren aurka ere jarri ziren, bakunisten helburua ez baitzen estatua konkistatzea, baizik eta estatua erabat suntsitzea.

Sozialistek eta anarkistek gizarte komunista (klaserik eta estatu gabea) zuten helburu. Anarkisten ustez, berehala suntsitu behar zen estatua; marxisten ustez, berriz, langileek estatua konkistatu eta kontrolatu behar zuten. Horregatik, anarkistek autoritarioak eta zentralistak izatea leporatu zieten marxistei; eta beren burua antiautoritariotzat eta federalista edo komunalistatzat zuten.

Entradas relacionadas: