Lana eta Elkarrekintza Habermasen Garaian: Komunikazio Ekintzaren Garrantzia

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,17 KB

Lana eta Elkarrekintza Habermasen Obran

Historian zehar, bi harreman motak baldintzatu dute gizakiaren bizitza: naturarekiko harremana eta besteekiko harremana. Lehenengoari aurre egiteko, ekintza instrumentala garatu du, hari dagokion arrazoibidearekin. Bigarrenari aurre egiteko, elkarrekintza garatu du, beste arrazoibide mota bati atxikirik: arrazoibide praktikoa (besteekin jokabideak koordinatzeko adostasunera iristea ahalbidetzen duen eztabaida).

Hizkuntza eta Komunikazioa

Hizkuntza, komunikazio-ekintza gauzatzeko baliabide garrantzitsuena da. Lanaren arloan, subjektu-objektu harremana aurkitzen dugu; bigarrenean, subjektu-subjektu harremana.

Arrazoibide Instrumentalaren Nagusitasuna

Gure garaian, lanaren munduak hartu duen nagusitasunarekin batera, hari atxikiriko arrazoibidea ere nagusitu da, gizakien harremanen eremura hedatuz. Arrazoibide instrumentala indarra hartuz doa, arrazoibide praktikoaren kaltetan. Ondorioz, gizaki-arteko harremanak gero eta gehiago oinarritzen dira subjektu-objektu eskeman. Hizkuntzak ere berezkoa ez duen erabilera bat hartzen du: erabilera estrategikoa. Erabilera hori, mintzakideen arteko adostasuna bilatu beharrean, bestea aldez aurretik definituta dauzkagun helburuetara erakartzera zuzentzen da.

Proiektu Ilustratuaren Porrota

Horrela azaltzen du Habermasek proiektu ilustratuaren porrota: arrazoimen instrumentala gailendu da giza harremanetan, eta horregatik gertatu dira XIX. mende amaierako eta XX. mendeko basakeriak.

Komunikazio Ekintza Jatorra Berreskuratzea

Egoera honetatik irteteko, komunikazio-ekintza jatorra (hots, adostasuna eraikitzera zuzentzen dena) berreskuratu beharra aldarrikatuko du Habermasek. Horretarako, ezinbestekoa da elkarrizketarako egoera idealak sortzea: denok mintzakide izan gaitezkeen eta dena mintzagai izan daitekeen egoera idealak, non bestelako baldintzapenik gabe, elkarrizketa arrazionalean sortutako argudio onenaren pisua nagusituko baita.

Elkarrizketarako Lau Baldintza Idealak (Unibertsal Pragmatikoak)

Elkarrizketarako egoera idealak betetzeko, lau baldintza edo unibertsal pragmatiko bete behar dira:

  • Ulergarritasuna: Besteek ulertzeko moduan azaltzen ditut nire argudioak?
  • Egia: Diodana egia delakoan diot, eta besteek ere hala jokatzea espero dut?
  • Zintzotasuna: Nire elkarrizketan ez dut inolako asmo ezkuturik gordetzen, eta besteek ere gordetzen ez dutela sinesten dut?
  • Zilegitasuna: Diodana esatea zilegi da gure harremana arautzen duen markoaren arabera; eta berdin bestearen kasuan?
Adostasun Faktikoa eta Arrazoibide Instrumentala

Lau baldintzetatik bat betetzen ez bada, mintzakideak ez dira argudio onenean oinarritutako adostasunera iritsiko. Adostasuna izatekotan, adostasun faktikoa izango da, arrazoibide praktikotik kanpokoa (bortxaren mehatxuan, engainuan edo arrazionaltasunetik at dagoen beste zerbaitetan oinarrituta). Kasu horretan, Habermasen iritziz, arrazoibide instrumentala nagusitzen da, baina komunikazioak porrot egiten duelako.

Entradas relacionadas: