Lan Merkatua: Soldatak, Eskaintza, Eskaria eta Langabezia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Economía
Escrito el en
vasco con un tamaño de 9,34 KB
Soldata: Lanaren Prezioa
Lan merkatua: Soldata lanaren prezioa da, eta eskaintzak eta eskariak lan-merkatuan batera duten funtzionamenduaren arabera finkatzen da. Soldata besteen kontura egindako lanaren ordainsaria da. Honako zirkunstantzia partikular hauek baldintzatzen dituzte soldatak: langileen errealizazio pertsonala eta profesionala, eta familien bizi-maila.
Lan-Eskaintza eta Eskaria
Langileek eskainitako eta enpresek eskatutako lan-kantitateari dagokion soldata-mailan lortzen da lan-merkatuaren oreka. Soldata-maila hori eskaintzaren eta eskariaren jokoaren bidez sortzen da, eta orekako soldata esaten zaio. Orekako soldata deritzo eskaintzaren eta eskariaren joko askearen bidez lan-merkatuaren oreka lortzen duen soldatari.
Lan-eskaintza, edo, bestela esanda, familiek eskaintzen duten lan-kantitatea, honako faktore hauen araberakoa da:
- Biztanleriaren ezaugarriak: Zahartzea, lan egiten duten edo egin nahi duten pertsonen kopurua, prestakuntza, etab.
- Soldata-maila: Zenbat eta handiagoa izan soldata, orduan eta jende gehiago egongo da prest lana egiteko edo lanordu gehiago egiteko, eta alderantziz. Hala ere, erlazio hori ez da konstantea eta aldaezina.
Lan-eskaria, edo enpresek eskatzen duten lan-kantitatea, berriz, honako faktore hauen araberakoa da:
- Ekoitzitako ondasunaren edo zerbitzuaren prezioa: Zenbat eta altuagoa izan enpresek beren produktuak saltzeko ezar dezaketen prezioa, orduan eta gehiago mereziko dio langileak kontratatzea, ekoizpena handitzeko.
- Langileen produktibitatea: Langileen kualifikazioak, prestakuntzak eta esperientziak eragina dute egiten duten lanean. Enpresek erabakiko dute merezi dien ala ez langileak kontratatzea.
- Soldata-maila: Soldaten zenbatekoak gora egiten badu, kostuek ere gora egingo dute, eta enpresak langile gutxiago kontratatzeko prest egongo dira, eta alderantziz.
Lan-Merkatua: Lehia Ez-Perfektuko Merkatua
Lan-merkatuaren funtzionamendua lehia perfektuko merkatu batena izango litzateke: lana ondasun trukagarria izango litzateke, eta berdin izango lioke langile bat edo beste bat kontratatzea. Baina lan-merkatuak lehia ez-perfektuko merkatuak dira, bi faktore hauek direla eta: lan-merkatuan egiten den esku-hartzea eta lana ondasun desberdindua izatea, ez-homogeneoa.
Lan-Merkatuan Egiten Den Esku-Hartzea
Lanaren merkatua ez da askea, esku-hartzea baitago, interes publikoko arrazoiengatik:
- Lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) gobernuek finkatzen dute, urtero, enpresen gehiegikeriak eragozteko eta langileen bizimodu duina bermatzeko.
- Gutxieneko soldatak sindikatuek eta enpresek adosten dituzte, hitzarmen kolektiboetan, lanbide-motaren arabera, baina, LGSa errespetatu behar dute beti.
Produktibitatea eta Soldatak
Baldintza berdinetan, langile batek beste batek baino gehiago ekoizten badu, produktiboagoa dela esaten da. Era berean, iraganean baino ekoizpen hobea lortzen duten langileak produktiboago bihurtu direla esaten da. Lanaren produktibitateak lortutako ekoizpenaren eta erabilitako lan-kantitatearen arteko erlazioa neurtzen du.
Hauek dira langileen produktibitatean eragiten duten faktoreak:
- Giza kapitala: Zenbat eta handiagoa izan langile baten prestakuntza eta esperientzia, orduan eta handiagoa izango da haren produktibitatea.
- Erabilitako ekoizpen-ondasunak: Langile asko ez dira trukagarriak, eta ekoizpen-ondasun asko ere ez.
- Teknologia-aurrerapenak: Teknologia-aurrerapenen ondorioz, lana faktorea kapital-faktoreaz ordezten ari dira ekoizpen-prozesuetan.
Giza Kapitala
Faktore objektibo batzuk hartzen ditu bere baitan, hala nola prestakuntza eta esperientzia, baina beste batzuk subjektiboak dira; esaterako, heziketa, lanerako ohitura, fidagarritasuna, ekimena, karisma, sormena, irmotasuna eta zintzotasuna. Giza kapitala pertsonek prestakuntzari eta esperientziari esker metatzen dituzten ezagutzen, gaitasunen eta jarreren multzoa da.
Langabezia
Langabezia gizarte garatuen arazo larrienetako bat da. Horregatik, gobernu ororen helburua da langabeak babestea, bai eta enplegua sortzea ere. Espainian, langabeziaren arazoa are larriagoa da.
Langabezia-Motak
Langabezia-egoera guztiak ez dira berdinak, zenbait mota baitaude. Kausen arabera, lau langabezia-mota daude:
- Ziklikoa: Merkatua baliabideak esleitzeko eragile nagusitzat duten ekonomietan, enpresa jarduera ekimen pribatuaren gorabeheren mende dago, eta, horren ondorioz, hedapenak eta atzeraldiak izaten dira ekonomian.
- Urte-sasoikoa: Jarduera batzuek urte-sasoi batzuetan bakarrik behar dute eskulana, eta horrexek eragiten du urte-sasoiko langabezia.
- Frikzionala: Pertsonak beren borondatez langabezian egotea da; hots, lanean jarduteko gaitasuna izanik, astia hartu nahi dutenak, lehen egiten ari zirena baino lan hobea lortzeko, etab.
- Egiturazkoa: Enpresaburuek proposatzen duten lan-eskaintza eta langileek eskatzen duten lana guztiz bat ez etortzeak eragiten du langabezia-mota hori. Egiturazko langabezia da kezka handiena sortzen duen langabezia-mota, denboran iraun egiten du eta.
Enplegu-Estatistikak
Lan-merkatu ororen erreferentzia nagusia merkatua elikatzen duen biztanleria da. Biztanleria eremu geografiko jakin batean bizi diren pertsona guztien kopurua da. Baina biztanle guztiek ez dute berdin parte hartzen ekoizpen-prozesuetan, eta biztanleak talde homogeneotan banatu ohi dira.
Hazkundea eta Ekoizpena
Barne-produktu gordina (BPGd) herrialde batean denbora aldi batean, urtebetean, ekoizten diren azken ondasun eta zerbitzuen balioa da, dirutan neurtua.
Kontsumoa
Makromagnitudearen osagai nagusia kontsumo pribatua da, eta, horren atzetik, enpresa-inbertsioa. Kontsumo pribatua izaten da, herrialde garatuetan, eskari agregatuan pisu handiena duen osagaia. Kontsumo pribatuak familiek edo kontsumitzaileek honako hiru ondasun-kategoria hauetan egiten dituzten gastuak jasotzen ditu:
- Ondasun iraunkorrak: telebista, automobila...
- Ondasun galkorrak: elikagaiak, jantziak, botikak...
- Zerbitzuak: garraioa, hezkuntza, komunikazioa, osasungintza...
Familiek edo kontsumitzaileek beste ondasun batzuk ekoizteko erabiliko ez diren azken ondasunetan egiten duten gastuari esaten diogu kontsumoa.
Inbertsioa
Enpresen ikuspegitik, inbertitzea zeharka giza beharrak asetzen dituzten ondasunak eskuratzea da; alegia, beste ondasun batzuen ekoizpenean laguntzen duten ondasunak eskuratzea. Enpresa-inbertsioak bi funtzio nagusi ditu ekonomia orotan:
- Eskariari tira egiten dio: eskaria handitzen da enpresa batek inbertsio-ondasunak edo kapital-ondasunak erosten dituenean. Horrek, epe laburrean, ekonomia osoko ekoizpenari eta enpleguari eragiten dio.
- Herrialde bateko instalatutako ekoizpen-ahalmena handitzen du ondasun-kapitalak pilatzen baitira, eta, beraz, epe luzerako ekonomia-hazkundea sustatzen du.
Aurrezkia
Kontsumoarekin eta inbertsioarekin batera, bada hirugarren magnitude bat: familien aurrezkia errenta erabilgarritik kontsumitzen ez den zatia da, eta, beraz, aurrezkia errenta erabilgarria ken kontsumoa da. Oro har, familien aurrezkia da, enpresen etekinekin eta superabit publikoarekin batera, enpresa-inbertsioa posible egiten duena.
Dirua
Dirua trukeak errazten dituen tresna da, eta antzinako trukearen eragozpenak gainditzen ditu. Dirua, onartutako truke-bitartekoa edo ordainketa- eta kobrantza-bitartekoa da. Gaur egun, diru-mota hauek onartu ohi dira konfiantzazko dirutzat (10.2. taula): legezko dirua, banku-dirua eta beste aktibo likido batzuk publikoaren eskuetan (BAL).
- Legezko dirua: Herrialdeetako banku zentralek jaulkitako legezko billeteak eta txanponak dira. Europako Banku Zentrala (EBZ) da Espainian zirkulazioan dagoen diru-kantitatea jaulkitzen eta kontrolatzen duen erakundea.
- Banku-dirua: Nolabait, modu birtualean soilik dago. Legezko dirua banku edo aurrezki-kutxa batean gordetzen dugunean, fisikoki desagertu, eta banku-diru bihurtzen da.
- Ageriko gordailuak eta aurrezki-gordailuak: Lehenengoei kontu korronte ere esaten zaie, eta bigarrenei, berriz, libreta.
- Epe finkorako gordailuak: Titularrak, ordainsari baten truke, gordailua epe jakin baterako egiteko konpromisoa hartzen du, eta ezin izango da gordailua lehenago eskuratu, penalizaziorik jaso gabe.
- Beste aktibo likido batzuk publikoaren eskutan: Epe laburrean berreskuratu daitezkeen eta ia arriskurik ez duten gordailu ez-bankarioak dira. BALen aktibo nagusia bonu publikoak dira; hau da, erakunde publikoek bermatutako baloreak, interes-tasa finko bat ematen dutenak.