La Lucha de Clases (1896): Bizkaiko Meatzarien Greba Deialdia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en
vasco con un tamaño de 5,91 KB
LA LUCHA DE CLASES ASTEKARIKO ARTIKULUA (1896-05-23)
Testuaren Identifikazioa eta Jatorria
Izaera eta Edukia
Testu hau La Lucha de Clases astekariko artikulu baten zati bat da. Izaerari dagokionez, lekukotasun testua da, manifestu itxura duelako. Edukia politiko-soziala da, meategietako langileen bizi-baldintzak kritikatzen direlako eta egoerari aurre egiteko neurri politiko bat (greba bat) proposatzen dutelako.
Jatorria eta Kronologia
Lehen mailako iturriko testua da, garai hartan bizi izan zutenek idatzi zutelako. Testua 1896ko maiatzaren 23an argitaratu zen Bilbon. Kronologikoki Berrezarkuntza Garaian kokatzen da, zehazki Maria Kristinaren Erreginaordetzan (1885-1902). Momentu horretan, Espainia Kubako Gerran murgilduta zegoen, eta Nazionalismoa eta Langile Mugimendua hasi berriak ziren.
Egilea eta Hartzaileak
Testuaren egilea anonimoa da, baina La Lucha de Clases aldizkarian argitaratu zenez, egilearen ideologia sozialista dela argi geratzen da. Azkenik, testua publikoa da, Bizkaiko langileei zuzenduta, batik bat meategietako langileei.
Artikuluaren Analisia eta Edukia
Ideia Nagusia
Testuaren ideia nagusia Bizkaiko meatzarien bizi-baldintzak salatzea da.
Egitura eta Garapena
Testua sei paragrafoetan dago banatuta:
- Lehenengo bi paragrafoetan: Bilboko grebaren kausak eta aldarrikapenak azaltzen dira. Bizkaiko meatzeetako langileek, lan eta bizi-baldintzekin ados ez zeudenez, batzorde bat osatu zuten egoera aztertzeko eta aldaketak eskatzeko. 1890ean greba egin zuten (Bilboko Greba Handia), lanaldia murrizteko eta derrigorrezko barrakoi eta dendak kentzeko helburuarekin.
- Hurrengo bi paragrafoetan: Greba eta zenbait urte geroago langileek zituzten bizi-baldintzak azaltzen dira. Alde batetik, lanaldia greba ondoren ezarritakoa bezalakoa zen, baina bestetik, barrakoiak eta kantinak berdin mantentzen ziren; hau da, langileak etxe zikinetan bizi ziren eta elikagaiak, normalean kalitate txarrekoak, denda zehatzetan erosi behar zituzten.
- Azken bietan: Lan askatasun, osasun eta higiene legeak ez direla errespetatzen adierazten da, eta beste greba baterako deialdia egiten da.
Testuinguru Historikoa: Bizkaiko Industrializazioa
Garai Politikoa eta Soziala
Testua argitaratu zen momentuan, Espainia Berrezarkuntza Garaian zegoen, Maria Kristinaren Erreginaordetzan. Herrialdea Kubako Gerran murgilduta zegoen, eta Nazionalismoa eta Langile Mugimendua hasi berriak ziren.
Testua eta horretan eskatutako grebaren beharra ulertzeko, Euskal Herriko industrializazio prozesua eta horren ondorioak, bereziki langile mugimenduaren garapena, ezagutu behar dira.
Industrializazioaren Faktoreak eta Garapena
XIX. mendean, Berrezarkuntza Garaian, industrializazioa gauzatu zen Euskal Herrian, batik bat Bizkaian (Gipuzkoakoa beranduago etorri zen; Araban eta Nafarroan ekonomia nekazaritzan oinarritzen zen).
Industrializazioaren garapen hori gertatzeko, zenbait faktorek lagundu zuten:
- Kokalekua.
- Aduanak kostaldean.
- Teknika kapitalistak.
- Trebetasuna burdingintza tradizionalean.
- Burdingintza meatzen kalitatea eta ugaritasuna.
Meatzaritza eta burdingintza garatu ziren batik bat, ustiatzeko eta esportatzeko erraztasunagatik. Gallarta gune garrantzitsua izan zen meatzaritzan. Sektore horiekin etekin handia lortu zen, kapitalak asko handitu ziren Bizkaian; eta burdingintzan garapen handia egon zen, hainbat enpresa sortuz, La Vizcaya adibidez.
Gizarte Ondorioak eta Langile Mugimendua
Industrializazio prozesuak gizarte-ondorio jakin batzuk ekarri zituen:
- Migrazioa eta Nazionalismoa: Industriaren garapenak Espainiako beste lurraldeetako migratzaile ugari lan egitera etortzea eragin zuen. Bertako kulturak kanpotarren kulturarekin talka egin zuen, Euskal Nazionalismoaren garapena bultzatuz.
- Langileen Baldintza Kaskarrak: Langileen baldintzak oso kaskarrak ziren: lanaldi luzeak, lan gogorra, soldata apalak, etxebizitza kaskarrak, etab. Egoera gogorrena Bizkaiko meategietakoa zen; meatzariak barrakoietan lo egitera eta elikagaiak, garestiak eta eskasak, kantinetan erostera behartuta zeuden.
Langile Mugimenduaren Hastapenak
Gauzak horrela, langileen artean ideia sozialistak zabaldu ziren eta lehen langile elkarteak sortu ziren, nagusiki PSOE eta UGT. 1890ean, Facundo Perezaguaren sozialismo erradikalaren eraginez, sozialistek meatzarien lehen greba (Bilboko Greba Handia) egin zuten; barrakoiak eta kantinak kentzeko, lan-orduak murrizteko eta soldata igotzeko helburuekin. Ia 10.000 meatzarik egin zuten lanuztea, manifestazioetan bilduz; Gallarta gune garrantzitsua izan zen greba horretan.
Egoera kontrolatzeko, Loma jenerala deitu zuten. Honek meatzariak lanera itzultzeko agindua eman zuen, barrakoietan bizitzeko obligazioa kenduz eta lan-orduak hamarrera murriztuz.
1896ko Greba Deialdia
Hala ere, 1895 inguruan, derrigorrezko kantinak eta barrakoiak berriro ezarri ziren, 1890eko greba aurretik bezala. Beraz, sozialistek beste greba baterako deialdia egin zuten, La Lucha de Clases astekariko artikulua baliatuz.
Testuaren Garrantzia eta Ondorioak
Meatzarien Eskaerak
Testuan, agerian jartzen dira Euskal langile mugimenduan pisu handia zuten meatzarien eskaerak.
Erreformen Abiapuntua
1896an antolatutako grebari esker, blokeatuta zeuden langileentzako erreformak martxan jarri ziren. Hortik aurrera, afiliazio sindikala izugarri handitu zen alderdi sozialistan.
Sozialistek beste hainbat greba antolatu zituzten. 1903ko grebaren ondoren, meatzariek ez zuten kantinetan erosi beharrik izan, igandea atseden eguna bihurtu zen eta langileentzako etxe "merkeak" eraikitzen hasi ziren.