Kumaldi Elkartea: Familientzako Hazkuntza Espazioa

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,24 KB

Kumaldi Elkartea: Familientzako Hazkuntza Espazioa

Zer da Kumaldi?

Irabazirik gabeko elkartea da, bere helburua talde eta formakuntza zein hezkuntza ekintzen bidez familiak laguntzea dena. Errespetuzko hazkuntzarekin konpromisoa daukaten guraso talde batek 2012an sortu zuen elkartea. Talde honek amatasun eta aitatasun esperientzia modu aktiboan, enpatikoan eta kontzientean bizitzeko eta partekatzeko beharra zeukatenez sortu zuten.

Elkartea esperientziak, zalantzak, ezagutzak, etab. partekatzeko elkarguneak edo laguntza taldeak sortzeko helburuarekin sortu da. Proposamen irekiak egin daitezke, familia mota guztientzako lekua izanik.

Hazkuntza loturarekin

Kumaldin adingabeek begirunezko tratua izateko, bere sentimenduak onartzeko, bere beharrak zein bakoitzaren garapen prozesu naturala errespetatzeko duten eskubidea defendatzen dute. Honengatik, loturan oinarritutako hazkuntza sustatzen dute, honek garapen psikologiko, fisiko eta emozionalean dituen onurak oinarritzat hartuz. Honen ondorioz, irizpide hauek jarraitu eta defendatzen dituzte:

  1. Haurdunaldi kontzientea, errespetuzko erditze eta jaiotzak.
  2. Eskaeran oinarritutako edoskitzea.
  3. Umeen garapen emozionalerako ezinbestekoa den kontaktu fisikoaren beharra, besoetan eramateko garaiari garrantzia emanez zein umeak eramateko modu ezberdinei.
  4. Haurren loaren prozesu naturalak eta lagunduta lo egiteko eskubidea (gurasoekin lo egitea).
  5. Bakoitzaren garapena eta ikaskuntza erritmoa errespetatzen duten hezkuntza metodoak eta pedagogiak, eskola libreak eta etxean eskolarizatzeko aukerak barne.

Umeen garapen erritmoa eta prozesu naturalak errespetatzen dituzten harremanak sustatzeaz gain, errespetuzko harremanak maila guztietan hobetzeko lan egiten dute, hau da, generoen arteko berdintasunezko harremanak, bortizkeriarik gabeko harremanak, inguruarekiko errespetua, etab.

Lantzen diren gai interesgarriak

Loturazko hazkuntza eta honekin lotutako gaiez gain, ondorengoak ere lantzen dira:

  • Garapena: Lotura, negarra, logura, psikomotrizitatea, estimulazioa...
  • Elikadura: Edoskitzea, elikadura osagarria, dieta eta ohitura osasuntsuak...
  • Osasuna: Txertoak, gaixotasunak, prebentzioa, ohitura osasungarriak...
  • Hezkuntza: Eskolarizazio goiztiarra, hezkuntza aukerak, pedagogiak, metodo eta hezkuntza baliabideak, eskola libreak, homeschooling...
  • Komunikazio eta familia harremanak: Bikotea, gurasoak eta seme-alabak, sexualitatea, gatazkak, krisiak, rolak...
  • Aisia: Jostailuak, jokoak, espazioak, baliabideak, bidaiak, topaketak, aukera alternatiboak...
  • Ekologia: Jasangarritasuna, baliabide ekologikoak, etxebizitza...

Antolatutako jarduerak

  1. Hazkuntza taldeak

    Haziera taldea gurasoei eta bere seme-alabei zuzendua dago. Helburua bizi-une berean edo antzekoa daudenentzat elkargune izatea da. Bi hazkuntza talde daude:

    • Topaketa librea

      Gurasoak bere seme-alabekin elkartzen dira zalantzak, bizipenak, kezkak, etab. mintzatzeko. Saio hauek irekiak eta doakoak dira nahi duten guztientzat.

    • Topaketa egituratua

      Haziera taldeak berak gaia proposatzen du saioan horretaz mintzatzeko. Esaterako: elikadura. Saioak egituratuta daude aukeratutako gaia sakontasun handiagoz aritzeko, topaketa librean baino.

      Gaiez mintzatzeaz gain, taldekoek beraiek tailerrak edo saio bideratuak egiten dituzte, horrela taldeak dakiena partekatzen da (eskulanak, talde dinamikak, zainketa pertsonala, etab.).

  2. Adierazpen tailerrak haurrekin

    Hainbat arlo landuko dira haur eta haien gurasoekin. Jarduera hauek, haurrentzako zuzenduak diren arren, familian egiteko pentsatuak dira, adibidez: plastikagintza, psikomotrizitatea, artea, etab. Hasiera batean, doakoa den jarduera hau hilabetean behin egiten da. Hala ere, arrakasta badu, maiztasun handiagoz egin daiteke.

  3. Guraso eskola

    Gurasoen eskola 2 eta 7 urte bitarteko seme-alabak dituzten ama eta aitei zuzendua dago. Hilean behin egiten da eta psikologo batek bideratzen du. Talde honetan hazkuntza taldean baino gehiago sakontzen da, izan ere, psikologoak iritzia ematen du sortzen diren zalantzak, galderak eta kezkei buruz. Modu horretan, saio hauek kontu berriak ikasteko eta sostengua jasotzeko balio dute.

    Saioak ez dira haurrekin egiten, izan ere, gaietan asko sakontzen da. Gurasoen taldean parte hartzeko, izena ematen da kurtso hasieran urte osorako konprometituz, urritik ekainera.

  4. Emakume eta amatasun taldea

    Talde honen helburua emakumeak haziera lanetan elkarri laguntzea da, askotan zaila gertatzen dena. Saio hau amei zuzendua dago eta haurrik gabe egitea proposatzen da, hala ere, haurrak egon behar badira, ongi etorriak izango dira.

    Emakumeen taldean nork bere egoera pertsonala, bizipenak, esperientziak eta izandako aldaketak partekatzen ditu, besteenak entzun eta sostengua eman eta jasotzen da. Taldeak berak erabakitzen du zer egin saio bakoitzean.

  5. Gizon eta aitatasun taldea

    Gizonen taldearen helburua elkarri laguntzea da aitatasunaren aurrean. Normalean, aitaren lana ez da aintzat hartzen hazkuntzan. Kumaldin uste dute beraren bete beharrak garrantzitsuak direla eta indartu behar direla.

    Taldeak erabakitzen du zertaz mintzatu, liburuak irakurriz edota bideoak ikusiz. Talde honetan seme-alaben hazkuntzan sartua dauden aitek sostengua jasotzen dute.

    Saio hau aitei zuzendua dago eta umerik gabe egitea proposatzen da; izan ere, sakontasunez hitz egiten da. Hala ere, haurrak egon behar badira, ongi etorriak dira.

  6. Adituekin topaketak

    Hitzaldiak, tailerrak, konferentziak, mintegiak... Urtean zehar, noizean behin, halako jarduerak burutuko dira, hainbat gaiaz aritzeko hitzaldi, tailer ala beste moduen bidez. Gaiaren arabera, jarduera hauek anitzak izan daitezke: edoskitze, erditze, maskulinitate, psikomotrizitate, haur masajea... etab.

    Honako jarduera hauek ama, aita, irakasle, aitona, amona eta beste aditu interesatuentzat irekiak dira.

  7. Aisialdi ekintzak familian. Kalean topaketak udan.

Entradas relacionadas: