Kultura, Sozializazioa eta Gizakiaren Garapena

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,74 KB

Adimena eta animalien gaitasuna

Bizitzeko oinarrizko beharrak asetzeko ahaleginean, ingurunea aldatzeko edo tresnaren bat erabiltzeko gaitasuna da adimena. Animaliek badute gaitasun hori:

  • Ingurunea aldatzeko gaitasuna.
  • Tresnaren bat erabiltzeko gaitasuna.

Kultura materiala eta kultura mentala

Antropologoek bereizketa hau egin ohi dute: kultura materiala eta kultura mentala. Lehena produktu materialek eta tresnek osatzen dute; bigarrena, gizarteko sinesmenek, balioek eta arauek. Antropologoek herrien kulturak deskribatzeari ekiten diotenean, produkzio-teknikak ez ezik, gizarteko beste ezaugarri batzuk ere hartzen dituzte kontuan: antolamendu-moduak, erlijio-sinesmenak, kode moralak, ohiturak, jaiak eta denbora-pasak.

Kontrakultura eta bere motak

Kultura nagusiaren kontrako mugimenduei kontrakultura esaten zaie, eta gizarte zein kultura alternatiboak proposatzen dituztela esan behar da.

  • Hiri-tribuak: Idolo edo lider baten inguruan biltzen dira eskuarki, eta kultura-adierazpeneko kode berezi bat izaten dute besteengandik bereizteko: argota, arropa, musika, bilguneak...
  • Gizarteari erasotzen dioten taldeak: Gaizkile-taldeak aipatu behar dira, ezarrita dagoen sistemari zuzenean eta indarkeriaz egiten baitiote eraso. Delitu-ekintza erasokorrak ohikoak izaten dira zenbait nerabe-taldetan; ezegonkortasuna eragin nahi izaten dute gizartean, beste gizarte mota bat sortzeko. Legearen kontrako ekintzak egiteaz gain, indarkeriaz baliatzen dira helburu hori lortzeko.
  • Gizarte-talde alternatiboak: Etorkizun iluna eta orain iheskorra ikusirik, hutsune moduko bat sentitzen dute askok. Bizitzari nolabaiteko zentzua eman nahian, hainbat irtenbide bilatzen dituzte eta gizarte materialistaren kontrako jarrera izaten dute.

Tradizioa: kontzeptua eta garrantzia

Sozializazio-prozesuaren bidez, errealitatean egoteko modu jakin bat heltzen zaigu aurreko belaunaldietatik; ingurunea interpretatzeko eta moldatzeko modu jakin bat jasotzen dugu interpretazio horren bidez. Atzetik dakarguna da tradizioa, gure aurrekoek landu eta gero jasotzen duguna, nor bere baitan bizitzeko.

Birsozializazioa: prozesua eta adibideak

Birsozializazio-prozesuetan, subjektuak bi eduki mota barneratzen ditu: lehenik, sozializatu den gizarteaz bestelako gizarte bateko kultura-edukia; edo, bigarrenik, bere gizartean bertan erabateko aldaketaren bat gertatzearen ondorioz sortutako eduki berriak.

Birsozializazio-prozesuetan, ordura arteko ikuspegiak (errealitateari buruzkoak) bertan behera geratzen dira eta bestelako identifikazio bat sortzen da, indar afektibo handikoa. Adibidez, sektetan sartzen diren guztiak birsozializatu egiten dira, halako taldeetako buruak oso trebeak izaten baitira horrelako kontuetan. Prozesu hauetan, aurreko biografia berriro interpretatzen da eta iraganeko gertakariek zein pertsonek beste esanahi bat hartzen dute.

Sozializazioa eta bere etapak

Gizabanako bakoitzak bere gizarteko kultura bereganatzen du, norberaren identitatea garatzen du eta pertsona egiten da. Bizitza osoa ematen dugu sozializatzen, baina bi etapa nagusi bereizten dira:

  • Lehen mailako sozializazioa: Gizabanakoa gizartean sartzea du helburu eta haurtzaroan gertatzen da, familiaren baitan.
  • Bigarren mailako sozializazioa: Mundu instituzionalak barneratzen ditugu, lehen mailako sozializazioko oinarrizko mundu haren bestelakoak.

Zibilizazioa: jatorria eta definizioa

Elkarrekin zerikusia duten zenbait kulturak ezaugarri orokorretan lortutako sinestesia da. Gizakiaren bereizgarririk orokorrena da. Honela identifika dezake bere burua gizakiak, mailaz maila: bilbotarra, bizkaitarra, euskalduna, europarra eta mendebaldekoa.

Kultura: definizioak

Gizakiak ingurune fisikora eta sozialera moldatzeko sortutako guztiak osatzen du kultura. Lau definizio labur proposa daitezke:

  • Moldatzeko modu bat.
  • Giza taldeek historian zehar egindako guztiaren emaitza.
  • Gizatiartzeko faktore bat.
  • Hainbat sinbolo partekaturen sistema.

Animalien kontzientzia eta kontzientzia pertsonala

Gizakia subjektua da eta ez objektua. Gauzak egiten dituen norbait da, erantzuten duen norbait, bere baitara itzuli eta "Nor naiz ni?" galdetzeko gai den "ni" bat. Nor bere baitara itzultzeko gaitasun horri giza kontzientzia deritzo.

Indibidualtasunaren kontzientzia hori kontzientzia pertsonala bihurtzen da. Kontzientzia pertsonala deritzogun giza gaitasun hori eta gu hein batean eta nolabait aske izatea estu lotuta daude.

Entradas relacionadas: