Kultura eta Sozializazioa: Gizakiaren Garapena
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,25 KB
Kultura: Gizakiaren Ezaugarri Nagusia
Kultura izatea da gizakiaren ezaugarririk nabarmenena. Kultura, gizakiak gizartean bizitzearen ondorioz sortutako errealitate multzoa da: hizkuntza, teknika, morala, zuzenbidea... Horiei guztiei esker, gizakiak bere mundua ulertzeaz gain, badaki mundu horretan norantz jo behar duen. Gizakiaren izaera biologikoak kulturari ireki dio bidea; beraz, gizakia animalia kulturala da.
Kultura Materiala eta Mentala
Antropologoek bereizketa egiten dute: kultura materiala eta kultura mentala. Lehena produktu materialek eta tresnek osatzen dute; bigarrena, berriz, gizarteko sinesmenek, balioek eta arauek. Herrien kulturak deskribatzean, produkzio teknikak ez ezik, gizartearen beste ezaugarri batzuk ere hartzen dituzte kontuan: antolamendu moduak, ohiturak...
Kulturaren Definizioak
Kulturari hainbat definizio jarri zaizkio:
- Hainbat sinbolo partekaturen sistema da. Sinbolo hauek zentzua ematen diote bizitzari.
- Giza taldeek historian zehar egindako guztiaren emaitza da.
- Gizarteak gizakia eratzeko eta hura gizarteko kide izateko erabiltzen du kultura.
- Moldatzeko modu eraginkorra da, hala nola, hizkuntza sinbolikoa eta teknika ematen dizkigulako. Horri esker, munduan orientatzeko eta esperientziaren konplexutasuna murrizteko gai da. Honetan oinarritzen da: gauzak asmatzeko eta gauzei aurrea hartzeko gaitasunetan.
Sozializazioa: Gizabanakoaren Integrazioa
Lehen Mailako Sozializazioa
Lehen mailako sozializazioa: Etaparik garrantzitsuena da. Gizabanakoa gizartean sartzea du helburu, eta haurtzaroan gertatzen da, familien baitan. Gaur egungo gizarte industrialetan, telebistak eta Lehen Hezkuntzak ere eragin nabarmena dute etapa honetan. Haurrak inguruan dituen rolak, jarrerak eta balioak hartzen ditu; haiek zer egiten duten ulertzen eta onartzen ikasten du, eta haiekin nahiz bizi den mundu horrekin identifikatzen hasten da. Haurra rolak eta arauak barneratuz joaten da, orokortze prozesuaren bidez. Alderdi emozionalak ere berebiziko eragina du.
Adibidea: Ume batek anaiari jostailuak uzten ez dizkionean, inguruko guztiak berarekin haserretzen badira, anaiari jostailuak utzi behar dizkiola konturatuko da eta arau orokor hori barneratuko du.
Bigarren Mailako Sozializazioa
Bigarren mailako sozializazioa: Prozesu honetan mundu instituzionalak barneratzen ditugu. Beste sozializazio eragile batzuk sartuko dira: lan-erakundeak, erakunde politikoak eta erlijio-erakundeak, esaterako. Zer gizarte esparrutan sartu nahi duen erabaki ahal izango du, eta esparru horren arauak bereganatuko ditu. Dena den, kontuan izan behar da erabaki horrek mugak badituela. Gizarte elkarreraginak ez du hainbesteko garrantzia afektibitatearen aldetik, eta gizarte-rolak nahiko anonimoak izaten dira. Ezaupideak ia berez barneratzen ditugu; teknika pedagogiko berezi eta konplexuen bidez indartu behar izaten dira. Hazkuntza krisiak izaten dira maiz lehen sozializazioaren amaieran, umeak argi ikusten baitu bere gurasoena ez dela mundu bakarra, eta horrek arazoak sortzen dizkio bere koherentzian eta identifikazioan. Hala ere, oso krisi bortitza izan beharko litzateke haurtzaroan barneratutako errealitatea zapuzteko.