Kristalak eta Kristaltzea: Prozesu Naturalak eta Adibideak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 2,74 KB
Kristalak eta Kristal-Habitua
Kristal bat naturan forma poliedrikoarekin agertzen den mineral bat da. Forma hori mineralaren kristal-egituraren adierazgarria izan ohi da. Aurkitzen ditugun mineral asko kristalak dira.
Kristal habitua kristal baten forma geometrikoa da. Mineral batzuk ia beti kristal-habitu berean agertzen dira, beste batzuk, berriz, eratzen diren lekuaren eta moduaren arabera alda dezakete habitua.
Kristaltzea
Kristaltzea mineral baten kristalak eratzeko prozesuari deritzo. Kristala eratzeko, kristal-sarea osatzen duten ioien, atomoen eta molekulen arteko loturak sortu behar dituzte. Presio eta tenperatura baldintza zehatz batzuetan gertatzen diren prozesu naturalen bitartez gertatzen da. Eratzen ari diren kristalek hazteko lekua, apurtzea saihesteko atsedena eta elkarretaratzeak gertatzeko denbora behar dute. Baldintza egokiak daudenean, prozesua martxan jartzen da. Bi fase ditu:
- Nukleazioa: Kristala nukleo izeneko hasierako egitura ñimiñoetan eratzen hasten da.
- Hazkundea: Hasierako nukleoaren gainean osagarri gehiago eransten datza. Elementu horiek kristalaren aurpegiak eratzeko lerro paraleloetan kokatzen dira eta lerro horiek, era berean, plano erretikularrak osatzen dituzte, azkenean kristalaren aurpegiak eratzeko.
Kristaltze-Prozesu Naturalak
Lau prozesu nagusi daude:
Magmak Gogortzea
Magmak lurrazalaren edo mantuaren barnean sortzen diren harri urtuko masa goriak dira. Ingurune likidoa osatzen dute eta mineralen osagaiek aske zirkulatzen dute. Magma hozten denean, elementuok kristal-sareetan elkarretaratzen dira, hainbat mineraletako kristal solidoak eratzeko. Magma gogortu egiten da eta hari magmatikoen mineralak eratzen dira.
Substantzia Disolbatuen Prezipitazioa
Azaleko edo lurpeko uretan disolbatutako substantzien ioiak elkarren artean lotu eta kristalak era ditzakete, disoluzioaren baldintza fisikokimikoak aldatzen direnean. Horrela, harri sedimentario batzuen mineralak eratzen dira.
Sublimazioa
Fumarola bolkaniko batzuen irteera-zuloetan gertatzen da. Izan ere, gas-jarioen molekulak kristal-egitura solidoetan elkarretaratzen dira.
Birkristaltzea
Prozesu hori egoera solidoan ematen da, kristal-egitura ezegonkortzen duten aldaketa fisikokimikoen eraginez, dagoeneko sortuta dauden kristalak aldatzen direnean. Ondorioz, osagai batzuk askatu egiten dira, ingurunean agertzen diren beste elementu batzuekin batera, sarearen beste leku batzuetan elkartzen dira. Mineral desberdinak eratzen dira, baldintza berrietarako kristal-egitura egonkorragoekin. Harkaitz metamorfikoetako mineralak dira adibide aproposak.