Korronte Elektrikoen Arteko Indarrak eta Amperearen Definizioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Física
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,22 KB
Korronte elektrikoen arteko indarren zergatia
Badakigu mugitzen ari den karga batek eremu magnetiko bat sortzen duela, kargaren balioaren, abiaduraren eta distantziaren menpekoa dena. Korronte elektriko batek ere eremu magnetiko bat sortzen du, korrontea higitzen ari diren karga elektrikoen multzoa baita.
Bestetik, eremu magnetiko batek, higitzen ari den beste karga baten gainean indar jakin bat eragiten du, Fm, Lorentzen indarra deiturikoa:
Fm = q(v × B)
(Indar horren norabidea eta noranzkoa eskuineko eskuaren arauaren bidez zehazten dira: F, B eta V). Eremu magnetikoaren barruan korronte-elementu bat dagoenean, eremuak indar magnetikoa eragiten dio korronteari, higitzen ari diren karga-multzoa baita korronte hori. Garapen matematikoa honako hau da:
- Fm = q(v × B)
- Fm = I · t(v × B)
- Fm = I(v · t × B)
- Fm = I(L × B)
Korronte paraleloen edo antiparaleloen arteko indarrak
Noranzko bereko bi korronte daudenean erakarpen-indarrak sortzen dira, eta aurkako noranzko bi korronte daudenean, aldiz, aldarapen-indarrak. Demagun bi hari eroale, paralelo eta infinitu dauzkagula, d distantziara jarrita. 1. korronteak eremu magnetiko hau sortzen du bigarrena dagoen tokian:
B1 = μ0 · I1 / (2π · d)
B1-ek 2. eroalearen gainean F12 indarra eragiten du. Bigarren eroalearekiko indarra honela kalkulatzen da:
F12 = μ0 · I1 · I2 · L / (2π · d)
Modu berean, 2. korronteak eremu magnetiko bat sortzen du lehenengoa dagoen lekuan eta, ondorioz, 1. eroalearen gainean indar batek eragiten du, F21. F21-en modulua eta norabidea F12-ren berdinak dira, baina bere noranzkoa aurkakoa da, akzio-erreakzio indarrak direlako.
Eroaleek luzera-unitateko jasaten duten indarra kalkulatzeko, aurreko adierazpenean F/L egitea baino ez dago, eta hauxe da emaitza:
F/L = μ0 · I1 · I2 / (2π · d)
Amperearen definizioa
Amperea korronte-intentsitatearen unitatea da Nazioarteko Sisteman (SI). Amperea definitzeko korronteen arteko indarra erabiltzen da. Aurreko ekuazioan, intentsitate biak (I1 eta I2) 1 Amperekoak badira, korronteen arteko distantzia (d) metro 1ekoa eta luzera ere (L) metro 1ekoa, korronteen arteko indarra 2 · 10-7 N da.
Hortaz, amperearen definizioa hauxe da: hutsean eta metro bateko distantziara dauden bi eroale zuzen, paralelo eta mugagabetatik zirkulatzen ari den korronte-intentsitatea ampere batekoa da, baldin eta luzera-metro bakoitzeko erakarpen edo aldarapen indarra 2 · 10-7 N-koa bada.