Konstituzio Auzitegiaren Ebazpenak, Legeak eta Administrazio Prozedurak: Gida Osoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Derecho
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,86 KB
1. Konstituzio Auzitegiaren Ebazpenen "Ex Tunc" Efektu Kaltegarriak Saihesteko Soluzio Juridikoak
Konstituzio Auzitegiaren (KA) ebazpenek "gauza epaituaren" efektua sortzen dute, eta arauaren deuseztapena ekartzen dute "ex tunc" efektuekin, indarrean sartu zenetik. Soluzio juridiko gisa, KAk, araua konstituzio-kontrakotzat jo beharrean, arau horren beste interpretazio bat egin dezake. KA-k "ex nunc" efektua aplikatu du batzuetan bere ebazpenetan. Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren (KALO) 40. artikuluak muga ezartzen dio "ex tunc" efektuari: ezin dira berrikusi "gauza epaitua" duten ebazpenak, nahiz eta konstituzio-kontrakotzat jo den lege-indar hori aplikatu bazen ere.
2. Lege Organikoen eta Arrunt Arteko Harremanak Arautzen Dituzten Printzipioak
Lege organikoen eta lege arrunten arteko harremanak eskuduntza printzipioak arautzen ditu. Lege organikoek gai batzuk arautzen dituzte, eta horiek soilik arautu ditzakete (ezin dute beste gairik arautu). Beste gairen bat arautuko balu, lege organikoak ez luke lege organiko indarrik edukiko, lege arruntaren indarra baizik. Biak maila hierarkiko berean daude, baina lege arruntak ezin du lege organikoa aldatu edo indargabetu, eta zenbait materia erreserbatzen zaizkio lege organikoari.
3. Oinarrizko Legeak eta Harmonizazio Legeak: Desberdintasunak
- Oinarrizko Legeak: Estatuak gai baten inguruan arautzen dituen printzipio orokorrak dira, Estatu osoan. Oinarrizko legeetan, autonomia erkidegoek (AE) dute eremu baten garapena egiteko eskumena.
- Harmonizazio Legeak: Estatuak, autonomia erkidegoek dituzten eskumenen barnean, arautzen dituen printzipio komunak dira, autonomia erkidegoen araudien kontraesanak ekiditeko. Estatuak bereganatzen ditu autonomia erkidegoen eskumenak, estatu osoan printzipio batzuk homogeneizatzeko asmoz. Estatuaren esku egongo da legeak ematea autonomia erkidegoen arau-xedapenak harmonizatzeko behar diren printzipioak ezartzeko, are eskumena erkidegoei esleitutako gaietan, interes orokorrak hala eskatzen duenean. Gorte Nagusiei dagokie, ganbera bakoitzeko gehiengo absolutuz, premia hori hautematea.
4. Ahalmen Erregelamendugilea Estatuko Gobernuan
Gobernuak, presidenteak (errege dekretuak), Ministro Kontseiluak (errege dekretuak), ministroek (beren saileko aginduak) eta idazkari eta zuzendariek (instrukzio, zirkular edo ebazpenak) arautzen dituzte erregelamenduak.
5. Erregelamendu Motak eta Adibideak
- Erregelamendu Exekutiboak: Lege baten printzipio orokorrak eta eduki garrantzitsuena garatzen dituena. Adibidez: Datuak Babesteko Erregelamendua.
- Erregelamendu Independenteak: Administrazioak bere barne egitura arautzeko eta antolatzeko erabiltzen duena. Adibidez: Toki Administrazioaren antolakuntza, funtzionamendu eta erregimen juridikoa onartzen duen erregelamendua.
- Beharrezko Erregelamenduak: Egoera berezi eta larrietan onartzen direnak. Adibidez: Alkateak lurrikarak gertatuz gero, horiek onartzeko eskumena du.
- Erregelamendu Autonomoak: Erkidego autonomoek, autonomia bermatzen dien organoen bidez, onartzen dituztenak dira, eremu zabala dute eskumenen barnean arauak onartzeko. Adibidez: Unibertsitateko Estatutuak onartzen dituen erregelamendua.
6. Lege-Kontrakotasun Auzia
Administrazioarekiko auzitegiko epaile batek ekintza bat deuseza dela deklaratzen badu zeharkako helegitearen bidez, eta ez badu eskumena erregelamenduaren deuseztasuna deklaratzeko, auto baten bidez auzitegi eskudunera igorri behar du. Eskumena badu, ez du auzia planteatu behar. Adibidez: Bilboko administrazioarekiko auzitegi batek, lege-biltzarrak onartutako erregelamendu bat deuseztatzeko, EAEko Justizia Auzitegi Nagusira helarazi behar dio erregelamendua baliogabetzeko ebazpena.
7. Ahalmen Arautua eta Diskrezionala: Desberdintasunak eta Adibideak
- Ahalmen Arautua: Administrazio Publikoak (AP) automatikoki legeak adierazten dion moduan jokatzen du. Epai normatiboa da, subsuzio bat eginik, eta kasu konkretuan arauak ezartzen duen ustezko gertakariari ondorio juridikoa ezarriko dio. Adibidez: Zuzenbidea ikasi nahi duenak, legeak ezarritako eskakizunak betetzen baditu, APk modu bakarrean joka dezake.
- Ahalmen Diskrezionala: APk, legearen eremuan, irtenbide edo konponbide desberdinen artean, hautaketa bat egiten du irizpide ez-juridikoak kontuan hartuz, hau da, irizpide ekonomikoak, teknikoak edo politikoak kontuan hartuta. Ez da epai normatiboa, epai bolitiboa baizik; baloraziozkoa. Adibidez: Ingurumen inpaktuaren deklarazioa onartu ala ez.
- Zehaztu Gabeko Kontzeptu Juridikoak: Administrazio Publikoko arau bateko zehaztugabeko gertakizun bat gertatu den edo ez erabakitzen du. Adibidez: Ohiz kanpoko larrialdia edo beharrizan publikoa.
Desberdintasunak: Zehaztu gabeko kontzeptu juridikoetan ez da konponbide batzuen artean hautaketa bat ematen; zehaztu gabeko gertakizun bat gertatu den edo ez zehaztu behar du. Ahalmen diskrezionalean, APk eginkizun bolitibo bat egiten du. Zehaztu gabeko kontzeptu juridikoetan, eginkizun kognitiboa da, egiaztapen ideian oinarritua. Praktikan, Auzitegi Gorenak ebatzi du zehaztu gabeko kontzeptu juridikoetan APk ere baduela apreziazio-marjina erabakiak hartzeko, ahalmen diskrezionalean bezala.
8. Noiz Erortzen da Ahalmen Diskrezionala Botere Desbideraketan?
AParen arauek ezarritako helburua lortu behar dute; bestela, AP botere desbideraketan erori daiteke. Hau gertatuko da interes partikularrak edo interes publiko ezberdinak lortu nahi direnean.
9. Ahalmen Diskrezionala Kontrolatzen Duten Muga Formalak
Administrazio diskrezionala kontrolatzen duten hiru muga formalak hauek dira:
- APk eskumena eduki behar du, eta legeak ezarritako prozedura jarraitu behar du. Jurisprudentziak ebatzi du eskumena duten organoek nahiko bermeak izan behar dituztela.
- Erabakiek kasuko elementu garrantzitsu guztiak hartu behar dituzte kontuan, eta audientzia eta partizipazioaren izapidetzak eman behar dira.
- Organo administratiboak hartu duen erabakia arrazoitu egin behar du, azalduz. Hau gardentasun printzipioaren oinarrizko manifestazioa da.
10. Bide Administratiboa Agortzen Duten Bost Egintza Administratiboak
Lege Orokorrak:
- Gora jotzeko errekurtsoen ebazpenak.
- Aurkaratzea, erreklamazioa, adiskidetzea, bitartekotza eta arbitrajearen ebazpenak.
- Hierarkian goragorik ez duten administrazio organoen ebazpenak.
- Prozedura amaitzekotzat jotzen diren akordio, itun, hitzarmen edo kontratuak.
- Ondare erantzukizuneko prozedurako ebazpenak.
Lege Konkretuak:
- Estatuari dagokionez:
- Gobernuko kide eta organoen administrazio egintzak.
- Ministroek eta estatu idazkariek beren ardurapeko organoei esleitutako eskumenak baliatzean egindakoak.
- Zuzendari nagusiaren maila edo goragokoa duten zuzendaritza organoek pertsonalaren arloan dituzten eskumenekin loturik emandakoak.
- Autonomia erkidegoari dagokionez: Beren antolamendu legeak ikusi beharko dira. EAEn ez dago horrelako legerik.
- Toki administrazioari dagokionez: Ohiko bilkuraren, alkatearen eta gobernu batzordeko ebazpenak, edo organo edo entitate azpiko ebazpenak, alkatearen, presidentearen edo beste organo baten delegazioz egin badira, eta horiek bidea agortzen badute.
Gora jotzeko errekurtsoa jarri behar da beti (hilabete bat) bidea agortzeko, eta horrela, administrazioarekiko auzietan helegitea jartzeko gero.
11. "In Aliunde" Arrazoiketa eta Kasu Espezifikoak
Arrazoiketa, legeak dioenez, "laburra" izango da, baina ez eskasa; ebazpenaren oinarri juridikoak zehaztu beharko dira. Praktikan, betekizun hau ez da beti betetzen, batez ere administrazioaren erabakia txostenetan oinarritzen denean. Kasu horietan, gai teknikoak direnean, arrazoiketa oso laburra da, soilik txostenetara igorriz. Arrazoiketa "in aliunde" deitzen zaio. Antzekoa gertatzen da lehia-konkurrentziako prozeduretan; arrazoiketa prozedura arautzen duten oinarrietara igorriz egiten da, oinarri horietan zehazten baita ebaluaketa sistema. Adibidez: Oposaketak.
12. Prozedura Administratibo Bereziak Legedia Espezifikoarekin (39/2015 Legea)
- Estatuak: 39/2015 Legeak edozein prozedura administratibok jarraitu behar dituen funtsezko elementuak zehazten ditu.
- Autonomia Erkidegoak: Beren eskumenen esparruan eta 39/2015eko eskakizunak errespetatuz, prozedurak arautu ditzakete (adibidez, hirigintza planak).
Prozesu berezi batzuek beren legedia espezifikoari jarraituko diote eta, osagarria denean, 39/2015 Legea aplikatuko da. Honako hauek arautzen dira:
- Atzerritartasun eta asilo gaietako jarduketak eta prozedurak.
- Tributu eta aduanetako gaietako prozedurak.
- Gizarte Segurantzaren eta langabeziaren prozedurak.
- Aduana, tributu, trafiko, atzerritartasun eta lan arloko zehapen prozedurak.
13. Noiz Iraungiko da Prozedura Interesatuaren Aldetik? Eskakizunak
Objektua: Interesatuak hasitako prozeduretan, honen ez-egiteak ebazpena onartzeko "funtsezko" izapideak aurrera eramatea ezinezkoa bada, iraungitzearen mekanismoa sartuko da. Ez da era automatikoan gauzatzen.
Eskakizunak: Administrazio Publikoak abisu bat egin behar dio interesdunari ez-egitea zuzentzeko, eta eskatzen zaiona egiteko hiru hilabeteko epean. Epe hori igarotzen bada, eta interesdunak ez badio errekerimenduari jaramonik egin, prozedura iraungi egingo da.
14. Administrazio Errekurtsoen Erregimen Juridikoa
- Gora Jotzeko Errekurtsoa:
- Aurkaratze objektua: Bide administratiboa agortzen ez duten egintza administratiboak.
- Ebazten duen organoa: Egintza eman zuen organoaren hierarkian goragoko mailan dagoen organoa.
- Epea: Hilabete bat, egintza jakinarazi zenetik.
- Berraztertze Errekurtsoa:
- Aurkaratze objektua: Bide administratiboa agortzen duten egintza administratiboak.
- Ebazten duen organoa: Egintza eman zuen organo bera.
- Epea: Hilabete bat, egintza jakinarazi zenetik.
- Administrazioarekiko Auzitegien Helegitea:
- Aurkaratze objektua: Bide administratiboa agortzen duten egintza administratiboak.
- Ebazten duen organoa: Administrazioarekiko Auzitegiak.
- Epea: Bi hilabete, egintza jakinarazi zenetik.
Berraztertze errekurtsoa eta administrazioarekiko auzitegien helegitea ezin dira biak batera tartekatu. Administrazioarekiko auzitegien helegitea baino lehenago jarri behar da berraztertze errekurtsoa, edo zuzenean administrazioarekiko auzitegira jo, adibidez, berraztertzeko helegitearen epea pasatu delako. Berraztertze errekurtsoa jarriz gero, hau ebazterakoan, administrazioarekiko auzitegien helegitea jarri ahalko da.
Noiz hasten da zenbaketa? (Dies a quo): Epeak egunetan, hilabeteetan eta urteetan zenbatzen direnean, hasiera-data zehazteko kontuan hartuko den data izango da interesdunari egintza jakinarazi edo argitaratzen zaion egunaren hurrengo eguna (biharamuna). Egun baliodunak bakarrik zenbatu behar dira (kanpoan geratzen dira igandeak, larunbatak eta jaiegunak).
Noiz bukatzen da zenbaketa? (Dies a quem): Epeak egunetan zenbatzen badira, egunak zenbatzearekin nahikoa da. Baina epeak hilabete edo urteetan ezartzen badira, epea datatik datara kontatuko da. Hilabeteetan zehazterakoan, agortzen den hilabetean "dies a quem" baliokiderik ez balego, epea hilabeteko azken egunean amaituko litzatekeela ulertuko da. Eta epearen azken eguna egun baliogabea bada, hurrengo egun baliodunera luzatuko da epea.