Komunikazio-gaitasunak eta eleaniztasuna hezkuntzan

Enviado por Chuletator online y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 9,12 KB

Komunikazio-gaitasunaren osagaiak

Gaitasun linguistikoa, soziolinguistikoa eta pragmatikoa

Hizkuntza-gaitasunaren barruan, honako hauek bereizten dira:

  • Lexikoa
  • Gramatika
  • Semantika
  • Fonologia
  • Ortografia eta ortoepia

Ezaugarri hauen bitartez, hitzak nola ahoskatu, irakurri eta idatzi behar diren zehazten da, hau da, mezu esanguratsuak eta ondo eratuak sortzeko gaitasuna garatzen da, gramatikalki zuzen jardunez.

Bestalde, gaitasun soziolinguistikoa testuinguruari egokitzeko gaitasuna da. Honen barnean, honako hauek bereizten dira:

  • Gizarte-harremanen adierazle linguistikoak
  • Adeitasun-arauak
  • Herri-jakintzaren adierazpenak
  • Erregistro-desberdintasunak
  • Dialektoa eta azentua

Adibidez, dialekto batean hitz egiten duenak testuinguru bakoitzean hizkuntza egokia erabiltzen jakin beharko luke, testuingurura egokitzeko gaitasuna izan behar du. Izan ere, ez da berdina irakasle edo mediku bati hitz egitea (hizkera formala) edo lagun taldeari hitz egitea (hizkera informala).

Azkenik, gaitasun pragmatikoak komunikazio-trukeen erabilera funtzionalekin du zerikusia, hau da, diskurtsoa menderatzearekin, kohesioarekin eta koherentziarekin. Gaitasun honek, diskurtso-gaitasuna eta gaitasun funtzionala hartzen ditu bere gain:

  • Diskurtso-gaitasuna: mezuak antolatzeko, egituratzeko eta ordenatzeko.
  • Gaitasun funtzionala: mezu horiek erabiltzeko.

Hau lantzeko, elkarrizketak edota hitzaldiak erabili daitezke ikasleen artean, gelako interakzio mota aldatuz eta ikasleak ikasketa prozesuko protagonistak bihurtuz. Modu horretan, hitz egitera ohituko dira eta haien burua solaskide gisa identifikatuko dute.

Diskurtso-gaitasuna

Komunikazio-gaitasuna garatzean aipatzen den “diskurtso-gaitasuna” osagaiarekin, hizkuntza-zati koherenteak eratzeko ahalmenari egiten zaio erreferentzia Europako Erreferentzia Marko Bateratuan. Osagai hau gaitasun pragmatikoaren barnean aurkitzen da, gaitasun funtzionalarekin batera.

Diskurtso-gaitasuna mezuak antolatzeko, egituratzeko eta ordenatzeko balio duen gaitasuna da. Gaitasun horrek bere baitan hartzen ditu esaldien antolaketaren ezagutza eta antolaketa hori erabiltzen jakitea. Hala nola:

  • Galdegaia eta mintzagaia
  • Zaharra eta berria
  • Kausa-efektua
  • Gaia antolatzea
  • Kohesioa eta koherentzia
  • Ordena logikoa, erregistroa, erretorika, etab.

Osagai honen barnean testu-diseinua ere badago (nola deskribatzen den, nolako forma duten narrazioek, azalpenek, etab.).

Gainera, diskurtso-gaitasuna ebaluatzeko lau irizpide aipatzen dira:

  1. Malgutasuna egoera desberdinen arabera.
  2. Hitz egiteko txandak kudeatzea.
  3. Gaia garatzeko gaitasuna.
  4. Sortzen dituen ahozko eta idatzizko testuen kohesioa eta koherentzia.

Gaitasun hauek guztiek erlazio zuzena mantentzen dute; izan ere, komunikazio-asmoak gauzatzeko, hizkuntzaren ikasle edo erabiltzaileek beren trebetasun orokorrak baliatzen dituzte, hizkuntzarekin estuago loturiko komunikazio-gaitasunarekin batera. Komunikazio-gaitasuna ondo burutu ahal izateko, osagai guztien arteko oreka egotea ezinbestekoa da.

Lehen hizkuntza elebidunaren testuinguruan

Lehen hizkuntza hiztunak bere burua identifikatzeko erabiltzen duen hizkuntza da (gehien sentitzen duena). Harreman garrantzitsu gehienak hizkuntza horren bidez gauzatzen dira, erabiltzaileak gehien ezagutzen duen hizkuntza baita, pentsatzeko eta irudikapen mentalerako erabiltzen duena.

Sarritan, ama-hizkuntzaren sinonimotzat hartzen da, edo bigarren hizkuntza batekin kontrastean jarrita identifikatzen da.

Elebidunaren lehen hizkuntzak honako ezaugarri hauek ditu:

  • Hiztuna harekin identifikatzen da (“berarena” sentitzen duena).
  • Harreman nagusiak hizkuntza horretan mantentzen ditu, gehien erabiltzen duena baita.
  • Hobekien dakiena.
  • Pentsatzeko eta irudikatzeko erabiltzen duena.
  • Normalean, lehenbiziko ikasia (baina ez beti).
  • Gainerakoek jatorrizko hiztun gisa identifikatzen dute.

Pertsona baten elebitasuna ingurunearen eta erabileraren eraginpean dago. Horregatik, elebidunen hizkuntza-ezagutza ez da egonkorra, aldatu egin daiteke beren hizkuntzen benetako erabileraren arabera. Beraz, bai, elebidunaren lehen hizkuntza alda daiteke. Adibidez, txikia zarenean etxean hizkuntza jakin bat irakatsi dizute eta hori duzu lehen hizkuntza gisa. Baina nagusitzean, testuinguruz aldatzean edo beste herrialde batera bizitzera joatean, aldatu egin daiteke, lana, lagunak, etab. direla eta. Beraz, aldakorra da.

Hizkuntza-mailak eskolan: akademikoa eta solas-mailakoa

Eskolan edozein mezu helarazteko hizkuntzaren beharra dago. Testuinguru ezberdinek erregistro linguistiko espezifikoak eskatzen dituzte. Cummins-ek dioen bezala, eskolan hizkuntza erabiltzen da gehien orotariko mezuak helarazteko, eta elebitasun-egoeretan, gehienetan, ikasle batzuk motelago ibiliko dira hizkuntza batean beste batean baino. Beraz, arreta handiagoa jarri behar da.

Maila akademikoa

Maila akademikoko gaitasuna kontzeptuen ezagupenarekin bat dator. Honako hauek osatzen dute:

  • Aspektu kognitiboak
  • Aspektu linguistikoak
  • Aspektu metalinguistikoak

Hauek hiztunari testuinguruaz kanpoko informazioa eta hizkuntza prozesatzeko ahalmena ematen diote. Maila akademikoan gora egin ahala, ikasleek gero eta trebetasun handiagoa dute kontzeptu abstraktuak ulertzeko eta haiekin jarduteko. Gainera, hiztunak alderdi batzuk ia automatizatzen ditu eta beste batzuk, aldiz, ikasten jarraitzen du, lexikoa batik bat.

Solas-mailako hizkera

Solas-mailako hizkera gaitasun komunikatiboarekin erlazionatuta dago. Ahoskera, lexikoa eta gramatika bezalako elementuek osatzen dute, eta horien bitartez hiztunak testuinguru barneko adierazpena eta ulermena lortuko du. Hezkuntzaren ikuspuntutik, gaitasun komunikatiboa beharrezkoa da, baina ez du arrakasta akademikoa bermatzen.

Oso garrantzitsua da eskolak testuingurua kontuan izatea. Hizkuntza bizipen konkretu batean garatzen da, horregatik eskolak egoera ezberdinak bilatu beharko ditu ikasleek erregistro mota guztiak ikasi ahal izateko. Egoera komunikatiboa agertzen ez bada, hizkuntzaren funtziorik ez dago, eta, beraz, balio gutxiko ekoizpena sortuko dugu.

Hezkuntza-planteamenduak aldatzen dituzten faktoreak

Faktore soziolinguistikoak

Faktore soziolinguistikoek gizarteari eta hizkuntzari egiten diete erreferentzia, hau da, eskoletan zein hizkuntza erabiltzen diren, zein panorama dagoen, etab. Hori ikusita, faktore soziolinguistikoak aldatzen ari direla ikus dezakegu. Faktore soziolinguistiko honek hainbat ezaugarri ditu:

  • Immigrazioa: Lehen soilik euskara eta gaztelania zeuden eskolan, baina orain kanpotarrak datoz eta hauek hizkuntza berriak ekartzen dituzte. Lehen etortzen zirenek gaztelania zuten hizkuntza nagusia, baina orain munduko edozein herrialdetatik datoz eta hizkuntza ugari aurki ditzakegu. Beraz, hezkuntza-sistemak egoera honi erantzun behar dio, hizkuntza horiei arreta jarriz, zainduz eta irtenbideak bilatuz.
  • Itxaropen berriak: Duela 50 urte inor gutxi arduratzen zen ingelesa jakiteaz. Ikasgairen bat egiten zen ingelesez edo frantsesez, baina ez zegoen gaur egun dagoen kezka hori. Gaur egun inork ez du eztabaidatzen atzerriko hizkuntza ikastea, orokortu egin da.
  • Lingua franca(k): Gaur egun ingelesa da lingua franca nagusia eta gero eta presentzia handiagoa du. Edonork ikasten du gaur ingelesa, beharrezkoa dela esan dezakegu. Honek eskolari presio bat sartzen dio, lehen egiten ez zena.
  • Hizkuntza ofizial gutxitua: Euskarari dagokionez, oraindik gaur egun ere emaitzak hobetu daitezke. Gaztelaniazko emaitzak hobeak dira euskarazkoak baino. Honek Euskararen irakaskuntzan hobetzen jarraitzea eskatzen du.

Eskolako aldaketa eragiten duten faktoreak

Eskoletan planteamendu-aldaketara eragiten duten faktoreak hauek dira:

Gizartearen ezaugarrien aldaketa

  1. Faktore soziolinguistikoa: Immigrazio fenomenoa dela eta, eskolak tratamendua ematen die etortzen diren etorkinei.
  2. Faktore teknologikoa: Hizkuntzaren erabilera berriak (ahozko erabileratik hurbilago).
  3. Faktore psikolinguistikoa: Hizkuntza erabiltzen ikastea eta hiztun eleaniztunari buruzko uste berriak.

Eleaniztasuna eta nazioarteko harremanak

  • Lingua franca(k).
  • Eleaniztasuna eta kulturarteko konpetentziak/gaitasunak. Ez da soilik hizkuntza kontua, baita kultura kontua ere.

Eleaniztasuna eta Hezkuntza Sistema (Euskal Herriko ekimenak)

  1. Gobernuaren ekimena: Eleaniztasuna, euskara izanik ardatz (2015eko Dekretua).
  2. Ekimen pribatuak: Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, etab.

Eleaniztasuna eta hizkuntzak ikas-irakasteko metodologiak

  • Oinarrizko printzipio metodologiko batzuk.

Entradas relacionadas: