Komunikazio-ekintzaren elementuak eta hizkuntzaren funtzioak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Informática y Telecomunicaciones
Escrito el en
vasco con un tamaño de 3,61 KB
Komunikazio-ekintzaren elementuak
Komunikazio-ekintzan zazpi elementuk hartzen dute parte:
- Igorlea: Mezua bidaltzen duena da. Gizaki, talde, animalia edo tresna bat izan daiteke.
- Hartzailea: Mezua jasotzen duen gizakia, taldea, animalia edo tresna (ordenagailua, adibidez) izan daiteke. Komunikazioa igorlearen desioz edo beharrez hasten da. Hartzailearengan eragiteko, igorleak erabakitzen du modua. Hartzailea ez da elementu pasiboa, baizik eta prozesuan modu aktiboz parte hartzen duen subjektua; mezua deskodetzeaz gain, igorlearen asmoak analizatu behar ditu.
- Mezua: Komunikaldi bakoitzeko edukia da; igorleak hartzaileari esaten diona.
- Bidea (Kanala): Igorleak hartzaileari mezua nola, zer bidez bidaltzen dion zehazten du: hitzez, idatziz, keinuz, morsez, ikus-entzunezko komunikabidez... Mezuak aldatu egiten dira darabilgun komunikabidearen arabera. Publizitate-iragarki bat, esaterako, aldatu egiten da, bai formaz bai edukiz, telebistan, irratian edo euskarri grafikoan den.
- Kodea: Mezuak bidaltzeko erabiltzen dugun zeinuen eta arauen bilduma da. Harremanik izango bada, biek ezagutu behar dute kode edo sistema hori. Liburu honetan darabilgun kodea euskara da.
- Erreferentea: Mezuak erreferentzia egiten dion errealitateko objektu, gertaera, sentimendu, kontzeptu edo dena delakoa da. *Zeri buruz ari garen.*
- Ingurua (Testuingurua): Beste elementu guztiak biltzen dituen osagaia da. Zeinu berak oso mezu ezberdina izan dezake testuingurua aldatzen bada, komunikazio-egoera aldatzen bada.
Zazpi elementu horiek gorabehera, elkar ulertzea ez da beti hain erraza.
Elkartruke komunikatiboa izateko baldintzak
- Komunikazio borondatea izatea.
- Mezua galaraziko duen zaratarik ez egotea. Kanaleko traba edo eragozpen orori deitzen zaio zarata.
- Mezua galaraziko duten neke, urduritasun, nahigabe, konfiantzarik eza eta antzeko oztopo psikologikorik ez egotea.
Hizkuntzaren Funtzioak
Hizkuntzaren egitekoa zein den aztertuko dugu:
1. Funtzio Aipatzailea (Erreferentziala)
Igorleak hartzaileari gauzak errealitatean nola gertatzen diren edo nolakoak diren esatea. Subjektibotasunik eta balorazio-zamatik libre da. Hizkuntzaren funtzio garrantzitsuena da.
2. Funtzio Hunkitzailea (Esprimintzailea)
Hizkuntza igorlearen barne-egoeraren ispilu gertatzen denean sumatzen da. Edozein gauza esaten dugula ere, ia beti han agertzen da gure barruko sentipena. Lehen pertsona erabiltzen da sarritan eta igorlearen barne-egoera argi ikusten da. *Adibidez: "Hau poza!"*
3. Funtzio Deitzailea (Konatiboa)
Hartzailea hartzen du kontuan, hura zerbait egitera bultzatzeko, konbentzitzeko. Bigarren pertsona erabiltzen da asko. *Adibidez: "Aizu, egizu hori!"* Publizitate-hizkuntzan funtzio hau da beti nagusi.
4. Funtzio Fatikoa
Igorlearen eta hartzailearen arteko kontaktuari dagokio. Funtzio hau betetzen du hizkuntzak komunikazioaren harreman hori iraunarazten, egiaztatzen edo indartzen denean. *Adibidez: "Eta, zer moduz? Ulertzen duzu, ez?"*
5. Funtzio Metalinguistikoa
Kodeari begiratzen dio. Hizkuntzaren zeinuak eta arauak bideratu nahi ditu. *Adibidez: "Ez da horrela esaten".*
6. Funtzio Poetikoa
Mezua du ardura nagusia, mezua igortzeko era (forma). Literatura guztia funtzio honetan oinarritzen da.
Oharra
Hizkuntzak funtzio bat bakarra bete badezake ere (funtzio erreferentziala), euskara eskuarrena zenbait funtzio batera betetzea da.