Kexak: Txakur Gorotzak, Etxebizitza Alokairua eta Auto Akastuna

Enviado por María y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,37 KB

Kexak: Txakur Gorotzak, Etxebizitza Alokairua eta Auto Akastuna

Txakur Gorotzen Arazoa San Miguel Urbanizazioan

San Miguel urbanizazioko lehendakaria naiz, eta auzokoen izenean idazten dut. Eskutitz honen bidez, gure kexarik larriena adierazi nahi dizugu txakurren gorotzei buruz. Egoera honek gainditzen gaitu, eta jada nekatu gaude.

Algortako parke baten aurrean bizi gara, eta auzo honetako kaleak txukunak eta lasai paseatzeko egokiak izan dira orain arte. Lehen, egunero joaten ginen gure umeekin jolastera, edo gu bakarrik joaten ginen lasaitzera. Baina, orain, ezin gara joan, txakur-kakaz beteta daudelako. Ezin gara kaletik ibili batekin topatu gabe. Baina hori ez da dena; gainera, oso gaizki usaintzen du.

Hasieran nazkagarria zen, baina dagoeneko onartezina da. Ulertzen dugu animalien jabeak direla erantzule, baina, jasotzen ez dituztenez, pentsatzen dugu neurri gehiago hartu beharko liratekeela. Horregatik, eskatzen dizugu garbitasun-neurri gehiago ezartzea, zakarrontzi gehiago jartzea gune honetan, edo, are gehiago, jabeentzat isun gogorrak jartzea.

Azkenik, ez gaude prest gorotz artean bizitzeko. Gure pazientzia agortu da. Gure ustez, arazo hau oso garrantzitsua da gure osasunerako. Horregatik, espero dugu neurriak hartzea.

Eskerrik asko irakurtzen eman duzun denboragatik, eta espero dugu gure iritzia kontuan hartzea.

Kexa: Llaneseko Apartamentuaren Alokairu Desegokia

Jaun/Andre hori:

Ekainaren 1ean, Llaneseko urbanizazio batean dagoen apartamentu bat alokatu genuen zuen agentzian, abuztuaren lehen hamabostaldia bertan pasatzeko. Handik itzuli bezain laster, gutun hau idazten dizuet nire kexa adierazteko.

Lehenengo eta behin, apartamentuan sartu ginenean, dena zikin zegoela konturatu ginen, batez ere komuna eta sukaldea. Nahiz eta gure zeregina ez izan, hainbat ordu eman genituen horiek garbitzen, halako nazka ematen baitzuen!

Bigarren egunean, ekaitz baten ondoren, txundituta geratu ginen apartamentura itzultzean, logela bat urez beteta zegoela ikusita. Gezurra badirudi ere, itogin handi bat zegoen. Ondorioz, ohea erabat busti, eta ura logela osoan zabaldu zen. Beraz, gela ezin izan genuen erabili hurrengo bi egunetan, ohea erabat lehortu arte.

Baina hau nahikoa ez balitz, gure egonaldiaren azken bost egunetan, urbanizazioko igerilekua itxi egin zuten, ura garbitzeko sistema hondatu baitzen.

Gure kexak hango arduradunari behin eta berriz azaldu nizkion, baina inork ez zuen ezer egin.

Horrela bada, azaldu dizudan guztiagatik, ez zait iruditzen apartamentu bat alokatzeko modu egokia denik hau. Horregatik, eskertuko nuke gertatutakoari buruzko azalpen bat emango bazenidate. Ziur nago zuen enpresak jakingo duela guk izandako eragozpenak ordaintzen. Hala ez balitz, epaitegira jo beharrean egongo nintzateke.

Besterik gabe, agur.

Kexa: Renault Laguna Autoaren Akats Errepikakorrak

Zuzendari jaun/andrea:

Gutun honen bidez, nire kexa adierazi nahi dizut, ea zuk arazoa konpontzen laguntzen didazun.

Orain dela bi hilabete, zure etxeko auto bat erosi nuen, Renault Laguna bat, eta bi hilabete hauetan jadanik lau aldiz egon da konponketa-tailerrean.

Lehenengoan, konexio bat gaizki zegoela eta; bigarrenean, abio-motorra gaizki zegoela; eta hirugarren eta laugarrenean, berriz, ez zekiten zehazki zer gertatzen zen.

Egia da automobila hasieratik ez dela ondo ibili, eta nik uste dut Renault etxeak automobila aldatu behar didala, ez baitago ondo.

Tailerrekoek esan didatenez, konponbidea zuk eman behar didazu, eta horregatik idatzi dizut gutun hau. Ez dut kotxe honekin jarraitu nahi; ez dut batere konfiantzarik eta ziurtasunik. Beraz, zuk beste kotxe bat ematea nahi dut.

Horretaz gain, nik autoa behar dut bai lanera joateko, bai alde batetik bestera ibiltzeko; hau da, nire gauzak direla eta, ezin dut autorik gabe egon.

Espero dut egin behar duzuna egitea; bestela, beste neurri batzuk hartuko ditut. Alde batetik, hilabete barru auto berria edo erantzunik ez badut, Arartekoari gutun bat bidaliko diot. Eta, beste aldetik, Renault etxeari salaketa bat jarriko diot.

Nire eskaera kontuan hartuko duzulakoan, eta espero dudan erantzuna laster edukiko dudalakoan, agurtzen zaitut.

Entradas relacionadas: