Karl Marxen Pentsamendua: Alienazioa, Kapitalismoa eta Iraultza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 19,79 KB
Marxen Tesien Laburpena
- Ekoizpen-modu industriala handiegi bilakatu zaio burgesiari, eta gizarte-harremanak kaltetzen ditu. Izan ere, gutxi batzuek gehiengoarengan (langilegoarengan) izugarrizko alienazioa sortzen dute. Horregatik, kontraesan guztien gainetik eta iraultzaren bidez, klase bakarrak ekoiztutako nagusitasuna hartuko du: proletalgoaren diktadura deiturikoa.
- Ekoizpenean, azpiegituran eta gainegituran egoten diren kontraesanek aldaketa handiak sortzen dituzte esku-lanaren inguruan. Makinen hobekuntzari esker indar fisiko gutxiago behar denez, emakumeak lehenengo eta umeak ondoren soldatapeko berriak izango dira. Ondorioz, gizonezkoen langabezia eta soldaten jaitsiera gauzatuko dira, kapitalaren metaketa errazteko.
- Langilegoaren kontzientziari esker, klase-borroka areagotzen da: lehenengo, klase pribilegiatuaren kontra; ondoren, makinen kontra; eta, azkenik, beste estatuetako beste burges batzuen produktuen kontra, denek antzeko ekoizpenak egiten zituztelako. Ordurako, proletalgoak badaki Erdi Aroko bizi-baldintza material eta sozialak hobeak zirela, eta iraultza nahi du.
1. Marx: Biografia eta Testuinguru Historikoa
Marx XIX. mendearen lehen erdian jaio zen Alemanian, familia burges batean. Jatorri judukoa izan arren, ez zen erlijiosoa. Zuzenbide-ikasketak egin zituen eta Filosofiako unibertsitatean izena eman zuen, baina dezepzionatuta geratu zen. Marx humanista zen, pertsonen arteko berdintasun soziala bilatzen baitzuen. Haren ustez, gizakia animalia da, eta heziketaren bidez humanizatu behar da.
Marxek munduan zehar bidaiatu zuen, eta jazarria izan zen langileen kontzientzia eta esplotazioa salatzeagatik. Bi garai nagusi izan zituen:
- Garai iraultzailea: Londresen langileen egoera eta miseria ikusi zituenean.
- Garai espekulatiboa: Parisen harreman komunista eta sozialistak izan zituenean.
Garai hartan Engels, bere lankide eta laguna, ezagutu zuen. Hark ekonomikoki lagundu zion bere familia handia (12 seme-alaba) mantentzen eta Manifestu Komunista liburua argitaratzen. Idazkia langileek kontzientzia har zezaten argitaratu zen.
XIX. mendean Industria Iraultza sortu zen, burgesia nagusitu zen, liberalismoaren garaipena gertatu zen, AEBek independentzia lortu zuten eta Frantziako Iraultzaren beherakada egon zen, errepresioaren bidez. XIX. mendean gizarte industrializatua hasten da, eta mugimendu politiko, sozial eta intelektual asko sortzen dira Ingalaterran eta Frantzian (Lehen Internazionala).
XX. mendea iraultza sozial eta politikoen mendea izan zen. Antzinako Erregimenaren porrota gertatu zen eta sistema kapitalista nagusitu zen. Bestetik, esan behar da autoreak bere mezenas izan zen Engelsi zor ziola mantenu-arazoak bideratzea. Horrela bakarrik uler daiteke Kapitala liburuaren sorkuntza, Manifestu Komunista eta hainbat artikuluren emaitza. Hala ere, bere lan handienaren azken kapitulua, gutxienez, Engels adiskideari egozten zaio.
2. Alienazio Erlijiosoa Marxen Arabera
Alienazioa norberarena den zerbait inoren eskuetan uztean gertatzen da, norberaren burua saltzean, gauzatzat hartzean.
Marxek gizakiaren alienazio motak hiru multzotan banatzen ditu:
- Alienazio ekonomikoa: Bere ustez garrantzitsuena. Gizakiak bere lanaren kontrola galtzean gertatzen da.
- Alienazio filosofikoa: Filosofiak injustizia-egoerak justifikatzeko balio duela adierazten du Marxek, batzuk boterean egotea eta besteak ez justifikatzen duelako (neodarwinismo soziala).
- Alienazio erlijiosoa: Erlijioak fantasiazko mundu bat saltzen dio gizakiari mundu anker hau jasateko.
Marxek erlijioaren kritika egitean, erlijioa giza alienazio modu guztien eredutzat hartzen du, guztien premisa dela pentsatzen baitu. Gizakiak gure pentsamenduak erlijioaren eskuetan uztean, erlijioak norberaren ideiak kontrolatu ditu. Erlijioaren menpe egotean, gizakiaren bizitza penagarria justifikatuta geratzen da. Mundu errealetik fikziozko mundura eramaten gaitu erlijioak; mundua bikoizten du, bat baino ez dagoenean.
Marxen ustez, erlijioa "herriaren opioa" da, herriaren droga, klase gorenak (burgesiak) herria lasaitzeko eta engainatzeko erabiltzen duen tresna. Gizakiak pentsamenduak eta ideiak erlijioaren eskuetan uzten dituenean, ez dago giza garapenik; alderantziz, atzerapena edo inboluzioa gertatzen da.
3. Alienazio Ekonomikoa eta Kapitalismoa
Marxentzat, gizakia lana da; lana da bere esentzia, eta gizaki bakoitzak bere lana kontrolatu behar du. Kontrolatzen ez badu, alienatuta egongo da. Norbait baliatuko da horretaz, berak baino kontzientzia gehiago duen norbait.
Industria-garaian makinak sortzen dira, eta ekoizpen-sistema horretan (makinismoan) langileriaren indar fisikoa bakarrik erabiltzen da. Hori dela eta, gehiengoak ez du kontrolatzen lanaren zati kudeatzaile eta kritikoa. Beraz, esentzia galtzen du, ekoizpenean, gutxienez, pentsatzea, gauzatzea eta saltzea barne hartzen direlako.
Industrializazioaren aroan, gizakia alienatuta egongo da, ekoizten duena beste bati saltzean bere lana egiteko ahalmena helburu lukratibora mugatuko duelako. Langilea gauza bihurtzen da, deshumanizatua.
Jabetza pribatuan oinarritutako ekoizpen-sistemak eragiten du langileak ekoitzitakoak ez duela balio ekoizpen sozialerako, pertsona batzuen eskuetan bakarrik geratuko baita. Ekoizpen-sistemak menpekotasunezko harreman sozialak ahalbidetzen ditu bi egitura desberdinen bidez:
- Gainegitura: Non burgesiak, kapitalaren jabetzaz gain, nola ekoitzi erabakitzen duen.
- Azpiegitura: Non ekoizteko behar den guztia dagoen: lehengaiak, makinak, indar fisikoa (langileak) eta soldata.
Diruaren beharra arriskutsua da, giza harremanak harreman ekonomiko bihurtzen baititu. Marxek balioaren fetitxismoa nabarmentzen du. Dirua berez ez da alienazioa, baina balio ekonomikoak sor dezakeen gizarte-harremana bai. Ekoizpen-modu kapitalistak kapitala sortzen du, dirua metatzen du, eta hori kontrolatzeko ugazabaren eta langileen arteko gatazkak sortzen dira. Ondorioz, burgesiak fedea arlo ekonomikora eramango du, lege naturala eta trukea balitz bezala.
Marxek hainbat balio bereizten ditu:
- Erabilera-balioa: Beharrak asetzea helburu duena.
- Truke-balioa: Ekoizteko behar den lan-kopurua edo denbora.
- Plusbalioa edo gainbalioa: Merkatuan, eskaeraren eta eskaintzaren gorabeheraren arabera produktuak har dezakeen prezioa.
Azken hori kapitalismoaren oinarrian dago: burgesiak gero eta diru gehiago metatzea eta langileak bere lana gero eta diru gutxiagoren truke saltzea. Langileak bere lan-indarra saltzen du soldataren truke, eta merkantzia diru bihurtzen da; beraz, lanaren aipamena desagertu egiten da.
Makinak gero eta gehiago eta hobeak dira; hori dela eta, indar fisikoa, denbora, langileak eta soldatak gero eta baxuagoak dira. Langileak bere lanaren emaitza gero eta gutxiago kontrolatzen du, bere esentzia edo izatea galduz. Bitartean, haiek alienatuta dauden bitartean, burgesiak gero eta diru gehiago irabazten du makina berriekin.
Alienazioa da norbera besterentzea, bere esentzia den lanetik aldentzea, urruntzea.
Materialismo Ekonomikoa: Iraultza
Materialismo historikoa Marxek eta Engelsek sortutako abstrakzio edo kontzeptua da, gizartearen garapenaren eta aldaketen legeak ikertzen dituena. Historiaren ikuskera materialista bat da.
Hegel, XVIII. mendeko idealistak, munduaren beharrak ideiaren bitartez azaldu zituen. Hark dialektikaren metodoa deiturikoa erabiltzen zuen: munduan dauden gauzek beren kontrakoekin topo egitean, beste zerbait berria sortzen dute. Hau da, Hegelek dialektikaren metodoa erabiltzen du munduaren bilakaera azaltzeko, tesiak eta antitesiak sintesi bat (ideia berri bat) sortzen dutela esanez, antzinako Demokritoren hipotesi atomistak kontuan hartuta. Idealismoaren ikurrak metodo dialektikoa erlijioa azaltzeko sortu zuen, kristautasunaren ideologia eta funtzioa defendatzen baitzituen bere ikasleen aurrean (Marx tartean zela), eta gizarteak nola lan egin eta merkeago ekoitzi azaltzeko ideiak eman zituen, besteak beste, mundu materialista eta espirituala lotuz.
Marxek Hegelen idealismoa mundu materialera ekarri zuen. Marx humanista da, berdintasunezko harremanak ezarri nahi ditu gizaterian, eta Hegelen dialektikaren alderdi iraultzailearen bidez egin nahi du, ezker hegeliar osoak bezala: elkarrenganako harreman iraultzailea eta gizatiarra ezarri, eduki erlijiosoak eta politikoak baztertuz. Marxek ekoizpen-sistema ulertzeko dialektika metodoa erabiltzen du: makinek burgesen diru-gosearekin talka egitean, makina hobeak sortuko dira, eta, ondorioz, ekoizpena handituko da.
Beraz, Marxen ustez, borroka beharrezkoa da aurrerapen historikoa egon ahal izateko:
- Lantegian: burgesiaren eta langileen artekoa.
- Merkatuan: burgesen artekoa.
- Nazioen artean: nazio batekoak besteen kontra, eta abar.
4. Materialismo Historikoa: Azpiegitura eta Gainegitura
Marxek pentsatzen du gizarte jakin batean ekoizteko egiturak produktuaren banaketa determinatzen duela, baita legedia eta antolaketa soziala ere.
Marxen ustez, edozein lanetan bi egitura egon behar dira derrigorrez:
- Gainegitura: Juridiko-politikoa eta ideologikoa dena. Oinarri ekonomiko zehatz bati dagozkion legeek, erakunde politikoek eta ideia filosofikoek osatzen dute, eta kapitalaren metaketa dute helburu.
- Azpiegitura: Makinek, ekoizpen-harremanek, baliabide naturalek, soldatek eta pertsonen indar fisikoak eratzen dute.
Historiaren momentu guztietan, gizakiek ekoizteko moduaren arabera sortu dira gizarte-harremanak. Neolitikotik aurrera gizakiok bata bestea instrumentalizatzen ibili garenez, beti egon da nolabaiteko menperakuntza edo alienazioa. Are gehiago industrializazio-garaietan, non giza zapalketa handiagoa den, azpiegituran soldatak gero eta txikiagoak direlako makinen hobekuntzei esker, eta ondo bizi direnen artean ere (burgesak) konpetentzia izugarria dagoelako.
5. Gizarte Komunista: Marxen Proposamena
Marxen ustez, komunismoa proletalgoak egindako iraultzaren ondorioz sortuko da, klase kapitalista ezabatzean eta ekoizpenaren sozializazioarekin. Iraultza bi arrazoirengatik gertatuko da:
- Kapitalismoak gero eta zailago izango duelako baldintza onak lortzeko, ekoizpen-indarren garapenak proletalgoaren baldintzak gero eta okerragoak ekarriko dituelako.
- Langile-klasearen elementu militante eta erradikalenek gidatuta, alienazioa txikituko delako, sistemaren izaera esplotatzailearekin amaituz.
Gizarte-talde nagusi biak (burgesak eta langileak, hurrenez hurren) elkartuko dira ekoizpen kapitalistaren zailtasunak gainditzeko, bereziki batzuen kapitala metatzeko beharra zerbitzu sozial bat eskaini beharrean. Langile-klasearen izaera iraultzaileak iraultza sortuko du.
Kapitalismoaren ondoren, ekoizpen-modu berri eta desberdinak etorriko dira: komunismoa, askatasuneko eta berdintasuneko gizartea, alienaziorik, esplotaziorik eta klase-menderakuntzarik gabekoa. Horrela lortuko da bakarrik hain desiratua den humanismoa.
Gizarte kapitalistatik komunismora pasatzeko, gizarteak bi fase igaro beharko ditu:
- Jabetzaren kolektibizazioa: Jabetza pribatua izatetik estatuarena izatera pasatzea. Izan ere, sistema kapitalistan, ekoizpen-bideen jabetzak gizarte-klaseak definitzen ditu eta klaseen arteko gatazken arrazoia da. Jabetzak kolektibizatzean, esplotazio eta alienazio guztien kausa den diru-metaketa desagertuko da.
- Ekoizpenaren autogestioa: Langileek, askatasunez elkarte desberdinen inguruan antolatuta (kooperatibak, kasu), ekoizpen-prozesua zuzenduko dute, guztion beharrizan fisiko, kultural eta psikologikoak bideratzeko.
6. Marxismoaren Eragina eta Korronte Nagusiak
Marxismoaren enborretik adar desberdinak sortu dira:
- Anarkismoa: Bakuninek sortua. Marxekiko desadostasun nagusia proletalgoaren diktadurari ematen dion garrantzi txikian datza. Bere ustez, botere osoa estatuan lerratzea oso kaltegarria da, baita langileriarena bada ere. Anarkismoaren ideiaren arabera, guztia herriarena edo komunitatearena da, eta dena asanbladaren edo berdinen arteko komunikazioaren bidez bideratu behar da.
- Leninismoa: Leninek sortua. Iraultza armatua da, eta proletalgoaren diktaduraren bidez, marxismoa iraultzaren ordezkari bihurtu zen. Komunismoa elite ideal batek gauzatu behar du: intelektualek eta proletalgoaren gutxiengo batek eskubide politikorik gabeko nekazari-gizarte baten eskubideak gauzatu behar dituzte. Leninek dio iraultza eguneroko zeregina dela, eraldakuntza ekonomiko eta politikoaren ezinbesteko baldintza.
- Althusserren interpretazioa: Interpretazio anti-humanista egiten du. Marxismoa ez da humanismo mota bat, baizik eta errealitatea ezagutzeko modu bat. Hark dio marxismoa zientifikoa dela, materialismo historikoak agerian uzten dituen giza baldintzapenengatik: harreman sozialak eta ideologikoak materialaren menpe daude. Althusserrek pertsona besteekin mantentzen dituen harremanen bidez deskribatzen du, "alter ego". "Ni zer naiz? Zer irudi eman nahi diot besteei?". Norbanakoak ematen duen irudia eta ezkutatzen duena soziala dela dio, eta ez indibiduala. Horregatik, gizartearen produktu hutsak ezin garela izan dio, eta hori aldarrikatzen du.
- Gramsciren ikuspegia: XX. mendeko neomarxista honek dio gizartearen funtsa ezin dela soziala bakarrik izan, gizakiaren barne-dimentsio bat badagoelako. Menpekotasunezko harremanek pertsonen izaerak gaixotzen dituzte eta arazo psikologikoak ekartzen dituzte. Haren ustez, kapitalismoaren eredua pertsonaren kontzientzian dago, ez bakarrik gizartean. Gizartearen kontzientzian dauden burgesiaren balioak ideologiaren bitartez sartu dizkigute buruan, diruaren truke lan egitea onartzeko.
7. XIX. eta XX. Mendeetako Testuinguru Filosofikoa
XIX. mendeko bigarren zatian hegelianismoaren aurkako erreakzioak hasi ziren. Hegelen dialektika honako hau da: tesi bat bere antitesiarekin kontrajartzen denean, konpetentzian hasten direnean, sintesi berri bat sortzen da. Filosofoek pentsatzeko forma berriak bilatu zituzten: Darwinek espezieen borrokaren bidez azaldu zituen eboluzioa eta aldaketak; Marxek politika-ekonomiaren bidez; eta Freudek eta Nietzchek psikologiaren eta soziologiaren bidez.
XIX. mendean hasten da filosofiaren krisialdia: azalpen-sistema orokorrek garrantzia galtzen dute, zientzia partikularrek emantzipazio-prozesua gidatzen duten heinean.
XX. mendearen lehen zatian, ondorengo korronte filosofikoak zeuden: marxismoa, existentzialismoa, bitalismoa (Ortega y Gasset) eta mugimendu analitikoa (Wittgenstein). Denek neopositibismo indartsu bati aurre egin zioten; izan ere, fisikak eta matematikak garrantzi handia hartu zuten, Newtonen fisika eta Euklidesen geometria gainditu zituztenean. Fisikaren garaipenarekin, eskola neopositibistak suspertu egin ziren, Vienako Zirkulua (1920-30) kasu. Haien arabera, fenomenoen analisiak ezagutza hutsean oinarritzen dira eta gehikeriak baztertzen dituzte. Metodo hipotetiko-deduktiboa erabiltzen zuten, eta esperientziaren berrespenaren bidez mundu fenomenikoa ezagutu nahi zuten. Zientzia unibertsala eta objektiboa proposatzen zuten, teoriak partekatuz eta taldeetan batuz indukzioaren bitartez. Talde horretako pentsalarien ustez, gerrako izugarrikeriak idealismoaren arrazionaltasun faltsuan oinarritutako ideologien ondorioa izan ziren.
Filosofia analitikoa ere bazegoen garaian, filosofia kontinentalari aurre egiten ziona. Ez du onartzen metodo zientifikoaren nagusitasuna arazo filosofikoak ebazteko, eta hizkuntzaren arazoari arreta berezia ematen dio.
Marxen Ideien Analisia eta Egungo Gizartea
1. Marxen arabera, langileak kexatu egiten ziren burgesiaren partetik jasotzen zituzten tratu txarrengatik. Langileak konturatu ziren oso egoera txarrean eta zirkunstantzia oso kaskarretan egiten zutela lan, garai batean baino okerragoetan. Hortik sortu zen proletalgoaren diktadura. Horren ondorioz, klaseak desagertzen hasi ziren, eta geroago sozialismoa sortu zen, estatua desagertzeko asmoarekin.
2. Marxentzat, industrializazioaren garaian, gizakia alienatuta egongo da, gauza bihurtuko da, deshumanizatu egingo da. Adieraziko zuen historiako momentu guztietan gizakiek ekoizteko moduaren arabera sortzen dituztela gizarte-harremanak, baina beti egongo dela nolabaiteko menpekotasuna, hau da, alienazioa gertatuko dela. Langileak objektu bihurtuko dira, beren lana eta harremanak galduz. Honek azpiegituran eta gainegituran kontraesanak egongo direla adieraziko zuen; beraz, klaseen eta gizarteen arteko borrokak gertatuko dira. Honi erreparatuz, proletalgoa erabat pobretzen joango da, burgesek (makina berriekin) hainbesteko aberastasuna bilduko dutelako.
3. Marxen arabera, langileak alienatuta daudela konturatzen direnean, deshumanizazioa alde batera uzten dute. Zein gaizki tratatzen dituzten ohartzen dira, eta manifestazioak egitea erabakitzen dute baldintza hobeak lortzeko. Iraultza horri esker, ekonomiaren egitura apurtzen saiatzen dira, egitura horrek menperakuntza sortzen duelako, hau da, pertsona bat bestearen gainetik dagoenean. Horren ondorioz, klaseen desagerpena abiarazi zuten eta langileen diktadura sortu zuten. Gero sozialismora pasatu ziren, estatua kentzeko asmoz, eta azkenik komunismoa sortu zen, non elkarte txikiak sortu zituzten.
Marx eta Nietzscheren Pentsamenduaren Konparaketa
Bestetik, XIX. mendeko filosofo alemaniarra daukagu, Nietzsche hain zuzen ere, eta honek ere bere filosofia gako desberdinetan banatzen zuen. Lehenik eta behin, bizitzaren indarrak ditugu, Apolo eta Dioniso bereiziz. Nietzscheren arabera, bizitzan bi indar mota daude: eguzkia, edertasuna eta neurritasuna irudikatzen dituen Apolo, eta kaosa, plazera eta mozkorraldia irudikatzen dituen Dioniso. Bigarren gakoa botere-nahia da. Nietzscheren ustez, botere-nahia da gizartearen motorra. Honetan, Marxen ideiarekiko beste pentsamendu bat du, lehen esan bezala, Marxentzat gizartearen eta historiaren motorra klase-borroka baita. Botere-nahia desio ase ezina eta amaigabea dela zioen Nietzschek; desio hau kanporatzeko sorkuntza behar da, sortu, aldatu eta suntsituko duen sorkuntza.
Ondoren, nihilismoa dago. Filosofoak biziki kritikatzen du erlijioa, "Jainkoa hil da" esanez. Balioak gizakiak ematen dizkie gauzei; horregatik, guk berrezarri beharko genituzke balioak bizitzan, erlijioaren esklabotzatik salbu geratzeko. Nihilismoaren arabera, bizitzak ez dauka ez balio ezta zentzu finkorik ere. Nietzscherentzat, berriz, bizitza da jarraitu behar dugun balioa. Azkenik, supergizakia daukagu. Nietzscheren ustez, nihilismoa gizakiaren ahultasunetik sortzen da. Esklabuari supergizakia kontrajartzen zaio: bizitza baieztatzen duen gizaki indartsua, bere botere-nahiari jarraitzen diona. Ez dago ezeren menpe; bizi nahi du, norbera izatera iritsi.
Neoliberalismoa eta Gizarte Indibidualista Gaur Egun
Gaur egun, enpresa multinazionalek kontrolatzen dute dena. Teknologiaren, robotizazioaren eta digitalizazioaren agerpenarekin, beste lan asko desagertu egin da. Honek proletalgoaren soldatak eta lana askoz baxuagoak bihurtu ditu, eta estatuaren desagerpena gertatzen ari da. Neoliberalismo batean bizi garela esan dezakegu, non multinazionalek agintzen duten eta estatuen boterea desagertzen ari den. Žižekek dioen moduan, gizarte indibidualista batean bizi gara, non gure burua soilik ikusten dugun eta gure "nia" asetu nahi dugun, hau da, nartzisismoan. Berak dio gizarte honetatik urrundu behar garela eta "gu" bat sortu.