Karl Marx eta Nietzsche: Pentsamenduaren Oinarriak eta Kritika
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,49 KB
Karl Marx: XX. Mendeko Pentsamenduaren Oinarriak
Karl Marx:
1) XX. mendeko pentsamoldearen oinarriak.
Darwin, Marx, Nietzsche eta Freuderi “Susmoren filosofoak” deitzen zaie. Ez dira arrazoiaz fidatzen. Gizakiak kontzienteki kontrolatu ez dituen egitura inkontziente/irrazionaletaz hitz egiten dute. Darwinek eboluzioaren teoria proposatu zuen: gizakia aurreko espezieen eboluzioen emaitza da. Kreazionismoaren kontra doa, mundua zerotik Jainkoak sortu zuela dioenaren aurka. Ondorioz, espezieen finkotasuna zalantzan jarri zuen. Gainera, indibiduo berriek zoriz lortzen dituzte ezaugarri berriak, bizirauteko egokiak izanda erreproduzituko direlarik.
Marxek errealitatearen funtsa aztertu zuen: baldintza materialak (ekonomia). Filosofia ideologia bat da, gizakiak egoera materialaz ez pentsatzeko (egitura ekonomikoa justifikatzeko). Gizakia “alienatua” bizi da, eta ez da bere buruaren jabe. Aurkako jarrera proposatu zuen: materialismo dialektikoa eta historikoa (Hegelen idealismo dialektikoaren garapena).
Nietzschek aurreko filosofia eta kulturari kritika egin zion, gizakia egia ziurrak kanpoan bilatzen saiatu delako. Bitalismoa defendatu zuen; ez da konturatzen bizitza mugimendua dela, ezer ez dela betirako. Bizitzari uko egiten zaio, naturatik ihes eginez. “Jainkoaren heriotza” aldarrikatu zuen, balore berrien bila, supergizakia sortuz: jainkorik gabe bizitzen dakien gizakia.
Freud psikologoak ondorio nabarmenak ekarri zituen filosofian. Psikoanalisiaren sortzailea da. Eskema kontzienteetatik haratago estruktura inkontzienteak ditugu. Gure ariman maila ezberdinak daude, batzuk inkontzienteak. Hauek kanporatzen dira lapsuetan, ametsetan, etab.
Erlijio-Alienazioa
2) Erlijio-alienazioa.
Alienazioak gizakiak bere baitako zerbait galtzea dakar, nortasuna desageraraziz, askatasuna kenduz eta menpeko bihurtuz. Ez da bere buruaren jabe, arrotz bihurtzen da bere buruarentzat. Alienaturik historian: gizarte esklabistak, libreak eta esklaboekin; gizarte feudalak, nobleak eta plebea; gizarte kapitalista, burgesia eta proletargoa, adb. Filosofian lana = alienazioa desagertzea.
Horretarako, gizarte komunista proposatu zuen: dena denona. Kapitalismoa gaindituz, alienazioa amaituko da.
4 mota daude: garrantzitsuena alienazio ekonomikoa. Beste alienazio mota batzuk ekarri ditu: gizarte alienazioa, klase batek beste bat menderatuz; alienazio filosofikoa, egoera zuzengabeak justifikatzeko errealitatearen interpretazio faltsuak; eta alienazio erlijiosoa. Klase menderatzaileak erlijioa sortu zuen, klase menderatua kontrolpean izateko. Erlijioak dio: zoriontasuna haraindiko munduan dago, gizakia mundu honetara sufritzera etorri da, ondoren zerua eta zoriontasuna lortzeko.
Erlijioak langileek burgesen aurka egin beharreko iraultza geldiarazten du, estatu burgesa legitimatuz, sinestedunak existitzen ez den haraindiko mundura begiratzera bultzatuz.
Zapalkuntzak desagertzea bultzatu beharrean, estatu burgesaren aginduak Jainkoarenak balira bezala onartzea erakusten du. Erlijioak injustiziak justifikatzen ditu, etsipena eta zuzengabekeria nagusituz. Marxentzat “erlijioa herriaren opioa da”, herria lokartu, ziurgabetasuna baretu eta obedientzia areagotzen duelako.
Ekonomia-Alienazioa
3) Ekonomia-alienazioa.
Alienazioa: bere baitako zerbait galtzea, nortasuna desagertu, askatasuna kendu eta menpekoa bihurtuz. Alienatutako gizakia ez da bere buruaren jabe, arrotz baizik. Mota ezberdinak daude: erlijiosoa, soziala, ideologikoa eta ekonomikoa (garrantzitsuena). Gizakiaren esentzia lana da, sormenaren bidez errealitatea eraldatzea. Naturatik lehengaiak hartu eta moldatzen ditu. Lan egiterakoan, berea den zerbait uzten du (esfortsua, denbora, indarra…), produktua bukatzerakoan “bueltatzen” zaio: produktuaren erabilgarritasunarekin. Ekintzak gauzatu aurretik, ekintza horien ondorioen ideiak sortzeko gaitasuna du. Gizarte kapitalistan, langileak “uzten” duenaren eta “jasotzen” duenaren artean desfasea dago. Egunerokotasunean beti jarduera berberak egiten ditu. Langileak ematen duen produktua ez zaio langileari bueltatzen, burges kapitalistari baizik, produkzio-bideak direla eta. Sortze-ahaleginaren emaitza arrotz egiten zaio: alienazioa sortzen da, gizakia eta lanaren erlazioa apurtuz. Produktu bat saldu, jasotako diruarekin baldintza materialak eta langileen soldatak ordaintzen dira, eta produktuaren prezioa ezartzen da.
Sistema kapitalistak etekin ahalik eta handiena ateratzea bilatzen du. Langilea merkantziaren zati da, giza izaera galduz. Aldatzeko, Marxek kapitalismoa amaitzea proposatu zuen, beste produkzio harreman batzuk bilatuz: komunismoa, klase sozialik ez duena.
Materialismo Historikoa: Egitura Ekonomikoa eta Superegitura
4) Materialismo historikoa: egitura ekonomikoa eta superegitura.
Historia: produkzio moduen bilakaera dialektikoaren ondorioa da eta lege objektibo batzuk ditu (teoria zientifiko bat sortzen du). Materialismo historikoaren funtsa: gizakien kontzientziak ez du historia aldatzen, alderantziz: baldintza materialek (ekonomia) kontzientzia baldintzatzen dute. Edozein gizarte aztertzeko bi egitura kontuan hartu behar dira. Lehenengoak bigarrena baldintzatzen du (eta bigarrenak lehenengoa legitimatzeko lan egiten du). Azpiegitura eta gainegituraren arteko banaketa dago.
Azpiegitura ekonomikoa gizarte baten oinarria da, eta ekoizpena bideratzeko beharrezko elementuak biltzen ditu: lan-indarra, ekoizpen tresnak (makinak, fabrikak) eta ekoizpen harremanak. Ekoizpen harremanek bi sistema ekonomiko ezberdin sortu dituzte: kooperazio harremanak, komunismoaren kasuan, eta esplotazio harremanak, kapitalismoan: baliabideen jabeek langileak esplotatzen dituzte. Azpiegiturak gizartearen gainerako alorrak baldintzatzen ditu.
Gainegitura: egitura juridiko-politiko eta ideologikoaz osatuta dago. Juridiko-politikoak: legeak, erakunde politikoak eta indar errepresiboak (polizia, armada) barne hartzen ditu: produkzio harremanak mantentzeko erabiltzen dira. Ideologikoan: gizartean dauden pentsamoldeak (erlijiosoak, filosofikoak, kulturalak) kokatzen dira: Marxen arabera, alienazio ideologikoa sortzen dute, sistema kapitalista legitimatuz eta esplotazioa ezkutatuz.
Laburbilduz, materialismo historikoak azaltzen du ekonomia gizartearen funtsezko oinarria dela, eta gainegitura ekonomia horri egokitzen zaiola, esplotazio harremanak justifikatzeko eta mantentzeko.
Materialismo Historikoa: Iraultza
5) Materialismo historikoa: iraultza.
Materialismo historikoaren arabera, historiaren bilakaera: ekoizpen moduek eta sortzen diren klase sozialen arteko harremanek baldintzatzen dute. Ez dira ideiak edo borondate subjektiboak gizarteen aldaketa eragiten duten faktore nagusiak, ekoizpen moduak eta ondorioz sortzen diren gatazkak baizik. Marxek identifikatutako ekoizpen moduen bilakaera eta haien arteko trantsizioak azaldu zituen, bereziki klase borrokaren rola azpimarratuz.
Ekoizpen moduak historian aldatu dira. Hasieran, komunismo primitiboa zegoen: ekoizpen baliabideak kolektiboak ziren, ez klase sozialen arteko esplotaziorik. Gero esklabotza agertu zen: esklaboak jabeen menpe zeuden, haien lana modu bortitzean esplotatuz. Gero, feudalismoa: lurjabeek nekazariak esplotatzen zituzten, hauek lurra lantzen nobleziari errenta ordaintzeko. Azkenik, kapitalismoa nagusitu zen, burgesiak ekoizpen baliabideen kontrola bereganatu zuelarik, langile klasea soldata truke esplotatuz. Borroka burgesiaren eta proletargoaren artekoa da. Burgesiak baliabide ekonomikoen kontrola du, eta langile klasea lan-indarraz baliatzen da, soldataren bidez esplotatuz. Kontraesanak sortzen dira: lan-indarraren gehiegizko esplotazioa, produkzioaren kontzentrazioa eta aberastasunaren banaketa bidegabea. Marxen arabera, kontraesanak ezin izango dira mantendu: langile klasea kapitalisten aurka matxinatuko da. Proletarioek boterea hartuko dute, iraultza sozialista gertatuz. Lehenengo fasean, proletarioen diktadura ezarriko da, langile klaseak botere politikoa eta ekonomikoa bereganatuz, burgesia desagerrarazteko. Klase sozialen desagerpena ekarriko du, azkenean, estatuaren beharra desagertuz. Gizartea komunismoan oinarrituko da. Ez da klase borrokarik egongo, ez esplotaziorik eta produkzio baliabideak kolektiboak izango dira.
Gizarte Komunista
6) Gizarte komunista.
Karl Marxek eta Friedrich Engelsek gizarte komunista proposatu zuten: klasegabeko gizartea. Manifestu Komunistan langileen borroka unibertsala aldarrikatu zuten: kapitalismoa suntsitzeko eta gizarte klasista desagertzeko. Kapitalismoak alienatu egiten du, gizakia esplotaziotik eta mendetasunetik askatu behar da. Komunismorako bidean, ezinbestekoa da proletalgoaren diktadura: langileek botere politikoa bereganatu behar dute, burgesiari jabetza ekonomikoa eta politikoa kenduz. Hori lortzeko:
- Proletalgoak klase kontzientzia hartu behar du, kapitalismoaren aurka.
- Iraultza bidez prozesua azeleratu, langileek boterea hartuz, gizarte kapitalista suntsituz.
- Produkzio-bideak langileen esku geratu, ekoizpen-bitartekoen jabetza kolektiboa bihurtuz (irabaziak ez indibidualak).
- Estatu burgesa deuseztatu behar da, behin azpiegitura ekonomikoa proletarioen esku dagoela, estatu komunista eratu ahal izango da. Proletalgoaren diktadurak jabetza pribatua deuseztatu behar du, gizartea eredu sozialistaranzko trantsizioan sartuz. Sozialismoa langileen eta nekazarien botere politikoan oinarrituko da, eta estatuaren egitura burgesa desagertu egingo da, pixkanaka. Helburua: klase sozialen desagerpena, berdintasunean oinarritutako gizartea. Trantsizio ostean, gizartea modu demokratikoan antolatuko da, batez ere lan-ingurunean:
- Enpresetan (lantegietan eta fabrikan) demokrazia zuzena ezarri: langileek ordezkariak hautatuko dituzte hauteskunde bidez, kendu ahal izango dituzte lan txarraren kasuan.
- Sobietak erabakiak hartzeko egiturak izango dira, langileen parte-hartze zuzena bermatuz.
- Jabetza pribatua desagertu egingo da, baliabide ekonomikoak guztien mesedetan kudeatuz. Beraz, Marxismoaren azken helburua gizarte komunista da: ez klase sozialen arteko borrokarik, ez alienaziorik, ez esplotaziorik, eta ekoizpena guztien onurarako antolatuko da. Trantsizio sozialistaren ondoren, kapitalismoaren arrasto guztiak ezabatu egingo dira; komunismoaren garaian, gizakiak benetako askatasuna eta berdintasuna lortuko ditu.
Marxismoren Eragina Ondorengo Munduan
7) Marxismoren eragina ondorengo munduan.
Marxismoa pentsamendu politiko eta filosofiko garrantzitsua da, kapitalismoaren kritika egiten duena eta gizartearen eraldaketa iraultzaren bidez bilatzen duena. Karl Marxek klase-borroka gizartearen motor nagusitzat jo zuen, bere teoria sozialismo zientifiko gisa ulertuz, errealitate ekonomiko eta soziala metodo sistematiko batekin aztertuz. Kapitalismoa analisi historiko baten bidez ulertu nahi zuen, ekoizpen harremanetan oinarrituz; helburua ez zen soilik gizartea interpretatzea, baizik eta aldatzea. Marxismoak hainbat interpretazio izan ditu:
- Lukács-en ikuspegi humanista: gizakiaren alienazioa azpimarratu zuen, askatasuna helburu nagusi izanik, ekonomia gizakiaren baliabidetzat ulertuz.
- Althusser-ek marxismoa zientzia gisa ikusi zuen, gizartea aztertzeko metodologia objektibo eta estrukturala garatuz. XX. mendean, neomarxistek (adb. Frankfurteko Eskola) marxismoaren teoria eguneratu zuten, kapitalismo garaikidea erreparatuz eta kontsumismoa, komunikabideen boterea eta kultura-industriaren papera aztertuz.
Hala ere, marxismoak kritika ugari jaso ditu:
- Batzuek diote gizakiaren dimentsio anitzak ez dituela behar bezala kontuan hartzen, eta klase-borrokaren ikuspegia sinpleegia dela gaur egungo gizartean: klase sozialen arteko mugak aldakorragoak dira.
- Bestetik, erregimen komunisten esperientziek (Sobietar Batasuna, Txina, Kuba) marxismoaren aplikazioak porrot eta desbideratze ugari erakutsi dituzte. Hala ere, marxismoak eragin handia izan du hainbat esparrutan: sindikatuen sorrera eta langileen eskubideen defentsan, oinarrizko eskubideen aldeko borroketan (hezkuntza, osasuna, etxebizitza), eta borroka kolektiboetan. Neoliberalismoa eta kapitalismoa marxismoaren aurkako korronte nagusiak dira, eta gaur egun eztabaida akademiko eta politikoetan jarraitzen dute, bere ideiak testuinguru berrietara egokituz.
Nietzsche: Kristautasunari Kritika eta Supergizakia
NIETZSCHE:
1) Kritika kristautasunari, Jainkoaren heriotza eta Supergizakia.
Friedrich Nietzschek kristautasuna kritikatu zuen, moraltasun tradizionala eta balio erlijiosoak zalantzan jarriz. Bere filosofian Jainkoaren eta erlijioaren zentraltasuna galdu egin zen, balio moral tradizionalak desegin ziren, eta gizakia bera bihurtu zen bere existentziaren arduradun bakarra.
Kristautasunak, mendekotasunean eta esklabotzan oinarritutako morala sustatu du: obedientzia, apaltasuna eta sufrimendua bertute gisa. Bizitzaren aldeko indarra zapaldu du, gizakia ahulduz. Moraltasun esklabo gisa deskribatu zuen: jende arrunta menpeko bihurtuz. Nietzschek “Jainkoa hil da” esan zuen: erlijioak eta tradiziozko balio moralek bere boterea galdu egin dutela adieraziz. Jainkoaren heriotzak balio sistema berri baten beharra sortu zuen, gizakiak ez du balio absolutuetan oinarritu beharrik. Nihilismoaren arriskua dago: ezerezean erortzeko eta baliorik gabe bizitzeko arriskua.
Nietzschek supergizakiaren kontzeptua proposatu zuen. Moral berria sortzeko gai den pertsona, bere bizitzaren jabe eta sortzaile. Ez da Jainkoaz edo kanpoko agindu moraletaz fidatzen, propioak ezarri, bizitza eta sormena aldarrikatuz.
Supergizakiaren bidean hiru fase daude:
- Mendekotasunaren fasea (Kristautasunaren morala): Gizakia oraindik moral tradizionalaren menpe dago, Jainkoaren aginduak betetzen ditu, obedientzia bertutetzat hartuz.
- Jainkoaren heriotza eta nihilismoa: Aurreko balioak suntsitu egiten dira, gizakia hutsean geratzen da, ez dauka orientaziorik eta nihilismoan eror daiteke.
- Supergizakiaren sorrera: Gizakia bere buruaren jabe bihurtzen da, moral zaharrak baztertu eta propioak sortuz.
Supergizakiak ez du mendekotasunean oinarritutako morala onartzen, bere existentziaren zentzua berak eraikitzen du. Nietzschek uste zuen gizateria puntu horretara iritsi behar zela, benetako askatasuna eta bizitzaren ospakizuna lortzeko.