Karl Marx: Komunismoa, Alienazioa eta Materialismo Historikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 23,36 KB
Gizarte Komunista eta Proletarioen Diktadura
Jabego burgesa deuseztatzeko, Marxek garai iragankor bat proposatzen du, zeinetan botere politikoa proletarioen esku egongo baita: Proletarioen Diktadura. Diktadura horrek ekarriko du langileriak osatzen duen klaseak botere politikoa hartzea, aurreko garaiaren antitesi gisa, non boterea kapitalean baitzegoen. Proletarioen diktadurak kapitalismoaren azken hondakinak suntsitzea ahalbidetuko du.
Indarra erabiliz eta klase-borrokaren ondorio gisa, Langileen Alderdiak Estatuaren botere osoa hartuko du. Marxek zioen bezala, proletarioen diktadurak, batez ere, Estatu-aparatua eraitsi beharko luke, eta ez bere zerbitzuan ipini. Parlamentuak, kate burokratikoak eta armada profesionalak kentzea zen kontua; ez menpean hartzea eta beste batzuekin ordezkatzea. Garaipen horren ondoren, langileek erakunde politiko bakarra edukiko lukete, beren enpresan egindako bizitzaren ondoriozkoa. Hortxe agertuko litzateke benetako demokrazia: hauteskundeetan, fabrikan, hautatuz kentzekoak ere izan ahal diren ordezkariak eta izendatzen direnak soilik biltzarrak esleitutako lan batzuk egiteko.
Marxek uko egin zion Estatua errealitate propio gisa ikusteari, printzipioak eta benetako funtzioak zituen estatuari. Gizartearen bilakaera berak aurreikusita ez zituen ibilbidetik aldenduta zihoan. Izan ere, gizarte kapitalistak etengabe indartu zuen Estatu-sistema, merkatu eta produkzioaren antolamendu-beharrak bateratzeko, hain zuzen ere.
Beraz, proletarioen diktadurako puntu praktikoak azaltzen ditu, harik eta klase gabeko estatu bat lortu arteko puntuak, alegia. Horrela, komunismoa sortzen da, non norberaren garapen librea guztien garapen librearen baldintza baita.
Marxen Humanismoa eta Alienazio Motak
Marxen ardura teoriko eta iraultzailearen ideia zentrala humanismo erradikala dela esan daiteke. Gizaki gehienak, proletarioak, esplotatuta eta umiliatuta bizi dira, gutxiengo kapitalistak eta burgesiak zanpatuak, langileei beren askatasuna garatzen uzten ez dietelarik. Hori dela eta, baldintza materialak ezartzeko premia ikusten du proletarioei kendutako duintasuna itzul dakien.
Horren ardura izanik, Marxek, gizarteari buruz egiten duen analisian, filosofiak gizakiaren askapena lortzeko urratu behar duen bidea planteatzen du. Hementxe kokatzen dira saialdi konkretuak alienazioak ezerezteko.
Marx gizaki konkretuarekin hasten da, gizarte konkretu batean. Gizakiari buruz egiten duen analisia gizadiaren historiarekin dago erlazionaturik, historia hori giza alienazioak hartutako hainbat formak osatua delarik. Alienazioak gizakiak bere baitako zerbait galtzea esan nahi du. Norberaren burua inor ez bihurtzea. Norberaren buruarekiko arrotz bihurtu denaren egoera da. Marxen iritziz, alienazio nagusia lanarena da, eta hortik sortzen dira beste alienazioak, alienazioek sustrai ekonomikoa baitute. Horrela ulertuta, historiak proletarioek pasatu behar izan duten deshumanizazioaren alde negatiboa hartzen du. Baina, hori bai, historia alienazio horietatik askatzeko bidea ere bihurtzen da.
Historiaren prozesu analitikoan, Marxek hiru alienazio mota garrantzitsuenak ikusten ditu:
- Erlijio-alienazioa
- Ideologia-alienazioa
- Ekonomia-alienazioa
Erlijio-alienazioa: Herriaren Opioa
Erlijioa da klase gorenak erabiltzen duen tresna bere menpe daudenak zanpatzeko. Hori dela eta, erlijio-alienazioak funtzio sozial bat betetzen du: «herriaren opioa da». Gizakiak erlijioa zoritxarrean edo oparotasunez beteta egotean oinarritzen badu, ez da errespetuz edo gogoeten bidez iritsiko bere buruaren jabe izatera.
Marxek egiaztatu zituen erlijiozko bizimoduaren ezaugarriak honako hauek dira: gizabanakoen ziurtasunik eza eta izakiaren doilorkeria sozialarekiko; hau da, zigorra edo salbazioa bere esku dituen epailearekiko. Apaltasun osoa eta men-egite obedientea da erlijiozko sentimendu gorena. Sentimendu horrek bere izaeratik bereizten du gizakia; izan ere, grinak eta haragia arrotz eta etsai bihurtzen dizkio.
Eliza alienazio honen elementu bideratzailea da, gizakien ahaleginak bideratzen baititu errealitatetik kanpo dagoen justizia bat bilatzera, errealitatea aldatu ordez. Beraz, erakunde erlijiosoak menpeko klaseak zanpatzeko agintzen duten klaseen esku dauden tresnak dira.
Filosofia-printzipio erlijiosoek edozein morrontza mota justifikatzen dute. Zerua da leku bat non injustiziak ordaintzen edo konpentsatzen diren. Injustizia horiek Lurrean bere horretan diraute.
Beraz, erlijioa ez da gizakiaren problemak konpontzeko gai, eta gizakiak ezin du haren bidez askapenik espero.
Marxek gizakiaren galerako edo gizakiaren alienazioko modu guztien eredutzat du erlijio-alienazioa. Erlijioa kontzientzia ideologiko konplexu baten ageriko egitura dela susmatzen du Marxek, eta gizakien gizarte-errealitate kontraesankorra eta izugarria ezkutatzen duela.
Marxek uste zuenez, erlijioari eginiko kritika guztien premisa da, zeren eta erlijioak gizakia mundu errealetik hartu eta fikziozko mundu batera baitarama. Modu horretan, erlijioak alienatu egiten du, zeren eta gizakiari bera bizi den mundu konkretuaren eta bidaltzen duen mundu idealaren arteko banaketa eragiten baitio, eta horrek edozein alienazio mota ahalbidetzen du. Gizakia erlijioak agintzen dion fikziozko munduaren bilaketaren bidez geratzen da alienaturik.
Ideologia-alienazioa: Kontzientzia Deformatua
Marxen iritziz, ideologiak giza gogoaren produktu dira, edo kontzientzia mota deformatu bat, marxismoak deituriko gainegituraren parte izanik. Zentzu txarrean, baldintza sozialek deformatu duten giza pentsamendua adierazten du. Ideologia horiek lanaren banaketarekin sortzen dira. Eta une horretatik, kontzientzia praxi sozialetik bereizteko posibilitatea hasten da: gizakia teoriak sortzera dedikatzen da, zeren gizakiak baitira produkzio sozialaren praktikatik aldendurik daudenak. Horiek dira kontzientzia-formak sortzen dituztenak eta beste gizakiek erreala balitz bezala beren irudimenaren produktu baino ez dena hartzea eragiten dutenak.
Hala ere, gizakiaren eskuetan dago giza alienazioaren oinarrian dauden baldintza materialak eta sozialak aldatzea. Horretarako, giza jarduerak utzi behar dio jarduera teorikoa eta kontenplatiboa izateari, eta bihurtu errealitatea aldatzeko jarduera aldatzailea eta praktikoa. Praktika iraultzailearen bidez bakarrik eraman daitezke bukaeraraino posizio teorikoak; ideologia-alienazioa kontraesan materialak deuseztatuz izan daiteke gainditua.
Ekonomia-alienazioa: Lanaren Deshumanizazioa
Ikusi berri ditugun alienazioak, Marxen aburuz, desmaskaratzen errazak dira, begien bistakoak baitira; baina lana da alienazio mota garrantzitsuena. Ez dezagun ahantz Marxentzat gizakia ondoen identifikatzen duena lana dela, bizitzeko bitartekoak bere eskuekin ekoizteko ahalmen gisa ulertuta. Giza bizitzaren funtsa lanean datza. Baieztapen horren bidez, Marxek Mendebaldeko filosofiaren ikuskera tradizionalaren aurka egiten du, filosofia horren arabera, gizakiaren indar oinarrizkoena arrazoian baitago. Marxek, aldiz, gizakia bereizteko ezaugarri garrantzitsuena ekoizteko duen ahalmena dela uste du, lan egiteko ahalmena, alegia.
Zergatik alienatzen du gizakia lanak?
Gizakia, lan egitean eta lanaren bidez bere ekoizpen-jarduera garatzean, bere lanaren produktuetan proiektatzen da, produktu edo ekoizkin bakoitzean bere barneko zerbait uzten du, bere giza energia, bere irudimena; ekoizkina langilearen objektibazioa da: gizakia naturara kanporatzean, natura, nolabait esateko, humanizatu egiten da, langilearen nortasuna produktuan bertan geratzen da integraturik.
Lanaren eta langilearen arteko bereizketa edo banaketa hori kentzen ez bada, loturarik ez badago, langilea alienaturik geratzen da, bere baitatik bereizita, zeren bere lanaren produktua langilea bera baita, langilea bera lan-produktu bihurtuta, merkatuan saltzeko gai den zerbait bihurtuta.
Zer gertatu da historian zehar? Bada, historikoki esan izan den bezala, gizakiek ez dutela beren burua gauzatzen lanaren bidez: ez da loturarik egon, gizakia bide batetik doa, eta ekoizkinak beste batetik. Jabego pribatuan oinarrituriko ekoizpen-sistemak direla-eta langileek ekoitzitako produktuek ez diote balio izan bizitzako produkzio sozialerako, baizik eta gutxi batzuen eskuetan geratu dira: ekoizteko bitartekoen jabeen eskuetan.
Horregatik, alienazio-zentzu hori negatiboa da, beharrezkoa ez dena eta gizakiaren izaerarekin bat ez datorrena; izatez, garai jakin batek edo gizarte konkretu batek produkzio-erlazioa ulertzeko eta antolatzeko daukan moduaren fruitu da, besterik ez.
Langilea bere barnean hutsik geratzen da: bere lanaren bidezko ekoizkinak bere jabegotik kanpo daude, ekoizteko bitartekoen jabe direnenak dira.
Une horretantxe gertatzen da alienazioa: gizakia hutsik geratzen da, eta berak eginiko produktuak beretzat hartu ordez, arrotzak direla uste du, bereak ez diren zerbait bezala, eta orduan alienatu egiten da, arroztu egiten da, nolabait esateko, berarekin jadanik zerikusirik ez dutela jabetzen baita. Langilea alienaturik dago, zeren bera ez den izaki bati atxikitzen baitizkio bere nortasunarenak diren ezaugarriak edo tasunak, berari loturik ez daudenak.
Gizaki alienatua: Adibideak
Puntu honetara helduta, Marxek honako hau ulertzen du gizaki alienatutzat:
- Bere lanaren ekoizkina: Bere lanaren bidez eginiko produktuak bereak ez diren zerbait gisa kontsideratzen dituenez, bere baitatik aldentzen da gizaki langilea, bere buruaren eta bere produktuen arteko urraketa bat gertaturik.
- Ekoizteko bitartekoen jabeekiko harremana: Langileak lan egiteko bere indarra saltzen dio beste bati, indar hori helburu lukratiboetarako erabiliko duen beste bati, hain zuzen. Gizakia jarduera produktiboaz egiten denez, bere jarduera hori beste bati saldu beharrean dagoenez gero, bere izaera ere saltzen dio nahi duena egin dezan: hori dela eta, beste pertsona baten tresna bihurtzen da.
Beraz, langilea gauza bihurtzen da. Berak saltzen duen hori, bere burua, kapital bihurtzen da.
Horrek gizakiaren askatasunaren ukapena adierazten du, deshumanizazioa, alegia.
Nagusi edo ugazabaren eta langilearen arteko giza harremanak gatazkatsuak dira, harreman horiek gauza bihurturik daude. Horrela, antagoniko edo elkarren aurkakoak diren bi klase sozial sortzen dira: burgesia eta proletarioak. Burgesak aurrerapenzaleak eta ekintzaileak dira, eta fedea dute ekonomiaren lege naturaletan eta truke askearen printzipioetan; izan ere, gizakiari aurrerabide mugagabea ireki diotelakoan daude.
Gorantz doan klasea da, eta lurrunaren eta makinismoaren bidez, ateak ireki dituzte etorkizunean mugarik gabe ekoizteko. Baina burgesia horrek klase sozial unibertsal berri bat sortuko du. Klase berri horrek jabe eta merkatari txikiak bilduko ditu, eta langileekin gertatzen den moduan, industriaren menpe egongo da.
Alienazio hori, funtsean edo oinarriz, kapitalismoa agertzen den unetik bertatik sortzen da, eta sistema horrek dirauen bitartean iraungo du, harik eta sistema sozialista nagusitzen den arte.
Iraultza: Askapenerako Baldintza
Gizakiari beraren duintasuna itzultzeko, Marxek zientzia ekonomikoaren ikerketa sakona egitera jotzen du; ikerketa hori Kapitala deritzon obra da. Lan hori ez da bakarrik ekonomiaren azalpen teknikoa, baizik eta gizakiaren askapenaren aurka doazen gizarte-egitura ekonomikoen kritika ere.
Sistema kapitalistak dakarrena da langilearen bizitza sufrimenduz betea egotea: gizakia produkzio-katearen barruko katebegi bat baino ez da, eta haren funtzioa bigarren maila batera pasatzen da.
Zein faktorek eragiten dute egoera hori?
- Makinaren agerpena: Gizakiaren produkzio-rola baztertua geratzea eta gizakiak berak balioa galtzea dakarrena.
- Merkatua: Eskaintza eta eskariaren legeek produkzio-kostuak murriztea dakarrena, lehiatu ahal izateko.
- Jabego pribatua: Enpresariari produkzio-bitartekoez baliatzea baimentzen diona; horrela, langileari bere lan-indarra baino ez zaio geratzen, eta jabetza hori kendu egiten zaio.
Marxen aburuz, gaizkia ez datza makinan, ekonomiaren legeetan eta jabego pribatuan baizik. Beharrezkoa da horiek aldatzea eta gizakien zerbitzutan ipintzea.
Ekoizpen-sistema kapitalistak, lehiakortasunaren ondorioz, «etekinen beheranzko joeraren legea» sortzen zuen, eta lege horrek, aldi berean, ekoizpen handiak egitera behartu eta sistemaren beraren iraupena ere arriskuan jartzen zuen. Sistema kapitalista mugitzen den kategoriak ez dira aldaezinak. Are gehiago, etekina emendatzeko edo handitzeko gutiziak sistema irteerarik gabeko atakan jartzen du. Etekinaren bilatze horrek dakarrena da gero eta kapital gehiago inbertitzea makinatan, lanegunetako ordutegiak luzatzea, langile kopurua mugatzea eta soldatak murriztea. Orduan, sistema kapitalistaren barne-kontraesan bat sortzen da: batetik, makinetako inbertsio-prozesuak kontsumo-prezioak igotzea dakar, baita etekina gero eta baxuagoa izatea ere. Eta, beste alde batetik, proletarioen pobretze etengabeak proletario horiek ekoizten dituzten salgaiak eskuratu ezin izatea eragiten du. Horrela, merkatua gainbehera doa sistema kapitalistaren beraren porrota eraginez. Marx konbentziturik dago sistema horretan egin daitezkeen zuzenketak ez direla aski, sistemak berak eragiten duen krisi larria gainditzeko, krisian sartzen dena bera baita.
Ekoizpen-sistema kapitalistaren krisi ekonomikoek frogatzen dute, kapitalistek, sistemaren baitan kapitalista izaten jarraitu ahal izateko, langile-klasea pobretzeko prozesuan sakondu behar dutela, eta horrek, aldi berean, ekoizpen-sistema guztia arriskuan jartzen duela.
Bestalde, krisi-egoera horrek ondorio hau dakar: proletarioak bere egoeraz kontzientzia hartzea.
Horregatik, sistema kapitalista behin betiko bukatzeko beharrezko elementuak dira baldintza objektiboak eta langileen kontzientzia; izan ere, sistema horrek miseria-egoeran uzten ditu gizakiak, gizaki gisa definitzen dituena, beren lanaren emaitza zanpatuta dagoelako.
Sistema kapitalistaren barne-krisia ikusita, eta geroz eta handiagoa zen langile-klasearen esplotazio-kontzientzia aintzat hartuz, Marxek berehalakotzat zuen klaserik gabeko gizartea eta alienazioak ezabatzea ekarriko zuen iraultza proletarioa.
Beraz, baldintza objektiboak gertatzen direnez, Marxek gizakia gizarte kapitalistatik gizarte sozialistara jauzi egiteko gertu dagoela uste du, horrela bere alienazioei amaiera ipiniz. Horixe da historiaren dialektika. Dena dela, kapitalismotik komunismorako jauzi kualitatibo hori ezin gerta daiteke aurretik iraultzarik ez badago, gainegitura-mailan dauden instituzioen suntsitzea eragingo duen iraultzarik gertatu ezik. Iraultzak badu helburu argi bat: jabego pribatua amaitzea, horrek klase sozialen arteko desberdintasunak sortzen baititu.
Marxismoaren Eragina Ondorengo Munduan
Batzuen iritziz, Marxek klase-borrokaren praktika aktiboa ordezkatzen du; borroka horrek gizakien arteko mendekotasun- eta esklabotza-harremanak ahalik eta txikienak egitea helburu du. Beste batzuek Marxengan Estatuaren zuzendaritzapeko botere ekonomikoa eta politikoa talde-mailan gauzatzeko marko kontzeptuala ahalbidetzen duen pentsalaria ikusten dute. Marxen interpretazioekin segituz, Marx ideologia sozialistaren sortzailetzat dute, materialismo historikoan oinarritzen den ideologiaren aitatzat, baina ezein transzendentzia ukatuz. Azkenik, Marx zientzia-pertsona gisa aurkezten dute beste batzuek, errealitate soziala eta politikoa aztertzeko metodo zehatza gauzatu zuena, materialismo dialektikoaren ikuspegitik gizartearen bilakaeran sakondu nahi duena.
Komunistak deitzen diren erregimen politikoen oinarrian dauden ideia eta balioen inspirazio den interpretazio marxistaz gain, badira izan beste sistema filosofiko batzuk, marxistatzat dituztenak beren burua, eta Marxen oinarri batzuetatik sortzen direnak. Aniztasuna oso handia da arlo horretan. Oro har, Marxen bi interpretazio mota bereiz daitezke, ortodoxoaz gain:
- Interpretazio Humanista: Lukács-ek, Bloch-ek edo Schaff-ek ordezkatzen dutena. Iritzi-talde horren ustez, marxismoaren ardatza gizakia da: mamitzat askatasuna duena eta balio gorena eta lehena dena. Ekonomia, Marxen lanetan duen garrantzi osoa aintzat hartuta, ez da muina, baizik eta gizakiaren tresna bat, marxismoaren azken helburua. Korronte horren arabera, metodoa, nahiz eta oso garrantzitsua izan Marxen pentsamenduan, borroka-elementua baino ez da, gizarte kapitalistak eraso egiten dion gizakiaren tresnatze edo gauza bihurtzeko joerari aurre egiteko.
- Althusserren Interpretazio Zientifikoa: Filosofo horren iritziz, marxismoa ez da humanismo mota bat, baizik eta errealitatea ezagutzeko modua. Marxek gaztetan sortzen duen humanismoaren gaineko ideiak ideologia baino ez dira, idealismo-aldakiak alegia. Althusserek uste du horrek guztiorrek ez duela zerikusirik geroko Marx helduak erakusten duen joera zientifikoarekin, Kapitala izeneko lanean erakusten duenarekin. Marxismoa zientzia da, eta helburutzat du beraren oinarriak agerian jartzea. Beraz, marxismoa edozein zientziaren marko estrukturalaren barruan kokatzen eta fintzen ahalegintzen da. Filosofia, praktika teoriko gisa, errealitatea bera aldatzeko bitartekoa da zeregin horretan.
Humanismo marxistaren arabera, Althusseren iritzi hori Marxen pentsamendua bortxatzeko saialdia baino ez da, filosofo frantsesaren pentsamendu marxista propioaren horien edo mugen barruan.
Marxen Filosofiaren Kritikak eta Ekarpenak
Bestalde, Marxen filosofiari kritika ugari egin zaio, bereziki Frankfurteko Eskolaren aldetik, eta beste plataforma batzuetatik ere bai. Besteak beste:
- Antropologiaren arloan: Gizakia ez da homo faber hutsa, eta mundua ere ez da soilik lantegi bat.
- Produkzio-indarrak: (demagun gaurko teknologia) urte hauetan gainegitura izatera iritsi dira, hau da, ideologia izateraino heldu dira.
- Giza elkarreragina: Ez da ondorioztatzekoa eta iruzkintzekoa soilik gizakiak naturarekin dituen ekoizpen-harremanetatik.
- Klaseen arteko borrokaren teoria: Giza historiaren ibilbidearen interpretazio-eskema gisa hartuta, gaurko zirkunstantzia sozio-ekonomikoen barnean, sinpleegia da.
- Klase sozial berriak: Estratifikazio erabat konplexu gisa agertzen den gure gizarte honetan klase sozial berriak agertu dira.
- Erlijioa: Marxek ez ditu planteatu ere egiten funtzionaltasun plurala eta tradizio erlijiosoen heterogeneotasuna, hau da, ideologia menderatzailearen aurka diharduen askapen-teologia ahalbidetzen duten planteamendu erlijiosoak. Ondorioz, pentsalari batek baino gehiagok dioenez, Marxen ateismoa «oinarririk gabekoa da». Estatu batzuetako ateismoa borrokalaria gertatu den arren, inon ere ez da erlijioaren galera nabaritu.
Kritika negatiboaren ondoan, esan beharra dago teoria filosofiko-kritiko horrek badituela ikuspegi onargarriak ere. Adibidez:
- Teoria praxian egiaztatu beharra.
- Gaurko munduaren egoera guztiz larriaren eta deshumanizatzailearen barnean, alienatuta dagoen gizakiari bere benetako izaera berreskuratzen eta kolektiboki gauzatzen lagundu beharra. Eta hori lortzeko, aldatu beharko da errealitate sozialari aditasunez begiratzea eta horren egitura alienatzailea eta ankerra aztertzea.
- Erlijioei, bereziki kristauari, euren sektore batzuek historikoki izan duten ideologia menderatzailearen aldeko nahaskeriez konturatzen eta aldatzen laguntzea.
Materialismo Historikoa: Marxen Ikusmoldea
Marxen ekarpen teoriko nagusia materialismo historikoa da, historiari buruzko bere ikusmolde ekonomikoa. Gizadiak historian zehar gizarte-antolaketa ezberdinak izan ditu. Marxek honako hauek bereizi zituen, produkzio-moduak deitu zituenak:
- Komunismo primitiboa
- Gizarte esklabista
- Gizarte feudala
- Gizarte kapitalista
- Gizarte sozialista
Produkzio-modua gizartearen egitura globala da, azpiegitura eta gainegitura barne hartzen ditu.
Egitura Ekonomikoa (Azpiegitura)
Egitura ekonomikoa edo azpiegitura gizartearen oinarri ekonomikoa da, eta gainegituraren oinarria. Azpiegitura bi elementu hauek osatzen dute: produkzio-indarrak eta produkzio-harremanak.
Produkzio-moduak produkzio-harremanen arabera bereizten dira. Produkzio-harremanak ekoizpen-prozesu batean produkzio-bideen jabeen eta ekoizle zuzenen artean eratzen diren harremanak dira.
Adibidez, gizarte esklabistan lurra lantzen zuten eta produktuak ekoizten zituzten gizakiak beste gizakien jabetza ziren eta hauen ardura bakarra besteak ekoizten mantentzea zen. Gizarte kapitalistan, aldiz, ekoizleak langile libreak dira, soldataren truke lan egiten dutenak.
Produkzio-harreman ezberdinak ez dira gizakien kasketaldi hutsez sortu izan, produkzio-indarren garapenaren eta bilakaeraren menpe daude. Produkzio-indarrak gizakiak behar dituen ondasunen ekoizpen-prozesuan erabiltzen diren tresnak eta bideak dira. Honela ere adieraz daiteke: produkzio-indarrak gizakien ekoizpenaren edo lan errealaren ahalmena da. Beste hitzetan, produkzio-indarrak ekoizpen-prozesuan parte hartzen duten elementu guztien konbinazioaren ondorioz sortzen diren indarrak dira.
Produkzio-bideen jabetza da gizarte batean eratzen den ekoizpen-harreman mota zehazten duena. Adibidez, gizarte kapitalistan soldata ordaintzen duena produkzio-bideen jabea da, enpresaren jabea. Gizarte feudalean lurra nobleen jabetza zen eta nekazariak lurrari lotuta zeuden jopu gisa eta ezin zuten nahita bertan behera utzi lur hori.
Iraultza Soziala eta Gainegitura
Produkzio-modu batetik beste batera ematen den pausoa iraultza sozialaren bidez gertatzen da. Iraultza soziala produkzio-harreman batzuen suntsipena eta eraldaketa da, eta ondorioz, gainegituraren eraldaketa ere gertatzen da.
Iraultza sozialaren hasiera produkzio-harremanen eta produkzio-indarren arteko desoreka da, produkzio-indarrak asko garatzen direlako. Produkzio-harremanak zaharkituta geratzen hasten dira eta produkzio-harreman berriak agertzen dira. Produkzio-harreman berriak nagusitzen dira eta haietan oinarritzen den gainegitura ere aldatuz doa. Azkenik, gizarte osoa goitik behera eraldatzen da.
Gainegitura eta ideologia: Gainegitura da gizarte bateko ideia, sinesmen, instituzio eta arau multzoa. Muntaia juridiko-ideologiko-erlijioso honek gizarte-egitura justifikatzen du. Ideologia gainegituraren gakoa da, eraikinari kohesioa ematen dion zementua baita.
Ideologia: errealitateari eta giza bizitzaren baldintzei buruzko irudikapen desitxuratua edo gezurrezkoa ematen duen ideia-multzoa da. Ideologiak balio du klase batek bestea zapaltzen duen egoera zuzenean edo zeharka justifikatzeko.
Historiaren Ikusmolde Materialistaren Tesiak
Historiaren ikusmolde materialistari buruzko hiru tesi oinarrizkoak honako hauek dira:
- Historiaren motorra produkzio-indarren eta produkzio-harremanen arteko kontraesana da, edo, beste modu batean esanda, klaseen arteko borroka.
- Azpiegituraren eta gainegituraren artean elkarreragina gertatzen da, nahiz eta azken batean, azpiegitura elementu determinatzailea den arren.
- Historiaren helburua klaseen desagerpena eta komunismoaren ezarpena da.