Karl Marx: Biografia, Filosofia eta Materialismo Historikoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias

Escrito el en vasco con un tamaño de 16,1 KB

Datu Biografikoak

Gaztaroa eta Prestakuntza

Treverisen jaio zen 1818an. Bere senide juduak protestantismora bihurtu ziren, juduen kontrako jazarpenak ez pairatzeko. Familia-eremuan erlijioaren kontraesanak ezagutu zituen. Oinarrizko ikasketak egin ondoren, unibertsitatera joan zen zuzenbidea ikasteko asmoz. Lehenengo Bonnen eta gero Berlinen ikasi zuen. Baina Marx gazteak zuzenbidea baino, filosofia eta literatura nahiago zituen. Ikasleen talde batean sartu zen eta kontaktuan jarri zen bere garaiko filosofiarekin, Hegelen filosofiarekin. Filosofiari zion zaletasunagatik, era informalean, Hegelen eraginez heldu zion. Bere ikasketak filosofia arloan jarraitu zituen eta doktorego-tesia burutu zuen arlo honetan. Talde filosofiko formal batean sartu zen: Hegelen aldeko gazte erradikalak eta ezkertiarrak. Talde honetan kontaktuan jarri zen beste filosofo famatu batzuekin, Feuerbach eta Bauerrekin. Hegelen filosofiaren kritika egin zuen, baina bere metodo dialektikoa mantenduz, gizartea, politika eta erlijioa kritikatzeko asmoz. Hegelen ideien eraginpean, kritika maila filosofiko, akademiko eta profesionalean garatu zuen.

Garai Espekulatiboa

1842an, Kazeta Erreniarra (Rheinische Zeitung) egunkarian idazten hasi zen kazetari gisa. Bere artikuluetan gobernuen politikak, liberalen asmoak eta zenbait sozialisten ideiak kritikatu zituen, ez eraginkorrak edo sozialismoaren kontrakoak zirelakoan. Baina zentsura arazoak agertu zirenean, Prusiako monarkiari zuzendutako kritikengatik, egunkaria itxi behar izan zuen. Beraz, hasierako garai honetan, Marx filosofo teorikoa dugu, Hegelen eta beste filosofo batzuen eraginez, eta, aldi berean, propagandista, kritikatzaile eta agitatzaile politikoa. Filosofoen zirkuluetatik ideiak zabaldu zituen prentsaren bidez, publiko orokor batera helarazi nahian. Marxek Hegelen kritikarekin jarraitu zuen eta Parisera joan zen. Jarduera honetan ezagutu zuen Friedrich Engels, eta berarekin jarraitu zuen Hegel eta gazte hegelianoen kritika egiten. Beste egunkari desberdinetatik pasatu ondoren, Frantziatik kanporatua izan zen zentsura politikoagatik. Marx filosofo gisa daukagu, bere filosofia pertsonala jada garatzen ari zela, eta, era berean, propagandista eta politikaren kritiko gisa, baina modu espezializatuagoan. 1845ean Belgikan eta Londresen ibili zen Engelsekin, eta Justuen Liga eta kartisten mugimenduarekin kontaktuan jarri zen. Marxek, beraz, azken garai honetan talde eta erakunde antolatuekin kontaktu zuzena hartu zuen, intelektual organiko bihurtuz. Antolamendu mota eta egitarau batzuk bideratu edo gidatu zituen, klase edo gizarte sektore baten helburuak ekintza arloan lortzeko.

Garai Iraultzailea

1848an, Engelsekin batera, Alderdi Komunistaren Manifestua argitaratu zuen. Idazlan honi esker, Justuen Liga Komunisten Liga bihurtu zen. Marx eta Engelsen iritziz, Komunisten Liga benetako mugimendu eta egitarau askatzailea zen, eta gizarte guztien etorkizunaren bidea erakusten zuela. Bere bizitzaren azken garaian Londresen bizi izan zen bere familiarekin eta Engelsen laguntzarekin. Garai horretan Komunisten Ligarekin jarraitu zuen eta Lehen Internazionalean ere parte hartu zuen. Londresko garai honetan ere kontaktu zuzena hartu zuen langileen eguneroko bizi-baldintzekin. Mugimendu komunisten intelektual organiko hutsa, propagandista, kritikatzaile, agitatzaile. Alderdi, elkarte eta erakundeetan zuzendari, iraultzaren helburua lortzeko. Iraultzaile hutsa zen. Azken garai honetan, Marx konturatu zen 1848ko iraultzek eta 1871ko Parisko Komunaren iraultzak porrot egin zutela. Horregatik, kapitalismoaren logikan sakondu nahi izan zuen eta bere libururik garrantzitsuena egin zuen: Kapitala (Das Kapital) (1867an lehenengo liburukia, 1873an bigarrena, eta besteak Marx hil ostean argitaratu ziren). Berriro filosofo hutsa izatera pasatu zen. Bere teoriaren eta praktika historikoaren arteko harremana ikertzeko asmoz, kapitalismoaren dialektika sakona ikertu zuen. Marxen bizitzan ikus daiteke dialektika prozesua: teoriatik praktikara, praktikatik teoriara. 1883an hil zen gaixotasun baten ondorioz, eta testamentu gisa, bere hilobian agertzen dira Marxen bi lelo garrantzitsu: "Herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte!" eta "Filosofoek mundua hainbat modutan interpretatu besterik ez dute egin; kontua, ordea, aldatzea da".

Testuinguru Filosofikoa

Alemania: Hegel eta Feuerbach

Hegel: Erabateko idealismoa. Kanten kritikaren ostean, Hegelek sintesi filosofiko berri bat eraiki zuen. Filosofiak absolutua ezagutu behar du, eta hori lortzeko, kontzientzia indibiduala konektatu behar da espiritu horren produkzio historikoekin, eta sintesi horretan espiritu absolutua pentsatu behar da. Hegelen iritziz, errealitatea arrazionala da eta arrazoia erabateko erreala. Lotura dialektika da: errealitatea erreala izatera heltzen da ezeztapenen bidez. Kontzientzia, errealitate gisa, kontzientzia nahasi batetik norbanako kontzientziara pasatzen da. Marxek ez zuen historiaren amaiera onartzen eta dialektikak jarraitzen zuela pentsatzen zuen. Errealitatea ez zen batere arrazionala, gatazkak eta bidegabekeriak zeudelako. Marxen ustez, benetako historia ez zen oraindik hasi. Marxek Hegeletik hartzen dituen ideia hauek maila metafisikoan daude.

Feuerbach: Hegelen ideiak hartuta, metodo historiko dialektiko bat sortu zuen erlijioa ikertzeko. Erlijioaren bitartez gizakien historiaz hausnartu zuen. Erlijioa gizakiaren auto-hausnarketa da, eta jainkoaren ideia gizaki idealaren ideia da. Gizakiak jainkoari bere nahiak eta itxaropenak egozten dizkio. Gizakia jainko ideia handia sortzean alienatu egiten da. Jainkoa gizakiak sortutako produktua da, eta behin sortua, bere sortzailearen aurka itzultzen da. Gizakia alienatuta dago. Erlijioaren azterketan, dialektika historikoa erlijio arloan erabili zuen. Ondorioa da gizonak egin eta antolatu duenak menderatzen duela, alienatzen duela, nahita edo nahi gabe egoera horretara eramaten duela. Marxek erlijio alienatzailearen kritika onartu zuen eta, horrela, maila konkretuan finkatu zuen bere ikerketa. Metafisikaren arazoak utzi eta dialektika historikoa modu konkretuagoan aztertu zuen.

Materialismo Historikoa

Alienazio Ekonomikoa eta Historiaren Motorra

Marxen garaian egoera historikoa. Ekonomiak azaltzen ditu gizaki izateko forma oker eta mugatu horiek: langileak eta kapitalistak. Marxek ikusi zuen historian zehar gizakia klase desberdinetan banatu dela, eta horretarako alienazio ekonomikoa dago. Historiaren motorra ez dira jainkoak edo ideiak. Gizakiaren historia gizakiaren produkzioaren historia da. Historiaren motorra bizitza materialaren produkzioa da. Hau da materialismo historikoa, gizakiaren historia unibertsalaren logika ezagutzeko ikerketa. Gizakiak naturarekin harremanetan daude, lan egiteko beharra daukate bizirauteko. Ekintzan, gizakiak sortzen ditu lanabesak eta tresnak, produkzio-baliabideak sortzen ditu. Gizakiak naturaren indar mekanikoak erabili ditu bere onurarako. Horrela aurrerapena eta zibilizazioa hasten da. Produkzio-baliabideak garatzen diren heinean, baliabide horiek erabiltzeko, mantentzeko eta berritzeko gizakien arteko harreman kooperatiboak konplexuago bihurtzen eta aldatzen doaz. Produkzioaren etekinen banaketaren arauak eta ohiturak ere aldatzen dira. Harreman multzo hau produkzio-harremanak dira, kultura guztien oinarria. Kultura eta gizakien kontzientzia produktu historikoak dira.

Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura

Produkzio-modu hori gizartearen azpiegitura ekonomikoa da, eta garai historiko bakoitzean berarekin bat datorren gainegitura (super-egitura) sortzen du. Produkzio-harremanak, produkzio-modu bakoitzean, zuzenbidearen legeetan eta eskubideetan ikusten dira: lanaren banaketa, lantokiko harremanak, elkartrukerako arauak, ondasunen banaketa. Tentsio bat agertzen da produkzio-baliabideen eta produkzio-harremanen artean: produkzio-baliabideak gero eta ugariagoak dira, baina produkzio-harremanek mugatuak eta murriztuak izaten jarraitzen dute. Kapitalismoan, produkzio-modu historiko gisa, tentsio hori gaindiezina da. Produkzio-baliabideak kapitalisten jabetza pribatuaren menpean daude, eta baliabide horien bidez ekoizten dena ere bai. Kapitalistak ekoizpenean produzitzen dena berea dela dio, hori ekoizteko erabili diren makinak, adibidez, berarenak direlako. Marxek dio makinak gizarteari eta langileen lanari esker egin direla. Beraz, produkzioa soziala da, baina etekinak pribatuak dira. Kapitalisten klasea aberasten den bitartean, langileen klasea gero eta txiroago bihurtzen da.

Marxen analisian, produkzio-baliabideek eta produkzio-harremanek sortzen dute produkzio-modu bat. Produkzio-baliabideak azpiegitura ekonomikoa dira eta sortzen dute gainegitura bat. Gainegitura ideologia desberdinez osatuta dago. Ideologia gizakien kontzientzia eta pentsamendua da. Kontzientzia hori faltsua da, errealitatearen gauzak inbertitu edo alderantzikatu egiten dituelako. Beraz, gainegituraren kontzientzia ideologikoa faltsua eta alienatzailea da. Gainegituraren edukiek ez dute funtsik, errealitate propiorik. Egitura ekonomikotik hartzen dute beren izaera. Egitura ekonomikoan agertzen dira produkzio-baliabideak eta beren garapena. Garapen horretan, produkzio-moduaren gatazka konpontzeko baldintza historikoak, materialak, sortzen dira.

Klaseen Arteko Borroka

Marxek bere analisia kapitalismora eraman zuen, produkzio-modu gisa. Produkzio-modu historikoak izan dira: esklabismoa, feudalismoa, lehenengo industria-iraultza eta, azkenean, kapitalismo garaikidea. Pauso guztietan agertu dira krisiak eta gatazkak, bereziki, klaseen arteko gatazkak: gizakiaren historia osoa klaseen arteko gatazkaren historia dela ondorioztatu zuen Marxek. Klase-borroka kontzeptuak esan nahi du gizakiaren alienazio historikoa: gizakiaren banaketa gizakien artean interes material eta ekonomikoen arabera klase sozialetan, gizakia bere kontrako banaketa baita. Kapitalismoaren motorra produkzio-baliabideen eta langileen arteko bereizketa da. Bereizketa horrek kapitalisten etekina ahalbidetzen du eta proletarioen etengabeko pobretzea dakar.

Iraultza: Askapenerako Baldintza

Krisi ekonomikoetan ikusten da nola kapitalistaren etekina handitzeko gutiziak sistema irteerarik gabeko atakan jartzen duen: etekinaren bilatze horrek gero eta kapital gehiago inbertitzea dakar makinatan, lanegunetako ordutegiak luzatzea, langile kopurua murriztea eta soldatak jaistea. Kapitalak gizarteari erabateko eskaera egiten dio: gizartea ez da helburu bat, kapitalaren etekinaren baliabide besterik ez da. Gizarteak, egoera txirotu eta langabezi horretan, ezin ditu kapitalisten produktuak erosi, eta bidegabekeria nabarmena bihurtzen da kontzientzietan. Etekinen beheranzko joeren arabera, ekoizpenean etekin gero eta murriztuagoa ateratzeko, gero eta inbertsio eta esfortzu gehiago egin behar da. Kapitalismoaren beraren arrakasta, boterea, hedapena eta garapena bere kontraesana eta porrota da. Tesi kapitalistaren garapenak bere ezeztapena dakar: langileria. Dialektikan bezala, sintesia behar da krisi, borroka eta iraultza baten bidez. Iraultza proletarioa beharrezkoa da. Horretarako, krisi-baldintza objektiboak egon behar dira eta langileen kontzientzia subjektiboa piztu. Iraultza ezin da izan iraultza politikoa soilik, lehenengo iraultza soziala baizik: egitura ekonomikoa guztiz aldatuz, makinak, merkatua eta jabetza gizakiaren zerbitzuetan jarriz. Horrelako iraultzak benetako sintesi historikoa behar du: kapitalaren eta langileriaren arteko sintesi historikoa. Gizateriaren historiaren hasiera, alienazioaren bukaera, eta klaserik gabeko gizarte eta humanismo berriaren jatorria izango litzateke. Marxen iritziz, egitura ekonomikoaren eraldaketak iraultza sozialista dakar. Langileriak botere politikoa hartuko du, indarkeria erabiliz eta produkzio-baliabideen kontrola ezarriz. Produkzio-baliabideen jabeduna gizarte osoa izango da; beraz, kolektibizatu egingo dira.

Marxismoaren Eragina Ondorengo Munduan

Marxek historiari buruz egin zituen iragarpenak okerrak izan ziren. Iragarritako proletarioen iraultza ez zen, sistema kapitalistaren ondorioz, herrialde industrializatuetan gertatu, baizik eta industriaurreko nekazaritza-aroan zeudenetan. Ezin izan zen ekoizpenaren kudeaketa egokirik gertatu, eta estatuak, desagertzeraino ahuldu beharrean, indartu eta totalitario bihurtu ziren. Marxek ez zuen filosofia-sistema bat egin nahi, pentsatzen zuelako sistema filosofikoak ideologia bihurtzeko arriskuan zeudela, eta horixe gertatu zitzaion Marxi gizarteari eta historiari buruzko bere azalpenarekin: ideologia marxista bihurtu zen. 1917ko Sobietar Iraultzaren ondoren, mundua bi bloketan banatu zen: ideologia marxista-leninista zuen mundu komunista eta mendebaldeko mundu kapitalista anti-marxista. 1989an Berlingo harresia eraitsi zenetik, mundu komunista sistema kapitalistara azkar eraldatu zen, eta hori marxismoaren amaiera gisa interpretatu zen. Iraultza marxistekin gertatu zen Frantziako Iraultzarekin gertatu zen bezala: politikoki porrot egin zuten baina, ekarpen batzuk lorpen gisa ekarri zituzten: Zuzenbide Estatua sortu zen, eskubideak eta askatasunak finkatu ziren, eta gizarte-eskubideak aitortu ziren. Pixkanaka, gizarte-oreka berria ezarri zen. Langileak ondasun eta kontsumitzaile gisa sartu ziren sisteman, eta horrek izaera iraultzailerik gabeko klase ertainak sortzea eragin zuen. Marxen filosofiaren zenbait interpretazio egin dira eta zenbait marxismo sortu dira:

  • Lehenbiziko interpretazio ortodoxoa (Lenin).
  • Interpretazio humanista (Lukács), gizakia ardatz gisa kokatzen duena; ekonomiaren arloa garrantzitsua da, baina gizakiaren tresna besterik ez da.
  • Estrukturalismoa, humanismoaren kontrakoa. Marxen ideia humanistikoak ideologia besterik ez direla dio. Kapitalan marxismo zientifikoa agertzen dela defendatzen du. Marxismoa zientzia gisa ikusten du.

Glosarioa

  • Kapitalismoa eta burges sistema: Kapital edo potentzia sozialaren erabilpen pribatua edo alienatua. Klase burgesaren lehentasuna eta dominazioa gizartean, produkzio-indarren eta baliabideen jabetza izateagatik.
  • Materialismo historikoa: Marxek sortutako historia unibertsala ulertzeko eta ikertzeko metodoa; bertan, bizitzaren produkzioa historiaren faktore garrantzitsuena da; hain zuzen ere, bizitza materialaren produkzioa da lanaren bidez.
  • Produkzio harremanak: Gizakien arteko harreman kooperatiboak naturaren aurrean bizirauteko baliabideak sortzeko, lana antolatzeko eta lanaren etekinak banatzeko.
  • Produkzio indarrak (baliabideak): Bizirauteko sortzen diren lanabesak, tresnak, makinak, ezagutza tekniko eta zientifikoak, energiaren erabilpena, lehengaien esplotazioa, eta langileen antolamendua eta lan-teknikak.
  • Produkzio modua: Produkzio-harremanen eta indarren multzoa da, garai historiko bat definitzen duena (adibidez, feudala, esklabista...).
  • Azpiegitura: Produkzio-harremanen eta produkzio-baliabideen multzoa da. Jendeak kontsumitu behar du bizirauteko; horretarako, produzitu behar du; produzitzeko, tresnak eta teknikak garatu behar ditu; eta horiek garatzeko, besteekin harremanetan eta kooperazioan jarri behar da.
  • Gainegitura (edo super-egitura): Gizakiek dituzten kontzientzia-forma desberdinak azpiegitura ekonomikoaren garapenaren une historiko jakin batean: erlijioa, zuzenbidea, politika, hezkuntza...
  • Krisi kapitalista: Merkatu kapitalistan produktuen eskaintza oso handia agertzen da, baina gizarteak ezin ditu produktu horiek erosi, dirurik ez duelako. Hala ere, bizirauteko produktuak dira; horregatik, kontraesan bat agertzen da. Ekonomiaren funtzio eta antolamendu txar batek gizakiaren kontra egiten du. Zergatik? Kapitalistak bere etekina kontuan hartuta produzitzen duelako, eta ez gizakien beharren arabera. Ondorioz, krisi ekonomikoa krisi soziala bihurtzen da, langabeziarekin eta soldaten murrizketekin. Beraz, krisi honen agerpenak produkzio-modu kapitalistaren desagerpenaren beharra adierazten du.

Entradas relacionadas: