Karl Marx: Alienazioaren Teoria eta Kapitalismoaren Kritika
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,45 KB
Marxen Alienazioaren Kontzeptua
Marxentzat, gizakia izaki natural eta gizatiarra da. Izakia da naturan, unibertsoan dauden beste izakiak bezalakoa, berezitasunekin. Baina bere izana ez da beste izakiena baino gehiago, eta bere sorrera ez dator inongo Jainkotik. Natura da bere sorburua, eta bera ere naturala da.
Gizatiarra izatea, bere ustez, natura eraldatzean datza. Gizakiak lan egiten du, tresnen bidez natura eraldatu eta produktuak ateratzen ditu. Beraz, lana da gizaki egiten gaituena. Lan egitean, beste gizakiekin harremanetan sartzen gara, eta gure jarduera, beraz, soziala da. Gizaki egiten gaituena jarduera hori denez gero, Marxek dio: "Gizakia bere harreman sozialak direna da".
Baina jarduera horiek eta hauekin lotutako harremanak denboran aldatuz doaz, eta horrekin gizakien izaera ere aldatuko da. Alienazioa gauza bat berez dena ez izatea da, beste gauza bat bilakatuz; hau da, zerbaitek bere izaera galtzea. Marxen ustez, alienatuta dagoena gizakia da, langilea sistema kapitalistan alienatuta dago.
Alienazio motak sistema kapitalistan
1. Alienazio Ekonomikoa
Esan bezala, gizakia da lan egiten duen izaki bakarra, eta hori da gizaki egiten gaituena. Hori dela eta, langileak produktu bat egitean bertan bere izaeraren zati bat uzten du, produktua halakoa delako gizakiaren lanarengatik, bere energiaren zati baten bidez egin duelako. Aldi berean, lanak bere izaera garatzeko balio du.
Baina soldatapeko lanean, langileak egindako produktua beste baten kapitala izatera pasatzen da, beraren zapalkuntzaren kausa bihurtuz. Izan ere, kapitalista langilearen lanaren bidez aberasten da, eta zenbat eta langileak lan gehiago egin, orduan eta aberatsagoa izango da kapitalista. Horren ondorioz, langileak produktuan utzitako bere gizatasunaren zati bat galtzen du.
Gainera, kapitalismoan lana ez da jarduera sortzailea, non gizakiak bere burua autoproduzitzen duen, baizik eta soldata baten truke, indarrez egin behar duen zerbait, dituen beharrak asetzeko. Honek alienazioa areagotzen du.
Naturarekin dituen harremanetan ere alienatuta dago gizakia, natura ez delako gizakiaren produktu ezorganikoa (dirua irabazteko tresna bezala erabilia), gizakiari bere sormena garatzeko tresna baizik.
2. Alienazio Soziala
Alienazio ekonomikoaren ondorioa da. Kapitalismoak produkzio-bideak pribatizatzen ditu, eta horrek bi klase sozial sorrarazten ditu:
- Langileena (proletarioak)
- Kapitalistena (burgesia)
Bi klase horien interesak guztiz kontrakoak dira, eta beraz, gizartea konponezinak diren bi taldetan banatzen da.
3. Alienazio Politikoa
Marxentzat, estatua klase pribilegiatuen menpean dagoen tresna da. Hasiera batean, gizarteak guztien interesak defendatzeko sortutako tresna zen, baina azkenean, estatuak eta bere baitan dauden hiru botereek bere egoera pribilegiatua mantentzeko erabiltzen du klase kapitalistak. Horregatik, Marxentzat estatu oro diktadura da.
4. Alienazio Erlijiosoa
Erlijioari egindako kritika ia filosofia bezain zaharra da. Aurrekari nagusiak:
- Epikuro: Beldur izateko kausatzat jo zuen, eta horregatik jainkoak ahaztu behar zirela zioen.
- Hegel: Erlijioan agertzen diren jarrerak irudikapenak direla uste zuen, eta kontzeptu arrazionalen bitartez gainditu behar direla.
- Feuerbach: Jainkoa gizakiaren asmakizuna litzatekeela zioen. Hau egiteko, gizakiak bere izaera proiektatzen du irudi horretan, eta hori egitean bere izana galtzen du.
Marxek hiruren eragina jaso zuen, baita alienazioa gertatzen zen estatu kristauarena ere. Bere ustez, erlijioa gizakiak pairatu behar duen egoera penagarriari aurre egiteko baliaidea da, baina bizitza honetako sufrimenduaren ordainsaria hurrengo bizitzan eskaintzen du. Honen ondorioa injustiziaren justifikazioa da: erlijioak zitalkeria guztien konpentsazioa zerura darama, eta ondorioz, lurreko zitalkeriak justifikatzen ditu. Erlijioa, beraz, gezurrezko askapena da, benetakoa atzeratzen duena.
5. Alienazio Filosofikoa
Historian zehar, filosofiaren papera errealitatea interpretatzea izan da. Marxek hori gogor kritikatuko du. Bere ustez, filosofiaren lana ez da errealitatea interpretatzea eta azaltzea bakarrik, baizik eta hori praktikara eramatea eta mundua aldatzea. Hala ere, honek ez du esan nahi pentsamenduaren aurka dagoela, baizik eta ideien mailan gertatzen denaren kontra.