Karl Marx: Alienazioa, Materialismo Historikoa eta Komunismoa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 12,72 KB
Alienazioa Karl Marxen Pentsamenduan
Karl Marxek, XIX. mendeko filosofo prusiarrak, gizartearen eta munduaren aldaketa iragarri zuen. Haren pentsamendua humanismo erradikala zen. Haren ustez, langileek alienatuta bizitzeari utziko zioten eta errebelatuko ziren, azkenik, proletargoa oinarri zuen gizarte bat sortuz.
Alienazioa gizakiak bere baitako zerbait galtzea da, bere buruarekiko arrotz sentitzea, inorentzea, eta horregatik duintasuna galtzea. Marxek hiru alienazio mota garrantzitsuenak bereizten ditu: erlijio-, ekonomia- eta ideologia-alienazioak. Hala ere, Marxek filosofiaren ikuskera berri bat hartuko du, eta bere ustez, askatasuna lortzeko tresna izango da, honek gizakiari begiak irekiko dizkiolako.
Ideologia eta Erlijio-Alienazioa
Ideologia errealitateari buruzko eta giza baldintzei buruzko errepresentazio desitxuratua ematen duen ideia-multzoa da. Beraz, ideologia-alienazioa pentsamolde hori bere osotasunean onartzean datza, esaten duena zalantzan jarri gabe.
Marxek dioenez, erlijio-alienazioa ideologia-alienazio bat da, erlijioaren eraginez gizakiok ez dugulako gure kontzientzia ezta iritzi propiorik garatzen, doktrina batean jarraitzaile bihurtzen garelako, eta fikziozko mundu bat (zerua) aurkezten digulako, errealitatetik urrun dagoelarik. Historian zehar, goiko klaseek behekoak zapaltzeko balio izan duen justifikazioa izan dela dio, langileak haiek nahi zuten bideetatik joan zitezen.
Erlijioa, Herriaren Opioa
Erlijioa, beraz, Marxek aurreikusi zuen iraultza sozialaren oztopoa da, langileak lasaitzen dituelako. Erlijioaren funtzioa, hortaz, engainatzea da: gizakiak egoera penagarrian bizi diren arren, onar dezaten, beste bizitza batean paradisuan egongo direlako. Horrekin erlazionatuta, bere esaldirik famatuena daukagu: “Erlijioa herriaren opioa da”.
Bere ustez, Eliza da alienazio honen sortzailea, errealitatea aldatu ordez, errealitatetik urrun dagoen justizia bilatzera bideratzen gaituelako. Zeruan, justizia egongo da, batzuentzako konpentsazioa izango da eta besteentzako ordainketa.
Hala ere, Marxi kritikatu ahal zaion zerbait da askapen-teologia ez zuela kontuan hartu. Honek, erlijioaren adar bat izanik, ideologia alde batera uzten du, gizaki guztiak behar bezalako duintasun-egoerara iritsi arte. Beraz, argi dago, azken finean, biak helburu antzeko bat zutela.
Ekonomia-Alienazioa (Lanaren Alienazioa)
Marxen ustez, ekonomia- edo lan-alienazioa da garrantzitsuena, honek beste alienazioetara eramaten gaituelako. Lana da gizakiak ekoizteko duen ahalmena eta hura bereizteko elementu garrantzitsuena. Beraz, Marxek, momentu hartara arte beste mendebaldeko filosofoen teoriaren aurka jotzen du, esanez giza bizitzaren funtsa lana dela eta ez dagoela arrazoian oinarrituta. Gainera, langilearen eta lanaren arteko bereizketarik ez dagoela salatzen du, langileak bere izaera proiektatzeari utzi diolako. Hori dela eta, gizakia alienatua geratuko da lanarekiko, hutsik dagoela sentiarazten baitio.
Gizaki alienatua ulertzeko bi ikuspuntu bereizten ditu:
- Ekoizkinaren aldetik: Berak sortutako produktuak bereak ez diren gauzak direla kontsideratzen duelako, eta horrela, bere pentsamenduaren eta produktuen arteko urraketa sortuz.
- Ekoizteko bitartekoen jabearen aldetik: Gizakiak bere indarra beste norbaiti saltzen diolako, era horretan, langilea etekinak lortzeko merkantzia bihurtu delako.
Amaitzeko, Marxek konponbidea proposatu zuen: klaseen arteko bereizketa gainditu beharra zegoen, denak berdintasunean bizi gintezen. Bere teoria osoa askapen horretan oinarrituko du, gizarte komunista baten ideian.
Marxismoaren Eragina eta Interpretazioak
Karl Marx, XIX. mendeko filosofo eta politikaren teorialari alemaniarra zen. Ekonomia eta politikari buruz idatzi zuen. Marxen filosofiaren zenbait interpretazio egin ziren eta zenbait marxismo ere sortu. Garrantzizko fenomenoa izan da gure historia garaikidean.
Marxismoaren Interpretazio Nagusiak
- Klase-borrokaren praktika aktiboa ordezkatzen duela dio; borroka horrek gizakien arteko mendekotasun- eta esklabotza-harremanak ahalik eta txikienak egitea du helburu.
- Marx komunismo erreala ahalbidetzen duen pentsalaria dela dio.
- Marx ideologia sozialistaren sortzailerik garrantzitsuenetarikoa dela dio.
- Marxismoaren interpretazio zientifikoa da.
Interpretazio Humanista eta Althusserren Bereizketa
Bi interpretazio azpimarragarri daude: interpretazio humanista, non argi geratzen den gizakia dela garrantzitsuena. Lukács, Bloch eta Schaff ordezkari dira, marxismoaren ardatza gizakia dela eta ekonomia gizakiaren ezinbesteko tresna bat dela diotenak. Metodoa, beraz, borroka-elementua baino ez da, eta gizarte kapitalistak eraso egiten dion gizakiaren tresnatzea defendatzen du.
Althusserrek Marxen bi etapa bereizi zituen: Marx gaztea edo humanista, non sortutako humanismoaren gaineko ideiak ideologia baino ez zirela dio; eta geroago, etapa zientifikoa, non marxismoa gizakiaren eta errealitatearen analisi objektibo bezala defendatzen duen.
Frankfurteko Eskolaren Kritikak
Frankfurteko Eskolak hainbat kritika egiten dizkio marxismoari (6, hain zuzen):
- Antropologiaren arloan: Gizakia ez da homo faber hutsa, eta mundua ez da soilik lantegi bat.
- Produkzio-indarrak: Gainegiturak izatera iritsi dira, hau da, ideologia izateraino heldu dira.
- Gizakien arteko elkarrekintza: Ez dira bakarrik produkzio-harremanak, konplexuagoak dira. Gizakia ez da soilik langilea, ekoizpen-harremanak baino harreman gehiago izan ditzake.
- Klaseen arteko borrokaren teoria: Gaur egungo egoera sozio-ekonomiko konplexua kontuan hartuta, sinpleegia da.
- Proletargoaren eta burgesiaren arteko bereizketa: Sinpleegia da, gure gizarte honetan klase sozial berriak agertu dira.
- Erlijioari dagokionez: Marxek erlijioaren funtzionaltasun plurala (erlijioa askatzailea izan daitekeelaren ideia, askapen-teologia) alde batera uzten du. Herrialde komunistetan erlijioa desagertuko zela igarri zuen, klaseekin batera, eta funtsean, ez da horrela izan.
Azkenik, marxismoak gizakiaren benetako izaera berreskuratu duela esan beharra dago, alienaziotik askatzen lagundu duelako.
Materialismo Historikoa: Egitura Ekonomikoa eta Gainegitura
Karl Marx, XIX. mendeko filosofo prusiarrak, munduaren ikuskera berri bat azaldu zuen. Hori izan zen bere ekarpen teoriko garrantzitsuena: Materialismo Historikoa, non historiaren ikusmolde ekonomikoa azaltzen duen. Haren ustez, historian zehar lau gizarte-antolaketa egon dira, denak ekonomian oinarrituta. Gainera, berak bosgarren bat iragarriko du. Gizarte mota horiei produkzio-moduak deitu zizkien, eta hauek dira: Komunismo primitiboa, Gizarte esklabista, Gizarte feudala, Gizarte kapitalista eta Gizarte sozialista (etortzear dagoena).
Azpiegitura eta Gainegitura
Produkzio-modua gizartearen oinarri globala da, Azpiegitura batez eta Gainegitura batez osaturik.
Azpiegitura (Egitura Ekonomikoa)
Azpiegitura gizartearen egitura ekonomikoa da, eta Gainegitura determinatzen du, Marxen ustez (nahiz eta errealitatean baldintzatzen duen). Bi elementuk osatzen dute:
- Produkzio-indarrak: Produkzio-prozesuan erabiltzen diren tresna eta bideak dira, hau da, produkzioan parte hartzen duten elementu guztien konbinaketaz sortutako indarrak (makinak, energia…).
- Produkzio-harremanak: Jabearen eta langilearen arteko harremanak dira, eta hauek Produkzio-indarren garapenaren mende daude.
Gainegitura
Gainegitura kontzientzia eratzen duten ideiak edo egitura juridikoen, politikoen eta ideologikoen multzoa da, hau da, gizarte baten sinismen, instituzio eta arau multzoa. Horrek gizarte-egitura justifikatzen du, eta hori kohesionatuta egon dadin, ideologia dago, errealitateari buruzko errepresentazio faltsutua sortzen duen ideia multzoa.
Iraultza Soziala Materialismo Historikoan
Produkzio-modu batetik bestera igarotzeko, iraultza soziala beharrezkoa da. Iraultza soziala, beraz, produkzio-harremanen suntsipenean eta eraldaketan datza. Produkzio-indarren garapenaren ondorioz, produkzio-harremanak oztopo bihurtzen direlako, eta harreman zaharrak zaharkituta geratzen direlako, produkzio-harreman berriak sortzen dira. Hori dela eta, produkzio-harreman berriak nagusi izango dira, eta hauekin batera, Gainegitura, gizartea guztiz aldatuz.
Marxen ikuspuntua ondo ulertzeko, argi izan behar ditugu hiru tesi hauek:
- Historiaren motorra produkzio-indarren eta produkzio-harremanen arteko desdoikuntzak sortzen du, hau da, klase-borrokak.
- Azpiegituraren eta Gainegituraren artean elkarrekintza dago, nahiz eta Azpiegiturak Gainegitura determinatu.
- Historiaren helburua klaseen desagerpena eta komunismoaren ezarpena da.
Gizarte Komunista eta Proletargoaren Diktadura
Karl Marx, XIX. mendeko filosofo prusiarrak, gizarte kapitalistaren amaiera iragarri zuen. Metodo zientifiko bat erabilita, gizarte-aldaketa bat egongo zela igarri zuen. Haren ustez, bosgarren etapa horretan, gizarte sozialista bat egongo zen, komunista, non pertsonen arteko berdintasuna, klaserik gabe, izango zuen oinarri. Haren ustez, momentu horretan hasiko zen benetako historia.
Horretarako, proletargoaren iraultza eman beharko litzateke. Proletargoa bere egoeraz jabetuko da eta errebelatu egingo da, lehenik boterea hartuz, gero Estatua ordezkatuz eta azkenik, langileen erakunde bakarra sortuz.
Proletargoaren Diktadura
Hortik aurrera, proletargoaren diktadura hasiko litzateke. Trantsiziozko aldi bat egongo litzateke, produkzio-moduen aldaketa burutu zedin. Tarte horretan, langileek boterean egongo dira eta jabego pribatua publiko bihurtuko dute, dena nazionalizatuz.
Gizarte sozialistara iristeko, bi fase nagusi daude:
- Estatuaren boterea langileetan geratu beharko zen, klaseak eta jabetza pribatua deuseztatuz.
- Estatua desagertuz joango zen, Estatua goitik behera aldatzen duen prozesu baten bidez. Prozesu horretan, lehenik, parlamentua, kate burokratikoak eta armada deuseztatuko ziren, gero langileen erakunde politiko bakarra sortuz, horrela benetako demokrazia lortuz.
Gizarte hori klaseen arteko dialektikaren galerarengatik sortua izango da. Gizarte berri honetan, klaseak desagertu direnez, zapalkuntza ere desagertuko da. Honekin erlazionatuta Marxen esaldi famatu bat dago: “Komunismoa norberaren askatasuna guztien askatasunaren baldintza da”.
Hala ere, Marxek proposatutako komunismoa eta errealitatean burutua izan dena ez dira berdinak. Herrialde askotan, marxismoaren interpretazio okerrak egin dira, diktadura zorrotzetan eta gizartearen egoera txarrago batean amaituz.
Iraultza: Kapitalismoaren Kontraesanak
Iraultza soziala proletargoaren kontzientzia haztean datza, eta hortik abiatuta, bere egoera txarraren berri izatean, errebelatzean. Hori alienazioa deuseztatuz hasiko zen, langileek produkzio-katearen katebegi bat direla konturatzean.
Marxek gizarte kapitalistaren analisia egiten du Kapitala liburuan. Langileen zapalkuntza eragiten duten faktoreak merkatua eta jabetza pribatua direla dio:
- Merkatua: Eskaintza eta eskariaren legea dela eta, kostuak murriztea dakarrelako, lehiakortasuna bermatzeko.
- Jabetza Pribatua: Horrek enpresariari produkzio-bitartekoez baliatzea ahalbidetzen diolako.
Ekoizpen-sistema horrek ekoizpen handiak egitera behartzen gaitu, etekina handitzeko. Etekin handiago bat izateko, kapital gehiago inbertituko da makinetan, lanaldiak luzatuko dira eta soldatak murriztuko dira. Horrek langilearen pobretzea eragiten badu ere, sistemaren kontraesana adierazten du baita: etengabe handitzen ari diren produkzioak ezin direlako saldu, herria gero eta pobreagoa delako.
Lehen aipatutako kontraesan horrek sistema kolokan jartzen du, krisi ekonomikoek frogatzen duten bezala. Hala ere, krisi hauek ondorio moduan langileen kontzientziatzea dakar.
Kontzientziatze horrek iraultza sortuko du, proletargoaren iraultza, gizarte kapitalistarekin amaitzeko. Sistema honetan zuzenketak egitea ez da nahikoa, zuzenketek krisi egoeretatik irteteko balio dutelako bakarrik, eta horregatik, gizartea goitik behera aldatu beharra dago. Marxek aldaketa momentu hori gertu ikusi zuen, kapitalismoak zituen kontraesanek ez zutelako sistema horren iraupena ziurtatzen. Beraz, iraultza soziala emango da, Gainegitura suntsitu eta klase gabeko eta langile erakunde bakarreko gizarte berdinzale bat sortuko da.