Karl Marx: Alienazioa, Materialismo Historikoa eta Iraultza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Otras materias
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,5 KB
Alienazio Ekonomikoa
Karl Marxen ustez, alienazio ekonomikoa alienazio motarik garrantzitsuena da, langileen existentzia materialari eragiten baitio. Alienazio hitza latinezko alienus hitzetik dator, “beste bat izatea” edo “norberengandik urruntzea” esanahiarekin. Marxen arabera, alienazioa gertatzen da gizakiak bere existentziaren subjektu izan beharrean objektu bihurtzen direnean.
Lana gizakiaren bereizgarri nagusietako bat da, naturarekin harremana eraldatzeko eta bere burua adierazteko aukera ematen baitio. Hala ere, kapitalismoan, langileek bere lan-indarra saldu behar dute soldata baten truke, eta horrek merkantzia bihurtzen ditu. Ondorioz, langilea lanetik urruntzen da, ez baitu bere ekoizpenaren jabetzarik, eta lan prozesuan arrotz bihurtzen da.
Alienazio ekonomikoa ekoizpen-moduetan oinarritzen da. Gizarte kapitalistan, langileek ekoizten duten guztia jabeen esku geratzen da, eta ekoiztutako produktuak ez dira haienak. Hau dela eta, alienazioa sendotu egiten da. Marxen ustez, arazo hau konpontzeko, klase borroka beharrezkoa da; izan ere, historian zehar beti egon da zapaldutakoen eta zapaltzaileen arteko talka. Sistema kapitalistan, borroka hori burgesia eta proletargoaren artean gauzatzen da.
Proletargoak ekoizpenaren kontrola eskuratu behar du gizarte komunista eraikitzeko. Jabetza pribaturik gabe, lan alienatua desagertu egingo litzateke, eta gizakiak bere jardueraren jabe izango lirateke, haien izaerari dagokion moduan. Gizarte hori gizarte komunista izango da.
Materialismo Historikoa
Materialismo Historikoa, Marxen arabera, historia prozesu dialektiko bat da, produkzioaren baldintza materialek zehaztutako prozesu bat. Hegelek historia ideia edo espirituaren bilakaera gisa ulertu zuen, baina Marxek hori errealitate materialaren bilakaera gisa interpretatzen du. Marxen arabera, gizartearen historia ez da ideien edo kontzientziaren produktu, baizik eta materialaren produkzioak gidatzen duena.
Gizartearen Egitura: Azpiegitura eta Gainegitura
Gizartearen egitura bi ataletan banatzen da:
- Azpiegitura: Produkzio indarren eta harremanen multzoa da, hau da, baliabideak, teknologia eta produkzioan sortzen diren gizarte-harremanak.
- Gainegitura: Azpiegituraren gainean dago eta kultura, lege, erlijio eta ideologia guztiak hartzen ditu. Gainegiturak azpiegitura mantentzen du eta horren justifikazio ideologikoa eskaintzen du.
Marxek gizartearen historian hainbat produkzio-modu identifikatzen ditu:
- Komunismo primitiboa
- Esklabismoa
- Feudalismoa
- Kapitalismoa
- Sozialismoa (edo Komunismoa)
Hauek guztiak gizartearen egiturak eta klase sozialen arteko borrokaren bidez aldatzen joan dira. Gizarte baten legeak edo antolakuntza ulertzeko, lehenik eta behin, bere bizi-baldintza materialak ulertu behar dira.
Iraultza
Marxek Kapitala izeneko liburuan ekonomia zientziaren ikerketa sakona egin zuen, baina ez zuen helburu tekniko hutsa izan. Marxek gizarte egituraren kritika egiten du, bere askapena oztopatzea leporatzen dieten kapitalismoaren aurka.
Kapitalismoaren ekoizpen moduari dagokionez, Marxek azpimarratzen du etekinen etengabeko handitze-nahia. Horrek sistema ekonomikoa irteerarik gabeko ataka batera bultzatzen du. Horrela, botere ekonomikoa esku gutxiagotan bilduko da, eta proletarioak gero eta ugariagoak eta behartsuagoak izango dira. Klaseen arteko desberdintasuna gero eta sakonagoa izango da, eta horrek krisi ekonomiko bat ekarriko du.
Marxek konbentziturik zegoen sistema honetan egindako zuzenketak ez direla nahikoak sistema bera gainditzeko, baizik eta krisian sartuko dela. Gizartearen egiturak ezin badu produkzio indarren arteko oreka mantendu, iraultza sortzen da, eta antolamendu berri bat eratuko da. Krisiak, beraz, iraultza egiteko baldintza objektiboak sortzen ditu. Aldi berean, proletarioek egoeraren kontzientzia hartuko dute eta aldaketaren alde borrokatuko dute.
Iraultzaren Baldintzak
Iraultza gertatzeko bi baldintza dira beharrezkoak:
- Baldintza Objektiboak: Sistema krisian egotea.
- Baldintza Subjektiboak: Proletarioek egoera aldatzeko borondatea izatea.
Marxek iraultza proletarioaren bidez burgesia desagertuko dela eta klase arteko borroka amaituko dela dio. Estatua alferrikakoa izango da eta desagertu egingo da, emakume eta gizonak askatasun osoa lortuz eta euren ahalmenak osotasunean garatuz.