Kanten Pentsamendua eta Filosofia: Ilustrazioa, Morala eta Ezagutza
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,51 KB
Sapere Aude: Autonomia eta Ilustrazioa
Sapere aude, “ausart zaitez jakitera” esanahia duen latinezko esamoldeak, Ilustrazioaren ardatz nagusia laburbiltzen du. Kanten arabera, gizakiaren bereizgarri nagusia autonomia da, bere kabuz pentsatzeko eta erabakiak hartzeko gaitasuna. Autonomia lortzea heldutasunera iristea da, hau da, adingabetasuna —besteen menpe arrazonatzeko ezintasunak sortzen duen egoera— gainditzea.
Pentsamendu autonomoa heteronomiaren kontrakoa da; hau da, besteek emandako iritzien menpe jardutea. Kanten arabera, gizakiak gidaritza edo tutoretza horien kateak apurtu behar ditu. Tradizioek, sinesmen erlijiosoek eta autoritate-printzipioek arrazoiaren erabilera askea oztopatzen dute, gizakia abere pasibo bihurtuz.
Kantek salatzen du gizakiak beldur diola bere kabuz pentsatzeari, tutoretza horiek bere ahalmena ahuldu dutelako. Hala ere, ahalmena ez da falta, ez erabiltzea baizik da arazoa. Horregatik, Kantek deia egiten du: “Sapere aude!”. Ilustrazioaren helburua da gizakia gidaritza arrotzetatik askatzea, bere buruaren jabe izan dadin. Horrek bakarrik aterako du iluntasunetik eta adingabetasunetik.
Arrazoimenaren Erabilera Publikoa eta Pribatua
Kanten arabera, Ilustrazioaren oinarriak bi dira: arrazoia eta askatasuna. Arrazoiak autonomoa izan behar du, eta askatasunak autonomia hori bermatu. Bi tresna horiek gizateriaren aurrerapena sustatzeko giltzarriak dira.
Kantek arrazoimenaren erabilera publikoaren askatasuna defendatzen du. Erabilera publikoak, gizabanakoek pentsatzeko eta adierazteko duten eskubidea izanik, gidaritza arrotzetatik askatzeko eta heldutasuna lortzeko aukera ematen du. Horrela, sineskerak eta injustiziak modu baketsuan aldatzea posible da, eta gizartearen aurrerapena sustatzen da. Iraultzak, Kanten arabera, ez du pentsamendua aldatzen; aldaketa horretarako ezinbestekoa da erabilera publiko askean oinarritutako askatasuna.
Erabilera pribatua, ordea, norbanakoaren eginbehar sozialak betetzean datza, adibidez, zergak ordaintzea. Horrek gizarte-ordena bermatzen du, eta mugatua izan behar da, kaosa saihesteko. Kanten arabera, norberaren askatasuna zertxobait murrizteak guztion askatasuna bermatzen du.
Adibidez, herritar batek zergak ordaintzea (erabilera pribatua) beharrezkoa du, baina zerga horien justiziaz hausnartzea eta horri buruzko iritziak plazaratzea (erabilera publikoa) bere eskubidea da. Horrela, askatasunaren eta arrazoiaren arteko oreka lortzen da.
Autonomia Morala: "Caesar non est supra grammaticos"
Kanten arabera, jokaera moralaren oinarria arrazoia da, eta horregatik agindu moralek beharrezkoak eta unibertsalak izan behar dute. Historiako moral gehienak, ordea, materialak izan dira, agindu hipotetikoetan (helburu jakin baterako pentsatuak) eta heteronomoetan (kanpotik inposatuak: Jainkoarengandik, Estatutik...) oinarrituak.
Kantek autonomia morala aldarrikatzen du, Caesar non est supra grammaticos esaldiak iradokitzen duen moduan. Inork ezin dio gizabanakoari agindu moralik inposatu; norberak bakarrik ezarri behar dizkio bere buruari arau moralak, kanpo-presiorik gabe. Zesarrek erabaki politikoak har ditzake, baina ezin du, adibidez, latinaren gramatika ezarri. Gauza bera gertatzen da moralarekin.
Agindu moralak, Kanten ustez, autonomoak, unibertsalak eta kategorikoak izan behar dute. Agindu kategorikoak ekintzaren helburua kontuan hartu gabe betebeharragatik jokatzea eskatzen du:
“Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi izango bazenu bezala.”
Horrela, autonomia moralak heldutasuna adierazten du: gizakiak bere arrazoia kritikoki eta autonomiaz erabiltzen duela.
Aitzitik, heteronomia moralak gizakia erlijioen, tradizioen eta autoritateen gidaritzapean uzten du, hau da, adingabetasun egoeran mantentzen du. Autonomia morala, aldiz, askatasunaren eta arrazoiaren garaipena da.
Kanten Kritizismoa: Hiru Galdera Nagusiak
Kantek filosofia hiru galdera nagusitan laburbildu zuen:
- Zer ezagut dezaket?
- Zer egin behar dut?
- Zer itxaron dezaket?
Horrek giza ezagutza, morala eta itxaropen metafisikoa aztertzen dituzte, hurrenez hurren.
Zer Ezagut Dezaket?
Galdera honek ezagutzaren mugak esploratzen ditu. Kanten arabera, ezagutzak bi osagai ditu: esperientzia (a posteriori) eta ezagutzeko molde a prioriak, subjektuaren barnekoak. Kanten iraultza kopernikarrak adierazten du subjektuak antolatzen duela objektua, eta, beraz, ezagut dezakegun mundua fenomenoen mugara mugatzen da. Noumenoen mundua, hau da, esperientziatik kanpoko errealitatea, ezin da ezagutu, eta horrek metafisika zientziatik at uzten du.
Zer Egin Behar Dut?
Galdera honek moralari dagokio. Kantek betebeharraren etika aldarrikatzen du, agindu kategorikoetan oinarrituta:
“Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi izango bazenu bezala.”
Moralaren oinarria arrazoi praktiko autonomoan dago, inolako kanpo-agindurik gabe.
Zer Itxaron Dezaket?
Arrazoimenak postulatu batzuk onartzen ditu:
- askatasuna,
- arimaren hilezkortasuna, eta
- Jainkoa.
Hauek ezin dira ezagutu, baina moralak justizia behar du, eta horrek beste mundu bat eta Jainkoaren existentzia postulatzea eskatzen du. Zuzen jokatuz gero, gizakiak zoriontasuna itxaron dezake beste mundu batean.
Ezagutza: Arrazoia Fedearen Zerbitzuan
Ezagutzaren arloan, Kanten arabera ez bezala, tradizio teologiko klasikoan arrazoia fedearen zerbitzura dago, biak elkar osatzen dituztela. Hiru egia mota bereizten dira:
- Arrazoiaren berezko egiak daude. Horiek arrazoiak bakarrik ezagutzen ditu, eta ezin dira fedearen aurka egon. Arrazoiak fedearen mende egotearen adibide historikoa da unibertsoaren egitura geozentrikoa irudikatu zuen Elizaren irakurketa, okerra izan bazen ere.
- Fedearen berezko egiak aurkitzen dira, fedeak bakarrik ezagutzen dituenak. Esaterako, Jainkoaren Hirutasuna edo Jainkoaren Haragitze Misterioa ezin dira arrazoi hutsez frogatu, fedezko gertakariak direlako eta esperientzia enpirikorik ez dutelako.
- Aldi berean arrazoiaren eta fedearen egiak daude. Adibidez, Jainkoaren existentzia arrazoiak eta fedeak ulertu eta frogatu dezakete. Arrazoiaren helburua fedearen baieztapenak sinesgarriago egitea da.
Arrazoiaren ezagutza-bidea Aristotelesen ereduan oinarritzen da: ezagutza esperientzian hasten da, eta abstrakzioaren bidez forma unibertsalak ateratzen dira. Egia, azkenik, ezagututakoaren eta adimenaren arteko adostasuna da, Jainkoaren izatearekin bat egiten duen egia absolutua bilatuz.
Substantziaren Hirugarren Osagaia: Izatearen Ekintza
Aristotelesen arabera, substantzia bi osagaitan oinarritzen da: materia eta forma. Hala ere, hirugarren osagai bat gehitzen da: izatearen ekintza edo existentzia. Forma ez da soilik materiarekin elkartzean gauzatzen, baizik eta izatearen ekintzarekin. Forma, lehenik, Jainkoaren adimenean existitzen da, eta Jainkoaren ekintza sortzailearen bidez gauzatzen da. Horrela, materiadun esentziak (zaldiak edo gizakiak) eta materiagabeko esentziak (aingeruak, arimak) bereizten dira. Izatearen ekintzak azken horiei existentzia ematen die, eta baita lehen materia ere, Jainkoaren sorkuntzaren ondorioz.
Jainkoaren Existentziaren Frogak
Jainkoaren existentzia fedez eta arrazoiz frogatu daiteke, eta horretarako hainbat froga daude:
- ontologikoak,
- kosmologikoak, eta
- fisikoteologikoak.
Froga Ontologikoa
San Anselmoren froga ontologikoak dio Jainkoa baino perfektuagorik ezin dugula pentsatu, eta, perfekzioa osatzeko, existentzia beharrezkoa dela. Hala ere, Tomasen ustez, argudio hori ez da nahikoa, ideietan oinarritzen delako, eta Jainkoaren existentzia zentzumenetatik abiatu behar da frogatzeko.
Froga Fisikoteologikoa
Froga fisikoteologikoak dioenez, mugimenduan dagoen orok beste zerbaitek mugitzen du, eta kate infinitua ezinezkoa denez, hasierako higitzaile mugiezin bat egon behar da; hori Jainkoa da.
Froga Kosmologikoa
Froga kosmologikoak azaltzen du gauza guztiak ezbeharrezkoak direla eta une jakin batean hutsaren garaia izan balitz, ezer ez zatekeela sortuko. Beraz, beharrezkoa den izaki baten existentzia ondorioztatzen da, izate guztien kausa dena: Jainkoa.