Kanten Kritizismoa: Arrazionalismoa eta Enpirismoaren Sintesia
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en
vasco con un tamaño de 4,42 KB
XVII. eta XVIII. mendeen artean arrazionalismoa eta enpirismo modernoa sortu eta hedatu ziren. Kantek bi iturri horien eragina aitortuko du, batik bat giza ezagutzaren inguruko bere ideietan (epistemologia).
Arrazionalismoa eta Enpirismoa: Iturriak eta Tesiak
Arrazionalismoa
Arrazionalismoaren ordezkari nagusia Descartes da, Leibniz eta Spinozarekin batera. Arrazionalisten ustez, arrazoiaren bidez lortutako ezagutza subjektiboa, zehatza, unibertsala eta beharrezkoa da, eta ezagutzaren edukiak adimenetik (ez esperientziatik) datoz. Hau da, a priorizko ezagutza existitzen da.
Enpirismoa
Enpirismoarentzat, aldiz, ezagutza esperientziatik datorkigu, bizipenetatik, inguruko estimuluen informaziotik. Lockek zioen haur baten adimena jaiotzean ohol lau moduko bat dela (***tabula rasa***), arbel zuri baten modukoa. Hortaz, ezagutza guztiak a posteriori lortzen dira. John Locke, Berkeley eta David Hume dira ordezkari nagusiak, jatorri britainiarrekoak hirurak.
Kanten Kritizismoa: Sintesia
Filosofia kantiarrak, kritizismoak, jarrera arrazionalista eta enpiristaren arteko antagonismoa gainditzen du, sintesi bat eginez eta jarrera bakoitzetik alde positiboena hartuz. Nahiz eta arrazionalismoaren tesi batzuk onartu eta bereganatu, Hume da Kant arrazionalismoaren “amets dogmatikotik” esnatuko duena, arrazoiaren mugaz jabetuko delarik (arrazoia kritikapean, “epaitua”). Muturreko arrazionalismoak ez du Kanten ustez ezagutza esplikatzen.
Kanten ustez, giza-ezagutza esperientzietatik abiatzen bada ere (enpiristek esan bezala), adimenak baditu a priorizko formak, esperientzia baino lehenagokoak direnak (arrazionalisten ildoan). Forma hauek izaera unibertsala dutenez, gure ezagutzak ere izaera unibertsal bat har dezakete. Beraz, Kantentzat a priorizko ezagutza ideiak esperientzian aplikatzean ematen da.
Kantek ezagutzaren gaia ***Arrazoimen Hutsaren Kritika***-n lantzen du. Ondorio nagusietako bat hauxe da: gizakiok ezin dugu errealitatea bere baitan ezagutu (noumenoa), gure baitan dagoena baizik, fenomenoen mundua.
Descartes eta Arrazionalismo Modernoaren Ezaugarriak
Descartes izan zen arrazionalismo modernoaren aita, frantsesa, XVII. mendekoa. Filosofia sendo bat eraikitzeko, erabateko ziurtasuna lortzeko, lehenik eta behin dena zalantzan jartzen du. Bere diskurtsoaren metodoan zalantza metodikoa delakoa ageri da. Guztiari buruz egiten du zalantza: sentsazioez, gorputzaz, ametsaz, iritziez, egia matematikoez.
Baina zalantza egiten dugun heinean zalantza-ezina den zerbaitekin egiten du topo: ***“Cogito ergo sum”*** (pentsatzen dut, beraz, banaiz). Honela ezagutzaren oinarrian a priorizko ideiak daudela defendatzen du, esperientzia baino lehenagokoak.
Descartesen Dualismo Antropologikoa
Azpimarragarria da baita ere Descartesen dualismo antropologikoa. Giza gorputzari buruzko azalpen guztiz mekanizista bat emango badu ere, kontzientziak beste izaera bat du. Substantzia ezberdinak dira: ***res cogitans*** (kontzientzia) eta ***res extensa*** (gorputza).
Arrazionalismoaren Ezaugarri Nagusiak
- Konfiantza arrazoian: Ezagutza iturri garrantzitsuena arrazoia da, baliozko ezagutzak sor ditzakeen bakarra. Arrazoian, esperientziatik sortu ez diren jatorrizko ideiak daude.
- Ezagutza sentikorraren gutxiespena: Sarritan zentzumenek huts egitera bultzatzen gaituzte, eta ezagutza sentikorra ezin da unibertsala izan, ezinezkoa delako multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea (indukzio osoa).
- Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna: Zientziaren judizioek baliagarriak izan behar dute kasu guztietan (unibertsala) eta nahitaezkoa da hori. Matematika, a priori eratuta dagoenez, ezaugarri hauek dituzten judizioek eratzen dute. Horrelako ezaugarririk ez duen zientzia ezin daiteke baliozkoa izan.
- Munduaren arrazionaltasuna: Unibertsoko gertaera orok justifikazio bat du, kausa bat, ezer ez delako ausaz gertatzen. Nolanahi ere, eta honetan datza hain zuzen arrazionalismoaren ekarpena, kausa hori arrazoiaren bidez ezagut daiteke, eta haren kabuz ezagut dezake.