Kanten Filosofia Kritikoa: Zer Ezagutu, Egin eta Espero?

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,15 KB

Immanuel Kanten filosofia kritikoa hiru galdera nagusiren inguruan egituratzen da, ezagutzaren, moralaren eta itxaropenaren mugak aztertuz:

Zer ezagut dezaket?

Kanten ustez, zerbait ezagutu ahal izateko, espazio eta denbora konkretu batean ditugun sentsazioetatik abiatu behar gara. Sentipen horiek adimenak aurretik dituen kategorien bidez lantzen ditugu, eta horrela judizio beharrezkoak eta unibertsalak lortzen ditugu. Ez dugu lege zientifikorik aurkitzen, eraikitzen ditugu.

Horrela soilik ezagutuko dugu esperientzian ematen zaiguna (fenomenoa). Esperimentatu ezin duguna, aldiz, ezin da ezagutu (noumenoa).

Zer egin behar dut?

Arrazoi praktikoa erabili behar da. Gizakiok autonomia moralaren arabera jokatu behar dugu (bakoitzak bere buruari emandako aginduen arabera), baina moralaren arauak aldi berean unibertsalak izan behar dira. Hau da Inperatibo Kategorikoa: obeditu beharreko aginduak.

Inperatibo Kategorikoaren formulazio nagusiak:

  • Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihurtzea nahi bazenu bezala: denon interesa bilatuz, eta ez soilik partikularra.
  • Gizakia helburu bat bezala tratatu behar duzu, eta ez bitarteko bat bezala: ez erabili inor zure helburu propioak lortzeko.

Inperatibo Kategorikoak hipotetikoetatik bereizten dira, hipotetikoek ez baitigute benetako autonomia ematen (gure helburuen menpe jartzen gaituzte).

Zer espero dezaket?

Arrazoi praktikoa betetzeko, hiru postulatu onartu behar dira: askatasuna, arimaren hilezkortasuna eta Jainkoa. Ondo jokatuz gero, salbazioa espero daiteke.

Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kanten Pentsamenduan

Kantek enpirismoaren eta arrazionalismoaren arteko eztabaidan erdibide bat bilatzen du. Ezagutza esperientziaren mugen barruan garatu behar dela onartzen du, baina aldi berean, unibertsaltasuna eta beharrezkotasuna ahalbidetzen dituzten kategoria apriorizkoak defendatzen ditu.

Enpirismoa eta Eszeptizismoa

Enpirismoaren arabera, gure ezagutza esperientziatik dator. Baina esperientzian kasu partikularrak antzematen dira, eta horiek orokortzean huts egin dezakegu. Horregatik, enpiristak eszeptikoak dira ezagutzari buruz. Kantek eszeptizismo hori ukatzen du, zentzumenen bidez jasotzen ditugun inpresioak kategoria apriorizko batzuen bidez aztertzen ditugulako. Hortaz, kategorien bidez ezagutzen duguna beharrezkoa eta unibertsala da.

Fenomenoa eta Noumenoa

Kategoria hauek esperientziaren mugen barruan soilik aplika daitezke; fenomenoa bakarrik ezagutu dezakegu. Kategoriak esperientziaren mugetatik kanpo aplikatzean, baliorik gabeko zerbait lortzen dugu, noumenoa. Izan ere, ezagutu ezina ezagutzen saiatzea absurdoa da.

Laburbilduz, Kantek ezagutza esperientziaren mugen barruan garatu behar dela dio, enpiristek bezala, baina haien eszeptizismoa kritikatuz. Arrazionalistek bezala, aldiz, pentsatzen zuen posiblea dela unibertsala eta beharrezkoa den ezagutza, baina arrazionalisten dogmatismoa kritikatuz.

Entradas relacionadas: