Kanten Filosofia: Arrazionalismoa, Enpirismoa eta Ilustrazioaren Eragina

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 19,3 KB

Arrazionalismoa eta Enpirismoaren Uztarketa Kanten Filosofian

Ilustrazioaren oinarrian, XVII. mendeko bi joera filosofiko aurki daitezke: arrazionalismoa eta enpirismoa. Horiek ikertu gabe ezin daiteke ulertu Argien Mendea. Hasteko, argitu beharra dago bai arrazionalismoarentzat eta baita enpirismo modernoarentzat ere, epistemologia erdiguneko gaia bihurtu zela: ezagutza-prozesuan subjektuaren papera zein den ikertu zuten, ezagutzaren posibilitateak eta mugak.

Kantek esaten du Humek amets dogmatikotik esnatu zuela, hau da, Kanten ustez, enpirismoaren ideiak ezagutzeak arrazionalismoaren dogmatismotik atera zuela.

Arrazionalistek (Descartes, Spinoza, Leibniz...) ezagutza arrazionalaren lehentasuna aldarrikatzen dute, zentzumenen bidez lortutako ezagutzaren gainetik, zientzia matematikoaren unibertsaltasuna aldarrikatuz. Arrazionalismoaren tesi nagusia hau da: arrazoiaren buruaskitasuna ezagutza iturri gisa. Enpiristentzat (Hume, Locke, Berkeley...), aldiz, ezagutzaren iturria zentzumenak dira, esperientzia sentikorra, eta zientziaren oinarri eta printzipioak soilik esperientziak jasoak izan daitezke. Horrela, ezagutzaren unibertsaltasuna zalantzan jarri zuten.

Kantek bi eskolak uztartzen ditu esanez ezagutza oro ez datorrela zentzumenen esperientziatik (arrazionalismoa), baina esperientziarik gabe ez dagoela ezagutzarik (enpirismoa). Era horretan, Kantek zientziaren unibertsaltasuna salbatzen du (esperientziatik ez datorren forma da) eta baita esperientzia ere (ezagutza enpirikoa balioztatzen du). Kantek azaltzen du subjektuak ez duela objektuaren argazki hutsa egiten, baizik eta datuak antolatu, moldatu, ordenatu... egiten dituela bere formara (forma a priori direlakoak). Ezagutua izan dadin, errealitatea subjektuaren baldintza a priorikoetara moldatu behar zaio: sentsibilitatearen kasuan espazio eta denborari, eta adimenaren kasuan 12 kategoriei.

Kategoriak espazio eta denboran ematen diren datuei soilik aplika dakizkieke zilegi (horregatik metafisika ezin daiteke zientzia izan).

Horrela, ezagutza ez da ariketa pasiboa, gizakiak ez du mundua bera den horretan ezagutzen (noumenoa), baizik eta bere ezagutza-egituraren arabera, berarentzako dena (fenomenoa). Horri deitzen zaio Kanten "iraultza kopernikarra", objektua baino subjektuarengan jartzen duelako fokoa. Amaitzeko, arrazionalismoa eta enpirismoaren uztarketa laburtzen duen esaldi bat hau da:

"Edukirik gabeko pentsamenduak hutsak dira; kontzepturik gabeko intuizioak itsuak".

Kant eta Ilustrazioa: Caesar Non Est Supra Grammaticos

Hasteko, Ilustrazioa XVIII. mendeko mugimendu intelektual suspertzaile eta berritzailea da, arrazoiaren nagusitasuna azpimarratzen duena ezjakintasunetik ateratzeko. "Argiaren mendea" izenez ezagutzen da, eta banakoaren ahalmen arrazional eta kritikoaren defentsa egiten du. Kanten arabera, arrazoimenari esker, gizakia "adingabetasuna" gainditzen du. Ilustrazioa hasieran elite baten artean (nobleak, burges kultuak) garatu zen, baina ideiak pixkanaka herrira hedatu ziren.

"Zer da Ilustrazioa? galderari erantzuna" artikuluan Kantek Zöllner-en galderari erantzuten dio, erlijio auzietan arreta jarriz batik bat. Ilustrazioa gizabanakoaren irteera da adingabetasunetik, heteronomiatik, tutoreenganako menpekotasunetik, eta, horrela, autonomiarako bidea. Autonomia morala defendatzen du Kantek eta argi uzten du erregeak (Caesar-a, hain zuzen ere) ezin diela "erlijio arazoetan" ezta moralari dagozkion kontuetan herritarrei ezer ezarri: "bere menpekoei utz diezaieke euren salbaziorako beharrezko iruditzen zaiena egiten, ez baita bere arazoa". Bakarrik esku hartuko du kontzientziaren araberako askatasuna indarkeriaz oztopatzen dutenak gelditzeko (erlijio inposaketaren aurka).

Artikuluan argitzen du giza naturaren aurkako krimena litzatekeela apaizen arteko elkarte batek edo Classis batek sinesmen eta doktrina batzuk inposatzea, bai herriari eta baita ondorengoei ere. Monarkak ez du bide eman behar bere mendekoen menderatzeari, baizik eta borondate kolektiboaren garapenari, hau da, herriak erabakiko lukeena formulatu eta ordezkatu behar du, eta herri osoaren borondatea bereganatuz legegile izan. Erregearen eginkizuna da erlijio-arazoetan gizakiei ezer ez agintzea, baizik eta askatasun osoa uztea.

Erregeak berak bere sinesmenak inposatuko balitu edota erlijio kontuetan arrazoimenaren erabilera publikoa oztopatuko balu aurpegiratuko litzaioke "Cesar, erregea, ez dago gramatikarien gainetik", Caesar non est supra grammaticos (Esapidearen esanahia zera da: Erromako enperadoreak erabaki politikoak edo ekonomikoak inposa ditzake, bere eginkizuna delako, aldiz, Zesarrek ez du inolako ezagutza eta aginpiderik mendekoei latindar hizkuntza era batean edo bestean erabili behar dela esateko. Zeregin hori ez dagokio enperadoreari, gramatikariei baizik, eta haiek dira latinaren erabilera zuzena zein den erabaki behar dutenak). Ilustrazioa eman dadin, erlijioari eta moralari dagokienez, subjektu bakoitza da bere buruari agindu morala ezarri behar diona, ezeren eta inoren inposiziorik gabe. Agindu morala ez da heteronomoa izan behar, autonomoa baizik. Erregeak despotismo espiritualean laguntzea bereziki larria da Kanten ustez.

Kanten morala autonomian dago oinarritua, norbera izan behar da gai bere buruari lege morala emateko. Kanten etikari etika formala deritzo, zer egin behar dugun esan beharrean, edo gomendio moralak eman beharrean, formula antzeko bat eskaintzen digulako, guk praktikan nahi dugun momentuan, edozein egoeratan, jar dezagun. Formula hori inperatibo kategorikoa da, eta horrela dio (Arrazoi praktikoaren kritika idazlanean):

"Lege unibertsal bilakatzea nahi duzun eredu horren arabera jokatu ezazu" eta "Gizateria, zeure burua nahiz beste guztiak, aldi berean xedetzat eta ez soilik bitartekotzat erabiltzen duzun eran joka ezazu".

Enpirismoa: Locketik Humera

Ezaugarri Nagusiak

Enpirismo hitza grekerako empeiria hitzetik dator eta "esperientzia" esan nahi du. Enpirismoa XVII-XVIII. mendeetan Britainia Handian bereziki garatu zen filosofia-korrontea izan zen. Aitzindariak Oxfordeko eskolan aritu ziren XIII. mendean, eta Locke, Berkeley eta Hume dira egile aipagarrienak. Enpirismoa arrazionalismoari kontrajartzen zaio; hala ere, enpirismoa ez zen arrazoimenaren kontrako filosofia izan, baina enpiristek nabarmendu zuten arrazoimenak mugak zituela eta aplikazio eremuak zehaztu behar zituela. Enpirismoaren tesi nagusia hau da: ezagutzaren iturria zentzumenak dira, esperientzia sentikorra.

Hauek dira ideia nagusiak:

  1. Esperientzia da ezagutzaren iturria. Adimena esperientziaren edukien bitartez bete behar den "arbel zuria" (tabula rasa) da, eta horregatik ukatzen ditu enpirismoak arrazionalismoak onartzen dituen sortzetiko ideiak. Esperientzia beti ere, kasu partikularren esperientzia da, eta lege orokorrak formulatzeko metodoa induktiboa besterik ezin daiteke izan. Zientziaren oinarri eta printzipioak soilik esperientziak jasoak izan daitezke.
  2. Esperientzia da giza adimenaren muga. Esperientziatik haratago espekulatuz gero, zalantzazko eremuan sartzen gara. Giza adimenak ezin du esperientziatik haratago dagoena ezagutu. Enpiristek onartu zuten giza ezagutza oro ideien ezagutza zela, baina ideia horiek esperientzia sentikorrean jasotako edukiak zirela.
  3. Arrazoia arrazoi kritikoa da. Arrazoiak bere posibilitateak eta mugak aztertzen ditu. Eduki metafisikoak, arrazoiaren mugetatik kanpo daudenez, ezagutezinak dira enpiristen ustez.

Enpirismoaren Ordezkari Nagusiak

John Locke (1632-1704)

Locke hartzen da enpirismo modernoaren sortzailetzat. Haren ustez ezagutza osoa esperientzian oinarritu eta eratortzen da, sentipenezko esperientziaren datuei jarraituz lantzen ditu gure gogamenak. Hauteman edo ezagutzen dugun guztia, ideia da Lockerentzat.

Ez dugu ezagutzen ideietatik kanpo dagoen errealitatea. Era berean, gure ideiak kanpo-errealitate horren errepresentazioak dira. Lockek bi eratako ideiak bereizi zituen:

  • Ideia bakunak: gogamenari ideia bakunak bi modutan irits dakizkioke: zentzumenen bidez edo gogoeta hutsetik. Ideia horiek gogamenak hartzen ditu, ez ditu sortzen.
  • Ideia konplexuak: ideia bakunak hartuz eta konbinatuz sortzen ditu gogamenak. Ideia konplexuen artean topatzen dira "substantzia-ideiak".
George Berkeley (1685-1753)

Berkeleyk kanpoko munduaren existentziaz ziur egon gaitezkeen ala ez eztabaidatu zuen. Ziurgabetasun horretatik abiatuta, koherentziarik eza leporatu zion Lockeri: ideiak kanpoko munduaren errepresentazioak direla esateko, ideiak eta kanpoko mundua ezagutu beharko lirateke. Berkeleyren iritziz ideiak hautematean ez ditugu gauza sentigarrien irudiak hautematen, gauza sentigarriak berak baizik. Gauza sentigarriak hautematen ditugun neurrian existitzen dira. Beraz, ideiak Jainkoarengandik hartzen dituela gogamenak, eta Jainkoa dela haien kausa ondorioztatzen du.

David Hume (1711-1766)

Humeren lanak irakurtzeak esnarazi zuen Kant amets dogmatikotik, Kantek berak aitortzen duenez. Lockek bezala, Humek ere esperientziatik eratortzen ditu gogamenaren eduki guztiak. Humen ustez, substantzia ezaugarri multzo bati gogoratzeko ematen diogun izena besterik ez da; errealitatean, mundu errealean ez dago ezer baliokidetasuna duenik.

Kausalitatearen printzipioa ere zalantzan jarri zuen. Humen iritziz, substantzia edo kausa bezalako kontzeptuak, arrazionalismoaren ardatz direnak, giza irudimenaren emaitza dira. Kausa kontzeptuak, adibidez, esperientzia bat askotan errepikaturik ikusi dugulako egiten dugun inferentzian dauka jatorria; memoriari eta irudimenari esker sortua dena.

Enpirismoaren Eragin Politikoa

Enpiristen artean, John Locke dugu politika-teorialari garrantzitsuena. Liberalismo politikoaren teorialaria izan zen eta botereen banaketa (betearazlea, legegilea eta federatiboa), berdintasuna, askatasuna, tolerantzia eta hitzarmen-soziala bezalako ideia edo kontzeptuak proposatu eta defendatu zituen. Hitzarmen edo itun horren helburua da aginte zibilak herritarren eskubide naturalak babestea, horien artean jabetza pribatuarena nagusiki.

Arrazionalismoaren Ezaugarri Orokorrak

Arrazionalismoa, XVII. mendeko korronte filosofikoa, arrazoiaren lehentasuna eta indarra ezagutza iturri nagusi gisa defendatzen du. Hala ere, jatorriak Greziako filosofian aurkitzen dira, Parmenides aitzindari izanik. Berpizkundetik indartu zen, eskolastikaren krisia eta pentsamendu humanistaren eraginpean. Descartes, filosofia modernoaren aitatzat jotzen dena, arrazoiaren nagusitasuna azpimarratu zuen, matematikaren metodo arrazoizkoetan oinarrituta. Eskolastika eta eszeptizismoa gainditzeko, Descartesen ustez, arrazoimenaren ahalmen naturalak dira ezagutza ziur eta unibertsala lortzeko iturri bakarra. Zentzumenen edo esperientziaren muga eta erroreak alde batera utzita, arrazoimena da ezagutza guztien oinarria.

Azal ditzagun orain arrazionalismoaren ezaugarri orokorrak. Arrazionalismoa aro modernoko filosofia-korronte handietako bat da, enpirismoa eta kritizismoarekin batera, eta, besteak bezala, ezagutzaren teoriaz, epistemologiaz, arduratu zen bereziki.

Arrazionalismoaren tesi nagusia honela labur daiteke: arrazoiaren buruaskitasuna ezagutza iturri gisa.

Ezaugarri Nagusiak

  1. Giza arrazoimenean erabateko konfiantza. Arrazoimena gizakiak egia aurkitzeko duen fakultate bakarra eta nahikoa da, ezagutza berri fidagarriak lortzeko bidea da eta lortutakoa baieztatzeko erabili behar dena. Arrazoiak ematen du errealitateari buruzko baliozko eta egiazko ezagutza. Descartesen hitzetan: "Soilik jo egiazkotzat arrazoiari modu argi eta ebidentean agertzen zaiona". Arrazoia bera da egia irizpide nagusia eta arrazionalisten ustez beste ezerk ez du arrazoiaren jarduera mugatu behar. Kantek esango du arrazionalismoak duen arrazoiaren ikuspegi hori dogmatikoa dela, arrazoiarenganako konfiantza hain handia dela, ezen bere balioa aurretikako kritikarik gabe onartzen baita.
  2. Ezagutza sentikorraren gutxiespena. Sarritan zentzumenek huts egitera bultzatzen gaituzte, eta ezagutza sentikorra ezin da unibertsala izan, ezinezkoa delako multzo bereko kasu guztiak esperimentatzea (indukzio osoa).
  3. Zientzia unibertsal eta beharrezkoaren nahitaezkotasuna. Zientziaren judizioak baliagarriak izateko unibertsalak izan behar dute eta beharrezkoak izan behar dira. Horretarako ezaugarririk ez duen zientzia ezin daiteke baliozkoa izan arrazionalisten ustez. Baldintza horiek betetzen dituen zientzia bakarra matematika da, a priori eratua dagoelako; eta horregatik matematika eta haren metodoa dira ezagutza ziur eta unibertsalaren eredu arrazionalismoan. Descartesek eredu matematikoa aplikatu zuen bere proposamen filosofikoan, ezagutza unibertsal eta beharrezkoa eraiki nahi izan zuelako.
  4. Sortzetiko ideien existentzia. Platonek irekitako tradizioari jarraituz, tradizionalistek zioten giza adimenak badituela egiaren oinarri diren aurretiko ideiak. Arrazionalistentzat ezagutza unibertsala izan dadin ezin da esperientzia enpirikoaren bidez jasotako datuetan oinarritu, baizik eta ideia eta printzipio argi eta ebidenteetan. Adimena ez da tabula rasa, enpiristek esan zuten bezala. Ezagutza, arrazionalisten ustez, a priorizkoa da: adimenean sortzetiko izaera duten ideia horietatik abiatuta, eta metodo deduktiboa erabilita, zalantzarik gabeko egietara iritsiko da arrazoimena.
  5. Munduaren arrazionaltasuna. Arrazionalista gehienen paradigma zientifikoa mekanizismoa izan zen, guztiek ontzat eman ez bazuten ere. Unibertsoa kuantitatiboki azter eta deskriba daitekeen mekanismo erraldoi baten antzekoa da.
  6. Gizakiaren ikuspegi dualista. Descartesek zioen gizakia bi alderdi autonomoz osatuta dagoela: gorputza (res extensa) eta arima (res cogitans).

Ilustrazioaren Ezaugarri Nagusiak

Ilustrazioa XVIII. mendeko mugimendu intelektual suspertzaile eta berritzailea da, arrazoiaren nagusitasuna azpimarratzen duena ezjakintasunetik ateratzeko. "Argiaren mendea" izenez ezagutzen da, eta banakoaren ahalmen arrazional eta kritikoaren defentsa egiten du. Kanten arabera, arrazoimenari esker, gizakia "adingabetasuna" gainditzen du. Ilustrazioa hasieran elite baten artean (nobleak, burges kultuak) garatu zen, baina ideiak pixkanaka herrira hedatu ziren.

Mugimenduaren abiapuntua Britainia Handian kokatzen da (1680-1730), Glorious Revolution delakoarekin. Printzipioak, besteak beste, erlijio tolerantzia, jabetza pribatuaren babesa eta itun soziala izan ziren. Filosofo nabarmenen artean Locke, Berkeley eta Hume azpimarratzen dira. Ondoren, Frantziak lidergoa hartu zuen, eta filosofo ospetsu ugari agertu ziren: Montesquieu, Voltaire, Rousseau edo de Gouges. Alemanian, mugimendua moderatuagoa izan zen, baina pentsalari sakonenak bertan agertu ziren, Kant bereziki.

Ilustrazioa Europa osoan hedatu zen, baita Amerika eta Australian ere, ideologia honen printzipioek eragin handia izanik geroko iraultza eta aldaketa sozialetan.

Ilustrazioaren Ildo Nagusiak

  1. Arrazoi eredu berria.
    • Arrazoi enpiriko eta analitikoa. Enpirismoak arrazionalismo dogmatikoari egindako kritiken ondorioz, gertakariak eta esperimentuak bilakatu ziren jakintzaren abiapuntu.
    • Arrazoi kritikoa. Arrazoiaren kanpoko aginpide oro baztertu zen (tradizioa, autoritatea, errebelazioa, aurreiritziak...). Obskurantismoari espiritu kritiko arrazionalista kontrajarri zitzaion. Gainera, arrazoia berarekin arrazoiari kritika egiten zaio, eta ondorioztatzen da mugak dituela.
    • Arrazoi autonomoa: Arrazoimena zen ilustratuentzat gizakiak behar zuen gidari bakarra, ezagutzaren arloan ez ezik, baita gainerakoetan ere, izan publiko, zein pribatu.
  2. Aurrerapena. Aurrerapen zientifiko eta teknikoari esker, munduari eta gizadiari buruzko ikuskera baikorra dute. Ziur daude arrazoimena erabilita, natura menperatuko dela eta gizateriaren ongizate material eta espirituala lortuko dela. Horregatik dute ilustratuek halako grina kultura hedatzeko eta pedagogia eta hezkuntzari buruzko interesa (historian lehenengo aldiz, derrigorrezko hezkuntza publikorako eskubideaz mintzatu ziren ilustratuak). Entziklopediak, hiztegiak... liburuak hedatu eta itzuli zituzten hizkuntza ezberdinetara; prentsa eta aldizkariak biderkatu... kulturaren hedapena erraztuz. Gainera, banakako zein taldeko zoriontasunerako bidea arrazoimen kritikoaren erabilpenetik pasatzen zela uste zuten. Zientzien garapena handia izan zen. Sistema metriko dezimala ezartzen hasi zen. Garai honetakoa da lurrun-makina eta zientzialari ezagun asko: Celsius eta Farenheit, Linneo, Lavoisier, eta Euskal Herrian, Elhuyar anaiak.
  3. Absolutismoaren arbuioa. Absolutismoari buruzko jarrera kritikoa hartu zen eta askatasun politiko eta zibilen defentsa proposatu zen. Horrek pribilegio aristokratikoen arbuioa eta gizaki guztientzako eskubide natural komunak zeuden printzipioaren defentsa ekarri zituen, eta, beraz, gizabanakoaren eskubideen kontzeptuak garrantzia hartu zuen. Ideia horiek ilustratu batzuk mugimendu demokratiko edo errepublikanoetara hurbildu zituzten eta liberalismoan eragina izan zuten. Gizarte-hitzarmenaren teoriak zabaldu ziren, baina bakar batzuek defendatu zituzten ideia demokratiko eta berdintzaileak (Rousseauk, esaterako).
  4. Despotismo ilustratua: XVIII. mendearen bigarren erdiko Europako monarkia batzuen berezko gobernu modua izan zen. Botere politikoa erregearengan zegoen kontzentratuta, zeinak ministro batzuen aholkuarekin gobernatzen zuen. Absolutismo klasikoan ez bezala, despotismo ilustratuak arrazoimenaren erabilerak erabaki politikoak gidatu behar zituen printzipioa barneratzen zuen. Eredu hau irudikatu zuen esaldia hauxe izan zen: "dena herriarentzat, baina herririk gabe", gobernuak herriarentzat neurriak betearazten zituela esan nahi baitzuen, baina erabakiak herriaren esku-hartzerik gabe hartzen ziren.
  5. Deismoa. Ilustrazioak erlijioaren interpretazio arrazionala egin zuen. Gizakiak ezin du ezagutu Jainko errebelatua, munduaren sortzailea. Errebelazioa baztertu egin zuten eta mirariak irrazionaltzat hartu zituzten. Erlijio arrazoidunak ez du erlijio jakin bateko jainko pertsonalik onartzen, erlijio guztietan antzeman daitekeen indar transzendente edo printzipio arrazionala baizik.
  6. Askatasunaren aldarria. Ilustrazioan garrantzi berezia hartu zuen askatasunak. Tolerantzia aldarrikatu zen arlo guztietan (adierazpen askatasunaz ospetsua da Voltaireren aldarrikapena, esaterako). Baina askatasun eskaera horrek ekonomia-arloan hartu zuen indarrik handiena: merkantilismoak ezarritako mugaz eta arautegiaz libratzeko beharra sentitu zuen burgesiak, salerosketa-askatasun handiagoa exijitu zuten, aristokraziaren pribilegioak ezabatu eta burgesia bera aberasteko. Arlo politikoan, pentsalari isolatu eta burujabe batzuk (utopikoak, iraultzaileak, komunistak edo bakezaleak) bakarrik iritsi ziren gizaki guztien arteko askatasun-eskubidea aldarrikatzera. Rousseau eta, geroago, Kant izan ziren garrantzitsuenak. Kantek norberaren adimenaz baliatzeko eskaera luzatu zuen; eta, horretarako, hori galarazten zuen guztia (tutoregoak) salatu zuen. Gogoratu behar dugu, dena den, askatasun hori gizonezkoei egokitzen zitzaiela, Kantek, esaterako emakumeak "hiritar pasibo" zirela defendatzen zuen. Olympe de Gouges (1748-1793) aipatzeko moduko kasua da, "Emakume Herritarraren Eskubideen Adierazpena" argitaratu zuen eta gillotinan hil zuten.

Entradas relacionadas: