Kanten Autonomia Morala eta Ilustrazioaren Oinarriak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,58 KB

Kant eta Ilustrazioa: Autonomia Morala

Immanuel Kantek autonomia morala Ilustrazioaren printzipio nagusitzat planteatu zuen, norbanakoak bere buruari lege moralak ezartzeko duen gaitasuna nabarmenduz. Moraltasuna ez da heteronomoa (kanpotik ezarritako agindu edo beldurretatik sortua), baizik eta autonomoa da, subjektuak arrazoiaren bidez bere ekintzak modu etikoan gidatzen dituelako. Horrek esan nahi du norbanakoa askatasunez ari dela, inolako aginte edo erakunde baten menpe egon gabe.

Kantek "Caesar non est supra grammaticos" esaldia metafora gisa erabili zuen kontzeptu hau azaltzeko. Esaldi horrek dioenez, Cesar enperadoreak ezin zuen latindar hizkuntzaren arauak aldatu, hizkuntzak berezko logika baitzuen. Horren arabera, erregeak ere ezin du herritarrei lege moralak edo erlijio-sinesmenak ezarri. Norbanakoa da bere buruaren agintari etikoa.

Autonomia morala Ilustrazioaren funtsezko elementua bihurtzen da; gizabanako kritiko eta arduratsuak aldarrikatzen ditu. Kantentzat gizarte modernoak norberaren askatasun morala errespetatu behar du, eta horregatik, erlijioaren edo gobernuaren inposizio oro baztertu behar da. Bere pentsamendua oinarrizkoa izan zen moraltasun autonomo baten garapenerako, non arrazoiaren erabilera eta askatasuna gidari diren.

Arrazionalismoa eta Enpirismoa Kantengan

Kant baino lehen filosofia bi korronte nagusitan banatzen zen: arrazionalismoa eta enpirismoa.

  • Arrazionalismoa (Descartes, Leibniz): Adimenetik sortutako ezagutza defendatzen zuen; esperientziaren beharrik gabe, a priorizko ideia unibertsalak existitzen zirela zioen. Dedukzio logikoaren bidez, errealitatea ulertu zitekeela uste zuten.
  • Enpirismoa (Locke, Hume): Esperientzian eta behaketan oinarritutako ezagutza defendatzen zuen. Enpiristentzat gure adimena hutsa da jaiotzean (tabula rasa), eta ezagutza guztia esperientzia bidez eskuratzen da (a posteriori).

Kantek bi joeren arteko gatazka gainditzea proposatu zuen kritizismoaren bidez. Haren arabera, ezagutza esperientziatik abiatzen da (enpirismoa), baina subjektuak a priori baldintzak ezartzen ditu (arrazionalismoa), hala nola espazioa, denbora eta kausalitatea. Hauek ezinbestekoak dira errealitatea ulertzeko.

Kanten proposamena iraultzailea izan zen: subjektuaren aktibitatea ezagutza prozesuan ezinbestekoa da. Ezagutza bi elementuren uztarketaren emaitza da: objektuek emandako baldintza enpirikoak eta subjektuak ezagutzeko ezartzen dituen a priori baldintzak. Horrela, Kantek ezagutza zientifikoa posible izatea defendatu zuen, esperientzia eta arrazoiaren arteko orekan oinarrituta.

Kanten Kritizismoa: Hiru Galdera Nagusiak

Kantek filosofiaren hiru galdera nagusi identifikatu zituen: zer ezagut dezaket, zer egin behar dut eta zer itxaron dezaket. Galdera horien inguruko hausnarketatik bere kritizismoaren filosofia garatu zuen.

  1. Zer ezagut dezaket? Ezagutza esperientziatik abiatzen da (enpirismoa), baina subjektuak a priori baldintzak ezartzen ditu (arrazionalismoa), hala nola espazioa eta denbora. Objektuen baldintza enpirikoak eta subjektuaren a priorizko kategoria horiek uztartuz, ezagutza posible bihurtzen da.
  2. Zer egin behar dut? Kantek arrazoi praktikoaren bidez moraltasunaren arauak garatu zituen. Moralki jokatzeko ezinbestekoa da inperatibo kategorikoa jarraitzea: "Joka ezazu zure jokabidea lege orokor bihur nahi bazenu bezala." Ekintza bat moralki zuzena izateko, interesik gabekoa eta unibertsala izan behar da.
  3. Zer itxaron dezaket? Erlijioaren arloan, Kantentzat Jainkoaren existentzia ezin da arrazoi teorikoaren bidez frogatu, baina moraltasunaren ikuspegitik ezinbestekoa da bertutea eta zoriontasuna uztartzeko. Arimen hilezkortasunak eta Jainkoaren ideiak gizakiaren azken itxaropen moralaren oinarria dira.
DISERTAZIOA: Egiaren Ezagutza

Arrazoirik gabe, irudimena eta sentimenduak ez dira ziurtagarriak. Filosofiaren historian, egiaren ezagutzarekiko jarrerak askotarikoak izan dira: Erdi Aroan, Platonek eta Agustinek egia ezagutzea posible zela aldarrikatu zuten. Modernitatean, ordea, enpiristek esperientzian oinarritutako ezagutza defendatu zuten, arrazionalistek arrazoimena lehenetsi zuten bitartean. Beraz, posible al da egia ezagutzea?

Alde batetik, arrazionalistek egia objektiboa eta unibertsala existitzen dela diote. Descartesek "cogito, ergo sum" esaldiarekin arrazoimenaren bidez egia ezagutzea posible dela defendatu zuen. Arrazionalismoaren arabera, ezagutza adimenetik eratortzen da. Adibidez, COVID-19 pandemian zientifikoek metodo zientifikoari eta arrazoimenari esker txertoak garatu zituzten. Descartesek hori onartuko luke, arrazoimena ezinbestekoa baita ezagutzarako.

Bestetik, sofistek egia erlatiboa zela defendatu zuten, iritzi guztiak defendagarriak direla argudiatuz. Gaur egungo sare sozialetan edo interneten jasotako informazioaren fidagarritasun eza horren adibide izan liteke. Sofistek tresna baliagarritzat ikusiko lukete komunikabide mota hori, ezagutza emozio eta esperientzietan oinarritzen zutelako.

Nire ustez, egia ezagutzea posible da arlo batzuetan; matematikan, adibidez, arrazoimena eta metodo zientifikoa erabiliz. Etika eta moralari dagokionez, esperientziak ere garrantzia du. Beraz, Kant-en filosofiaren ildotik, esperientzia eta arrazoia uztartuz egia ezagutu daiteke.

Entradas relacionadas: