Kant eta Ilustrazioa: Arrazoimenaren Erabilera Ausarta
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,94 KB
Kant eta Ilustrazioa: Sapere Aude
Sapere aude, "ausart zaitez pentsatzera", "izan adore zeure kabuz arrazoia erabiltzeko". Kantek "Zer da Ilustrazioa? Galderari erantzuna" artikuluan erabilitako esaera. Autonomia da gizakia bereizten duena; erabaki pertsonalak hartzeko gaitasunak bereizten ditu gizakiak beste izakietatik. Adingabetasuna atzean utzi eta heldutasunera eramaten du gizakia. Ilustrazioa da pauso hori emateko garaia. Bere erruz eta kuraiarik ezagatik jarraitzen du gizakiak adintxikitasunean. Adin nagusitasunak gizaki autonomo, kritiko, autokritiko, burujabe eta bere buruaren arau-emale esan nahi du. Urrats hori emateko, arrazoimena da tresna. Honen bidez kritika gauzatu behar du gizakiak bizitzaren arlo guztietan. Arrazoimenak epaile eta epaitua izan behar du aldi berean. Batetik, gizakia heteronomo egiten duten kanpoko tutoretzen aginpidetatik askatu behar du, besteen iritziak kontuan hartuz jardunez, baina iritzi horiekin bat egin behar izan gabe. Bestetik, ezagutzaren arazoa ere aztertu behar du haren aurrean dituen ahalmenak eta mugak, baldin baditu, finkatzeko. Kanpoko kritika eta barruko kritika gauzatuta gizakia gai izango da bere bizitza printzipioak eraikitzeko eta bizitza orden berria ezartzeko, legeak aldatu behar badira aldatuz. Baina hau guztia gauzatzeko kuraia izan eta sapere aude, nor bere adimenaz baliatzen ausartu behar du.
Arrazoi Hutsaren Kritika
Arrazoi Hutsaren Kritika-n, Ilustrazioaren nahiari jarraituz, arrazoimenaren ezagutzarako mugak eta ahalmenak aztertzea da. Kantek ezagutzari buruzko bi ikuspegi kontrajarrien arteko sintesia gauzatu zuen. Razionalismoaren arabera, arrazoi soilak, esperientziarik gabe, egia absolutua ezagut dezake, bere baitan aurkitzen dituen a priorizko ideietatik abiatuz, dedukzioak eginez. Metafisikaren gaiak ere ezagutu daitezke. Jarrera dogmatikoa hartu zuen. Enpirismoak esperientziara murrizten du ezagutza oro. Ez dira a priorizko ideiak existitzen, beraz, esperientzia sentigarritik kanpoko objektu metafisikoei buruz jarrera eszeptikoa hartzen dute. Baina, horrez gain ere, lege unibertsalak ezin dira esperientziaren bidez justifikatu. Kantek, bien arteko sintesia eginez, Enpiristekin bat eginez, objektuak jarritako datu enpirikoaren garrantzia azpimarratu zuen, eta Razionalisten subjektuaren garrantzia, a priorizko formak, espazioa eta denbora. Honela, sentimena, ulermena eta arrazoimena aztertuz,
ondorio batzuetara iritsi zen: subjektuak objektua eraikitzen du, eta metafisika ezagutezina da. Jarrera kritikoa.
Arrazoi Praktikoa eta Morala
Arrazoia ezagutza teorikoaz gain, ezagutza praktikoaz ere arduratzen da. Arrazoi teorikoaren bidez izana ezagutzen dugu, arrazoimen praktikoaren bidez, berriz, beharrizana. Kasu bietan gu gara legegileak: gogoratu, arrazoi teorikoan, lege naturalak ez ditugula objektuetan aurkitzen, baizik eta apriori eraikitzen ditugula ikusi dugula. Bada, arrazoi praktikoan, gauza bera, aurretik onartzen ditugun lege moralek edo politikoek bultzatzen gaituzte jokatzera. Kantentzat, kontzientzia moralaren existentzia dudaezina da; ekintza onak eta txarrak bereizten ditugu. Kontzientzia moralaren ardatza lege morala da, betebeharraren kontzientzia. Ekintza eta moralitateari buruzko proposizioak agindu formapean ematen zaizkigu, inperatiboen bidez.
Inperatibo Kategoriakoa
Baina, zeintzuk dira inperatiboak bete behar dituen ezaugarriak?
- Unibertsala izan behar du: gizaki ororentzat nonahi eta noiznahirako balio duena.
- A prioria: edukirik hornitu gabea. Unibertsala izateko ez da esperientzian oinarritua izango (ez da helburua inoiz kontutan hartuko). Ez du esango zer egin behar den, nola jokatu behar den baizik, betebeharrez.
- Kategorikoa: ez du inoiz helburua kontutan hartuko (hipotetikoa).
- Autonomoa: subjektuak berak izan behar du bere burua ekintzara bideratuko duena arrazoiari jarraituz, kanpoko eragin guztiak (heteronomia) baztertuz; borondatea arrazoi praktiko autonomoak muga dezake soilik.
Inperatibo kategorikoaren formulazioa honako hau litzateke: "Joka ezazu ekintzara bultzatzen zaituen printzipioa lege orokor bihur zedin nahiko zenukeen moduan".
Inperatiboak, banako garen neurrian, eginbeharragatik jokatzera bultzatzen gaitu; komunitateko kide moduan, kontratutik datozen legeak onartzera bultzatzen gaitu. Azkenik, munduko hiritar bezala, kosmopolitismoa eta betiereko bakera mugiarazten gaitu.
Inperatibo kategorikoaren aplikapena egiteko arrazoiaren autonomia aldarrikatu behar da. Inork, ezta monarkak ere, ezin dio gizakiari agindurik eman moral edo erlijio arloan. Agintea irainduko luke despotismo espirituala inposatzeagatik. Zentsura ezarriz gero arrazoimenaren erabilera publikoa egiteko debekua ezarriko lieke adituei eta kontzientzia morala garatzea oztopatuko lioke gizakiari, eta gizarteari adinagusitasunerako urratsa ematea. (Eta zera leporatuko litzaioke: Caesar non est supra grammaticos. Erromako enperadoreak erabaki politikoak edo ekonomikoak inposa ditzake, bere eginkizuna delako; aldi, Zesarrek ez du inolako ezagutza eta aginpiderik mendekoei latindarhizkuntza era batean edo bestean erabili behar dela esateko. Zeregin hori gramatikariei dagokie, ez enperadoreari.)
Askatasuna, Hilezkortasuna eta Jainkoa
Planteamendu honek hiru postulatu behar ditu: askatasuna, arimaren hilezkortasuna eta Jainkoa. Beraz, ezin ditugu ezagutu, baina beraiengan pentsatu beharra dugu:
- Askatasuna: askatasunik ez badugu eta behartuak bagaude edonola jokatzera, orduan, ezin dugu judizio moralik egin gure jokabideari buruz.
- Arimaren hilezkortasuna: bizitza honetan ezin direnez gure helburuak asetu behin betiko, hil ondorengo bizitzaren itxaropena pizten zaigu. Merezitako saria edo zigorra ez da hemen gauzatzen.
- Jainkoa: Jainkoarenganako sinesmena naturako ordena eder eta miragarriaren aurrean sortzen da; baita izana eta beharrizana lotzeko premiatik ere, bertutea eta zoriontasuna elkar ikusteko beharretik.