Kanpo Migrazioak Espainian: Historia eta Ondorioak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 4,92 KB

Kanpo-migrazioak

Herrialde baten mugetatik kanpo izaten diren biztanleria-mugimenduak dira. Bi motatakoak dira, eta 1975. urtea da bien arteko muga: migrazio tradizionalak eta gaur egungoak.

1. Kanpo-migrazio tradizionalak

XIX. mendearen erdialdearen eta 1975eko krisi ekonomikoaren artean izan ziren. Aldi horretan, emigrante kopuru handia irten zen Espainiatik itsasoz bestaldera eta Mendebaldeko Europara.

1.1. Ozeanoz bestalderako emigrazio tradizionala

Ozeanoz edo itsasoz bestalderako emigrazioa Latinoamerikara joan zen nagusiki. Kasu askotan, emigrazio iraunkorra eta lagundutakoa izan zen. Baina izan ziren, halaber, aldi baterako irteerak azpiegitura handien eraikuntzan lan egiteko, eta urte-sasoiko irteerak nekazaritza lanak egiteko, Espainiakoekin bateragarriak ziren garaietan.

Ozeanoz bestalderako emigrazioan, bi goraldi eta bi krisialdi bereiz daitezke.

a) Lehenengo goraldia (XIX. mendea - 1914)

XIX. mendearen erdialdetik Lehen Mundu Gerrara (1914) izan zen. Aldi horren hasieran, Amerikarako emigrazioa dezente murriztu zen, borboitarrek XVIII. mendean biztanleriaren hazkundea bultzatzeko politika sustatu zutelako, emigrazioari oztopoak jarriz. Baina 1853tik aurrera egoera aldatu egin zen, arrazoi hauek zirela eta:

  • Latinoamerikako herrialdeek immigranteak behar zituzten beren lurraldeak jendeztatzeko, eta, horregatik, Espainian emigranteak errekrutatzeko agenteak jartzera heldu ziren.
  • Espainiak trabak kendu zizkion emigrazioari, nekazaritza-eremu minifundista eta latifundistetan zegoen atzerapenarentzat eta langabeziarentzat irtenbide bihurtu baitzen.

Emigrante gehienen jatorria Atlantikoa zen: Galizia, Asturias eta Kanariak.

Haien helmuga nagusiak eskulana behar zuten lurraldeak ziren, esklabotza abolitu ondoren.

Emigrantearen profil bereizgarria hau zen: gizonezkoa, gaztea, ezkongabea, kualifikazio apalekoa eta lanbidez nekazaria.

b) Beherakada gerren artean (1914-1945)

Ozeanoz bestalderako emigrazioak behera egin zuen bi mundu-gerren artean (1914-1945), aurkako zenbait gorabehera eta gertakari zirela medio:

  • Lehen Mundu Gerrak sortutako segurtasun eza.
  • 1929ko krisi ekonomikoaren ondorioz, Latinoamerikako herrialdeetan langabezia igo zen.
  • Espainiako Gerra Zibilak eta gerraosteak atzerrirako irteerak zaildu zituzten, garraioa urria zelako, Espainiari nazioarteko blokeoa ezarri zitzaiolako eta frankismoak biztanleriaren hazkundea bultzatzeko politika sustatu zuelako, herrialdea berreraikitzeko oinarri gisa.
c) Susperraldia (1945-1960)

1945 eta 1960 artean, ozeanoz bestalderako emigrazioa suspertu zen (bigarren goraldia), baina mende hasierako kopuru handietara iritsi gabe.

d) Jaitsiera (1960tik aurrera)

1960az geroztik, ozeanoz bestalderako emigrazioa jaitsi zen, Latinoamerikako ekonomiaren gainbehera hasi zelako, Europarako emigrazioarekin lehian sartu zenean (bigarren krisialdia).

1.2. Europarako emigrazio tradizionala

a) Hasiera (XX. mendearen erdialdera arte)

XX. mendearen erdialdera arte, migrazio urria eta urte-sasoikoa izan zen.

b) Goraldia (1960-1973)

1960 eta 1973 artean Europarako emigrazioaren goraldi nagusia izan zen.

c) Beherakada (1975az geroztik)

1975az geroztik, Europarako emigrazio tradizionalak behera egin zuen.

1.3. Kanpo-migrazio tradizionalen ondorioak

  • Ondorio demografikoak: Migrazioaren ondorio demografiko nagusietako bat Espainiako biztanleriaren jaitsiera izan zen.
  • Ondorio ekonomikoak: Emigrazioaren ondorioak, alde batetik, positiboak izan ziren, hazkunde natural handiaren eta langabeziaren zama arindu zutelako. Baina ondorio negatiboak ere izan ziren: itzuli ziren emigranteetako asko beste leku batzuetan kokatu ziren, lana errazago aurkitzeko.
  • Ondorio sozialak: Helmuga-herrialdeetan, ondorio sozialak izan ziren. Alde batetik, deserrotzea, emigranteek ez baitzituzten ezagutzen heldu ziren gizarteetako hizkuntza eta ohiturak, eta, bestetik, haien bizi-baldintzak penagarriak ziren.

2. Gaur egungo kanpo-migrazioak eta haien ondorioak

1975etik gaurdaino, kanpo-emigrazioa nahiko txikia izan da. Edonola ere, krisialdietan bizkortu egiten da emigrazioa.

a) Irteera gutxiko aldia (1975-2008)

1975 eta 2008 artean irteera gutxi izan ziren, petrolioaren krisiak nazioartean izan zituen ondorioengatik eta, geroago, Espainian bizi-maila hobetu zelako.

b) Emigrazioaren gorakada (2008tik aurrera)

2008az geroztik, krisi ekonomikoaren ondorioz gora egin du kanpo-emigrazioak, batez ere Espainiako langabeziak bultzatuta.

Emigrazio horren ondorio positiboak izan dira lan-eskaera murriztea eta langabezia-prestazio gutxiago ordaindu behar izatea; hala ere, oro har, ondorioak negatiboak izan dira, biztanleria gazte, ekintzaile eta kualifikatua galdu delako.

Entradas relacionadas: