Joseba Sarrionandia: Bizitza, Obra eta Literaturaren Giltzarriak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 13,54 KB

Joseba Sarrionandia: Bizitza, Obra eta Literaturaren Giltzarriak

Joseba Sarrionandia euskal literaturako idazle nabarmenetako bat da, prosan, poesian eta saiakeran lan garrantzitsuak sortu dituena. Haren bizitza eta obra elkarri estu lotuta daude, eta bere lanek munduko literaturaren ezagutza zabala eta sakona islatzen dute.

Bizitza

Joseba Sarrionandia Iurretan jaio zen 1958an. Lehen eta maila ertaineko ikasketak Durangon egin ondoren, goi-mailakoak Bilbon osatu zituen, eta euskal filologian lortu zuen lizentzia. Sarrionandiaren bizitza, baina, idazle bikaina izateaz gain, Donostiako kartzelatik ihes egin izanak ere famatu du. 1980an ETAko kide izateagatik 28 urteko kartzelaldira kondenatu zuten. 1985ean ihes egin zuen; geroztik dugun haren lorratz bakarra literarioa da. Literaturgintza ez du utzi eta sorkuntza-lanean etengabe dihardu, prosan, poesian (iaz aztertu genuen haren eman poetikoa) nahiz itzulpengintzan.

Obra Nagusiak

Sarrionandiak lehen-lehenik argitara emandako idazkiak prentsa-artikuluak dira. Argia astekariak, 1830. alean oroitarazten duenez, Sarrionandiaren lehen idazkiak informazio-testuak dira: kulturaz, literaturaz... ari diren kronika eta artikuluak.

Narratiba

Iurretar autoreak lehen eleberria, Lagun izoztua, 2001ean eman zuen argitara. Aldiz, kontalari-dohain bikainak, jada, 1980an argitara emandako Enperadore eroa ipuinean erakutsi zituen, geroan ere behin eta berriro berritu dituenak. Urte horretan berorretan argitaratu zuen Maggie, indazu kamamila ipuina ere, eta hura ere saritu egin zioten.

Geroztik, Sarrionandiaren literatura-ibilbidea oso gazterik trebaturiko eta miretsitako kontalariarena izan da. 1983an Narrazioak bilduma eman zuen. Obra horretan eredugarritzat jotzen diren narrazioak dauzka idatziak, hala nola «Estazioko begiradak» edota «Marinel zaharra», besteak beste. Sarrionandia, Bernardo Atxagarekin, Joxemari Iturralderekin eta Manu Ertzillarekin batera, besteak beste, Pott bandako kidea izan zen 1977tik 1980ra bitartean. Sarrionandiaren luman Jon Miranderen, Kafkaren, Robert L. Stevensonen edota Joseph Conraden eragina atxiki daiteke. 1986an Atabala eta euria izeneko narrazio-bilduma eman zuen argitara, pasarte eredugarriz biribildua hura ere.

Bi eleberriren egile da iurretarra:

  • Lagun izoztua (2001)

    Goio deritzo protagonistari. Goiok gaitz psikologiko bitxi bat du, mutu utzi duena, izoztua, alegia. Beraz, gaixo dago eta aterpetu edo errefuxiatu politikoa ere bada. Nikaraguan dago eta komunikazio-bide bakarra Maribel postaria du; huraxe da kontalaria ere.

    Nikaraguako aldi hau oraina da eleberriaren barne-egituran; orain horretan Goioren familiaren kronika ere egiten da.

    Obrak badu lehen zati bat ere, Euskal Herriko Kalaportun girotua dagoena. Kalaportuko lehenaldi horretan ikasturte bat biltzen da; eta kontalaria Goioren lagun Andoni da.

    Hirugarren partea geroa da. Goio sendaturik ikus dezakegu eta Antartika urrunera eginiko espedizio zientifiko batean hartzen du parte. Hirugarren parte horretan kontalaria Goio bera da.

    Kritikak hiru hari narratibo horien lotura bikaina miresten du. Aldi bakoitza zein bere aditz-denboran emana dago. Kritikak obraren balio sinbolikoa ere estimatzen du, Euskal Herria gogoan duela ari baita autorea.

    Itsasoa, oroimina, bidaiak, herria, erroak galtzea... eleberriak behin eta berriro erabiltzen dituen gaiak dira.

    Kritikaren Saria irabazi zuen eleberri horrekin.

  • Kolosala izango da (2003)

    Eleberri labur hau Kalaportun dago girotua; beraz, Lagun izoztuarekin estekatua dago.

    Hamaika urte inguru dituen ume baten ikuspegitik eginiko mundu-ikuskera da obran daukaguna. Mundu-ikuskera hori Espainiako Gerra Zibilaren hasieratik Francoren diktaduraren lehen urteetara bitartean kokatzen da.

    Autoreak ume-ikuskerari dagokion hizkuntza laua erabili du, baina ez, haatik, ironiarik, umorerik eta maleziarik gabea. Nolanahi ere, Sarrionandiaren lehen eleberria bigarren hau baino biribilagoa da.

Olerkigintza

Literaturaren bi arlo nagusitan nabarmendu da, Atxaga bezala: prosan eta olerkian. Munduko literaturaren ezagutza zabal eta sakona erakusten du. Olerki lanen artean, lauri egingo diegu aipamena:

  • Izuen gordelekuen barrena (1981)
  • Marinel zaharrak (1987)
  • Kartzelako poemak (1992)
  • Poema bilduma (1995)
Iritzi kritikoa
  • Izuen gordelekuen barrena. Lehen etapa hau kultismoek markatzen dute. Literatura unibertsalaren berri sakon eta zabala izateak ematen dio izaera hori; eta metaliteratura egiteak, nork berea sortzeko besteren literaturan oinarritzeak, alegia. Izan ere, utopiara eginiko bidaia baten eskemari erantzunez egindako lana da, eta, bertan, poetak Homeroren, Melvilleren eta beste askoren eskutik igaro ditu itsasoak. Harrigarria da kontatzen dena, eta herrialde horietan ikusitakoa norberak etxean bizi duenarekin konparatzen da. Herrialde horietako literatura harrigarria, liluragarria gertatzen zaio, gurearekin konparatuz. Estetika neosinbolista ederki datorkio bere helbururako: bidaia, itsasontzia, hegaztiak...
  • Marinel zaharrak. Ordura arte berak idatzitakoaren antologia kritikoa da. 1981ean atera zuen liburutik aukeraketa zaindua egiten du alde batetik, eta horri, kartzelan egindakoak eta ihesaldikoak eransten, bestetik. Liburu hau da Sarrionandiaren produkzioaren giltzarri, haren lanaren begirada osoa eskaintzen duelako: kartzelaratu aurrekoa, kartzelakoa eta ihesaldikoa.
  • Kartzelako poemak. Bigarren etapa markatzen du Sarrionandiaren poemagintzan. Liburu honetan, horma da metafora nagusia. Bidaiak higidura dakar berarekin; hormak, gelditasuna; bidaiak aire berria; hormak, berdintasuna. Geldirik egoteak ere baditu, baina, bere abantailak eta abaguneak: geldi eta beti berdin dagoenak barrenera begiratzeko aukera du. Kartzela autobiografiarekin biltzen da hemen. Gorputza kartzelaratzen duen horma horrek ezin du irudimena atxiki. Hala ere, poesia errealistatzat jotzen da Kartzelako poemaketako estetika.
  • Poema bilduma: Hnuy illa nyha majah yaho. Poemak 1985-95 azpititulatu zituen Sarrionandiak. Adituek hirugarren aldia ikusten dute etapa honetan: mundutar anonimo (profugo) bilakatu izanak sortzen dion hemen nahi eta han beharraren arteko aro dialektikoa.
Laburbilduz
  • Sarrionandiaren poesia bi elementuk osaturik dago: bizi izandakoaren begirada argia eta hizkuntzaren jantzia. Autobiografiak haren literaturan pisu handia du.
  • Toki zein egoeren deskripzio estilizatua egiten du, pertsona konkretu batzuen egoera deskribatu ordez, giza kondizioaren azalpena bilatuz. Egoeren deskribapenetik egoeren unibertsalizaziora doa.
  • Hitzari buruzko hausnarketa bihurtzen da askotan haren olerkia, metapoetika izateraino:

    GIDOIA, BEZPERAN: Badu Sarrionandiak institutu-garaiko pasarte polit bat Hasier Etxeberria kazetariari aitortu eta hark bere Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan izeneko liburuan jasoa duena. «Behin, ikastetxean aste kulturala zela eta, -diotso Sarrionandiak Etxeberriari- hitzaldi bat antolatu genuen, hizlari batek bertsolaritza zer den-edo azaldu zuen eta bi bertsolarik hitzaldiaren arabera kantatu zuten apur bat. Badakizu, hitzaldietarako eta kantaldietarako baimena izateko bezperan-edo testuak entregatu behar zirela, eta hitzaldiarena eman genuen, baina hitzaldia amaitu eta ordu erdira bi guardia zibil etorri ziren antolatzaileak kuartelera eramateko. Bi lagun joan ginen, hamaseiren bat urte izango genituen orduan, eta kuartelean guardia zibilen sarjentuak oihu eta mehatxu batzuen ondoren esan zigun hitzaldiaren aitzakiarekin kantaldi bat izan zela eta ea ez genekien letrak bezperan aurkeztu behar genituela. Bertsolariak inprobisatu egiten dutela esan genion eta hitzaldiaren adibideak baizik ez zirela, eta berak letrak bezperan entregatu behar zirela, guk inprobisazioarena errepikatu eta, adarra jotzen ari ginela uste izango zuen seguru asko, azkenean, oso haserre esan zigun inprobisatu behar bazuten inprobisa zezatela baina bezperan, letrak kuartelera behar zen orduan ekartzeko. Eta letrak entregatu gabe ezer kantatuz gero, hurrengoan, preso hartuko gintuela.»

Saiakera

Hamaika gogoetaren gaineko bilduma jasotzen da liburu horietan, kartzelako eskarmentuak iradokitakoetatik hasi eta mila eta bi gairen ingurukoez biribildua, hala nola diren euskara, Euskal Herria, maitasuna, bizitza, literatura, filosofia...

  • Ni ez naiz hemengoa (1985)
  • Marginalia (1988)
  • Ez gara gure baitakoak (1989)
  • Han izanik huna naiz (1992)
  • Hitzen ondoeza (1997)

Besterik

Sarrionandiaren liburu-zerrenda hau ezin dugu bukatu honako beste obra mota hauek ere aipatu gabe, alegia: haur eta gazteentzako idazlanak, horretan ere saiatu baita, eta azkenik, itzulpengintzaren eremua. Sarrionandia itzultzaile trebea ere bada, eta haren autore kuttunenen artean Fernando Pessoa portugaldarra dago, besteak beste.

Bere Literaturaren Ezaugarri Nagusiak

Obratan eta idaztankeran aberatsa, Sarrionandiaren literaturak erakusten dituen alderdi aipagarri batzuk nabarmentzen saiatuko gara.

  • Prosa eta Poesia: Prosa eta hitz neurtuzko lanetan dabil jostari; bietan goi mailako obrak onduz. Maisu da narrazio laburretan.
  • Literatura Unibertsalaren Eragina: Aurreko eta inguruko literaturaren ezagutzaile zorrotza, bere literaturak ere halako erreferentziak, loturak eta eraginak islatzen ditu. Berak dioskunez, literatura oro literaturaren literatura da. J. Miranderen edo G. Arestiren euskal idazleena gogoko du, atzerriko beste hainbatena miresten duen bezala: E. A. Poe, Eliot, Joyce, Kafka... Gainera, azpimarragarria da pertsonaia literario klasikoak bere istorioetako protagonista bihurtzeko joera, askotan berez dagokien denbora eta tokitik kanpo kokaturik. Horrela, adibidez, Arthur eta Ginebra errege-erreginak, Galahad, Fool bufoia... gure garaian kokatzen ditu, Durango inguruko baserri batean; berdin Egisto, Klitemnestra, Orestes, Elektra eta Greziako tragediako pertsonaiak; Presebal zaldunaren abentura berriak, itsaslamia, Ulisesen abenturaren bertsio berri bat, eta abar.
  • Sentsibilitate Handiko Kontalaria: Sentsibilitate handiko kontalaria dugu Sarrionandia. Momentu oro irakurlea gatibu mantentzen dute beraren irakurgaiek. Bere lirikotasuna agerian uzten du ez poesia lanetan soilik, baita prosazkoetan ere, narrazio atal askok poesia eitea eta kutsua dutelarik.
  • Xehetasunarekiko Arreta: Behatzaile zehatza, gertaera eta gauzen alderdirik xumeenei ere erreparatzen die, xehetasun bat aipatu edota gogoeta eskainiz. Agian, dohain honetan badu zerikusirik bere bizitzako pasarte batek: lau urteko mutikoa zenean, auzoko agure bat itsu geratu zen eta, zaintzen zuen bitartean, ikusten zuena kontatzen zion. Hona agure honi eskainitako poema ederra: Oskorriko arragoak: «Garaizarko itsuari».
  • Ezizenak: Ezizen desberdinak erabili ditu bere obretan. Enperadore eroan, esaterako, Joseba Garaizar izenarekin azaldu zen. Beste narrazio batzuetan, Ismael Larrea pertsonaiarekin identifika daiteke; epigrafeetan ere erabili izan du izengoiti hori.
  • Prosa Landua eta Erritmoa: Prosa oso landuan azaltzen ditu bere istorioak, baliabide erretoriko, estilistiko eta poetiko ugariz eta dotorez hornituak. Konparazioak, irudiak, metaforak bezalako figurak oso gogokoak ditu. Erritmoa da bere irakurgaietako beste ezaugarri bat. Sarrionandiaren prosak badu berezko erritmo bat, leuna eta erakargarria.
  • Sinbolismoa eta Koloreak: Bere istorio eta poema askotan maila sinbolikoak erabateko garrantzia du, batzuk sinbolo huts direlarik. Baita koloreak ere, oso esanguratsuak gertatzen baitira. Sarrionandiaren obretan koloreak erreferentzia estetikoa baino areago sinbolo dira, kontakizunaren tonua edo giroa definitzeko zein pertsonaiaren jarrera edo gogoa adierazteko edo abstrakzio bat islatzeko.
  • Errealitatea eta Fantasia: Errealitatea eta fantasia, hona bere kokaguneak. Baina ez dira euskarri finkoak. Batetik bestera, tarterik ez balego bezala iragaten da, bietan murgildurik ageri dira bere istorioak eta, horrela, errealitatean oinarriturik abiatzen dena fantasian difuminatzen da eta, alderantziz, eite fantasiotsua duenak lotura handiak izan ditzake errealitatearekin.
  • Zinema Tekniken Erabilera: Kontakizun askotan zinema tekniken erabilera ere aipatzekoa da. Deskribapen, narrazio zein elkarrizketa zati batzuk irakurtzeko baino gehiago «ikusteko» dira, elipsiaren bidez, azalpenik gabeko foko aldaketen bidez irakurleak irudien, koloreen, sentsazioen mundu aberats bat jasotzen duelarik.
  • Tonu Tristea eta Nostalgikoa: Tonu tristea, nostalgikoa, oroitarazlea erakusten dute Sarrionandiaren narrazio eta poema askok. Alaitasunak edo ironia barregarriak leku gutxi dute beraren idazkietan; beti ere gizakia, bizitza, harreman, gizarte, historiaren alderdi sentikorra gailentzen da.
  • Pentsalari Sakona: Poeta sentikortasunari pentsalari sakonaren, filosofoaren zorroztasuna batzen zaio, orekan, irakurleari sentiarazteaz batera pentsarazi ere egiten diolarik. Edertasunaren aldarrikapena eta jarrera kritikoa egokiturik, hona Sarrionandiaren beste dohain aipagarri bat.

Entradas relacionadas: